Aizarnako Aranguren baserri alboko lurra aztertuta 1.500 urteko nekazaritzaren bilakaera irakur dezakegu. Landa-paisaia historian zehar irakurriz, posible da ingurumenarekiko jasangarriagoak edo suntsikorragoak diren praktikak identifikatzea, etorkizuneko estrategiak josteko irakaspen baliotsuak lortuz.
Aizarna 200 biztanle inguruko herria da. Gipuzkoa iparrean kokatuta dago, kostatik hurbil, sakonune karstiko txiki baten barruan. Bertako paisaia Euskal Herri atlantikoan ohikoa den mosaiko dibertsifikatuak osatzen du, baserriak, soroak, larreak zein mendiak tartekatuta. 2016tik, Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare eta Paisaia Kulturalen ikerketa-taldeak tokiko paisaiaren epe luzeko historia aztertzeko proiektua garatu du bertan, eta ia 2.000 urteko historia dokumentatu ahal izan du.
Lehen sorpresa Erretore etxearen lorategian egindako indusketa arkeologikoak ekarri zuen, parrokia-elizatik oso hurbil. Bertan, metro eta erdiko sakoneran, neurri handiko hainbat habe azaldu ziren, guztiz kiskalita; inguruko lurra ere gorrituta ageri zen, suaren ondorioz. Habeak haritz-egurrezkoak ziren, eta eraikuntza-markak ere erakusten zituzten. Egitura arkitektoniko baten arrastoak ziren, ziur aski etxe batenak; erradiokarbono bidezko datazioak K.o. I. mendean kokatu zuen haren erretzea. Data horrek bat egiten du indusketan topatutako zenbait zeramika-puskarekin, erromatar garaiko ohiko moldeak erakusten baitituzte.
Erretore etxekoa ez da eskualdean topatu den Antzinaroko lehen aztarna. Amaldako koban, adibidez, K.a. I. mendeko txanponak azaldu ziren, eta ezaguna da Zarauzko zein Getariako portuak martxan zirela garai hartan. Hala ere, Aizarnako aurkikuntzak interes berezia du, egungo herrien azpian halako erregistroak ohikoak izan daitezkeela iradokitzen baitu. Kontuan izanik Euskal Herriaren isurialde atlantikoan landa eremuko aztarnategi arkeologikoak oso urriak direla, plantea liteke, beraz, orain arte “historiarik gabe” mantendu diren herri eta auzo askok erro zaharrak izan ditzaketela.
Aizarnako paisaiaren bilakaera historikoa nekazaritzak baldintzatu du batez ere. Aski da herrian barna paseatzea ohartzeko jatorrizko topografia guztiz eraldatuta dagoela. Gainazal lauak sortzeko, higadura gutxitzeko eta uren zirkulazioa errazteko, soroak hormaz, lubakiz zein betelanez egokituta ageri dira. Herriko hainbat puntutan egindako zundaketa geoarkeologikoek erakutsi dutenez, betelan horietan jasotako lur-erregistroek iraganeko jardueren artxibo aberatsa osatzen dute, egungo paisaia historia luze baten emaitza dela frogatuz.
Aranguren baserri alboko ibarrak, adibidez, bi metroko betelana dauka. Horren baitan zenbait geruza bereiz daitezke, fase historiko desberdinen lekuko. Sakonena ―eta, beraz, zaharrena― lurzoru “naturalaren” gainean kokatuta dago; jatorrizko sedimentuaren antzeko buztin-mineralez osatuta egon arren, geruza honen ezaugarri fisiko-kimikoek iradokitzen dute tenperatura altuak pairatu zituela. Ondorioz, pentsa daiteke inguruko mendi-magalak suaren bidez deforestatu zirela, gero errautsez aberastutako lurra soroaren betelan gisa erabiltzeko.
Erradiokarbono bidezko datazioak V. edo VI. mende aldera kokatu ditu operazio horiek, baina badirudi haien bidez sortutako lurzorua zenbait mendez landu zutela. Alde batetik, materia organikoaren kontzentrazioa areagotu egiten da geruzaren gainazalean, ongarritzearen ondorioz, eta bestetik lurraren propietate magnetikoek adierazten dute suaren erabilera ohikoa izan zela haren kudeaketan. Baliteke soroa zenbait urtez landu ondoren lurgorri uztea, gero bertan hazitako sasiak erre eta haien errautsekin bere emankortasuna berritzeko. Aizarnako landa-paisaiak, beraz, Erdi Aroaren hastapenean kodifikatutako laborantza-ziklo honetan ditu bere erroak.
Egoera guztiz aldatu zen XIV. mendean, uholde batek Arangureneko soroa suntsitu zuenean. Hainbat mende lehenago jarritako betelanaren gainazala urak ekarritako hartxintxar-geruza batek estali zuen, laborantza oztopatuz. Kontutan hartu behar da garai hartan hasi zela Izotz Aro Txikia, Europa osora ezegonkortasun klimatikoa eta, ondorioz, krisi ekonomiko zein soziala ekarri zituena. Euskal Herrian ere, jauntxoen arteko bando-gerrek argi erakusten dute garai hartan nagusitu zen giro nahasia; 1383koa da, hain zuzen ere, Aizarnako biztanleek Zestoako hiribildua eraiki ahal izateko Gaztelako erregeri egindako eskaera, “inguruko zaldunen indarkeria” pairatzen zutela eta horrek kalte larriak eragiten zizkiela argudiatuz.
Krisi-egoera hori tokiko paisaiaren berrantolaketan islatu zen. Arangureneko soroa guztiz berreraiki zuten XV. mendean, ia metro beteko beste betelan bat gehituz eta egun ere ikus daitekeen euste-horma paratuz. Horrez gain, Zestoako Udal Artxiboko 1479ko agiri batek “acequia” edo kanal bat aipatzen du soro honetantxe, urak drainatzeko.
Aizarnako landa-paisaiaren hezurdura osatzen duten baserrien lehen aipamenak ere XV.-XVI. mendeetakoak dira. Garai honetan, garia eta artatxikia ziren laborantza-sistemaren oinarria, etxe-inguruetan lantzen ziren fruta eta barazkiekin batera. Horrez gain, kolektiboki kudeatutako herri-lurrak ere baziren, batik bat inguruko mendietan: bertatik otea eta garoa bezalako lehengaiak lortzen zituzten, gero abereen azpi-gai gisa erabilita simaurra ekoiztu eta soroen emankortasuna areagotzeko. Ondorioz, biomasa-transferentzia egin zen mendietatik soroetara, bi aldeen arteko desberdintasunak areagotuz, bai estaldura begetalean eta baita lurzoruen kalitatean ere.
Nekazaritzak ingurumenaren gainean zuen eragina areagotu egin zen XVII. mendetik aurrera. Artoa bezalako espezie amerikarrak sartzean, lur berriak landu eta biurteko errotazio intentsiboa garatzeko aukera sortu zen, garia, artoa eta arbia txandakatuz. Aranguren, Etxeberri eta Potzueta etxeen inguruan jasotako lur erregistroek erakusten dutenez, baserri modernoak ongarriz eta karez bete zituen soroak, lurra etengabe lantzeak eragindako pobretzea eragozteko. Horren lekuko dira, besteak beste, Aizarnako paisaian tartekatuta oraindik ikus daitezkeen hogei karobitik gorakoen arrastoak.
Eredu hori desagertzen joan da XX. mendeaz geroztik, eta gaur egun abeltzaintzarako belardiak dira nagusi. Industrializazioak ekarritako nekazaritza eredu berriak lurraren eta lanaren arteko harreman berri bat ekarri du, intentsifikazioa zein teknifikazioa indartuz. Prozesu hau argia da lur erregistroetan, purinen eta bestelako ongarri industrialen erabilerak arrasto argia utzi baitu materia organikoaren edota beruna bezalako metal astunen kontzentrazioan. Hala eta guztiz ere, ikusteko dago eredu berri hau jasangarria izango den epe ertainean, merkatuaren lehiakortasun-logikak inputak etengabe handitzea eskatzen baitu. Gauzak horrela, ez da harritzekoa biztanle ugari kezkatuta azaltzea betidanik ezagutu duten paisaiaren etorkizunarekin.
Aizarnako adibideak erakusten duenez, Euskal Herriko baserri-paisaiak dirudiena baino erro sakonagoak izan ditzake. Bere egungo itxura, oro har, Aro Modernoan egituratu zen arren, argi dago ingurumena modu berezi batean moldatzera eraman zuen bilakaera kulturalaren oinarriak askoz lehenago ezarri zirela, Goi Erdi Aroan edo, are, Antzinaroan. Alde batetik, honek erakusten du eskualde honetako herri-sareak erresilientzia-gaitasun nabarmena izan duela, koiuntura historiko desberdinak gora-behera, egokitu eta bere oinarrizko fisionomia mantendu baitu. Beste aldetik, erresilientzia horren zergatiak aztertzerakoan, ezinbestekoa da kontutan hartzea baserri-paisaiaren berezko ezaugarriak diren dispertsioa eta baliabideen kudeaketa dibertsifikatua. Hala, ustiategien eskala txikiak zein erabakimena etxe-mailaraino deszentralizatu izanak aldeko faktore gisa jokatu izan lezakete, edozein krisi egoeraren aurrean, estrategia produktiboak birkonfiguratu eta tokiko errealitatera egokitutako erantzunak emateko orduan.
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Ikerketa baten arabera, Frantziako Estatuan 6,3 milioi tona CO2 isuriko dituzte herritarrek Gabonetan, eta opariak dira horren erantzule nagusiak: %57. Oparien artean, gehien kutsatzen dutenak aparatu elektronikoak eta bitxiak dira, metal eta mineralen erauzketaren ondorioz, eta... [+]
Garraio publikoaren prezioa handitzea eta deskontuak kentzea “onartezina” dela kritikatu dute dozenaka pertsonak, Jauzi Ekosozialak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Langile klasearentzako “zama gehigarri bat” izango litzatekeela eta... [+]
Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]
Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.
Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu. Artaldeei eraso egin ez badie ere, artzainek otsoari tiro... [+]
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
220km/h baino abiadura handiagoko haize-boladek astindu dute Frantziako kolonia den Mayotte uhartea. Funtsezko azpiegiturak suntsitu, eta irlaren zati handi bat inkomunikaturik utzi du; biktimen zenbaketa zaildu du horrek. “Premiazko neurriak” hartuko dituela iragarri... [+]
Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa, momentuz ez dute gauzatuko. 2022ko otsailean jakin zen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko zegoen asmoa. Hortik aurrera, ibilbide bat egin du gaiak, baina badirudi, momentuz, proiektuak ez duela aurrera egingo. Hala... [+]
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu dira sagardotarako sagarrak”, esan digu Unai Agirrek, sor-markaren... [+]
“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar zukuaren bueltan eta sagarrondoz inguratutako lorategian elkartu gara. Hau ez... [+]