Atzoko eta gaurko esklabotza Brasilen

  • Engenho da Ponte Brasilgo Bahia Estatuko Recôncavoan dagoen komunitate kilonbola da. Bertan bizi direnentzat, hasieratik erresistentzia lurraldea izan da hau, dela esklabotzari, nola pobreziari edo pandemia bati aurre egiteko eremua. Baina zer dira komunitate kilonbolak? Nondik datorkie erresistitzeko indarra?

Emakume kilonbolak artikulatuta daude Eugenho da Ponten, eta hitzaldiak eman eta eskaintzen dituzte, besteak beste Covid-19-ren arriskuei nola aurre egin eztabaidatzeko (arg.: Esti Redondo)
Emakume kilonbolak artikulatuta daude Eugenho da Ponten, eta hitzaldiak eman eta eskaintzen dituzte, besteak beste Covid-19-ren arriskuei nola aurre egin eztabaidatzeko (arg.: Esti Redondo)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Afrikako lurraldeetatik Amerikara eramandako esklaboek oraindik ere preso zirela sortu zituzten komunitateek hartzen dute kilonbo izena, eta kilonbola bertako jendeei deitzen zaie Brasilen. Komunitate horietako batzuk azukre eta beste landaketetatik ihes egindakoan sortu ziren, gizon emakume libre modura. Ezagunena Quilombo dos Palmares izan zen, Pernambucon; 20.000 biztanle izatera heldu zen eta ehun urtez baino gehiagoz erresistitu zuen XVII. mendean. Hango gobernadoreak gogor egin zion suntsitu zuen arte, horretarako bandeirante talde armatuak erabili behar izan bazituen ere.

Beste kilonbo batzuk ordea, landaketetan bertan sortu ziren, XIX. mende amaieran esklabotza ofiziala amaitu zenean nora joan ez zeukatelako; lurraldean geratu eta lurrak “okupatu” zituzten. Geroztik erresistentzia komunitate bihurtu dira. Horietako bat da Engenho da Ponte, Bahian.

Brasilen kilonbo gehien dituen estatuetako bat da Bahia. Kilonboak bi lekutan kokatzen dira: hegoaldean eta Recôncavo izeneko zonaldean, Salvador hiriburutik ordu pare batera autoz. Portugalgo kolonia zen garaian 37 azukre lantegi zeuden zonaldean, eta gehienetan lan eskua esklaboa zen, bai landaketan zein fabrikan. Azukrearen gainbeherarekin sortu ziren komunitateak, ordura arte esklaboen herrixka izandakoak lantegitik “independizatzen” hasi zirenean. Gaur egun 7.000 pertsona inguru bizi dira Recôncavoko komunitate kilonboletan, Engenho da Ponten 42 familia dira.

Arrazakeria instituzionala

Engenho da Ponteko kasua adibide bat besterik ez da, baina adibide adierazgarria. Lehenengo esklabo beltzak 1600 urte inguruan heldu ziren, baina aurretik ere indigenak esklabo bihurtu zituzten Bahiako parajeotan. Beltzak hirurehun urtez, belaunaldiz belaunaldi, esklabo jaio eta esklabo hil ziren, 1888 arte esklabotza Brasilen legala baitzen. Legala eta instituzionala. Ez da denbora asko igaro: komunitateko 96 urtetako emakume batek bere aiton amonak esklabo izan zirela kontatu digu, aita ez, jaio zenean mangladietan zegoen kilonbora eraman zutelako, eta han egon zen ezkutatuta, askapen eguna heldu zen arte.

Tortura eta abusuak oraindik ere presente dira jendearen oroimenean, bai azukre-findegi (engenho-ak) aztarnetan, bai gaur egun familiek daramaten bizimoduan ere. Engenho da Ponteko bizilagunen elkarteko presidente Mara da Pontek dio askapen egunean beste esklabotza mota sortu zela. Beltzak libre ziren, bai, baina ez zuten ezer: ez diru, ez ikasketa, ezta lurrik ere. Eta beraz, beraien lan eskua merke saldu beharrean aurkitu ziren, hori edo… nekazari bihurtu. Eta orduan ekin zioten lurraren aldeko borrokari. Arrazakeria instituzional berri bati hasiera eman zitzaion, herrialdeak oraindik gainditu ez duena.

Komunitatean geratu ziren familiak nahiko lasai bizi izan ziren hasieran, baina 1960ko hamarkadan dende olioa produzitu nahi zuen enpresa bat heldu zen eta palmondoak landatzeko asmoz lur guztiak okupatzen hasi zen: eraikinak, jendea eta bertako nekazaritza suntsitzeko arriskuan jarri zituen egitasmoak. Hala ere, biztanleek bertan mantentzea lortu zuten, etxeak eta inguruak palmondoetatik salbatu zituzten, eta enpresa –Opalma oraindik ere existitzen da, Bahiako hegoaldean– beraien ogibide bihurtu zen. Orain lurren jabe ofiziala da ordea.

EOinarri komunitarioa duen turismo etnikoa sustatzeko ‘Rota da libertade’ ibilbidearen kartela, kilonboak adieraziz (arg.: Esti Redondo)

Enpresaren gainbeherarekin eta beste krisi bat aurreikusiz, zonaldeko komunitateak elkartzen hasi ziren eta 1988ko Konstituzioak eskaintzen zien aukera aprobetxatzea erabaki zuten. Lurrak beraientzat aldarrikatzea. 2003an Komunitate Kilonbola modura autoizendatu ziren, baina lurren titulazioa oraindik ez da heldu. Mugimendu beltzarentzat lurren titulazioa esklabotzaren erreparazio historikoaren parte garrantzitsua da, eta arrazakeria instituzionalaren kontrako borrokaren ikur bilakatu da. Arrazagatiko gatazkak ikusgarri egiteaz gain, esklabotzaren gaur eguneko ondorioak azaleratu ditu titulazioa lortzeko borrokak.

PTren (Partido dos Trabalhadores) gobernuak behin eta berriz Brasilgo estatuek komunitate beltzengan eragindako kaltea konpondu beharreko auzia dela aldarrikatu arren, kilonbola gisa autoizendatu diren 1.536 komunitateetatik 86k baino ez dute lortu titulazioa; Bahian 718 eskaeretatik 597 autoizendatu dituzte, baina 18k bakarrik lortu dute titulazioa.

Lurra ez lortzeaz gain, komunitateok bizi duten egoera larria da. Hirurehun urteko esklabotzaren ondoren, mende bateko isilune instituzionala etorri zen, arrazagatiko gatazkari aurre egin beharrean, bera bakarrik desagertuko zelakoan.

Gaur eguneko zenbakiek argi erakusten dute hori ez dela gertatu. Arrazakeria ez da lurraren jabetzan soilik ikusten.  Bahiako daturik ez dugu topatu, baina Brasilgoek erakusten dute 1,17 milioi pertsona daudela kilonboetan: %78ek Bolsa Familia –gobernuak ematen duen laguntza, pobreziaren adierazle bezala hartzen dena– jasotzen dute eta familien %75,6 pobrezia larrian bizi da; %23,5ak ez daki irakurtzen; etxeen %62 sareko urik gabe dago, %36ak ez du komunik, eta %22,3ak ezta energia elektrikorik ere… Jarrai dezakegu portzentaje asaldagarriak ematen, nahi izanez gero.

Covid-19aren gaixo ikusezinak

Errepidea ez da Engenho da Ponteraino heltzen eta euri garaian kotxez sartzea ia ezinezkoa da. Eskola txiki bat dago –20 ikaslerentzat irakasle bat–, 3 eta 12 urte bitarteko umeak klase berean egoten dira egunean hiru orduz ikasten, eta gainera txanda erdian hamaiketakoa egiten dute. Ez dago osasun zerbitzurik, osasun agenteak ere –komunitate barruan izan dezaketen alternatiba bakarretakoa– ez dira handik agertzen. Familia gehienen oinarrizko soldata Bolsa Familia da, gobernuak ematen duen 170 errealeko laguntza (40 euro hilean). Eta mangladietan harrapatzen dutenarekin edota garaia denean dende olioa eginez irabazten dutenarekin osatzen dute bizitzekoa.

Zerbitzu falta horrekin, koronabirusak komunitate horietan gogor jotzeko arriskua biderkatzen ari da. Kilonbolen koordinaziorako CONAQ elkarteak Covid-19aren behategia sortu du eta maiatzaren 29ko azken eguneraketaren arabera, 203 positibotatik 51 hildako egon dira komunitate horietan. Erakunde horrek azaldu duenez, “gaixotasunaren ikusezintasunak egoera dramatikoa ekarri du kilonboetara”. Ez da transmisioen inguruko daturik ematen eta “azpi-erregistro” bat sortu dela salatu dute.

Engenho da Ponteko sukaldea eraikitzen. (arg: Esti Redondo)

Brasilen pandemiaren bilakaera goraka doa etengabe eta egun kutsatu gehien dituen munduko bigarren herrialdea da, AEBen ondotik. Koronabirusa barrualdeko lurretara hedatzen ari da gainera, eta horietan are egoera zaurgarriagoan bizi dira herritarrak, osasun zerbitzu eskasaren ondorioz.

Esklabotza ez da amaitu

Bahian monokultiboak, meategiak eta energi “landaketak” bertako ekosistemekin amaitzen ari dira. Hala, komunitateak beraien jaioterriak uztera behartu dituzte, eta honek sortzen duen pobrezia esklabotza berrien arrazoi da. Bere lurretik bota duen enpresariaren esku geratzen da asko, beretzat lanean oso baldintza eskasetan, batzuetan ume direnetik gainera.  

CPTak (Comissão Pastoral da Terra) esklabo lanari buruzko txostena egin eta zapalkuntza horren aurka ekimenak antolatzen ditu. Azken urteetan esklabotzatik erreskatatu dituzten langileak batez ere nekazaritzarako esplotatu dituzte: eukaliptoa moztu, soja landatu, egurra bildu eta ikatza egin, kafea, artoa, arroza, azukre kaña edo kakaoa produzitu… Baina itsas garraioan, errepideak konpontzen eta bestelako obretan ere aritu izan dira. Lan Esklaboaren Kontrako Kanpainako eragileei esker kasu asko eman dira jakitera, baina CPTaren esanetan Bahian eragile horiek gutxi dira oraindik. Gutxiegi. Ez Bahian, ez Brasilen, esklabotza ez baita desagertu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
2024-11-19 | Mikel Aramendi
G20-ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri

Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]


Teknologia
Botere guztia

Badira zenbait pertsona aztertzekoak direnak, euren artean Elon Musk. Duten askatasunaren ideiak dena kontrolatzeko beharretik datorrela dirudi, botere guztia izatetik, botere guztia izanda negozioak sortzea errazagoa delako, eztabaidarik ez baitago; eredu hegemonikoak indartsu... [+]


Abortua homizidio bilakatu nahi duen lege proiektuaren aurka kalera atera dira Brasilen

Ehunka emakume irten dira manifestatzera ostegunean, Brasilgo Sao Paulo eta Rio de Janeiroko kaleetara. Partidu Liberalak legea proposatu du, abortua 22. astetik aurrera homizidio arrunta bezala epaitua izateko. Lege horren arabera bortxatua izan den emakume batek, denbora epe... [+]


Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Europan debekaturiko pestizidak erabiltzen dituzte Brasilen Coca-Cola eta Nestlé multinazionalek

Reporter Brasil eta Lighthouse Reports eragileek egindako ikerketak eman du eskandaluaren berri. Pestizida horien eraginez hainbat eritasun, intoxikazio eta min pairatzen dituzte Sao Pauloko herritarrek.


Urre meatzari ilegalak kanporatzen ari da Brasil, Amazoniako Yanomamien lurraldetik

Brasilen, legez kanpoko ia meatzaritza operazio guztiak gerarazi ditu Lula da Silvaren gobernuak, Amazonian bizi den jatorrizko Yanomami herriaren lurretatik, eta egunotan enpresa gehiago kanporatzea espero da, Democracy Now gunean jaso dutenez.


2023-01-27 | A Planeta
Meatzaritzaren aurka, Yanomami indigenen bizitzaren alde

Hemen erreproduzitzen dugu Brasilgo MABek (Urtegiek Kaltetuakoen Mugimendua) Yanomami herriaren egoera dramatikoaren inguruan egindako salaketa, besteak beste, bere lurraldean legez kanpoko meatzaritzak eragindakoa: 2016tik 2020ra %3.350ko hazkundea. Beste erantzule nagusia... [+]


Facebookek heriotza mehatxuak eta biolentziarako deia egiten duten iragarkiak onartu ditu Brasilen

Eskuin kolpistak gobernuaren eraikin nagusiak eraso zituenean, biolentzia sustatzen zuten edukiak blokeatzen ari zela esan zuen Facebookek. Hala ere, giza eskubideen aldeko Global Witness erakundeak egindako probetan “Heriotza Lularen boto-emaileen umeei” edo... [+]


Eguneraketa berriak daude