Ekainaren 7an Bristoleko portuko uretara jaurti zuen jendetzak hiriaren historiako ongile handienaren fama daukan Edward Colstonen brontzezko estatua, mundu guztiak ikusi du bideoz. Egun batzuk lehenago AEBetan poliziak George Floyd herritar beltza hil izanaren kontrako protestan ari ziren munduko beste hainbat hiritan bezala Bristolen ere, baina hemen Colston esklabo-jabe filantropoa bereziki gorrotatzeko motiboak zeuzkaten.
Bristolera (Erresuma Batua, 464.000 biztanle) iritsi den turistak ezingo du alde egin ikasi gabe Edward Colstonen izena: Colston kontzertu aretoa, Colston dorrea, Colston etorbidea, Colston kalea, ospitalea, udaletxearen aurrean Edward Colstonen harrizko monumentua, St Mary Redcliffe elizako bidriera sasi-gotikoetako bat, eskolak, zahar-etxeak…baita ‘Colston bun’ opila ere!
Alabaina, ekainaren 7an Edward Colstonen irudia karriketan barrena arrastaka eramanda kaian urperatu zutenek bazuten motiborik gizonarekin haserre egoteko: larruazal beltzekoek, notable filantropo hura haien arbasoekin trafikatuz aberastu zelako, eta beltzek bezala zuriek duela urte oso gutxi arte pagatzen aritu direlako Colston eta beste esklabo-jabeei duela ia bi mende gatibuak aske uzteagatik gobernuak emandako kalte-ordainak. Harrigarria, baina egia.
Edward Colston (1636-1721) merkatariz gain Londresko legebiltzarrean parlamentari aritu zen bere bizitzan. Esklaboen salerosketan aberastu zen, Bristoleko beste zenbait handiki bezala: espedizioak antolatu Afrikara jendeak harrapatu eta esklabo bihurtzeko, haiek itsasontziz ekarri lehenbizi Bristolera eta hemendik Ameriketara, funtsean Karibeetara.
Bihotzik ez omen duen diru zikinez aberastu ondoren, ordea, zerurako lasterbidea segurtatu nahi izan zuen Colstonek filantropia eginez, munduan beste esklabo-saltzaile gehiagok –Jose Matia Calvo batek kale, eraikin, zahar-etxe eta gisako obra karitatezkoak laga zituen Cadiz eta Donostian– egin duten legez. Historiak esklabozale odoltsu ez baina ongiletzat oroitu zezan jokaldia ondo atera zitzaion Colstoni… handik urte askora prentsan azaldu zen arte mitoa gorrotagarri bilakatuko zuen datu bat.
2018ko otsailaren 16an titulu hau zekarren Bristol Post egunkariak: “Ogasunak aitortu duenez, Bristoleko herritarrak 2015a arte aritu dira ordaintzen esklabo-jabeei ordaintzeko egindako zorra”. Alegia, 1833an Erresuma Batuan legez esklaboak libre utzi zituztenean, agintariek kalte-ordainak pagatu zizkietela –esklaboak kentzea kapitala galtzea zelakoan– eta ordainketa hori egiteko hiriak hartu behar izan zuen zorraren ordainketa luzatu dela 182 urtez.
Askatasun eta eskubideak ez dira inoiz gratis lortzen. Aipatua izan da zein garesti pagatu zuen bere askatasuna Haiti uharteko errepublikak. Haitiko esklabo beltzek matxinatuta 1804an independentzia lortu zutenean, Frantziak 150 milioi urrezko libera ezarri zizkion kalte-ordaintzat, galdutako ondasunen –kapital hutsa baizik ez omen ziren gizakiak barne– truke. Haitiarrek onartu beste aukerarik ez zuten izan, Frantziaren itsasontzi armatuen mehatxupean, beste herrialdeen boikotak itota. 1945a arte aritu zen Haiti Frantziari ordaintzen zor bidegabe hura, zeina gabe ezin baita ulertu Haitik XXI.ean bizi duen miseria.
Bristoldarrek, ordea, txanponaren beste aldea ezagutu dute. Alegia, esklabo-jabeek derrigor kobratu behar zutenez beren galera, azken aukeratzat baliatu zutela metropolian bertan pagaraztea beren herrikideei. Bristol zen, Londresen ostean, Britainia Handian esklaborik gehien erabiltzen zituen hiria. Horiek libre uztearen truke 1833an Londresko gobernuak jabeei pagatu zien 20 milioi libra, urte hartako aurrekontu osoaren %40 adina, gaurko prezioetan 308.000 milioi libra edo 343.000 milioi euro liratekeenak.
‘WHITEWASHING’ MASTERRA
Esklabismoa eta arrazismoa ikertzen ari direnek gardentasun legeetara jota lortu zuten erakustea Britainiar inperioaren ustezko eskuzabaltasun keinu hura –esklaboak libratzea– herritar xeheek pagatu zutela: 1833an aurrekontuak berdintzeko hartutako maileguaren azken ordainketa 2015eko otsailaren 1ean egin zuen Londresko gobernuak. Ogasuneko komunikazio arduradunari bururatu zitzaion herritarrak zoriontzea honela: “Gaur ere badaukagu ospatzeko ezusteko bat: zuek guztiok lagundu duzue esklabismoa amaitzen zuen zergekin”. Sare sozialak sutu zituen mezuak.
David Olusoga historiagilea eta esklabismoaren kontrako militantea kexatu zen agintariek kalte-ordainok gauza normal eta zuzentzat jotzen zituztelako. Bristoleko udalean zinegotzi den Cleo Lake, arbasoetan esklaboak dauzkana, honela mintzatu zen: “Haserre nago. Dirua itzultzea eskatzen diet”. Gogorra da sinetsi beharra zure askazikoek esklabo izatearen tragedia sufritu ostean, zuri ere egokitu zaizula herritar gisa haiek libre uzteko kalte-ordainak pagatu beharra esklabo-jabeei.
Esklabo-jabeak eta ez nolanahikoak. 2017an jauregi baten zahar-berritze lanetan kasualitatez aurkitu zituzten 1817tik 1823ra arte Philip John Miles enpresa-gizon eta parlamentarioaren kontabilitate paperak, zeinetan jasota baitaude haren 2.200 esklaboen izenak, adinak, hil zirenean zerk eragin zien heriotza eta… ihes egiteko arriskurik ikusten ote zitzaien. Miles familiak garai hartan azukre kanabera soroak zeuzkan Hanoverren (Alemanian), Kornuallesen eta Jamaikan, azukre fabrika bat ere bai Bristolen bertan. 1833an 2.200 esklabo horien jabegoa galtzearen kalte-ordainekin Philip John Milesek King’s Weston House jauregi ikusgarria erosiko zuen.
“Iragana zuritzeko [whitewashing] master bat egin nahi baduzu –dio ironiaz David Olusogak– hemen aurkituko duzu onena. Bristoleko burges zintzoek pozik erabili izan dute Colstonen filantropia bai beren aberastasunak eta bai hiri honek esklabo-komertzioan jokatu duten papera zuritzeko. Horiek atxiki dute bizirik Colstonen izen ona, horiek landu duten bezala faltsututako historia bat omenduz haren filantropia eta ezabatuz esklabismoa. Hala lortu dute Colstonen izena Bristoli estu lotzea, eraikin eta instituzioen bidez. Aldiz, hark saldu eta erosi zituen esklaboak dira ezabaketa historikoaren benetako biktimak”.
Cleo Lake zinegotziak eta Global Afrikan Peoples Parliament erakundeak sinadura bilketa hasi dute Londresko gobernuari eskatzeko herritarrei itzul diezazkiela urte luzeotan esklabo-jabeei pagatutako dirutzak. Gobernuari zuzendutako idatzian diotenez, “nazkagarria eta erabat injustoa iruditzen zaigu pentsatze hutsa Britainia Handiko herritarrok, esklabotzan zanpatutako arbasoen ondorengoak barne, parte hartu dugula ordainketa horietan zuek [agintariok] hala erabaki zenutelako”.
Jabe handi haiek aberastu ziren eta haien seme-alabek bezala bilobek geroztik gozatu dituzte antzinagoko aberastasunez gain 1833an esklaboak galtzeagatiko kalte-ordainok. Esklabo libratu berriek berek ez zuten deus kobratu. Areago, lau urte gehiagoz lan egin behar izan zuten hutsaren truke aprendiz bezala, azkenean beren buruak libre baina deus gabe kale gorrian aurkitzeko.
Washington (AEB), 1807. AEBetako Konstituzioak esklaboen trafiko transatlantikoa debekatu zuen. Horrek ez du esan nahi esklabotza abolitu zenik, esklaboen iturri nagusia eten zela baizik. Hala, emakumezko esklaboak bihurtu ziren esklabo berriak “ekoizteko” bide... [+]
Commonwealth-eko herrialdeen gailurra hasi da ostiral honetan Samoako Estatuan (Ozeania) eta bertan, Karibeko herrialdeak eskatu diote Erresuma Batuari onar dezala bere iragan esklabista, barkamena eska dezala eta kalte-ordainak egin ditzala.
1492ko urriaren 12an ez zen soilik Amerikako jatorrizko herrien genozidioa hasi. Europa munduko potentzia bilakatuko zuen Atlantikoko esklabotzaren negozioari ere bidea zabaldu zitzaion. Sistema kolonial erraldoi hori ezinezko zatekeen Cádiz bezalako metropolirik gabe:... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]
Epaileek zuten azken hitza eta hala eman dute: La Negresse auzoak hala izaten jarraituko du Paueko Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren ondoren, Miarritzeko Herriko Etxearen iritziarekin bat eginda. Izena aldatzeko auzibidea Mémoires et Partages (Oroimenak eta... [+]
Marcus Rediker historialari estatubatuarrak kapitalismoaren aurkako erresistentzien hasiera arakatu du, marinelen eta pirateriaren historiara iritsi arte.
Julian de Zulueta esklabista arabarraren inguruko erakusketa ikusgai dago LABE espazioan.
Julián de Zulueta y Amondo esklabista arabarra eta bere negozioak ardatz hartuta Azukre Beltza erakusketa “murgiltzailea” sortu du Irati Antía Zuaznabar gasteiztarrak, eta asteazkenean inauguratuko du hiriburuko LABE espazioan. Zulueta XIX. mendeko... [+]
Nazio inperialistetan familia jakin batzuk izugarri aberastu eta elite ekonomiko berriak sortu zituen munduko sistema kolonial eta esklabistak. Aldi berean, kontinente oso bateko biztanleria erdira murriztu zuen: Afrika. Mundua errotik aldarazi zuen, eta egun ere indarrean... [+]
Reuters agentziak argitaratu berri duen ikerlan baten arabera, AEBetako politikari asko esklabo jabeen oinordekoak dira.
Europa esklabotzarekin aberastu zela ez da sekretua. Hainbat mendez milioika pertsona garraiatu zituzten Afrikatik Amerikara, eta esplotazio horri esker ekoiztutako kakaoa, azukrea eta kotoia izan ziren Liverpool, Bartzelona edo Bordele bezalako hirien garapen ekonomikoaren... [+]