Sistema publikoak euskarazko plazarik gabe utzitako familiei zerbitzua emateko, ikasturte berriarekin batera jarriko da martxan Iruñeko herri haur eskola, Berriozargo lokal batean. Erakundeei egindako eskaerek ez dute erantzunik jaso, eta ondorioz, aukera hori lehenetsi dute HE Gurasoak plataformakoek. Hiltzeko jaio nahi dute ordea, helburua sistema publikora lehenbailehen bueltatzea baita. Iruñeko Udalak hiriko haur eskoletako euskarazko plazetan egindako murrizketa dago auziaren abiapuntuan.
Zein murrizketaz ari gara?
Euskarazko plazetan, %36tik %12ra pasako da eskaintza, baina pixkanaka joango da aplikatzen. Aurten, lehenengo sektorekoekin, txikienekin, hasten direnekin, abiatu dute murrizketa. Plana gauzatzen bada %12an geldituko litzateke eskaintza.
Zenbat haur utziko lituzke horrek kanpoan?
Zehazki ez dakit, baina adibidez, aurten, bularreko haurrentzat 20 plaza bakarrik eskaini dituzte Iruñea osoan, beste urte batzuetan 50 behintzat bazirenean.
Zein da murrizketa horretarako arrazoiketa?
Navarra Sumak berak, egia esan, aitortu du eskaintza oso eskasa dela, eta ez dela eskarira egokitzen. Horretan bat datoz haiek ere. Esaten dutena da epaia [2016an udalak eskaintzan egindako aldaketak atzera botatzen dituena] aplikatu behar izan dutela, eta horregatik gelditu dela horrela kontua. Baina epaiak ez du eskatzen aurreko egoerara bueltatzea. Egin zezaketen moldaketa bat, eta ez dute egin.
Zer esaten du epai horrek?
2016ko aldaketa ez zela ongi burutu. Orduan salaketa jarri zuten gurasoei arrazoia ematen die, baina ez du udala derrigortzen halako buelta bat ematera. Interpretazio kontuak dira, haiek baietz diote, eta guk ezetz.
Hau, dena dela, ez da eskaria-eskaintza auzi huts bat. Harago doala diozue.
Guk beti hartzen diogu aurre eztabaida horri, komunikabidetan beti inposatzen delako parametro horien araberako neurketa. Guk esaten duguna da euskara eskubide gisa ulertu behar dela, eta nahikoa dela ume bakar baten eskaera hari euskarazko plaza emateko.
Agortuta dago bide politikoa?
Guk ikasturte honetarako udalarekin geneukan bidea da agortutzat ematen duguna. Zeozer egiteko eskatu genion: lokalen bat uztea, hezitzaileak bere kargu hartzea, diru laguntzaren bat, zeozer. Eta ezetz esan ziguten. Aldi berean, Nafarroako Gobernuarengana ere jo genuen; gure balantzan biak daude, udala eta gobernua. Nafarroako Gobernuak bost haur eskola publiko ditu Iruñean, eta bost horietatik bi erdi bakarrik dira euskarazkoak: bi zentrotan dago euskarazko lerroa, baina ez da murgiltze eredurik.
Beraz, aurrera eginen duzue zuen ekimenarekin. Herri haur eskola sortzera zoazte.
Azkeneko asteetan interesa duten familiekin aritu gara, bilerak izan ditugu, lokalak bisitatu ditugu eta hirigintza arauekin gora eta behera aritu gara. Prozesu horretan 70 familiarekin aritu gara, eta inkesta bat luzatu genien, aukeratutako hainbat lokaletatik umeak zeinetara eramango lituzketen jakiteko. Emaitza horrekin badugu lagin bat, lokal bat hautatzeko. [Elkarrizketa hau egin berritan iragarri zuten herri haur eskolarako hautatutako kokalekua, Berriozarren, eta aurrematrikula epea ere ireki zuten]. Guk jendea animatzen dugu sistema publikora joan dadin, baina kanpoan gelditzen direnendako da herri haur eskola. Hori bai, gure kode etikoa onartzea eskatu diegu familia guztiei, ez delako bakarrik haur eskola sortzea, baizik eta presioa egiten jarraitzea, gero sistema publikora bueltatzeko.
Asmo horrek apurtzen du publiko-pribatu dikotomia.
Guk berehala kentzen dugu dikotomia hori gainetik. Sistema publikotik bota gaituzte. Guk animatzen dugu jende guztia sistema publikoan aurrematrikula egitera, 12. udal haur eskola simulatu nahi dugu, edo Nafarroako Gobernuaren seigarren haur eskola; bai baremazioan, bai ildo pedagogikoan, bai tarifetan, bai plan nutrizionalean, denean. Beraz, ez zaigu egoki iruditzen guri “pribatu” esatea. Iraungitze data daukagu, eta presioa egiten jarraituko dugu Gobernuak eta Udalak haur eskola gehiago ireki ditzaten. Joan eta etorriko gauza bat da gurea.
Kezkatzen zaitu betikotzeko arriskuak?
Bai, eztabaida hori izan dugu, bada arrisku eta kezka bat. Gure ekintzek esango dute. Guregana datozen familia guztiei argi eta garbi uzten diegu hau ezin dela izan euskaltzaleen elkartasunez dirua jaso eta eroso egoteko toki bat. Mugitu beharko gara gauzak aldatzeko. Iruñeko haur eskolen organismoan bilera bat izango da udazkenean: haur eskola berri bat dago auzo berri batean, denek onartzen dute euskarazko eskaintza eskasa dela, eta organismo horretan oposizioak du gehiengoa. Beraz, tira, badira baldintza batzuk baikor izateko. Hori bai, haiek jo dute kolpea, eta inkesta soziolinguistikoa erabilita saiatzen ari dira euskarazko eskaintzari langa jartzen, %22aren inguruan. Indartsu aritu beharko gara, gorago igotzeko. Argi dugu ez garela eskaintza-eskaera parametrotan sartuko, baina eskubideak aldarrikatuko ditugu, eta behetik gora joan.
Honek denak ikastolen sorrerako garaira garamatza. Bada halako deja vu sentsazio bat.
Gurasoen artean bagaude batzuk aspaldiko Herri Ikastolan ibilitakoak, gure gurasoek mugitu zuten hori guztia. Orain, denbora pila pasata, antzeko baldintzetan gaude, beraz bai, denontzako da halako deja vu bat. Baina begira haiek zer lortu zuten: Herri Ikastola sortu eta gerora etorri ziren Udal Ikastolak. Hor garaipen txiki bat izan zen, agian sekula ospatu ez zena, eta horretaz gogoratu beharko genuke.
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]
Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.
Barañaingo EH Bilduk salatu du Barañaingo Udalak haur eskoletarako hezitzaileen deialdian euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun eta ordu berean jarri dituela, eta hala, hautagaiak hizkuntza bat aukeratzera behartzen dituela.
Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]
Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.
Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergoko zerrendatik kanpo gelditu dira, Nafarroako Hezkuntza Sailak gela bat murriztu duelako. Murrizketa salatzeko mobilizazioa egin dute.
Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Kontseiluaren jardun euskarafobikoa salatu du ekintza baten bidez. Nafarroako Gobernuak euskarako dekretua prestatzen bost urte eman ondoren, Nafarroako Kontseiluari zirriborroa aurkeztu dio.
Atzo eguerdian, Mañeruko herriko plazan egindako ekitaldian, diploma bana eman zieten zortzi eta hamabi urte arteko ibarreko 45 haur euskaldunei. Horretaz gain, Oskar Alegriak umeokin ondutako film laburra estreinatu zuten.