Herrenka dabiltza artea eta pentsamendua, pausajea bateratu ezinda. Krisian da lehen abangoardietatik arte ekoizpenari lagundu izan dion diskurtsibitatea, kasik akademia merkantilista batera murriztua –horrek dakarren guztiarekin–. Euskal arte sisteman ere apenas dago eztabaida kritikorako fororik. Artista garaikideak urrutiratu egin dira Oteizaren garaietatik herenegun arte baitezpadakoa zirudien kontzeptualizazio teorikotik. Panorama horretan, premiazko bihurtu da arte kritikaren oinarrizko izpiritua berreskuratzea: orain eta hemen gertatzen ari dena iruzkintzea.
Non da arte kritika? Zer gertatzen da hemen eta orain antolatzen diren klase guztietako erakusketekin? Inguru afektibo hurbilekotik kanpo, jasotzen al du artista garaikideak bere lanari buruzko interlokuziorik? Interlokuzio horien harira sortzen al da eztabaida mamitsurik? Jarraitzen al du elkarrizketak bestelako plaza fisiko edo birtualen batean? Finean, egungo –ez hala-holako– ekoizpen artistikoak ba al dakar berarekin batera sortzen denaren gaineko gogoeta bizirik? Kendu akademia ekuaziotik, eta erantzuna garbia da: ez dira garai onak arte kritikarentzat. Sartu akademia ekuazioan, eta erantzunak tankerakoa izaten jarraitzen du.
Duela gutxi, arte kritikarako Trance bloga martxan jarri aurretik, Euskal Herriko idatzizko hedabideek arteari zer toki ematen dioten errepasatu zuen Pablo Marte artistak. “Apenas aurkitu nuen ezer. Erakusketei buruzko iruzkinak egunkarietako kultura saileko arduradunek idatziak ziren, ez adituek. Zegoen apurra oso informatiboa zen, eta arte mundutik kanpoko hartzaileei begirakoa”. Kazetaritza idatziak ez du, noski, kritikaren esparru osoa ordezkatzen, baina lagin interesgarria da kritikaren osasuna zertan den aztertzeko. Azken batean, kritikaren urgentziazko dimentsioa tokian tokikoarekin interlokuzioa abiatzea da, eta horrek, orain gutxira arte behintzat, idatzizko erreseina forma hartu izan du. Uler bedi: auzia ez da arteari buruzko testu kritikorik ez dagoenik –hor dira, urrutira joan gabe, Haizea Barcenillaren edota Ismael Manterolaren Berria-ko zutabeak–, ezpada idatzi horiek bestelako funtzio batzuk dituztela, eta ez diotela hemen eta orain gertatzen ari denari zuzenean erantzuten. Izatekotan, Peio Agirreren Crítica y metacomentario bloga –erakusketa zehatz batzuk iruzkintzen ditu tartean behin–, Garazi Ansaren Berria-ko kritikak eta Mikel Onandiak Deia-ren Ortzadar gehigarrian egiten dituen zenbait kolaborazio gertura daitezke gehien kritikaren dimentsio horretara. Aipatzekoa da, bide batez, euskarazko prentsak gaztelaniazkoak baino puskaz jarraikortasun gehiagoz eskaini izan diola espazioa arte kritikari urtez urte, eta horretan jarraitzen duela egun Berria-k. Edonola ere, nekez estaliko du tamainako hutsunerik bizpahiru lagunen ekinak. “Maila askotan jardungo duen jende korronte zabala behar da, kritika idatzizko formatutik harago eramango duena”, dio Martek. Harekin bat egiten du Miren Jaio kritikariak ere: “Ezinbestekoa da kritikarako espazioak aurkitzea. Ez ditugula aurkitzen? Ba existitzeko modua egin beharra dago”.
Zerk eragin du arte kritikaren krisi hau? Jaiori bururatu zaizkio bi arrazoi gutxienez: batetik, prentsaren gainbeherarekin batera kritika klasikoa gutxitu da; bestetik, arte sistemaren barruan ere gertatu dira aldaketak, eta 2000ko hamarkadatik aurrera, biurtekoen loraldiarekin bat, komisariotzak sekulako indarra hartu du. “Orain erakusketaren oinarri kontzeptuala aurrez ematen dizute. Lanaren interpretazioa lanarekin batera dator”. Iruditzen zaio neurri batean komisariotza zabaltzeak kritikari gain hartu diola, kritika berez erreaktiboa delako, eta iristen denerako berandu izaten delako. Baina berandutze horretan datza kritikaren potentzialitatea ere, Jaioren ustez: “Komisarioa insider bat da. Ez dut esango kritikoa ez denik, baina bere lanean ez dago kontrasterik. Arteak komunikatu egin nahi du, eta komunikazioa talka moduko zerbait izaten da beti”. Komisariotzarekin alderatuta, kritikaren kanpo begiradak talka horretarako aukera gehiago eskainiko lituzke printzipioz, nahiz eta Jaiori iruditu kritikak abangoardia historikoetatik izan duen posizio antagonista egun ez dela hain agerikoa –arte sistemaren kanpo-agente izatetik barne-agente izatera igaro dela dio, Boris Groys zitatuz–.
Memento sentsazioa
Martek bi funtzio nagusi aitortzen dizkio jardun kritikoari: batetik, lan artistikoa historizatzea, praktiken arteko zirrikituak estaliz; bestetik, konbentzio formalak azaleratzea, “konbentzioa erosotasuna delako, eta artistaren borroka nagusia erabiltzen duen lengoaia bera suntsitzen saiatzea delako”. Gauzak horrela, kritikarik ezean, zer gertatzen da arte-ekoizpenarekin? “Memento filmean bezala bizi gara, goizean jaiki eta bezperan zer egin genuen gogoratu ezinik. Memoria gabezia dago, ematen du ezerk ez duela jarraikortasunik”. Haren ustez, ekoizpen maila altua dago, bai, baina ekoizpen isolatua da, bere buruaz gogoetatzen ez duena, eta konbentzioan erortzeko joera eduki dezakeena. “Unean unekoa nagusitzen da, artistak gero eta bakartuago daude, eta arriskua dute sinesteko aparteko gorputzak direla, aparteko obrak egiten dituztela, eta, orainaldiaren oihan moduko horretan, amaitzen dute beren espazio formala defendatzen originaltasuna bailitzan. Eta ez”. Orainaldia kontatu gabe geratzen bada, egun dagoen ekoizpen mailaren pareko gogoeta mailarik ezean, hasierarik eta amaierarik gabeko unibertso batean jendea gauza sakabanatuak egiten ari delako sentipen horrek arrisku bat dauka: erlatibismoa, edo dena interes maila berera parekatzea.
"'Memento' filmean bezala bizi gara, goizean jaiki eta bezperan zer egin genuen gogoratu ezinik. Memoria gabezia dago, ematen du ezerk ez duela jarraikortasunik"
Pablo Marte
Txomin Badiolari gertatua ekarri du gogora Jaiok. 2016an Otro Family Plot erakusketa antolatu zuen Madrilgo Reina Sofian. “Atzera begirako oso garrantzitsua zen berarentzat, eta guztiz oharkabean igaro zen. Horixe da artista gehienei pasatzen zaiena”. Jaiok ulertzen ditu Martek kritikari aitortzen dizkion funtzioak, baina ñabardura batzuk gehitu dizkio: “Historizatu behar du kritikak, noski, baina hori artistaren erantzukizuna ere bada. Kritikariak ez ezik, arteak ere izan behar du kritiko”. Konbentzioa azaleratzea ere garai batean baino problematikoago bihurtu dela uste du. “Zer ez da bihurtu konbentzionalismo? Arte sistema osoa da konbentzioa, hasteko”. Zentzu horretan, iruditzen zaio kritikotasuna bera dagoela auzitan. “Nola izan zaitezke kritiko sistema instituzionalean? Arte sistema instituzioa da. Eta instituzioak bere barruko guztia irensten du”. Finean, bere buruari galdetu dio zenbateraino den posible gaur egun Martek aldarrikatu nahi lukeen kritika antagonista hori. “Sinetsi nahi nuke horretan, eta neure egin dezaket ikusmuga moduan, baina eszeptikoagoa naiz”.
Mugalariren nostalgia
Gara egunkariak arteari buruzko Mugalari gehigarria argitaratu zuen 1999tik 2011ra. Asteroko hiru orrialde haien bueltan eztabaida foro egonkorra eta autonomoa osatu zen. Arte komunitatetik arte komunitatearentzat idazten zuten, eta belaunaldi berri baten erakustoki bilakatu zen –besteren artean, zutabegintzan aritu ziren bertan Asier Mendizabal, Beatriz Ferraez, Aimar Arriola, Isabel de Naverán, Leire Vergara, Jon Mantxi edota Fito Rodriguez–. Arte kritika klasikoaren azken zirrikitua izan zen hura, eta egundaino luzatzen den hutsunea utzi zuen. Jaiori iruditzen zaio, ordea, arriskutsua dela Mugalari garaiak idealizatzea: “Ustekabean sortzen diren espazio berriak aprobetxatzeko gai izan behar du arteak, eta horixe izan zen Mugalari, sorpresaz jasotako espazio bat kolonizatzea. Baina testuinguru zehatzean ulertu behar da. Arteleku gabe ezin da Mugalari ulertu, handik ateratako belaunaldi jakin batek osatu zuen foro hura”. Beraz, kritikak bizi duen krisiaz mintzatzerakoan, komeni da hamarkada haren ameskerian erori gabe egitea.
Diskurtsibitateak garai hobeak bizi izan dituela begi bistakoa da, dena dela. Horretan da Marte: “Aurreko belaunaldi batzuentzat errazagoa izan da tresna kritikoetara jotzea. 1980ko hamarkadan, adibidez, bazegoen pentsamendu kritikoaren behar sozial antzeko bat, baita Europako giro artistikoen aldean halako probintziakeria sentipena ere”. Nola aurre egin horri? Europa mailako kezka intelektual haiek berenganatuz. “Foucaultez eta Deleuzez eztabaidatzen aritzen ziren, filosofoak Artelekura gonbidatzen zituzten, eta abar. Aldiz, orain garai indibidualistagoak bizi ditugu, eta, zentzu horretan, kritika ere garaiz kanpokoa litzateke, nik defendatzen dudan kritikak egun falta den espazio kolektiborantz joko lukeelako”.
"Nola izan zaitezke kritiko sistema instituzionalean?
Arte sistema instituzioa da. Eta instituzioak bere barruko guztia irensten du"
Miren Jaio
Discourse-tik display-ra
Diskurtsoaren krisiak artistengan ere eragin duela uste du Martek: “Obrarekiko zeukaten harremana lehen orain baino askoz ere kontzeptualagoa zen”. Bi paradigma bereizten ditu: discourse eta display. Haren ustez, aurrenekoa gailendu da urte askoan, baina orain bigarrena ari da indartzen. “Lehen artistak linguistika egin behar zuen, hizkuntzaz jabetu, egiten zuena hitzetara eraman. Orain kezka hori ez da hainbesterainokoa. Lengoaia horiek onartu egin dira, eta kode linguistikoak armatu beharrean, artistak indar gehiago jartzen du erakusketa espazioan gauzek nola funtzionatzen duten aztertzen”. Zergatik? Beharrak aldatu direlako. “Lehen trama linguistikoa falta zelako irudipenetik egiten zen artea; orain, errealitatea falta delako sentipena nagusitu da: goizean jaiki eta ordenagailu aurrean esertzen gara, gure inguruarekin esperientziazko formak bilatzeko beharra daukagu”. Hori litzateke display-tik jardutea: gorputzetik eta zentzumenetatik abiatzea, obra prozesuari erreparatzea, lanerako materialekin elkarrizketan aritzea, zerbait erreal bihurtu nahi izatea, enpirizatzea. Bizi dugun garai historikoarekin zerikusia duen desplazamendu formala da, finean, discourse-tik display-rakoa. Eta inork paradigma berria formalismotzat jo dezakeen arren, beste zerbait dela iruditzen zaio Marteri. Auzia ez da diskurtsibitateak garai hobeak bizi izan zituela esan eta bertan goxo gelditzea, egoera berrira egokitutako galderak egiten segitzea baizik. “Artea desplazatu den bezala, zer gertatuko litzateke kritika ere display-tik egingo balitz? Ze, azken batean, kritikatzea pentsatzearekin dago lotuta, har dezakeen formaz zehatzaz harago”.
Olatz Otalora artistak beste irakurketa bat gehitu dio Marteren display kontzeptuari. Artista gisara bilatzen du bere baitan sostengatzen den zerbait egitea, zientoka irakurketa jasan ditzakeena –guztiak zilegiak, bakar bat ere ez absolutua–. “Forma batek, belaunaldiz belaunaldi bizirik jarraituko badu, berari buruzko interpretazioak alda daitezen jasan behar du”. Diskurtsotik abiatzeari ahulezia hori ikusten dio: “artelana janzten du, bai, baina diskurtsibitatean soilik oinarritzen den zerbaitek nekez iraungo du estetikoki”.
Diskurtsibitate hustu baterantz
Otalorak uste du diskurtsoak pisu handia duela oraindik arte munduan, instituzioen eraginez. “Beka baterako izena ematean, beti eskatzen dizute zure lana diskurtsiboki kokatzeko. Aldi berean artista eta kritiko izateko eskatzen digute –eta askok sinetsi egin du logika hori–, baina akats handia da instituzioen behar diskurtsiboa artistaren ardura bihurtzea”. Aipatzen duenez, zentzu jakin bat daukaten genealogiak bilatzen dituzte museoek, eta, horrela, beren lana ildo zehatz batean koka daitezkeen artistak saritzen dira. Diskurtsoan zentratutako irizpide instituzionaletan funtsezkoenari erreparatzea falta da Otalorarentzat: “Interpretazio antropologikoetatik harago, benetako zentzua beste nonbaitetik sortzen da. Ez da kontuan hartzen arteak hain bere duen sen formal hori. Zeren gauza bat da obraz esaten dena, eta beste bat obra bere baitan dena”. Diskurtsoetan moda sartzen da, gainera. “Orain gutxira arte diskurtsoek kontzeptualak izan behar zuten, eta orain badirudi denak afektiboa izan behar duela”.
"Beka baterako izena ematean, beti eskatzen dizute zure lana diskurtsiboki kokatzeko. Aldi berean artista eta kritiko izateko eskatzen digute"
Olatz Otalora
Artista garaikideak bere buruaren gain sentitzen duen presio diskurtsibo hori da, Marteren ustez, kritika faltaren erakusle garbiena. “Benjaminek esan zuenarekin bat nator: artistak ez dira preseski egokienak beren lanaz hitz egiteko. Sare kritiko zabal bat existituko balitz, artistek ez lukete ezer asmatzen ibili beharko, beste batzuek egingo liekete lan teorikoa, eta beraiek handik eta hemendik hartutakoarekin aski lukete”. Ohartzen da, halere, hutsune kritiko horren falta ez dela hain agerikoa arte munduko guztientzat. “Arte-ekoizpen maila oso altua dago hemen, eta horrek esan nahi du gustu guztientzako moduko obrak egiten direla: batzuk kontserbadoreagoak, besteak arriskatuagoak”.
Zirrikitu bila
Mortuaren erdian, eztabaida kritikoa nondik abia daitekeen galdetuta, Marte oroitu da Okela Sormen Lantegiak antolatzen duen Berbaldia zikloaz. “Artista gazteak beren obraz hizketan aritzeko espazio bakanetako bat da, eta horregatik bakarrik merezi du”. Beste bi ekimen ere aipatu ditu: Consonni irratia eta Bulegoa z/b –Jaiok beste hainbatekin hasitako proiektua–. Eta azkenik, unibertsitatea. Ez kritika akademikoan fede handirik duelako, ezpada hezkuntzaren potentzialitatean sinetsi nahi lukeelako: “Artearen Historia, Arte Ederrak, Filosofia, Antropologia… pentsamenduarekin lotuta dauden ikasketak gehiago uztartu behar lirateke, eta guztietan landu behar litzateke kritika”. Jaiok ez du hain argi ikusten unibertsitatearen funtzioa. “Zinez, egungo unibertsitatea al da kritikarako espazioak sustatzeko tokirik egokiena? Izango da bertan nabilelako orain, baina zalantzan jartzen dut”. Haren ustez, kritika akademikoan inoiz baino gehiago idazten da, baina ez kritikaren berezko funtzioari erantzunez –formaren etengabeko kuestionamendua, jasotako ideiak bere horretan ontzat ez jotzea–, erabat bestelako arrazoiengatik baizik: hiperprodukzio neoliberalaren logika gailendu da, eta ikerlariek kosta ahala kosta artikuluak argitaratu behar dituzte unibertsitatetik kanporatuak izan nahi ez badute. “Kontua da ekoiztea, berdin dio zer, nola eta zertarako. Anglosaxoiek esaten duten bezala: Publish or Perish”.
Gelditzen al da, orduan, azken zirrikiturik kritikarentzat? Berpiztu ote daiteke nolabait? Jaiok itxaropenari eutsi nahi dio: “Leku guztietan sor daitezke aukerak”. Kritikaren erreaktibotasunean sinetsi nahi luke, dena nahieran eskura daitekeen honetan kritikak jarraituko lukeelako izaten mantsoa, zorrotza, anakronikoa. Nola egiten den hori? “Kritika egon dadin, aurrez bere testuinguru eta irakurle propioak sortu behar ditu, espazioak okupatuz eta idazkera desberdinak frogatuz. Horrela lortzen da luzaz baliatutako toki komunetatik ihes egitea eta jarrerak aldaraztea”. Erne segitzea gelditzen da oraingoz, aukerak sorraraziz edo antzemanez, eta hala agian laster estaliko da berriz kritikaren zuloa, mende hasieran Mugalari-ren bueltan estali zen bezala, baina desberdin, beste nonbaitetik eta beste nolabait, derrigor.
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]
Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]
Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]