“Greziako 120.000 errefuxiatuak Europan banatzea ez da ezer, baina ez dugu hori nahi”

  • Martxoaren 1ean heldu zen Fermin Artola Greziako Lesbos irlara eta egun horretan berean, Moriako errefuxiatuen kanpalekutik janaria banatzetik bueltan zetozela, ultraeskuindarren erasoa jasan zuten. Astebeteren ondoren COVID-19aren krisialdia hasi eta hiru asteko egonaldia lau hilabetekoa bihurtu da.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Fermin Artola Urmeneta. Lakuntza, 1958

Irakasle ikasketak egin ondoren, 20 urterekin hasi zen maisu lanetan Iruñeko Udal Ikastolan, sortu berritan. 39 urte eta egun batez aritu ostean, erretiroa hartu zuen duela urte eta erdi pasatxo. Zaporeak GKEarekin Lesbos uhartera joan zen martxoaren 1ean eta han gelditu da lau hilabete.

Iruñeko Udal Ikastola aitzindariaren sortzaileetako bat zara eta maisu onaren ospea duzu. Zer dela eta zure ustez?
Ez dut batere sekreturik. Hori bai, ez dut inoiz arazorik izan ikastolara joateko. Ikasleekin aritzeko lana oso gustukoa nuen. Atal administratiboa eta bilerak, aldiz, ez horrenbeste.

Irakasle gisa lanean nenbilela, Historia ikasi nuen Gasteizen eta aukera izan nuen Bigarren Hezkuntzara pasatzeko. Zalantzan ibili nintzen, baina pentsatu nuen Lehen Hezkuntzan ikasleek oraindik maite gaituztela eta Bigarren Hezkuntzan ez nuen horren garbi.

Batzuek diote ikasleen laguna izan behar duzula, baina nik uste dut ezetz. Gu irakasleak gara, baina horrek ez du esan nahi harremanetarako goxotasuna alde batera utzi behar denik. Garrantzitsuena entzutea da. Ikasle bakoitzak baditu bere behar bereziak eta radarra piztuta eduki behar duzu erantzun ahalik eta egokiena emateko. Horrek esan nahi du une batean ikasle baten aldamenean egon behar duzula zerbait azaltzeko edo zerbaitez hitz egiteko edo eskua bizkarrean jarri eta lasaitzeko, besterik ez. Halako hurbiltasuna behar da.

Asko aldatu da irakaskuntza?

Gizartea da asko aldatu dena eta horrekin batera irakaskuntza. Nik esango nuke zerbait ziklikoa dela. Azkeneko urteetan berrikuntza bezala saltzen zizkiguten hainbat elementu orain dela 35 urte jarri ziren martxan. Aldatu dena, batez ere, familiekiko komunikazio mota izan da.

Lehen, ez dakit egoera politikoagatik edo zergatik zen, baina harremana estuagoa zen. Guri laguntzeko prest zeuden. Orain distantzia gero eta handiagoa da. Agian irakaskuntzari eskatzen zaiona gehiegi da. Irakaskuntzak ez du mundua aldatuko, aldatuko du zerbait, baina denok bat ez bagatoz, ez dugu ezer egingo.

Horretaz gain, esango nuke garai batean egiten genituen gauza batzuk gaur egun astakeriatzat hartuko genituzkeela. Ni joan izan naiz 30 ikaslerekin, motxilak hartuta, trenez Uharteraino. Handik San Migelera oinez igo eta bi egunez aterpetxean egon ondoren Iruñera itzuli. Ni bakarrik. Edo Luzaidetik Iparralde osoan barrena Donostiaraino bizikletaz 60 ikasle eta guraso batzuen laguntzarekin, errepide nazional-etik. Gaur egun pentsaezina litzateke, baina beste garaiak ziren.

"Gogorrena erabateko blokeoaren garaian izan zen: hilabete eta erdiz zazpi pertsonaren artean eguneko 2.200 bazkari ematera iritsi ginen. Lan ikaragarria”

Erretiroa hartuta, Benidormera joan beharrean, Lesbosera joan zara. Zergatik?
2018ko udan Sarajevon nengoen eta tren geltokian ikusi nuen boluntario talde bat janaria banatzen errefuxiatu batzuei. Egun horietan iritsi zitzaidan erretiroa onartzen zidateneko berria eta pentsatu nuen, denbora izanda, horrelako zerbait egiten ahal nuela nik ere. Banekien Zaporeak existitzen zela eta harremanetan jarri nintzen haiekin. Otsailean deitu zidaten eta martxoaren 1ean iritsi nintzen, printzipioz hiru astetako lan txanda egiteko Lesbos uhartera.

Ni izan nintzen hona iritsitako azken boluntarioa koronabirusaren krisialdia sortu baino lehen. Grezia osoa berehala itxi zuten eta gure sukaldean Zaporeakeko bi boluntario, sukaldaria eta koordinatzailea gelditu ginen. Erabaki zen beste inor gehiago ez etortzea, handik kanpamentura birusa ez ekartzeko. Morian bizi diren errefuxiatu batzuen laguntzaz jarraitu dugu lanean lau hilabete hauetan.

Gogorrena erabateko blokeoaren garaian izan zen: hilabete eta erdiz zazpi pertsonaren artean eguneko 2.200 bazkari ematera iritsi ginen. Lan ikaragarria.

Orain 1.900 ematen ditugu egunean eta deseskalada ere hasi da, nolabait. Nahiz eta kanpamentua oraindik itxita egon, guretzako kontrolak arinagoak dira orain eta laguntzaileen bila joan gaitezke. Orain berriro hamabost pertsona arteko taldeak ari gara lanean eta eramangarriagoa da dena.

Aukera izan zenuten itzultzeko?
Zaporeak harremanetan jarri zen Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Enbaxadarekin eta esan ziguten geuk erabakitzeko. Astero baziren enbaxadak antolatutako hegaldiak eta eskaini ere egin zizkiguten, baina etxean itxita egoteko ez zuela itzultzea merezi pentsatu genuen. Zalantza izan genuen, hemen COVID-19a sartuz gero sarraskia brutala izan zitekeelako, egoera oso gogorra delako, baina hori gertatzekotan zerbait pentsatuko genuen. Suertea izan dugu eta ez naiz damutzen. Hemen oso kasu gutxi izan dira, kanpotik ekarriak eta oso ongi kontrolatuak, antza. Itxura denez Morian ez da sartu. Batzuek esaten dute agian kasuak ez direla detektatu eta pneumonia normaltzat hartu direla, baina nik uste dut koronabirusa izan balitz ikaragarria zatekeela. Mugarik Gabeko Medikuek ospitale berezi bat zabaldu dute arnasketa arazoak dituzten pertsonak artatzeko, baina oso pertsona gutxi dira hemendik pasa direnak, sei, bost, atzo hiru… Guk kopuru zehatza ezagutzen dugu egunero janaria eramaten diegulako.

Nolakoak dira bizi baldintzak?
3.000 pertsonarentzat prestatuta zegoen kanpalekuan 20.000 inguru bizi dira egun. Txorrota bat dago 1.300 biztanleko eta komun bat 200 pertsonentzat. Xaboirik ez dago. Moira muino batean dagoen esparru oso txikia da, hormaz inguratua. Barruan badira kutxa moduko batzuk, bungalow antzekoak, baina hori luxuzko zerbait da. Gehienak dira dendak edo plastikoz eta egurrezko paletez egindako txabolak. Bakoitzean sei edo zazpi pertsona bizi dira pilatuta. Bideak lurrezkoak dira eta ur beltzak (fekalak) alde guztietatik dabiltza.

Kontatzen didate ilundutakoan emakumeak ez direla ausartzen beren txabolatik ateratzen komunera joateko bortxaketa ugari egiten direlako. Horregatik haurren pixoihalak erabiltzen dituzte. Kanpalekua erabat itxita dago orain. Hirira ezin dira etorri arrazoi zehatz batengatik ez bada: medikura joan behar dutela edo farmaziara, bestela debekatuta daukate handik ateratzea. Eta mantendu horrela 20.000 pertsona! Liskarrak ikaragarriak izaten dira.

Errefuxiatu gutxi batzuek Mitilene hiriburuan pisu bat alokatuta dute, baina hori oso zaila da, jendeak ez dielako alokatu nahi izaten. Egoera legala ere oso zaila da. Asko elkarrizketa baten zain daude kanporaketa edo asilo egoera ematen ote dieten jakiteko.

Moria bisitatu nuen lehen aldian ikusi nuen jendea noraezean zebilela leku batetik bestera eta “etorkizun beltza” pentsatu nuen. Eguna joan eguna etorri horrela. Ezagutzen ditudan batzuek lau eta bost urte daramate hemen, ez aurrera ez atzera.

Haur eta gaztetxo asko ere badago. Guk Mitilenetik gertu dagoen adingabeen zentro batera eramaten dugu janaria. 23 adingabe daude hor kanpin batean, 12-16 urtekoak. Bakarrik daude eta ez dakigu nola lortu duten honaino iristea, baina badirudi haiek esperantza gehiago izan dezaketela hemendik ateratzeko. Eta haien artean 4 urteko ume bat dago, familiarik gabe. Harrigarria. Hemengo bizimodua oso latza da haientzat. Duela gutxi 6 urteko neskato bat erreta hil zen Morian bere etxolak su hartu zuenean.

Nolakoa izan zen martxoaren hasieran jasan zenuten ultraeskuindarren erasoa?
Hori izan zen hona iritsitakoan nire lehenbiziko esperientzia. Gero aste normal bat izan genuen eta jarraian koronabirusa. Erasoa azaltzeko gauzak bere tokian jarri behar dira: Lesbos irlak Gipuzkoako tamaina du, 80.000 biztanle eta 20.000 errefuxiatu. Populazioaren bosten bat errefuxiatuak dira, baldintza latz ikaragarrietan bizi direnak. Uharterako presio handia da horri aurre egitea. Zer gertatzen da? Ultraeskuindarrek aprobetxatu egiten dutela jendearen egonezina eta gogor jotzen dutela errefuxiatuen aurka eta baita Gobernuz Kanpoko Erakundeen kontra ere. Grezian egun bada eskuindarren mugimendu indartsua.

Egun hartan, janaria banatzetik bueltan gentozela, jende talde bat gure furgoneta eta kotxera hurbildu eta oihuka eta kolpeka hasi ziren. Ibilgailuak birrindu zizkiguten. Furgonetan geundenok lortu genuen handik ateratzea, gurpilak zulatuta, baina autokoak aterarazi eta jipoitu zituzten. Lesbosek beti izan du tradizioa jendea onartzeko eta laguntzeko. Lehenengo siriarrak iritsi zirenean jendeak denetik ematen zien, baina une honetan kopuruak izugarriak dira eta egoera kontrolaezina. Moriako kanpamentuak duen soluziobide bakarra, nire ustez, ixtea da. Hustu eta itxi. Beste aterabide guztiak adabaki txikiak besterik ez dira.

Zer harreman mota duzue iheslariekin?
Poliki-poliki bazoaz jendea ezagutzen. Badugu errefuxiatu talde bat guri laguntza ematen diguna egunero. Haien bila joaten gara goizero Moriara eta hirira eta sukaldean aritzen dira gurekin egun osoa. Beren bizitza kontatzen digute eta harreman afektiboak sortzen dira. Gure jendea da. Laguntzaileak Moriara bueltan eramaten ditugunean pena izugarria ematen digu han utzi behar izateak.

Zer dute buruan? Alemaniara iristea?
Orokorrean, nik ezagutu ditudan gehienek bai. Baten batek Kanada edo Zeelanda Berria aipatzen ditu edo hotza egiten duen tokiren bat: Islandia, Finlandia… Baina hori oso atipikoa da. Gehienek badute familia, lagunak edo kontaktuak Alemanian. Gainera, badakigu nola saltzen diren askotan gauzak. Hemengoek ikusi dute nola bizi diren bere herriko horiek Alemanian eta nik esango nuke idealizatuta dutela topatuko duten egoera. Nahiz eta Morian egon, egoera basati batean, haiek ere badituzte beren ile mozketa bereziak edo arropak, adibidez, eta argazki horiek bidaltzen dizkiete bere senitartekoei Azerbaijanera, Iranera edo Nepalera; baina agian, argazki horietako irudiek ez dute islatzen benetan bizi duten miseria. Europara iritsita, supermerkatu bateko atean dirua eskatzea da etorkizuna? Badakigu zerekin topatuko diren, baina kontuan hartu behar dugu beste egoera askoz txarrago batetik datozela.

Dena den gu ere oso latzak gara. Askotan konturatu edo konturatu gabe keinu xenofoboak izaten ditugu. Pentsa Iruñean zenbat kostatzen den halako pertsonei pisu bat alokatzea.

"42.000 pertsona daude Greziako irletako kanpalekuetan eta 120.000 inguru Grezia osoan. Pertsona kopuru hori Europa aberats osoan zehar banatuta ez da ezer. Libanon ehunka mila errefuxiatu daude, askoz txikiagoa izanda ere"

Europaren errefuxiatuekiko jarrera ikusita, auzo lotsa sentitu duzu inoiz?
42.000 pertsona daude Greziako irletako kanpalekuetan eta 120.000 inguru Grezia osoan. Pertsona kopuru hori Europa aberats osoan zehar banatuta ez da ezer. Libanon ehunka mila errefuxiatu daude, askoz txikiagoa izanda ere. Baina europarrok ez dugu hori nahi: “Armeniar eta siriar zikin horiek hobe ez badira irla horretatik ateratzen”. Eta dirua emango diogu Greziari aska ez ditzan.

Auzo lotsa sentitzen dut Europako, Mendebalde osoko politikarien diskurtsoekin. Jendearen jarrera, zorionez, bestelakoa da. Dena den, errefuxiatuena sarraski isila da. Epe motz eta ertainean ez du konpontzeko itxurarik. Agian koronabirusak Morian gogor jo izan balu, Europan kanpalekuetarako konponbide bila hasiko ziren. Baina jendeari bost axola zaio zer gertatzen den hemen. Jendea ez da enteratzen eta ez du enteratu nahi. Sinplekeria batzuei garrantzia ematen diegu eta benetan garrantzia dutenak askotan ahazten ditugu.

Orain arte gaitzak ez du indar handirik izan hemen. Grezian lehenbiziko kasuak agertu zirenetik itxi zuten dena eta norabait joateko baimena eskatu behar zenuen posta elektronikoz. Baiezkoa ematen zizutenean joan zintezkeen lanera, erostera edota kirola egitera. Lesbosen beldur handirik ez da izan, Atenasen gehiago nabaritu da. Hemen errefuxiatuen esparrua itxi zuten eta kito.

Nola dago orain zuen biltegia?
Ni iritsi nintzenean despentsa goraino betea zegoen, baina dena amaituz joan zen. Ekainaren hasieran kamioia berriro iritsi zen Euskal Herritik, baina sumatu zen itxialdia dela eta janaria biltzeko hainbat ekitaldi bertan behera gelditu zirela. Janari freskoa hemen erosten dugu.

Erabilera bakarreko ontziak erabiltzen dituzue ezinbestean?
Erabateko desastrea da. 1.900 aluminiozko ontzi eta 1.900 plastikozko koilara. Atzo iritsi zitzaizkigun metalezko koilarak eta hemendik aurrera pertsona bakoitzak berea izango du, eta plastikozko gehiago ez dugu erabiliko. Agian plastikozko beste jaki-ontzi mota bat erabil liteke baina ezin ditugu jaso eta, gainera, garbitzeko eta desinfektatzeko modurik ez dugu.

Zer zapore du Moriako janariak?
Goxoa, baina espezia piloarekin: kanela, piper hautsa, currya… Gureak baino gustu indartsuagoak dituzte. Ematen badizkiegu guk Euskal Herrian jaten ditugun barazkiak, adibidez, ez dituzte nahi.

Gure laguntzaileak toki askotakoak dira: Turkmenistangoak, Irangoak, duela gutxi hasi zen Kongoko neska bat… eta guk egiten dugun janari mota nahasketa bat da gehienen gustukoa izan dadin eta ahalik eta orekatuena, noski.

Uztailaren hasieran itzuliko zara etxera. Zer egiteko asmoa duzu?
Oso-oso nekatuta nago. Azken egunetan irla ezagutzeko mugituko naiz pixka bat eta gero atseden hartzera etxera itzuliko naiz. Normalean alde egiten dut beti sanferminetan, baina aurten geldituko naiz. Denbora pixka bat beharko dut hau dena digeritzeko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-10-17 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez die etxebizitza-alternatibarik eskaintzen Gasteizen dauden Gazako bost familiari

Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


2024-09-04 | Reyes Ilintxeta
Isa Egiguren
“Libiako kostazainen eta mafiakoen artean ez dago alde handirik”

Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]


Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera

Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Eguneraketa berriak daude