Inoren ero ni-ren ‘Il cercatore di perle’ diskoa alderantziz entzuten Okene Abregorekin

  • Duela 18 urte hasi zuen ibilbidea Inoren ero ni taldeak, 2002an, kapikua baita palindromoaren lagun numerikoa. Ordutik sei disko atera dituzte. Azkena Il cercatore di perle (Bidehuts, 2019), “perla bilatzailea”, alegia. Izenburu horrek zeharo laburbiltzen du taldearen izaera, hori baita Inoren ero nik egiten duena, etengabe soinu berriak bilatu. Zintan grabatu dute, pista anitzeko grabagailu analogiko batekin, unean egindakoa erregistratu eta naturaltasuna bilatzeko; eta soinu hori babesteko 180 gramoko biniloan argitaratu dute, “edozeini burura botata akabatzeko moduko katxarroa” Okene Abrego abeslariaren hitzetan. Berarekin bildu gara, Borja Iglesias, Mariano Hurtado eta Iñaki Guantxerekin batera duen taldearen entsegu lokalean, disko berriaz hitz egiteko.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Egungo formazioa guztiz errotuta, osasun betean dago Inoren ero ni, eta COVID-19ak eragindako osasun-krisiak kontzertu guztiak bertan behera utzi baino lehen egin zituzten zuzenekoetan nabaritu da. Zaleengandik gertu sentitzen dira, eta haien aurpegietan, jarreran, islatuta ikusten dute. Elkarrizketa hau egin den egunean, Bilbo eta Gasteizen jo berritan zeuden, eta kontzertu horietan, ohi duten moduan, inprobisazioaz baliatu ziren, haien arteko begirada hutsez jotzen ari direna beste puntu batera eramanez. Argi dago Inoren-en musika etengabeko jolas bat dela.

Il cercatore di perle diskoa Garaten grabatu dute, Martxel Arkarazoren gidaritzapean, eta hainbat kolaboraziorekin. Izan ere, diskoaren kredituetan taldekideez eta Martxel beraz gain, Mikel Txopeitia eta Xabier Olazabal Drake taldekide ohiak ere agertzen dira, Inge, Borjaren semearekin batera. Taldekide ohi esan dugu, baina berehala zuzendu digu Okenek, Martxel beraz gain, Mikel eta Drake taldekideak baitira oraindik. Martxelen kasuan, gainera, taldearen zuzenekoetan soinu mahaian aritzen da, baina musikan ere parte hartzen du hainbat efektu-pedalen bitartez, diskoan ere egin duen bezala.

Diskoko abestietatik tiraka, taldearen elementu eta egiteko moduez aritu gara solasean, eta kanta bakoitzari buruz Okenek esandakoak bildu ditugu segidan. Diskoko ordena, ordea, alderantzikatu egin dugu, hartara, hau irakurri ondoren diskoa entzutera bazoazte, palindromoa osatuko duzue.

4. Zerria

Mikel Laboaren eragina

“Nik uste dut ez dela lehenengo aldia nabaritzen dena Laboatik datorren eragina. Beste taldekideentzat agian ez, baina bereziki niretzat bada iturri bat, nondik edan egiten dudan inongo lotsarik gabe. Aurretik badaude hainbat hitz eta egitura, eta horietan garbi ikusten da egiten dudana nik ez dudala asmatu. Beste kasu batzuetan ere beste musikari batzuen eragina argi ikusten da. Eta abesti honen kasuan, aurretik egin ez dugun zerbait da. Estudioan sartu aurretik ez zen kanta existitzen, estudioko inprobisazio une batetik sortu zen, eta bi egun eta erdi zituen grabatu genuen unean. Orain ikusten duzu eta esaten duzu: hori balentria! Horrela atera da, baina beste edozein tokitik irten zitekeen. Baina horretan ere, ikusten dugu gero eta gehiago gaitasuna dugula egiteko, momentuan egiteko, eta momentu hori dirdiratsua izateko”.

"Nire ibilbide osoan autodidakta izan naiz, eta gero eta gehiago, etengabe jolas egiten dut nire ahotsarekin, testura desberdinak bilatuz, kantatzeko era desberdinak erabiliz"

“Estudioan hiru bertsio ezberdin eduki zituen abestiak, eta originaletik geratu denera bada aldea. Originala hain izan zen bat-batekoa. Guk grabatutako hainbat zatirekin aurre-maketa moduko bat egin genuen ordenagailuz,  eta geratzen zena zen rollo bat oso laboatarra. Nik horrelaxe atera nahi nuen diskoan, baina soinu kalitatea okerra baino okerragoa zen. Abesti puska bat zen, ordea”.

Inprobisazio uneak

“Bere momentuan gainera, asmoa genuen gure Bandcamp orria baliatuz, hau bera eta beste harribitxi batzuk igotzeko, zeren badaude inprobisazio hutsez egindako momentu batzuk... Aurreko diskoan halako pieza batzuk sartu genituen. Honetan ere egin nahi genuen, baina aurretik egina geneukan zerbait zen. Disko honetan laburbildu egin ditugu atera diren indar askoko gauzak. Baliteke Zerria-ren lehen bertsio hori, eta beste inprobisazio batzuk ere Bandcampean argitaratzea, erakusteko disko hau egitean gauza handiak ere gertatu direla. Baina gehiegi erakutsi gabe ere, musikak duen benetakotasun hori babesteko. Gaur egungo ohiturekin, bat-batekotasuna eta egindako guztia erregistratu eta erakutsi behar hori... Horren inguruan hitz egin izan dugu eta saiatzen gara dena ez erakusten. Horregatik kontu hau geldirik dago, baina baliteke horrekin zerbait egitea”.

3. Il cercatore di perle

Hitzak

“Abesti honek niretzat laburbiltzen du Inorenen egiteko modua. Kasu honetan, hitzak Borjarenak dira, eta bere buruaz ari da, baina bera Inoren ero niren partaide eta fundatzaileetako bat da. Berak hainbat gauza eta letratan ere behar genuen tokian jarri gaitu ideologikoki. Ez da gure ariketa huts bat. Bada musika, hitza, bizitza, artea, hainbat gauza lotzen dituen zurrunbilo bat”.

“Borjaren hainbat letra euskarara itzuli izan ditut, erdara gehiegi ez erabiltzeagatik. Beste batzuk erdaraz joan dira. Oso polita da hau erdaraz, baina aspalditik dut jolas horretan hizkuntza aldatzearen kontua. Eta oso desberdina da ahots bat entzutea hizkuntza batean edo bestean. Hau italieraz da ondoan neukalako garai eta momentu horretan ama hizkuntza italiera zuen pertsona bat eta oso garbi ikusi nuen. Bestela ere, asko gustatzen zait italieraren sonoritatea. Baina asko gustatzen zait portugesa ere, edo alemana. Jolas hori niretzat intentzio deklarazioa da. Eta diskoaren izenburua Borjak ikusi zuen erraz joan zitekeela italieraz, eta uste dut beste behin lortu dugula gauzak gure pentsamenduari oso lotuak ateratzen joatea askorik pentsatu gabe. Ez dakit lortu dugun, baina honek umorearen aldera doan puntu bat badu. Il cercatore di perle, zergatik ez? Badu puntu bitxi bat, ezohikoa, bertako talde bat, kideek hizkuntza horretan hitz egiten jakin gabe, hizkuntza horretan diskoari izenburua jartzen. Zuzenean ere badaukagu umore puntu hori, oso natural ateratzen zaiguna, gure artean filtrorik gabe hitz egitea, lokalean bagina bezala. Saiatzen gara puntu alai eta umoretsua ematen. Letra gehienak sakonak eta oso esanahi alaiak ez izan arren, dena sartzen da kokteleran”.

Ahotsaren jolasa

“Nire ibilbide osoan autodidakta izan naiz, eta gero eta gehiago, etengabe jolas egin dut nire ahotsarekin, testura desberdinak bilatuz, kantatzeko era desberdinak erabiliz, errezitatzetik oihu urratu baterainoko tartean dauden gauzak probatzen. Jolas horretan jarraitzen dut. Gustatzen zait nire ahotsa entzun eta ni naizenik ere ez antzematea. Inorenen musikan beste kondimentu bat jolas hori da”.

Abestien metrika bereziak, konpasen neurriak

“Gutxitan da gure musika karratua edo ohikoa. Oso horrelakoak gara, eta horregatik da gurea berezia. Gaur egun ez gara saiatu ere egiten, horrela ateratzen zaigu. Beti alde batetik edo bestetik puskatu egiten ditu hainbat estruktura, izan behar du askea eta ezohikoa. Hasiera-hasieran bazen estilo lan bat, baina gero estilo hori finkatu genuen eta etengabe egin duguna estilo horrekin jolastea izan da. Eta estilo hori amaigabea da”.

Argazkia: Dani Blanco.

2. Minaren gauzatzea

Giro eta intentsitate aldaketak

“Gure jolasaren parte bat da. Argi erakusten du oso ipurterreak garela. Balada batekin hasten gara, baina nola bukatzen den! Balada Lanbada-n bukatzen da [barreak]. Ez, hor pasa egin naiz. Baina bai, beste toki batera joaten da. Eta era berean abestiari indarra ematen dio, oso arima askea dugun taldea garela frogatuz, abesti bakar batean xuxurlatik oihura joan gaitezkeela. Asko gustatzen zaigu intentsitate jolas hori. Zuzenean ere erabiltzen dugu abestien ordenarekin, eta gaur egun gero eta gehiago abestiak elkar lotzen hasi gara. Abesti honen kasuan, hurrengo abestiarekin lotzean beste abesti bat sortu da. Pasa ditzakegu bi-hiru minutu inoren lurretan, eta gauden tokitik goazen tokira zer edo zer desberdina sortzen dugu, ia-ia abesti berri bat, inprobisazio batetik. Horrela ikusten gaitu jendeak disfrutatzen, egiten dugun horretan gauzak bilatzen ari baikara, il cercatore bezala”.

Oinarri erritmikoa, bateria eta baxua

"Hasiera-hasieran estilo lan bat egiten genuen, baina gero estilo hori finkatu genuen eta etengabe egin duguna estilo horrekin jolastea izan da. Eta estilo hori amaigabea da"

“Gure firma osatzen duen beste elementu bat da, oso indartsua dena niretzat. Bihotza soilik ikusten da hor, eta nahi adina utz dezakegu agerian. Abesti batean baino gehiagotan haiek bakarrik geratzen dira. Intentsitate jolasa asko gustatzen zaigu, esan dudan bezala. Hemen goian zaude, hainbat elementurekin, eta bat-batean dena kentzen da eta bihotz hori agerian geratu. Tarte horretan egon gaitezke bi minutu edo lau, horri arnasa hartzen uzteko, eta gero berriro sartzerakoan denak hartzen du bere arrazoia eta bere indarra. Gure egiteko eraren beste elementu bat da”.

Bukowskiren poesiarekin jolasean

“Batzuetan letra guztia sartzeagatik abestia baldintzatua geratzen da. Hainbatetan beste egile batzuen letrak erabiltzen ditut, baita nireak ere, eta Borjarenak asko, eta errespetuagatik osorik sartu izan ditut. Lehen aldia da aurrean letratzarra dudala abesteko, eta horrekin nahi dudana egiten dudala, musikak eskatzen zidana eginez. Ez bada ulertzen hortxe duzu letra osorik liburuxkan. Nik uste hortik joko dudala gehiago hemendik aurrera. Beste jolas bat sortu da horrekin, eta ikusita nola geratu den oso kontent nago. Ez gaude jolas honekin tematuta, baina disfrutatu egiten dugu. Momentuko erabakiak dira, gehiegi pentsatu gabe hartuak, eta bere horretan izugarria iruditzen zaigu. Esperimentazioaren aldetik jarraitzen dugu, eta egiten ari garen horretan gauzak topatzen joaten gara”.

1. Amen eta orain

Tronpeta

“Tronpeta jotzen hasi nintzen aitzaki garbi batekin. Hau da lehenengo diskoa Mikel (Txopeitia)  anaiak samplerrik sartzen ez duena. Pad bat zeraman, eta bateria jotzearekin batera erreproduzitzen zituen samplerrak. IENNEI (Bidehuts, 2016) arte disko guztietan sartu ditu, eta guzti-guztiak ez badira, ia guztiak, metal eroak dira: tronpetak, saxoak, klarineteak... denetik. Baten batek badu melodia pixka bat, baina gehienak dira oso eroak. Aspaldi banuen ideia, tronpeta asko gustatzen zitzaidan, eta otu zitzaidan Mikelek utzi ondoren samplerren kontua berreskuratzea, baina nik eginda, berak ezarritako oinarri horretan bere buruan zeuden gauza horiek egiteko. Disko hau da lehena tronpeta sartzen dudana, eta sampler horiek desagertu direna. Eta ze sorpresa nirea, tronpeta bat hartu nuen lehen aldian kristoren soinutzarra atera niola. Hori bai, jakin gabe zer aterako zen aldi bakoitzean. Baina horrek gehitzen dio daukan ero puntu hori. Nire balioetariko bat tronpetarekin da ez dakidala zer aterako den, eta kristoren jokoa ematen du horrek. Hala ere, abesti bakarrean sartu dut, gauza hauek neurriz joan behar baitira. Eta bitxia da, tronpeta hori entzunda garbi ikusten da ez dakidala ondo jotzen, baina era berean, erabat doakio abestiari. Bai izenburuari, letrak esaten duenari... Gure nortasunarekin bat egiten du, eta orain gure eskaintzaren parte da”.

Bat-batekotasuna, inprobisazioa

“Grabaketa aurretik gauza asko itxi gabe zeuden. Abesti bat estudioan bertan egina da, baina beste bi bertan itxi ziren, egitura asko dantzan zeuden eta. Nik oraindik ez nekien ahotsa non edo nola sartu, melodia batzuk nire buruan bakarrik zeuden probatuta. Disko hau batez ere ‘hemen eta orain’ egina da. Abesti hau da aurretik egina zegoen bakarra, eta zuzenean ia bi urtez jo izan dugu kontzertuei hasiera emateko, aurkezpen modura. Askea da eta oraindik egiten ari da, kontzertuetan aldaketak egiten dizkiogulako, baina erabat egina dago. Hemen eta orain, printzipio deklarazioa da, pixka bat esanaz ‘ahaztu dena, ahaztu mugikorra deitzen den gailu bat duzula poltsikoan, ahaztu gero autobusa duzula, ahaztu nondik zatozen, eta zentratu bizitzen ari zaren momentu horretan’. Eta niretzat oso inportantea da hori, kontzertu bat ez baita hari musikal bat, arreta eta nolabaiteko konplizitatea behar ditu komunikazioa benetan egon dadin. Horregatik, oso inportantea da momentua bizitzea".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


2025-03-27 | Iker Barandiaran
Faxismoari kontra beti eta bortizki

Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena

---------------------------------------------------------

Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]


Olaia Inziarte. Animalia artean kantari
“Nire izateko manera nire ardura da, baina ez nire kulpa”

Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]


2025-03-21 | Xalba Ramirez
Verde Prato, tropismoa eta Dolce Vita

Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024

--------------------------------------------------------------

Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


Abeslari sorta ederra

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.

[+]


Olor
Deserosotasunaren apologia

Olor
Noiz: martxoaren 9an.
Non: Bilboko Sarean espazioan.

---------------------------------------------------------

Esperantza. iz. Nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona.

Izen horixe jarri zion Jokin Azpiazu Carballo Olor ermuarrak bere... [+]


Su ta Gar, Kaotiko, Gatibu, Maruxak eta Leihotikan ere Hatortxu Rockeko azken jaialdian

22 talde gehiago iragarri dituzte Lakuntzan uztailean izanen den HatortxuRockerako: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne,... [+]


2025-03-07 | Iker Barandiaran
Bizirik eta bidean gaudela ospatu

Bidea da helmuga
Kokein
Balaunka, 2024

--------------------------------------------------

Eibarko rock talde beterano hau familia oso desberdinetako lagunek osatu zuten aspaldi eta ia fisurarik gabe hamarkadatan eutsi dio. Izan ditu atsedenak, gorputzak hala eskatu... [+]


Duplak egin du aurtengo Herri Urratseko abestia

Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen. 


Ravel jaio zela 150 urte
Eta zuk, egin duzu inoiz Boleroarekin?

Duela 150 urte, 1875eko martxoaren 7an jaio zen Maurice Ravel musikagile eta konpositorea, Ziburun. Mundu mailan ospetsu dira haren lanak, bereziki Boleroa. Sarri aipatzen da Parisen bizi izan zela, kontserbatorioan ikasi zuela aro berri bateko irakasleekin, munduko txoko... [+]


2025-02-27 | Xalba Ramirez
Zuloa zen irteera

Zuloa
Merina gris
Sonido Muchacho, 2025

-------------------------------------------------------

Euskal Herrian ez da orain arte horrelako musika elektronikorik egin. Esango nuke Merina Grisek historian euskaraz egin den elektronika eta hyperpop diskorik landuena egin... [+]


Eguneraketa berriak daude