“Emakumea eta gaizkilea izatea modu bikoitzean kriminalizatzen du gizarteak”

  • Bazterketa, hainbat lanpostuetara sarbidea debekatua izatea, kartzelako jardueretarako ordu murrizketa edo gizonezkoen espetxeetako emakumeen moduluetan preso egoteak eragiten dituen desberdintasunak dira, bertzeen artean, emakume presoek ordaintzen duten kondena bikoitza. Halaxe azaldu dio ARGIAri Kataluniako prozesuaren sententziarengatik hamabi urteko kartzela zigorra duen Dolors Bassa (Torroella de Montgrí, 1959) Generalitateko Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilari ohiak. 800 egunetik gora daramatza giltzapetuta.

(Argazkia: Jordi Borràs)
(Argazkia: Jordi Borràs)

Nola oroitzen duzu espetxera sartu zinen unea?

Azaltzen zailak diren sentimenduak bizitu nituen: amorrua eta inpotentzia babesik gabe sentitzeagatik eta, era berean, eskubide kolektiboen defentsan aritzearen uste oso irmoa.  

Nola jaso zenuen sententzia?

Astakeria bat izan zen. Tira, absoluzioa ez zen edozein sententzia bidegabea zen, baina hamabi urteko espetxe zigorra mendeku miserablea da. Itxaropenik ere ez nuen egia erran, baina egia da zuzenbide penalari heltzen niola: guttienez uste nuen defentsak aurkeztutako frogek desmuntatu zituztela kontakizun fiktizioa eta akusazioaren testigantzaren argumentu gehienak. Horregatik, eta zuzenbide penala indibiduala dela kontutan hartuta, sekula ez nuen bi digitutako kondena batean pentsatu.

Madrilgo Alcalá Meco emakumezkoen espetxean egon zinen lehendabizi eta Kataluniara gerturatu zintuzten gero, gizonezkoen espetxe bateko emakumezkoen modulura. Egia da Madrilera itzultzeko eskaera egin zenuela?

Bai, hasieran bai. Segurtasun neurriak desberdinak ziren: Katalunian espetxea modernoagoa da, dena dago automatizatuago eta, ondorioz, egokitzea ere zailagoa izan zen. Hala ere, Puig de les Basses espetxean familia eta lagunak gertuago ditut eta horrek konpentsatzen dit. Eta 100.2 artikuluari esker, orain, espetxetik 45 minututara dagoen nire herrira joan naiteke lana egitera.

Genero ikuspegitik kritikoa zara espetxe politikekin. Zeintzuk dira emakumeek pairatzen dituzuen desberdintasunak?

Ez da kasualitatea emakumezkoentzako hain espetxe gutxi egotea. Giltzapetutako biztanleriaren %8a gara bakarrik emakumeak eta, testuinguru horren aurrean, espetxeak gizonezkoentzako daude pentsatuta. Espetxearen egunerokotasunean ere agerian dago hori: laneko integrazioaren aldeko ikastaro okupazionalak genero estereotipoen isla dira, Puig de les Basses espetxean guk piszinako jarduera guttiago ditugu gizonezkoekin alderatuz, ekonomatuan emakumezkoen higiene produktuak falta dira, emakumezkoek egon ezin duten lanpostuak daude... Espetxetik lanean ari naiz halako desberdintasunen kontra.

"Giltzapetutako biztanleriaren %8a gara bakarrik emakumeak eta, testuinguru horren aurrean, espetxeak gizonezkoentzako daude pentsatuta"

Zenbateraino pairatzen duzue emakumeek bazterkeria bikoitza espetxean?

Emakumea eta gaizkilea izatea modu bikoitzean kriminalizatzen du gizarteak. Eta gure kasuan, erabat desberdina da emakumeontzat pentsatutako espetxe batean preso egotea edo gizonezko espetxe baten emakumezkoen moduluan egotea: hori da desberdintasunik handiena espetxeratutako kide gizonezkoekin alderatuz; bidegabekeria berdina pairatzen ari garen arren, zazpiak elkarrekin daude modulu berdinean.

Hitz egin dezagun politikaz. Zuk ERCko diputatuaren akta uztea erabaki zenuen. Zergatik?

Presazko egoera izan zen. Generalitateko presidentea bozkatu behar genuen eta biharamunean deklaratzera deituak ginen. Bitxiki, hiru emakumeok erabaki genuen diputatu akta uztea: Marta Rovirak, Carme Forcadellek eta nik neuk. Batetik, espetxera joan beharko bagenu, gure parlamentuko lana behar bezala ezin genuelako egin. Bertzetik, biharamunean aringarria izan zitekeelako, espetxean sartzea saihestuz. Hurrengo presidentea bozkatzeko geure erantzukizuna betea genuela uste genuen, CUPek alde bozkatu izan balu, geure hiru botoak erabakigarriak zirelako Jordi Turull presidente izateko.

Argazkia: Jordi Borràs

Espainiako Kongresuan ERCko diputatua den Montserrat Bassa ahizparekin liburu bat idatzi berri duzu, espetxeko beiraren bi aldeetatik. Nola suertatu zen ideia?

Emakume begiradatik jasota utzi nahi nuen bizitakoa. Elkarrekin egitea erabaki genuen, errepresioa espetxe barrutik azaltzea garrantzitsua delako, baina, era berean, hormen bertzaldetik jende anitzek sufritu duena ere azaldu nahi genuelako, bereziki familiak eta lagunek. Errepresioa oso gogorra eta kolektiboa izan da, eta bion bizipenen bitartez errealagoa egiten genuen.

UGTko idazkari nagusia izan zinen 2008tik 2015era. Gehiengo sindikalaren aldetik babestuta sentitu zara?

Pertsonalki beti eman didate babesa. Batzuetan, orain bezala, modu esplizitu eta publikoagoaren bitartez, eta bertzetan, hasieran bezala, hedabideetan gehiegi azaldu gabe.

"Elkarrizketan jardun ez bagenuen izan zen bertzaldean ez zegoelako inor elkarrizketarako prest. Hori bai, independentziaren helburua asetzeko inoiz baino gertuago egon gara".

Alde bakarreko bideak ez du funtzionatu. Urrutiegi joan al zineten?

Gure ustez komeni zena egin genuen. Hautestontzietan hiritarrek agindu zuten mandatua jarraituz, baina elkarrizketa eta negoziazioa beti presente edukiz. Beraz, elkarrizketan jardun ez bagenuen izan zen bertzaldean ez zegoelako inor elkarrizketarako prest. Hori bai, independentziaren helburua asetzeko inoiz baino gertuago egon gara. Ezer ez da berdin izango 2017ko urriaren ondotik eta ez diogu sekula uko egingo Kataluniako Errepublika aske eta independentista eraikitzeari. Ez dago errepresiorik hori aldatuko duenik.

Errepublikaren aldarrikapenaren ondotik batzuk erbesteratu ziren eta bertzeak espetxeratu egin zintuzteten. Badago uste duenik estrategia falta egon zela zuen artean. Ados zaude?

Katalunian erreferenduma bozkatzeko lan handia egin genuen eta Espainiako Estatuak errepresioaren mailarik altuena aktibatu zuen. Horrek beldurra eragin du, hiritarren artean eta erakundeetan. Taktika lehenetsi behar izan genuen, estrategia baino. Ez uste bezain azkar seguruenik, baina ziur nago errepublika independentea lortuko dugula.

Sekula pentsatu zenuen erbesteratzean?

Ez. Argi izan dut nire erantzukizuna nire herrialdean gelditzea zela, nire jendearen ondoan. Erabaki askea izan zen, ezjakintasun handiko une batean hartua.

Orain mugimendu independentista bide orririk gabe dago. Zein uste duzu dela hemendik aurrerako estrategiarik hoberena?

Ez nago ados. ERCk herrialde eta mugimendu gisa indartzeko estrategia bat aurkeztu du, berriz ere saiatzeko. Aurrera egiten jarraitzeko ezinbestekoa iruditzen zait ahalik eta gehien izatea. Funtsezkoa da errepublikara heltzeko bidea independentzia denaren uste osoa zabaltzea. Emantzipazio sozial eta nazionala, ahalik eta azkarren.

"Funtsezkoa da errepublikara heltzeko bidea independentzia denaren uste osoa zabaltzea. Emantzipazio sozial eta nazionala, ahalik eta azkarren".

Ordezkari independentisten artean gaizki ulertuak nagusitu dira, aldiz. Clara Ponsatí kontseilari ohiak adibidez, duela gutti erran zuen urriaren 1ean “gezurretan” ari zinetela.

Ez nago berarekin ados eta adierazpen horiek mintzen naute. Norbaitek uste du gezurretan ariko bagina, espetxean hamabi urtez egongo ginatekeela? Nire kasuan, behintzat, ez nintzen sekula gezurretan ibili. Eta ez dut uste bukaeraraino iritsi ziren nire gobernuko lagunek ere egin zutenik. Hilabete biziak izan ziren, egia da bera beranduago eta sail konkretu batean sartu zela, agian horrek bertze ikuspegi bat eman zion.

Koronabirusaren harira Bartzelonako Merkataritza Ganberako presidente Joan Canadellek erran zuen “Espainia langabezia eta heriotza den bitartean Katalunia bizitza eta etorkizuna dela”. Ildo berean, Meritxell Budó Generalitateko bozeramaileak adierazi du “Katalunia independente batean ez liratekeela hainbertze hildako egongo”. Zenbateraino kaltetzen dute halako adierazpenek mugimendu independentista?

Edonor askea da uste duena errateko, horretarako dago adierazpen askatasuna; baina uste dut adierazpen horiek tokiz kanpo daudela. Zoritxarrez epidemia herrialde askotan zabaldu da, bizitza asko eraman ditu eta lan prekarietatea ekarri du familia askotara. Ni kritikoa naiz Espainiako Gobernuaren kudeaketarekin eta uste dut katalanok pandemia gure kabuz kudeatzeko eskubidea eta betebeharra dugula. Baina horrek ez du erran nahi hobeto egingo genuenik zuzenean. Frogatu egin beharko genuke, beti bezala. Seguruenik desberdin egin izango genuke, hori bai.

Amaitzeko, fidatzen zara Espainiako Gobernuak abiatu duen eztabaida mahaiarekin?

Elkarrizketaz fidatzen naiz. Elkarrizketaren bitartez eta judizializaziorik gabe politikoa den gatazka hau libratzeko aurrerapausoak emango ditugu, seguru. Momentuz elkarrizketa mahaia trabatuta dago pandemiarengatik, baina espero dut aurki elkarrizketari eta negoziazioari berriz heltzea.  

Preso politikoak aske gelditzea ahalbidetzeko, kode penalean sedizio delituaren aldaketa egiteari buruz zer deritzozu?

Proposamenaren zehaztasunak jakin beharko genituzke. Uste dut adabakia izango litzatekeela: sedizio delitua aldatzea ez da inolaz ere konponbidea. Delitu hori ez dago demokrazia finkatuetan eta ezabatu egin beharko litzateke, ez aldatu. Konponbidearen alde aurrera egiteko ezinbestekoak dira amnistia, hiritarrei ahotsa eta botoa ematea, eta errepresioarekin amaitzea. Hori bai, espetxean ez gaude ongi eta nik ez dut espetxeko martiria izateko uste sendorik, beraz, ahalik eta azkarren aske gelditu, hobe. Espetxeratuta prezio oso altu eta bidegabea ordaintzen ari gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


Jesús Rodríguez. Tsunami Democràtic auzia
“Zergatik erori da orain auzi osoa, akatsa egin eta hiru urtera?”

Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]


2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


“Ez dugu auzi justurik edukiko; gidoi hau lehendik idatzita zegoen”

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]


Auziagatik, erbestean
AURRERAPENA | “Amnistia Legea finkatzen joan ahala, are gehiago indartu dute terrorismoaren akusazioa”

Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.

Aurrerapena da ondorengo... [+]


2024-05-30 | ARGIA
Amnistia Legea aurrera atera da Espainiako Kongresuan

Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.


Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


‘La Directa’ babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: “Kazetaritza ez da terrorismoa”

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere “terrorismoagatik” inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


Eguneraketa berriak daude