1959an idatzia, argitaratzeari uko egin zion Koldo Mitxelenak Egan aldizkarian eta liburuak ez zuen harrezkero argitaratzeko zirrikiturik ikusi, harik eta 1970ean Lur argitaletxeak publikatu zuen arte, Gabriel Arestiren eginahalari esker. XX. mendeko euskarazko lanik seinaleenaren zoria izan genuen.
Martxoko egun bat zen. Sartaldetik zetorren haizeak, itsasoko oihartzunen ekarle, makur-erazten zituen pareko zuhaitz ilunak sala-leihoaren aurrean; intzirika ari ziren, eta iharrosten ziren ontzi-mastak izan bailirakeen ekaitz baten jostagailu”. 1970eko argitalpenaren hasiera dugu, Gabriel Arestiren eskutik irakurleari heldu zitzaiona, eta ez, zuzen, Jon Mirandek berak 1959an egindako jatorrizko bertsioa, gipuzkeraz idatzi baitzuen egileak eta, handik hamar urtera, euskara batuaren zinezko eredura ekarri baitzuen Arestik. Hamar urte zituen iraganak bere ipuin-berria ezin argitaraturik, eta, ordurako, guztiz etsiak joa zen Mirande: idatzi zuen garaian argitara zezaten gogoz saiatuagatik ere, ez zuen lortu. Eta, halako batean, argitaratu ziotenean, gogogabetua zen Mirande, Norbert Tauer adiskideari 1970ean bertan idatzi zionez: “Ene Haur besoetakoa gustatuko ahal zaizu… ba du aspaldi handia idatzia nuela, eta argitaltzale bati eman nion bainan, azkenekotz, ez nuen nahi argitara dezan. Baina bego hortan, argitara den ezkero”.
Argitaratzeko ezina
Mirandek Yon Etxaide adiskideari 1959ko lehen hilean, gutuna: “Ipuin-berri bat asi dut; poetikozki egin nai nuke, gaiaren lizuntasuna estaltzeko ez naiz ziur, ordea, publikatuko didatela”. Hasiak egina dirudi, beste behin. Urtarrilean idazten hasi zena, kasik burutua zuen ondoko hilean, Txomin Peilleni jakinarazi zionez. Biak paristar arren, lotura estua zuten gutunez: “Aipatu nizun ipuina bukatuxerik dut –garbitan ipintzen ari naiz orain–, eta amar egunen bururako egiñik duket. Luze samarra da –Alos-torrea-ren heinekoa gutxi gora-beera–, eta gaia oso berezia: maitasun-kondaira bat, 30 urteko gizon baten eta 11 urteko nexka baten elkar maitatzea kondatzen duena, ots, euskerazko Lolita bat (naiz ez dudan zoritxarrez V. Nabokoven lanegiña irakurri aal izan). Mitxelenari bi itz esan diot hortzaz, eta erantzun dit aldizkarian publikatzeko alegiñak egingo dituela. Bainan beldur naiz ezin ditekeala, zati zenbait aski erotiko baitira –naiz funtsez oso garbi eta sentimentala den”. Mirandek, idatzi orduko helarazi zion testua Peilleni. Honek, berriz, oharrak egin zizkion, bata bestearen lanak irakurtzen eta, hobe beharrez, zuzentzen jarduteko ohitura edo usantza baitzuten. Eta Peilleni “inpresio zerbait” egin zion Miranderen lanak, eta oharrak egin ere zizkion. Eta Mirandek: “Ikusi duzun bezela, ez da batere pornographiazkoa kondaira bat… bainan, halaz ere, bildur naiz gaitz izango zaidala nonbait publika eraztea. Andima’ren [Ibiñagabeitia] bidez, agian, [Koldo] Mitxelenak’k ezin egin ba dezake”. Egan literatur aldizkarian, alegia, Mitxelenak zuzentzen baitzuen.
“Bildur naiz gaitz izango zaidala nonbait publika eraztea. Andima’ren bidez, agian, Mitxelenak’k ezin egin ba dezake”
Jon Mirande, 1959an
Peilleni eta Mitxelenari bezala, Andima Ibiñagabeitiari ere bidali zion Haur besoetakoa. Iritzi eske, oroz gain, Andima izan baitzuen “gidaria euskal-literaturako bideetan”. Ez zaio ari, haatik, bakarrik hizkuntzaren gainekoak zuzen diezazkion: “Gaiari buruz ere zure iritzi egiazkoa jakin nai dut: maitasunezko ipuin-berri bat da, bai, maitasun bat besteak ez bezalakoa dut gaitzat aukeratu. Konformistek eta ergelek esango lukete, noski, abnormal den maitakeria bat kontatu dudala (naiz heterosexualitatearen alorrean egoteko aski konformista egon naizen!). Dena dela, eta erotismo utsak leku gutxi euki arren ene ipuinean, psykologiazkoa baita ororen gainetik, ez dut uste Euskaldunek abegi onik egingo diotenik, gaiaren berritasuna dela kausa”.
Mitxelena, Ibiñagabeitia, Irigarai
Egiazki, 1959an Jon Mirandek ez zukeen bere ipuin-berri hura argitaratzeko nahi beste biderik. Ordurako, eta besteak beste, Euzko Gogoa eta Egan aldizkarietan publikatu ohi zituen literatur lanak, hala olerkiak nola itzulpenak eta saiakera laburrak, eta, aukeran, Egan aldizkaria lehenetsi zuen, kezka haiek bizi zituela. Ibiñagabeitiari ari zaio: “Mitxelenari igorri nion eia Egan’en argitara erazi nai zuenetz, edo beste nonbait, liburuxka baten forman, zentsurari iges egiteko bide bat arki baleza. Ez dit oraindik jakin erazi zerbait arkitu duenetz; zail baino zaillagoa izango dela irudi erazi dit ordea. Zuk bearbada Amerika horietan publikatzeko bide bat atzeman zenezake?”.
Jon Mirande beldur, argitaratuko ez zioten kezkatan, garaiko euskarazko literaturaren mugak estu eta meharrak zitzaizkiola jakitun. Urte bereko martxoko gutuna da, Mirandek Peilleni: “Mitxelenaren guthun bat hartu berri dut (…); goraiphuak egiten derauzkit ene ipuin-berria gatik bainan ezin publika eraz dezakeela borobilki erraiten deraut… bertzela akabo aldizkaria”. Mirande saiatu zen, bere lana argitara ziezaioten. Mitxelenak ezetz, Ibiñagabeitiak ere ez zuen lortuko… “[Aingeru] Irigaray’ek ere idatzi deraut, eta hari ere gustatu omen zaio; bainan ezin publika ditekela hark ere diost. Hainbat gaixto euskal publikoarentzat!”.
Hamar urtean ezin izan zuen Haur besoetakoa argitaratu, euskarazko literaturaren eragileen baitako zentsurak isilarazirik. Esaterako, Yon Etxaideren Joanak-joan (1955), J.A. Loidi Bizkarrondoren Amabost egun Urgain’en (1955), edo Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) eleberrien garaia zen. Haatik, ezin Miranderena argitaratu, frankismoaren zentsurak baino lehen ere, euskaldunak barneratua zuen zentsurak galarazi baitzion biderik urratzea.
Handik hamaika urtera Gabriel Arestik, Lur argitaletxearen eskutik, berriz ekin zion arte.
Jon Mirandek bere lanak bidali zizkion, 1974ko abenduan Txomin Peilleni idatzi gutunean jakin dugunez. “Mirandek bere poesia guztiak bidali zizkidan Haur besoetakoa-rekin argitaratzeko, baina, zoritxarrez, zentsura ofizialak baimena ukatu zidan”. Olerkiak eta ipuin-berria argitaratzea ukatu zentsura ofizialak. Hala ere, Haur besoetakoa argitaratzeko zirrikitua egin zuen, nonbait, noizbait, bilbotarrak.
1970, Gabriel Aresti
1969an Bizkaiko Probintzia Ordezkaritzan aurkeztu zuen Arestik Miranderen testua, eta baia jaso hamabost egunen buruan. Gaztelaniatik euskarara ekarria dugu zentsorearen baimena: “Nobela dramatikoa. Mutilzahar edale bat bere besoetakoaren kargu egin zen, hura zurtz gelditu eta. Ezkontitza emana zion emakume bati. Eta hortxe hasi zen drama, ikaragarri maite baitzuen [mutilzaharrak] besoetakoa, eta honek ere ez zuen nahi bere aitabitxia ezkon zedin. Bestalde, gizonak ere ez zuen ezkondu nahi, baina, bestalde, ez zuen kunplimenduz emandako hitza jan nahi eta emakume hari eragindako ilusioak zapuztu. Ez du ezer inmoralik ez politikorik. Baimendu daiteke”.
1969ko abenduan baimendua, 1970eko abuztuan argitaratu zuen Lur argitaletxeak Haur besoetakoa, Arestik Miranderen 1959ko gipuzkeratik batuaren estandarrera egokitua. “Nobela hau bere lehenbiziko redakzioan gipuzkera osatuan zegoen idatzirik; baina autorearen baimenarekin, eta egungo tendentziei jarraikitzeagatik, editoreek euskera batu eta orokorrera itzuli dute, Batasunaren Kutxan agertzen diren erregelak errespetaturik”. Batasunaren Kutxa, izan, euskal idazleen batasunaren aldeko zina dugu.
Euskara batura ekarria Haur besoetakoa, besterik da Arestik hartu zituen lizentzia ez-poetikoak hartuko ote lituzkeen zuzentzaileak oraingo egunean. Ororen gainetik, toka eta noka erabilaraztea 11 urteko neskatikoari, 30 urteko gizonari. Beharrik, askoz lizentzia ez-poetiko makurragoa baliatuko zuen Eduardo Gil Berak Haur besoetakoa gaztelaniara La ahijada eramanik, narratzailearen jatorrizko hirugarren pertsona, lehen pertsona egin baitzuen bere itzulian.
Eta argitaratzean ere, oharra irakurleari argitaratzaile Arestik Anaitasuna-ren orrietatik: “Gaiari buruz, berriz ere, euskaldun prestu, ongi-pentsatzaile eta kristauari hain izugarri iruditzen bazaio ere, begirik miopeenak ikusi beharko du amodio horiek ez direla lizunak, haragiaren grina desordenatu eta desonestoak ez duela bertan lekurik hartzen, libidoaren indarra absente dagoela bertatik, gure erromantikoen denbora zaharretan mendi-mendian Mirentxu eta Maitena baten amodioak ez zirela garbiagoak izan; azkenean amodio horrek gorputzez bere burua eta amaiera hartzen baldin badu, funtsean sinbolo bat dela, errebeldiazko azken garrasi zoro bat, gizarte intolerante baten kontrako aldarri desesperatu bat. Eta Miranderen liburutik har dezakegun ikaskizun harrigarriena, hau da: obra hau, libertateari eskainitako kantu bat dela; gezurra badirudi ere. Munduko hippiek inposiblearen bazterretan libertate amesgarri horri dedikatutako abesti eder, gaitz eta ezin bat. Hitz bitan esan beharko bagenu Haur besoetakoa zer iruditu zaigun, honela esanen genuke dela: ikaragarritasunean mamitutako edertasun inposible bat”.
“Garrantzitsua da Miranderen idazlanaren sinboloei arretaz erreparatzea, bai eta sinbolo hauek modernismoaren klabean irakurtzea ere”
Amaia Elizalde Estenaga
Gisa horretara ikusi zuen argia Miranderen ipuin-berri hark. Aukeran, berandu, egilearenetik beretik idatzi dugunez gorago: “Ba du aspaldi handia idatzia nuela, eta argitaltzale bati eman nion bainan, azkenekotz, ez nuen nahi argitara dezan. Baina bego hortan, argitara den ezkero”.
Eta, argitara denez gero, irakur dezagun.
‘Ipuin-berri’
Eta irakur dezagun Haur besoetakoa ez geure begi miope eta erretina galdutakoetatik bakarrik, baina idazleak berak eskaini dizkigunetatik ere, ipuin-berri edo nouvelle bezala, Jon Mirandek ibili zuen bide mortu hura berria baitzen euskarazko literaturan. Mirandek ez zuen eleberririk, nobelarik nahi izan, nouvelle-a baizik. Haur besoetakoa-ren modernitateaz –modernitate ukatuaz– tesia egina duen Amaia Elizalde Estenaga EHUko irakaslea dugu argi-emaile gatazkaren puntu honetan. “[Nouvelle edo ipuin-berri] Genero hori eta eleberri laburra ez dira erabat baliokideak, nouvelle-ak bere ezaugarri propioak ditu”. Intentsitatea, elementu sinbolikoak baliatzea, gogoeta filosofiko-psikologiko eta existentzialistak egitea… berezkoak zaizkio nouvelle-ari, Miranderen asmoko ipuin-berri-ari, alegia. Generoak Alemanian dituzke sustraiak, nahiz aski arrakasta handia izan zuen Frantzian. Amaia Elizalde Estenagarenak dira hitzak: “Generoaren berezitasunak kontuan hartu eta garrantzitsua da Miranderen idazlanaren sinboloei arretaz erreparatzea, bai eta sinbolo hauek modernismoaren klabean irakurtzea ere, mugimendu horren eragin zuzena baitu. Testuan bertan iradokitzen zaio irakurleari irakurketa sinbolikoa egin beharko duela testuaren zentzua ulertzeko, behin eta berriz azpimarratzen baita Theresa sinbolo bat dela”. Sinboloek Miranderen nouvelle-an duten kargaz ohartu gabe ezin geureganatu idazle finaren testu ederraren urregorritasuna.
Jakinaren gainean zen Jon Mirande bera ere, happy few-entzat idatzia zuela esan zuenean.
Hautatuentzat.
Alabaina, milaka izan ditu, eta izanen, irakurleak Mirandek, eta Haur besoetakoa-k, sekula sekulotan.
“Ba zirudien giza-bihotz baten amets maiteena, ontzi-irudi haietara emanaz, urrutira eramanen zutela, beti urrutirago amets orok loratze ta betegintzarre duen ugarte doatsuetaraino...”.
“Theresaren gainean makurtu zen berriz eta aurpegia ingura-erazi zion beraren aldera, baina haurrak begiak itxirik zeduzkan eta harnasa lodiegiten zuen; lo-erazgarri indartsuari esker, ez zen esnatuko... Izara eratsi zuen: Theresa haurrak bezela lo zen, gorputxoa konkorturik, belaunak gora eraikirik. Gizonak besoetan hartu zuen, lehen baino bortizkiago laztandu zuen haren gorputz guztia pijamaren gainetik, musu bat eman zion bekokian eta, apur bat lotsaturik hala ere, hasi zen pijama-botoiak laxatzen. Baina haurra biluzik gelditu zenean haren besoetan, sukar batekin estutu zuen bere gorputzaren kontra. Haren bihotzaren taupadak orduan, haren odolaren bultzakada eskuak neskatoaren larru eztiaren gainean iragan erazten zituelarik...! Ohe-gainean pausatu zuen atzera, bere luzean, hobeki begira ahal ziezakeon edozer baino laketago zuen gorputz horri”.
Haur besoetakoa, Jon Mirande, lehen atala
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]
Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]
Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.