Izan lotura sozialak atxikitzeko edo lana segurtatzeko, internet ukan dugu bide preziatua konfinamendu garaian eta gutxiago ala gehiago, horrela izaten segitzen du deskonfinamenduan ere bai. Alta, hau ere arduratsuki eta modu neurtuan erabiltzea ezinbestekoa da, CO2 isurketen %4a dakarrelako eta bost urtero bikoizten delako isurketa. Trantsizio ekologikorik ez da lortuko, birtuala eta immateriala dirudien sektore hori ez bada kontutan hartzen.
Konfinamendu garaian karbono dioxido (CO2) emisioek azkarki behera egin dute –tartean, Txinan %30 jeitsi dira eta pandemiaren punturik zorrotzenean %27raino apaldu dira Europako isuriak ere–. Apaltzearen %43 lurreko garraioei dagokio, %25 industriari, %19 elektrizitatearen ekoizpenari eta %10 hegazkingintzari. Klima aldaketa mugatzeko ezinbestekoa den bilakaera ekarri digu koronabirusak, bizpahiru hilabeterentzat bakarrik bada ere. Kalkulu zientifikoei segi, mundu mailako CO2 isurketak %7az apalduko dira 2020an. Jakina, horrek ez du ondorio nabarmenik klima aldaketan: Parisko COP21 klima akordioak jarritako helburua betetzeko, hau da, munduko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko, urtero behar genuke gisa horretako murriztea eta hori 2030a arte.
Azkarki gora egin du ordea sektore batek: interneten esparruak, sektore numerikoa ere deituak. Konfinamendu garaian, mundu mailako interneten erabilpena %70az emendatu da telekomunikazioaren eta sare sozialen esparrua aztertzen dabilen Omdia egituraren arabera. Internetek duen kostu ekologikoa ia ez da aipatzen –Big Datako erraldoiek komunikazioaren gain geroz eta kontrol eta botere gehiago ukanki, nonbait ulertzen da isiltasuna; nor ariko litzateke klima hondamendiaren erdian kutsatzaile naiz eta harro nago! oihukatzen?–. Sektore horri begira jarri gara beraz, gure klik bakoitzak eragindakoa hobeki ezagutzeko gisan.
“Kutsadura numerikoa” deitzen zaio interneten gabiltzala eragin kalte ekologiko multzoari. Munduko CO2 isurketen %4 ondorioztatzen du interneten erabilpenak –konparaketa gisa, gure irudimenean sektore kutsakor gisa sailkaturik dugun hegazkingintzak isurketen %1,5 ondorioztatzen du– (Bata eta bestearentzat, konfinamendua hasi aurreko datuak dira). Bai, telelanak, Whatsapp bidezko trukaketek, Facebooken jarritako erreakzioek zein emailen bidaltze eta jasotzeek azkarki kutsatzen dute eta hori ohartarazi behar da, klima larrialdia saihesteko bidean. Hemendik 5 urtera %7,6koa izanen da internetek eragin CO2 isurketen zatia eta logikaz ez bada aldatzen, gora egingo du urtez urte, 2030erako munduko biztanleriaren %85 interneti konektaturik egonen delako –gaur egun %50 pasañok du internet–. Lau urte guztiz bikoizten dira numerikoak eragin CO2 isurketak. Baina zein heinetako eragina du maleziarik gabe egindako klik bakoitzak? Zerk eragiten du kutsadura alimale hori?
“Frantses bakoitzak bataz bestean lanerako 58 email jasotzen eta 33 bidaltzen ditu. Egunero bi hartzaileri 1 Mo pisuko 33 mezu bidaltzeak 180 kg CO2 isurpena ondorioztatzen du urtean, erran nahi baitu autoz 1.000 kilometro kurritzearen heina”, Trantsizio Ekologikoaren Agentziaren arabera. Urte batez egunero bidali 33 email horiek autoz Bilbo-Baiona zazpi aldiz egitearen hein bereko kutsadura. Konparaketa gisa, sarean egindako bidalketa bakar batek kontsumo apaleko anpoila baten ordu bateko kontsumoaren heina du.
Kontua da nahiz eta birtuala izan, nonbait metatu behar direla idatzitakoak, bideoak, argazkiak zein soinuak. Ordenagailuz eta zerbitzariez betetako Data Center deitu datu-prozesaketa guneetan metaturik dira datu guztiak. Energia jale handiak dira hangar gisako horiek, batetik tresneriak pizturik behar duelako izan etenik gabe eta gainera, hozketa sistema berezi baten beharra duelako tenperatura hotza mantentzeko –21 eta 23 gradu Celsius artean–, ordenagailu eta zerbitzarietan gain-beroketak sortutako arazoak ekiditeko. Hori horrela, mundu mailako hegazkingintza bezainbat kutsatzen dute hangar horiek. 2016ean demagun Erresuma Batuko elektrizitate kontsumoa baino handiagoa izan zen gune hauena. Internet herri bat balitz, energiaren kontsumoari begira jarriz, hirugarrena litzateke sailkapenean, Txina eta AEBak eta gero.
Internet herri bat balitz, energiaren kontsumoari begira jarriz, hirugarrena litzateke sailkapenean, Txina eta AEBak eta gero
Orotara, 4.500 data center dira munduan barna barreiaturik, datacentermap.com gunearen arabera eta alde ekonomikoaz gain, geopolitikoa ere dela argi geratzen da ikusirik gehienak AEBetan eta Europan direla kokaturik. Horietariko bi Euskal Herrian dira, bata Basaurin eta bestea Donostian. Funtsean, iazko otsailean argiki erran zuen Bruno Le Maire Frantziako ekonomia ministroak “Europako data centers-en harrera lur” izan behar duela Frantziak, “burujabetza numerikoa delako jokoan”.
Konfinamendu garaiak beldurtu zituen guneen jabeak, bat-bateko internet kontsumoaren emendioari egokitu behar izan zutelako azpiegituren aldetik. Mundu mailako elektrizitate kontsumoaren %3 osatzen dute eta hemendik hamar urtera %10era igo behar luke. Energia horren iturriari begira jarriz gero, nahiko kezkagarria da egoera: soilik %25 da energia berriztagarriez hornitua –%35 ikatzetik dator, %23 fracking-a gisako gas naturaletatik, %10 nuklearretik eta %3 petroliotik–.
Baina hori ez balitz aski bezala, gure smartphone eta ordenagailutik zentro horietara iristeko bidea ere da ingurumenarentzat kaltegarri. Internetek ondorioztatu elektrizitate kontsumoaren %40 da fase horretan kokatzen. Klik bakoitza garraiatzen dabilen auto baten parekoa da azkenean. Bideak ez dira ageri, baina hor dira ozeano eta lur azpian –%1 baino gutxiago da satelite bidez garraiatzen–.
448 kable dira munduan zehar, orotara 1,3 milioi kilometro. Guretik ere bat hasten da, Bilbotik zehazkiago: Marea izenekoa, 2017rako Facebook eta Microsoftek eraikitakoa, mundu mailako indartsuena eta eraginkorrena dena. AEBetako Virginia Beach eta Bizkaiko hiriburua lotzen ditu 6.400 kilometroko zuntz optiko kable honek.
Emendatuz doan interneten erabilpenari aurre egiteko, bide horien eraikuntza ikaragarria da: 2016an 27.000 kilometro eraiki zituzten eta urte bat beranduago hiru aldiz gehiago. Datu asko dituen artikulu honi beste bat gehitu behar zaio bilakaeraz ohartarazteko: 1992an, egunero 100 Go ziren garraiaturik munduan; 2002an segundu bakarrean zen kantitate hori garraiaturik eta 2013an berriz 30.000 Go ziren segunduan bidaliak! Data Center eta kable horien instalazioak internetek eragindako CO2 isurketen 55% osatzen dute. “Jende askok uste du sare horiek hodi ‘pasibo’ batzuk direla, baina ez da horrela, antenaz eta bideratzailez beterik dira” dio Anne-Cécile Orgerie ikertzaileak “Numerikoa, funditze energetiko handia” (Numérique: le grand gâchis énergétique) artikuluan.
Gure etxetik Data Center horietara egindako bideari begiraturik, tresneria gure esku artera heltzeko bideari ere so egin behar zaio, CO2 isurketen beste %45aren iturria delako. Eguneroko objektu bihurtu zaizkigunen baitan diren lehengai mineralen zerrenda luzea da: samarioa, gadolinioa, disprosioa, litioa, germanioa... “Geroz eta metal gehiago dira erabiltzen tresnen ekoizpenerako, 45 orotara, baina kantitate biziki txikian izanki birziklatzea biziki zaila izaten da”dio Laurent Lefevre ikertzaileak.
Sei urtez buruturiko inkestaren emaitza da Guillaume Pitron legelariak idatzitako “Metal urrien gerra” (La guerre des métaux rares) liburua. “Kutsaduraren deslokalizazioa” izena jarri dio egoerari: naturan kantitate mugatuan izateaz gain, hauen ustiapenak sekulako kutsadura dakar. Arroketan kausituriko partikula fin-finak izanki, produktu kimikoak behar izaten dira eskuratzeko eta Mendebaldeko enpresak munduaren beste puntan dabiltza ateratze-lanetan, hots, ingurumenaren babeserako legedia gutxi den herrietan. Ingurumenaren eta herritarren osasunaren aurretik ekonomia kokaturik, Txina da lehen ekoizlea –metalen eskaintzaren monopoloari esker numerikoari dependente den mundua kontrolatu dezakeela dakielako ere–. Metal partikuluak politikoak dira eta biharko gerren iturri bihurtu daitezke, azken hamarkadetan petrolioa izan den gisara. Funtsean, Txina “metalen Saudi Arabia” izendatzen du Pitronek.
Klima aldaketa saihestu nahi baldin badugu interneten erabilpenean ere bideratu beharko dugu aldaketa
Bigarren arazo bat ere planteatzen du legelariak: metal urrien %1 da birziklaturik, bestea naturara jaurtikia da. “Halarik ere, erabilitako metal guztiak birziklatzen bagenitu ere, beti behar lirateke gehiago bilatu, ezin saihestuzkoa da. Gure beharrak %5 emendatzen dira urtero eta ekoizpena bikoiztua da hamabost urte guztiz”. Kontraesankorra iduritzen zaio trantsizioaren diskurtso hegemonikoa: “Trantsizio energetikoa urritasuna predikatzen dabil, baina aurkakoa gauzatuz dabil bideratzen: baliabide gehiago behar ditu eta paradoxazkoa da”.
Panorama beltz horretan, ezer eginez gero paretaren kontra goazenaz kontziente, aterabideak eta alternatibak plazaratzen dabilen jendea ere bada. “Urritasun numerikoa” zein “trantsizio numerikoa” aldarrikatzen dabiltza ekologista andana bat.
Berantegi izan baino lehen, klima aldaketa saihestu nahi baldin badugu interneten erabilpenean ere bideratu beharko dugulako aldaketa. Sarearen erabilpena hein berean mantenduz, energia berriztagarriek eskaintza ezingo dutela segurtatu dio Matthieu Amiech ekologistak Reporterre komunikabideari egindako elkarrizketan: “Eguzki panelak eta haize-errotak eraikitzeko metal urriak behar dira, gurpil zoro batean sartuak gara eta ezin dugu segitu beti eta gehiago energia erabiltzen, gutxitu behar dugu kontsumoa. Horrek balio du hegazkin eta autoen erabilpenarentzat baina baita interneten erabilpenarentzat ere. Zentzuzkoak izan behar gara, numerikoaren kontsumoan ere zorrotzak izanez”. Zentzu berera doa Garapen Iraunkorrerako Baliabideen Zentroa ere: daukagun interneten erabilpenari begira jarri behar gara. CO2 igorle diren beste aktibitate batzuen eragina txikitu arren –adibidez, paperaren ekoizpena–, CO2 igorle alimalea delako bera ere. Egin daitekeenaren artean horra zerrendatxo bat: sare sozialetan pasatako denbora mugatu, emailen postontzian garbiketa egin, irakurtzen ez diren newsletter edo buletinen harpidetza utzi, G5 sare berria borrokatu, eta abar. Eta orokorki, arduratsuki jokatu, hau da, kapitalismoaren kontrako logikan: gutxitu kontsumoa.
Presio herritarra areagotuz doala, Data Center horietan ere aldaketak bideratzen hasiak dira, tartean, herri hotzetan eraikiz hangarrak, makinek sorturiko berotasuna berrerabiliz inguruko azpiegituren beroketarako edota energia berriztagarrien erabilpena emendatuz. Noski, tresnen –eta programen– zaharkitze programatuarekin bukatzea litzateke bai ala bai hartu beharreko neurria.
Izan zelatatze bidea delako (ikus 2.687 aleko “Big Datako informatikariak izango ote dira XXI. mendeko birologo berriak?” Net Hurbil-a) ala klima larrialdia areagotzen duelako, badirudi geroz eta gehiago keinu ditugula ondokoa ondorioztatzeko: ustez laguna duguna, edonoiz eta edonon gure zerbitzura duguna, lagun arriskutsu bat da eta urruntxago mantentzea hobe.
Adimen artifiziala gizakion eremu asko ordezkatzen ari dela badakigu: erosotasuna, abiadura, efizientzia... Mundu kapitalista honen abiadura beharretan, gizakion ahalegina oztopo dela sinetsarazi digute. Gure, klase xumeen, egiteko eta sortzeko aukerak murrizteko erasoak leku... [+]
Azaroaren 15ean Errenteria-Oreretan Euskal Herria Digitala osatzen dugun eragileek antolatutako hirugarren jardunaldiak egingo ditugu. Autodefentsa digital feminista lantzeko tailer bat eta digitalizazio demokratikoa oinarri izango duen hitzaldi bat izango dira... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
WikiProject AI Cleanup proiektuari ekin diote Wikipedian: "Adimen Artifizialaren garbiketa", nolabait esatearren. Wikilari boluntarioak momentuz ingelesez, frantsesez eta alemanez hasi dira adimen artifizialaren bidez sortutako materialak detektatu eta (okerrak... [+]
Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak... Badirudi azken aldian Internetetik toxikotasuna baino ez dugula... [+]
“Pantaila aurrean denbora gutxiago igarotzeko esaten diegu gazteei, eta aldi berean ikastetxean derrigortzen ditugu gailu digitaletara konektatzera”. Eskoletako digitalizazio prozesuei frenoa jartzeko eta teknologiak (ez bakarrik hezkuntzan) gure gain duen kontrolaz... [+]
Espainiako Liburutegi Nazionala eta Euskariana Euskadiko Liburutegi Digitala elkarlanean aritu dira, bigarren urtez jarraian, .eus domeinuko eduki multzo handi baten bilketan. 13.000 domeinutan, orrialde sorta handiak biltegiratu dituzte, informazioko 15 terabyte guztira. Baina... [+]
Lanopor egun batzuk izan nituen joan den astean. Oporrak ziren, baina ordu batzuk dedikatzen dizkiodan afizio bati emanak izan ziren, biltzar batean inbertituak: hotelean lo eta hotel bereko areto batean jardunaldiak goiz eta arratsaldez. Ordu gutxi batzuk geratzen ziren hiria... [+]
Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]
Euskarazko Wikipediaren proiektuetako bat da Ikusgela, ikus-entzunezko material didaktikoak sortzeko ekimena, eta ikasturte berria abiatzera doaz euskal kultura sailerako bideo sorta berria argitaratuz. Hori egireko orduan konturatu dira artikulu askok hobekuntza eskertuko... [+]
Udako albistea da, zenbait tokitan agertu zena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-organo bat) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari espedientea ireki ziola Googleren produktu batzuk erabiltzera behartzeagatik ikasleen... [+]
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
Irail amaieran itxiko da Kaixomaitia.eus, harremanak aurkitzeko euskarazko webgunea, 17 urteko jardunaren ondoren. Hala jakinarazi du mezu batean bere sortzaileak, urteotan baliabide hau kudeatzen hainbeste lan egin duen Iñigo Arandia Galarragak. Mezuan aipatzen du... [+]
Amazonen hodeia da AWS, eta funtsezko faktorea izaten ari da Israelen operazio militarretan.