Lau hamarkada bete dira 1980ko ekainaren 11n José Miguel Etxeberria Naparra Ipar Euskal Herrian desagertu zenetik. Orduz geroztik, familiak hamaika ahalegin egin ditu auzia argitu, haren gorpuzkiak berreskuratu eta doluaren bidez, haien bizitzako kapitulu lazgarri bat ixteko. Ez da posible izan, ordea, eta zauriari oinazea dario oraindik.
José Miguel Etxeberria Alvarez 1978ko abendutik Ipar Euskal Herrian bizi zen errefuxiatu gisa, sasoi hartako beste ehunka euskal herritar bezala. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen desagertu zenean, baina aurretik ETAko kide ere izan zen. Frankismotik demokraziarako Trantsizioa bizi zen urte haietan estatu osoan eta indar bereziz Hego Euskal Herrian. Hamaika arrazoi tartean, euskal gizarteak borroka guztien arragoa zirudien, besteak beste hainbat talde armaturen jardueragatik eta estatuaren errepresioagatik, besteak beste talde parapolizialak erabilita.
Etxeberria Iruñean jaio zen 1958ko apirilaren 14an. Aita Alegiakoa eta ama Iruñekoa, hiru anai-arreben arteko erdikoa zen. Iruñeko josulagunen ikastetxean ikasi zuen eta gazte ekin zien politika kontuei, sasoi hartan oso ohikoa zenez. ETA Politiko-militarreko –polimiliak– talde berezietan aritu zen eta hortik egin zuen jauzi ETA Militarrera –miliak– lehenbizi eta Komando Autonomoetara –autonomoak– ondoren.
Komando Autonomoak 1976-77aren bueltan sortu ziren, garai hartako langile giro beroaren abaroan eta ETA bien helburu teoriko berdintsuekin: independentzia eta sozialismoa. Baina haien antolaketa, pentsamoldea eta praktikak desberdinak ziren: hierarkia militarrik onartu gabe, haien arteko koordinazio maila bat zuten komando autonomoak ziren, langileen batzarra oinarri zuten eta antikapitalismoa zuten jardueraren ardatz nagusi. Anarkismoak eta Europako beste mugimendu autonomo batzuek eragin handia izan zuten haiengan.
Trantsizioaren bor-bor iraultzaile horretan ekin zion Etxeberriak borroka armatuari. Giro horretan, oraindik Iruñean bizi zela, ekarpen bat egin zuen ETAm-ren argitalpen batean, Bakunin goitizena erabiliz eta urte haietan Italiako mugimendu autonomoan gertatzen ari zenaz idatziz. Horren ondorioz, garai hartan Ipar Euskal Herrian errefuxiatu zegoen Kike Zurutuza Komando Autonomoetako kidearengana zuzendu zitzaizkion milietako bi ezagun, zera esanez: “Hi, halako eta halako idatzi dizkik Naparra-k eta guk uste diagu horrek gurekin baino zuekin egon beharko lukeela”. Zurutuzak dioen arabera, “sasoi hartan, erakunde armatuen arteko harremanak guztiz ozpindu arte, oraindik errefuxiatuak nahiko nahasian ibiltzen ziren kalean edo pisuetan Ipar Euskal Herrian. Horregatik etorri ziren bi horiek niregana. 1978ko abuztuan izan nuen lehen zita Naparra-rekin, eta hortik aurrera gurekin hasi zen”. 1978ko abenduan Estatuko Segurtasun Indarrek Nafarroan autonomoetako hainbat kide atxilotu ondoren ihes egin zuen Iparraldera. Desagertu arteko hilabeteetan autonomoetako agiriak idaztera ere iritsi zen.
Escaleras satorra
Naparra Iparraldean zegoen garaian autonomoek haien artean sator bat zebilela salatu zuten: Julio Cabezas Centeno errenteriarra, Escaleras, Mikel bezala ere ezagutua. Hainbat arrazoirengatik salatu zuten sator gisa, besteak beste –beti ere autonomoen esanetan–, ez zuen arrazoi argirik eman errefuxiatzeko, hark esandako hainbat gauza ez ziren egia eta Donostiako Poliziaren Komisarian ikusi ei zuten polizia batekin modu adiskidetsuan berriketan.
Hori dela eta, autonomoek kontu-hartze bilera batera deitu zuten Escaleras Iparraldera, estu hartuz. Hark ez zituen onartu leporatutakoak. Bilera horretan parte hartu omen zuen Naparra-k ere eta gogor egin ei zuen Escaleras-en aurka. Jakin izan denagatik, autonomoek Escaleras hiltzea ere pentsatu zuten, baina hark jakinarazi zien bileraren berri emana zuela eta zerbait gertatzen bazitzaion “denak eroriko zirela”. Bileratik alde egiten utzi zuten.
'Autonomoek' kontu-hartze bilera batera deitu zuten 'Escaleras' Iparraldera, estu hartuz. Hark ez zituen onartu leporatutakoak. Bilera horretan parte hartu omen zuen 'Naparra'-k ere eta gogor egin ei zuen 'Escaleras'-en aurka
Handik hilabete batzuetara, jadanik sator salaketak publikoki ezagunak zirenean, euskal erakunde armatuetako presoak batuta zituzten Soriako espetxera sartu zuten Escaleras, antza presoen artean egosten zena jakin guran. Hango presoek behin baino gehiagotan jipoitu zuten. 1979an sortutako Ere informazio orokorreko astekarian agertu zen argitaratua Escaleras-en aurkako salaketa eta hara bidalitako idazkia Naparra-k idatzi omen zuen.
90eko hamarkadaren hasieran Escaleras-i buruzko osagai berriak agertu ziren. Drogen desintoxikazio prozesu batean aritutako pertsona batek aitortu zuen nola Escaleras-ek aipatu zion Iparraldeko Hendayais ostatuan izandako atentatuan parte hartu zuela 1984ko martxoan, Jean-Pierre Chérid mertzenarioarekin batera. 1997an argitaratutako Intxaurrondo: la trama verde Pepe Rei kazetariaren liburuan ere agertzen da informazio hori guztia, eta oro har, Escaleras-ek GALekin eta estatuaren estoldekin izandako harremana.
2019an argitaratutako Chérid, un sicario en las cloacas del estado (Chérid, sikario bat estatuaren estoldetan) liburuan Escaleras-i buruzko datu gehiagoren berri eman zuen Teresa Rilok, Chériden emazte eta... Escaleras-en lehengusinak. Rilok kontatzen duenez, autonomoekin izandako arazoen ondoren, hark berarengana jo zuen eta emakumeak Galizian babestu zuen. Riloren esanetan, bere lehengusuak han ezagutu zuen Espainiako Estatuaren estoldentzat lan egiten zuen Chérid eta berarekin hasi zen lanean GALen. Chérid 1984an hil zen Biarritzen, auto batean manipulatzen zuen lehergailu batek eztanda egin zionean. Bere alargunak dioenez, GALek berak hil zuen mertzenarioa gainetik kentzeko. Escaleras ere hila dago egun.
BVE-ren aitortza
Datu horiek guztiak ikusita, besteak beste Escaleras-en ibilbidea, oso aspalditik ontzat ematen da Naparra Batallón Vasco Españolek (BVE) bahitu eta desagerrarazi zuela. Ekainaren 11n desagertu bazen, ekainaren 22an talde parapolizial espainiarrak Deia egunkariari eginiko dei baten bidez Naparra-ren bahiketa bere gain hartu zuen. Uztailaren 4an, egunkari berari eginiko beste dei batez, Naparra ekainaren 30ean hil zutela eta Donibane Lohizuneko Txantako izeneko parajean lurperatua zegoela jakinarazi zuen BVEk.
Hasierako unean, ordea, hainbat bertsio zabaldu ziren. Komando Autonomoek uztailean bertan zabaldu zuten agiriak zioenez, miliek hil zuten: desagertu zen egunean haietako batekin bildu behar zen arma kontu batzuez jarduteko eta, erakundeen artean zegoen liskar giroak eraginda, hil eta desagerrarazi zuten. Autonomoentzat BVEk Naparra-ren aurka jotzeak ez zuen zentzurik, kontuan hartuta Ipar Euskal Herrian garai hartan bera baino askoz ezagunagoak ziren errefuxiatuak zirela. Baina argudio honek balio zuen baita ere milien bertsiorako, eta hauek ere uste zuten ez zuela zentzurik halako errefuxiatu bat desagerraraztea Iparraldean horrenbeste “jende garrantzitsu” egonda. Horregatik, uste zuten autonomoen artean liskarren bat izan zela eta haiek hil zutela.
80ko hamarkadan tentsio handiko giroa izan zen autonomo eta, ETA eta Herri Batasunaren artean, oro har Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu –ezker abertzaleko adar indartsuenak biltzen zituen erakundearentzat erabiltzen zen izendapena– osoarekin. Horien gailurrak izan ziren autonomoek PSEko senatari Enrique Casas hil zutenekoa edo 1987an Portugaleteko PSEren egoitzari kale borroka eraso batean koktel-ez egindako erasoa, zeinaren ondorioz bi pertsona hil zituzten. Bi kasuetan HBk bat egin zuen Hegoaldean atentatuak salatzeko deitu ziren greba orokorrekin. Horren ondorioz, Naparra-ren familiak une gogorrak ere bizi behar izan zituen ezker abertzaleko hainbat girotan. Familiak, hala ere, ETAm-ko buruzagitzako kideen ahotik jakin izan zuen miliek ez zutela zerikusirik izan desagerpenarekin.
Desagerpenaren tragedia
Gorpuzkinak agertu arte desagertuen familiek ez dute inoiz atsedenik hartzen. Inoiz ez. Bake hori gabe joan ziren Patxi eta Celes Naparra-ren aita-ama. Bila jarraitzen du Eneko anaiak, beti bila: orain zirrikitu judiziala, gero prentsa, hurrengoan anaiaren kamiseta, edo urteroko Lizartzako baserriko omenaldia, legebiltzarra orain eta biktimen foroa gero, Mont-de-Marsanen bilaketa lanetan edo NBEko Genevako aretoetan... txostena hona, txostena hara, beti araka. Desagertu eta 40 urte ondoren Naparra-ren auzia bizirik bada, familiaren ahaleginagatik da bereziki. Dolua aiduru, egia, justizia eta mina dira etengabeko bilaketaren hiruki honen erpin eta akuiluak. Ezin etsi, familiak sarri gogoratu duen gisan, “José Miguel ahaztea, bigarrengoz desagerraraztea litzatekeelako”.
NBEk dioen legez, Naparra arrazoi politikoengatik desagertua eta biktima bada ere, Genevako aitortza Gasteizkoa eta Iruñekoa baino lehenago heldu zen. Madrilek, bitartean, aski lan du bere borreroen lanak estoldetan estaltzearekin. Ikertzeko interesik ez denean, 40 urte eta 400 ere aise pasa daitezke. Hor dira, halaber, Eduardo Bergaretxe Pertur, Jean-Louis Larre Popo eta Tomás Hernández desagertuen kasuak, oraindik argitzeke. Eta haien familiak ere beti zain.
Ezin etsi, familiak sarri gogoratu duen gisan, “José Miguel ahaztea, bigarrengoz desagerraraztea litzatekeelako”
Ikerketak betetzen ez duen zuloa arintzen laguntzen du oroimenak, gure orainaldia asetzeko iraganetik jasotako printzak dakartzan tresna horrek. Bolante baten historia dokumentala prestatzen ari dira Iñaki Alforja eta Iban Toledo datorren negurako, Enekoren lekukoa eta zama bere seme Oierrek hartu beharko ote duen airean utziz. Eta Jon Alonso idazle iruindarraren kazetaritza liburuak ere –2017an Tene Beka irabazi eta gero– udazkenean ikusi nahiko luke argia. Alonso gainera, Naparra-ren adinkide eta umetako laguna, eskolako gela berean ibili zen eta harekin kalean jolasean 10-12 urteen bueltan. Gero bizitzak bakoitza bere bidetik eraman zuen eta 40 urte geroago haren oroimena dakar lagunak: “ETA bukatu zen, baina biktimak hor geratu dira, eta nik jorratu nahi nuen halako errekonozimendurik izan ez duen biktima bat, gaia azaleratu, ez ahaztu, gogoratu”. Edo “ahanzturaren zingiran” gera ez dadin, Lekunberriko abeslariak dioen bezala.
Eta oroimenaren jira-biran, betiko galderak dantzan: “Non duzue? Agertuko al da? Galdera ikur horietan bizi dira Eneko eta familia, orain berriz ere Mont-de-Marsanera begira eta, azken lau hamarkada hauetan bezala, esperantzara kondenatuak.
1980ko ekainaren 11. José Miguel Etxeberria desagertu zen. Bere autoa Ziburun azaldu zen. 22an Batallón Vasco-Españolek (BVE) bere gain hartu zituen bahiketa eta hilketa, Deia egunkarira egindako dei bidez. Uztailaren 4an, egunkari berari eginiko beste dei batez, Naparra ekainaren 30ean hil zutela eta Donibane Lohizuneko Txantako izeneko ingurunean lurperatua zegoela jakinarazi zuen BVEk.
1982. Frantziak auzia itxi zuen.
1999. Familiak kereila bat jarri zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, auzia preskribitu aurretik. Ismael Moreno epaileak onartu egin zuen.
2004. Epaile berak auzia itxi zuen, familia arras mindu zuen autoa eginez, bere deskribapenekin zalantzan ere jartzen zuelako desagerpena.
2006. Patxi Alvarez Naparra-ren aita hil zen, 26 urtez semearen bila aritu ondoren.
2008. Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Harretarako Zuzendaritza familiarekin harremanetan jarri zen, indar parapolizialen biktimei buruz txostena egiten ari zela, José Miguelen datuak biltzeko. 28 urtetan lehen kontaktu instituzionala izan zen.
2014. NBEko Indarrez edo Nahitaez Desagertutakoen Lan Taldeak auzia bere gain hartu zuen, Naparra biktima gisa aitortuz. Eneko Etxeberria Genevan izan zen kasua azalduz. Familiak lehen errekonozimendu instituzionala jaso zuen.
2015. Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztu zuen auzia familiak, poliziaren eta eskuin muturreko taldeen biktimen aitortza eta erreparazio legearen testuinguruan.
2015eko abendua. Iñigo Iruin familiaren abokatuak Iñaki Errazkin kazetariaren dei bat jaso zuen, esanez Ramón Francisco Arnau de la Nuez CESIDeko agente ohiak Naparra lurperatutako tokiaren berri eman ziola, Landetako Mont-de-Marsan-en.
2017ko otsaila. Poliziaren eta eskuin muturreko taldeen biktimei aitortza instituzionala egin zieten Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Legebiltzarrak eta Udalerrien Elkarteak. Han izan ziren Naparra-ren senideak ere.
2017ko apirila. Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskariz, Frantziako Gendarmeriak Mont-de-Marsan-en bilaketa lanak egin zituen bost orduz, Paco Etxeberria auzi-medikuak adierazitako bi tokietako batean. Ez zen ezer azaldu.
2018ko maiatza. Moreno epaileak auzia itxi ondoren, familiak helegitea irabazi eta epaileak berriz bidali zien eskaera Frantziako agintariei beste bilaketa bat egin dadin 2017an miatu gabeko leku batean. Orain horren zain dago familia.
2018ko azaroa. Celes Alvarez Naparra-ren ama hil zen, 38 urtez semearen bila jardun ondoren.
2019. Eusko Jaurlaritzak Naparra-ren desagerpenaren txostena egin zezala eskatu zion Jon Mirena Landak zuzentzen duen EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrari.
2020ko otsaila. Eneko Etxeberria eta Jon Mirena Landa, hurrenez hurren hilaren 12an eta 14an, NBEren egoitzan izan ziren Genevan, Indarrez Desagertutakoen Lan Taldearen aurrean auziaren gorabeherak emanez.
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Asteazken honetan beste 93 biktima aitortu ditu estatuaren eta talde parapolizialen biktimen azterketak egiten dituen Balorazio Batzordeak. Baliabide faltagatik, bere lanarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak ere aitortu ditu. Egiari Zor Fundazioak ongi baloratu du batzordearen... [+]
Ostiralean egingo dute ekitaldia 12:00etan, Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean. Erail zutenetik Angel Gogoan plataformak behin baino gehiagotan jarri ditu oroigarriak, baina behin eta berriz eraso eta erretiratu izan dituzte. Gobernu taldearen proposamena da oraingoan eta... [+]
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
Memoria osoa ekimenak salatu du biolentziaren biktima izan direnen arteko desberdintasunak bultzatzen ari direla hainbat instituzio, eta norabide hori zuzentzeko deia egin du. Ekimenak estatuen biolentziaren hamabost biktima elkarte biltzen ditu. Urriaren 12an Guardia Zibilak... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
2008an Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz atxilotu zutenean Ibai Azkonak pairatu zituen torturak aitortu ditu Nafarroako Gobernuak. Euskalerria Irratian, pauso honek suposatzen duena azaldu du Azkonak.
Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.
1991n zauritu zuen larri ke pote batekin Espainiako Poliziak Iruñean eta 31 urte ondoren lortu du instituzio publiko baten aitortza biktima gisa. Espainiako Gobernuak ere kalte-ordaina ordaindu behar izan zion, baina ez da kasuagatik poliziarik zigortu.
Jose Miguel Etxeberria Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azken aldiz Ziburun eta bere heriotzaren nondik norakoak ez dira argitu gaur arte. Lizartzako Igarolabekoa baserrian egin diote oroimen ekitaldia eta desagerpena argitzea eskatu du familiak aurten ere.
Motibazio politikoko lehen hamabi biktimarentzat aitortza eta erreparazio ekitaldia egin da maiatzaren 30ean Iruñeko Baluarte aretoan. Ekitaldia urtero egiteko asmoa agertu du Gobernuak.
Biktimen familiei barkamena eskatu diete ere azken 50 urte hauetan "behar besteko" babesa ez emateagatik. Poeta biktima gisa aitortu duten bezala, Moriko ere hala izatea eskatu du udalak, eta "epe laburrean".
Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.
Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.