Bestelako bizi-eredu baten aldeko apustua egitea beharrezko jotzen du hainbat norbanako eta kolektibok. Egungoa birpentsatuz, etorkizunera egokitu eta Euskal Herria pertsonentzat manifestuan diseinatu dute. Ikuspegi sozialarekin, euskal herritarren bizitzak erdigunera ekarri eta oinarrizko zerbitzuen merkantilizazioa etetea lortu nahi lukete.
Etorkizuneko pandemiei aurre egiteko, justizia sozialean aurrerapausoak emateko eta planetari eragiten dion krisi klimatikoa indargabetzeko, gure planetaren merkantilizazioarekin amaitu behar da berandu baino lehen, eta horren ordez, bizitza, forma guztietan, erdigunean jarri behar da”. Horiek dira Euskal Herria pertsonentzat manifestuaren lehen lerroak. Artikulu honen amaieran dago manifestu osoa irakurgai.
Apirilean Kataluniatik jasotako ideia izan da abiapuntua: Massimo Paolini hiri antolamenduan adituak Manifiesto por la reorganización de la ciudad tras el COVID19 artikulua argitaratu zuen, fokua Bartzelonan jarriz. Hiri eredua aldatu eta beste balore batzuk aldarrikatu zituen, nerurri zehatzak proposatuz. Manifestuak arrakasta izan zuen eta beste hiri eta lurraldeetan ere, bakoitzak bere errealitatea kontutan hartuta, antzeko aldarrikapenak antolatzeko deia zabaldu zuten. Eta horixe egin dute Euskal Herrian Hiritik At kooperatibako kideek: “Bartzelonakoa ikusi genuenean eztabaida piztu zen gure taldean, eta hona ekartzea pentsatu genuen. Azkenean, hiri edo leku zehatz batera mugatu ordez, lurralde osoko ikuspuntua ematea erabaki dugu”. Artikulua abiapuntutzat hartu eta bereziki Euskal Herrian ematen diren elementu ezberdinak txertatu dizkiote.
Beren hitzetan, ez diote inori ezer eskatu nahi, etorkizunarekiko antolatu eta arduratsuak izateko deia luzatu nahi dute. 260 sinadura bildu dituzte dagoeneko, tartean jarduera profesionalean arkitektoak eta hiri eta lurralde antolaketaz arduratzen diren asko.
Hiritik At kooperatibako kide eta ekimenaren bultzatzailetako bat den Carlos Renedo pozik da jendearen erantzunarekin, nahiz eta bizi dugun egoerak ziurgabea bihurtzen duen parte-hartzaileen elkartzea proiektua aurrerabidean jartzeko; ikasturte berriarekin batera hastea aurreikusten dute.
Azken 30 urtean Euskal Herriaren aurreko historia guztian bezainbeste urbanizatu da gure herria, landa-eremua asko hustuz eta hiri-metropoliak betez. Populazioa geroz eta hiri handiago eta dentsoagoetan bizi da; Gaindegiak emandako datuen arabera populazioaren %80 inguru. Mundu mailako fenomenoa da. Kostaldeko herrietan ez hainbeste, baina Araba eta Nafarroa ari dira pairatzen gehienbat despopulazio prozesua: Jurramendin, Pirinioetan eta Zangotzan, adibidez, eta baita Nafarroa Beherean zein Zuberoan ere beraien osotasunean.
Nafarroako Gobernuak urte hasieran emandako datuen arabera, 2008 eta 2018 urteen artean %0,4 handitu zen Nafarroako biztanleria. Bernardo Ziriza lurralde kohesioko kontseilariak azpimarratu zuen lurraldea ez dagoela despopulatzeko “egoera larrian”. Balorazioa egiterakoan, baina, ez zuen benetako errealitatea aintzat hartu: biztanleria nabarmen gutxitzen ari da zenbait eskualdetan. Europar Batasunak kilometro koadroko 12,5 biztanle baino gutxiagoko eremua hartzen du despopulatze arriskuko gunetzat, eta Pirinioetan eta Pirinioaurrean dute arazo handiena: hurrenez hurren, 4,1 eta 7,7 biztanle daude kilometro koadroko. Zangozaldeak (14,3), Ega-Montejurra eskualdeak (16,1) eta Larraunek (18,8) ere biztanle dentsitate txikia dute. Horri erantsi behar zaio bertan bizi direnen adinaren faktorea; aipaturiko eremuetan dute biztanleriarik zaharrena. Eta zerrendaren beste ertzean kokatzen da, noski, Iruñerria: kilometro koadroko 1.050,3 pertsona bizi dira.
Hiriaren eta landa-eremuaren arteko harremana orekatzeko beharrezko inbertsioak egitea eskatzen dute manifestuan. Despopulazioaren jarioa gelditu ezean nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorea kolokan geratzen da Renedoren ustez, eta modu honetan etorkizunean ez da bermatuko ezinbestekoa den elikadura: “Lehen sektorea indartzeko apustua egin behar da, baina ez edonola: baldintza duinak eman behar dira jendea bertan bizi dadin, eta horrela elikadura burujabetza lor genezake”.
Hirien populaketa masiboak horien artean mila moduz komunikatzeko bide eman du. Aurreikustekoa da datorren gainbehera ekonomikoa, eta horregatik azpiegitura handien inbertsio publikoa geldiaraztea eskatzen dute, lurraldeen arteko loturak gizartearen ikuspegitik birpentsatu behar direla azpimarratuz. Eusko Jaurlaritzak AHTra diru publikoa bideratzen jarraitzen du, eta ez dela bidezkoa dio Renedok: “Herritarrok ongizate indibidual eta kolektibora begira ari gara orain, baina badirudi instituzioak ezetz: hor ikusten da zer nolako herri egituretan bizi garen azpiegiturei dagokienean”. Maiatzaren erdialdean, egun gutxiren tartean eta herri ezberdinetan, 400 eta 500 urteko baserri bana eraitsi zuten eremu handiko supermerkatua eraikitzeko eta AHTrekin jarraitzeko.
Hiri eta herrien antolamenduaz hausnartzeko eta birpentsatzeko eskatu dute, beharrezkotzat jotzen baitute pertsonek kaleak berreskuratzea; logika honetan: lehenengo pertsonak, ondoren bizikletak, garraio publikoa eta garraio pribatua. Kaleak “bizigarriago bihurtu” behar direla dio Renedok, eta bizitzaren funtzio gehienak gertu, oinez joateko moduan, gauzatu beharko liratekeela. Alegia, lana, aisialdia eta beharrizanak asetzeko zein eskuratzeko lekuek edonorentzat irisgarri egon behar dutela. “Multifuntzionala behar du izan”, gaineratu du.
Kutsadurak eta bizi-kalitateak lotura zuzena du kontu guzti honekin. Konfinamenduak %17 murriztu du CO2 gasaren isurketa munduan, baina pandemia pasatzean ohiko mailara itzuli edo areagotuko da. Euskal hiriburuetan bereziki, nabarmen gutxitu da trafikoa; Donostiako mugikortasun zinegotziak udako oporraldiari begira auto-pilaketak desiratu egiten dituela adierazi zuen elkarrizketa batean, seinale ona delakoan.
Aldi baterako bi metroko distantzia fisikoaren neurria ezartzea une askotan ez dela “erreala” salatzen dute, hiriguneak ez baitaude horretara diseinatuak; galtzadak pertsonei eskaintzea eta bidegorri sareak handitzea proposatzen dute. Urbanizazio planetan naturaren presentzia areagotu behar dela ere badio Renedok: “Porlanez bete dugu dena. Ibaiak berreskuratu behar dira, ibai-ertzak, natura oro har. Gure bizitzetatik ezabatzen ari gara pixkanaka”. Plazen eta parkeen berdiseinatzea ere ekarri beharko luke horrek, haurren garapenean mugarri izateko.
“Pertsonon oinarrizko zerbitzuak ez dira salgaiak; merkatuaren logika dago eta hautsi egin behar da”. Biztanle orok ezin dituela beharrizanak asetu dio Renedok, guztiek ezin dutelako prezio eskuragarri edo tasatu batean oinarrizko zerbitzua den etxebizitza bermatu. Alokairuen egungo sistemarekin amaitu behar dela uste du, zentzuz arautuz. “Oinarrizko eskubidea da eta ez da bermatzen; are gutxiago krisi egoeretan”, gaineratu du.
Bigarren irakurketa interesgarri bat ere egiten dute manifestuan. Etxebizitzari dagokionean, konfinamendu garaiotan are ageriago geratu da beste gabezia bat: etxebizitzaren diseinua. “Zenbat lagun egon ote dira kalea ikusi gabe; arnasa hartu gabe; terrazarik edo leihorik ez dutelako edo apenas dutelako; metro koadro oso gutxian pertsona asko elkarbizitzen; eta abar luze bat”. Diseinu arkitektonikoen birpentsatzea garrantzitsutzat jotzen du Renedok, baina horrez gain, etxebizitza publikoa sustatzeko planak proposatzea ezinbestekoa dela uste du, ahal den heinean jabetza pribatu indibidualaren logika hegemonikoa baztertu eta etxebizitza kolektibo eta komunitarioen aldeko apustua eginez.
Horretarako, hiriburu eta kostaldeko herrietan turismorako bideratutako etxebizitzen kopurua nabarmen murriztu behar dela diote. Bigarren etxebizitzaren fenomenoak bertako herritarren eta batez ere gazteen bizi-baldintzak prekarizatu dituela azpimarratzen da manifestuan, prezioak garestituz eta epe motzeko lanak sustatuz. Hargatik, hainbestetan idealizatzen den hazkunde ekonomikoa “desazkunde” bilakatu behar dela uste dute.
“Aipaturiko guztiaren gainetik, luzerako jo dezakeen hausnarketa mahai gaineratu behar dela uste dugu: kontsumoa murriztuta bizi gaitezke?”. Euskal gizartean kontsumoa erraietaraino barneratuta dagoela, eta hura murriztu edota egokitu ezean biztanleria osoaren bizi-kalitatea orekatzea edo bermatzea zaila izan daitekeela uste du. Aberastasuna ondo banatzea dela lehendabiziko zeregina dio Renedok, eta gutxiago kontsumituta, biztanleriaren bizimodua hobetuko litzatekeela uste du: “Lelo batetik harago, ariketa hau egin behar dugu: nola egokitzen dugu gure bizimodua gutxiagorekin bizitzeko, errekurtso minimoekin mantentzeko”.
Lurralde osorako etorkizun orekatua
Mugikortasunaren berrantolaketa eta kalearen berjabetza
Hiriak (bir)naturalizatu giza ongizatea bermatzeko
Etxebizitza eta oinarrizko zerbitzuen desmerkantilizatzea
Desazkundea
Berriki zabaldu da Gazako lurralderako Egiptok egindako hirigintza-antolaketa plana. Marrazki batean jaso dira etorkizuneko kale, eraikin eta iruditeria, oraindik metraila eta lehergailuen usaina darion errealitate baten gain. Hirigintza proposamena, beste bonba jaurtiketa bat... [+]
Donostiako alkate ohiak webgune bat sortu du, eta plataformarekin bat egiteko eskatu die herritarrei.
Etxebizitza berrien promozioak ez atzeratzea da Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretuaren helburu nagusietako bat. Zentzu horretan, udalei "autonomia" gehiago emango diela ziurtatu du Denis Itxaso sailburuak.
Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]
Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak,... [+]
Iaz egin nuen topo lehen aldiz Ander Zangiturekin, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean antolatzen duten Hitzaren Eskolan. Isiltasunaren inguruan aritu ginen, batez ere, hausnarrean. Harrezkeroztik tentu handiagoz erreparatu die haren formei bere ogibidearen mundutik, arkitekturatik... [+]
AEBko eta munduko hiri handienetakoa den Los Angeles sute ikaragarriek harrapatu dute eta jadanik 150.000 lagun lekuz aldatu behar izan dituzte agintariek. Alkateak larrialdi egoera ezarri du, garrek ehundaka etxe kiskali dituzte hainbat auzotan, eta haizete gogorrek ez dute... [+]
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
Londrestik iritsi da ospe handiko arkitekto bat Galiziako herri txiki batera. David Chipperfield du izena, eraikinak mundu osotik zehar ditu, Berlin, Milan eta Shangaigo bulegoetatik lanean. Arkitektura elegantea, fina, Sir batek egindakoa. Istorioa Corrubedo herrixkan hasten... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
Mediterraneoan tanta hotz batek eragindako triskantzak erakutsi digu gizakiak noraino sartu dezakeen hanka. Klima larrialdia sortzeaz gain, bere kalte humanoak eta ekonomikoak anplifikatu ditugu. Copernicusen datuen arabera, 400 kilometro koadrotik gora lur geruza... [+]
Ekintza zuzena burutu dute Donostiako Marrutxipin 600 pertsonatik gorak. Ategorrieta ondoan, Sorleku parkea egitea nahi duten lur-eremuaren inguruan buelta bat eman ostean, barrura sartu dira ordu erdi pasatxo iraun duen protestan. Duela hainbat urte, Donostiako Udalaren... [+]
Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta itsaso ertzak hormigoiarekin betetzeak duen arriskua dela-eta. Hormigoiarekin... [+]
Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak auzoan egin zuten ekimen bat baimenik gabe antolatzeagatik udalaren 1.500 euroko isuna salatu du. Ekintza hau arau-hauste larritzat jo zuen udalak, eta auzokideek espazio publikoaren erabilera defendatu dute.
Japonian auto (pribatu) bat izateko aparkaleku (pribatu) bat izatea derrigorrezkoa da. Neurria polemikoa iruditu dakiguke, hemengo araudiak (hemengo balore sistemak) autoaren gordailua publikoa den espazioak hartzea onartzen duelako. Hau da: arazoa publikotasunaren... [+]