Turismoaren industria ahalguztiduna kolpetik gelditu da. Nork esango zuen beste inork ezin zuena birus mikroskopiko batek lortuko zuela? Aurrera zein bidetatik egin eztabaidatzeko une aproposa sortu da inondik ere. Aurrez aurre bi indar: pandemia aurreko “normaltasuna” bultzatuko duten sektoreak batetik; desazkundea aldarrikatuz turismo-eredua aldatu nahi dutenak bestetik. Eta bitarte honetan, uda ate joka.
Hiriko eraikinik altuenak baino handiagoak diren gurutza-ontzi kutsagarriak hirira nola milaka lagun kolpetik ekartzen eta eramaten dituzten ikusten ohitu dira Venezian.
"Oraingoan birusa izan da, bihar sumendia izan daiteke, eta hor dago beti klima aldaketa –dio Pedro Bravo idazleak El País egunkarian–. Etorkizunari begiratzeko modurik onena, zuhurtziaz, orainaldiari begiratzea da. Sistemaren errore izugarria ikus dezakegu konfinamendutik, eta ziurrenik turismoan islatzen da ongien. Sektore boteretsua –munduko laugarrena garrantzi aldetik– eta transbertsala, globalizazioaren enbaxadorea, kapitalen kontzentrazioaren eta higiezinen negozioaren internazionalizazioaren konplizea, gig ekonomiaren aitzindaria, prekarietateak eutsitako sektorea, oso kutsagarria eta erabat ikuspegi laburrekoa”. Turismoari buruzko deskribapen zorrotza irakurgai Akabo bidaia kapritxosoak artikuluan.
Munduko leku askotan bezala, Euskal Herrian agintariek turismoaren alde egindako apustu politikoak ondorio latzak ekarri ditu ezustean harrapatu gaituen pandemia iritsi denean. Orain arte azaleratzen ari ziren arazo sozial ugariei –gentrifikazioa, espazio publikoaren masifikazioa, auzoko komertzioen desagertzea, euskararen azpiratzea, prekarietatea, geroz eta hondakin gehiago sortzea...–, turismoarekin loturiko milaka lanposturen galera gehitu zaie. Izan tabernetako zerbitzariak edota etxebizitza turistikoak garbitzen dituzten langileak, milaka pertsonaren etorkizuna airean, kezka eta ziurgabetasuna da nagusi.
Sarraski turistikoa
COVID-19ak sektore ekonomiko askotan kalte nabarmenak eragin baditu ere, zalantzarik ez da turismoarena gogorren kolpatu duenetako bat dela eta ederki kostako zaiola burua altxatzea. Ondorengo datu honek argi erakusten du tamaina: Munduko herrialdeen %100ak izurriagatik bidaiatzeko debekuak ezarri ditu.
Munduko herrialdeen %100ak izurriagatik bidaiatzeko debekuak ezarri ditu
Horrez gain, Europan hegaldien %90 bertan behera geratu da azken bi hilabeteetan, eta munduko hegazkin konpainia gehienak maiatzaren amaierarako porrot egitear direla iragarri zuen Financial Times egunkariak martxoan. Gehienak gaur egun estatuen erreskatea eskatzen –eta jasotzen– ari dira, eta dagoeneko hainbat konpainia itxi dituzte betiko: Erresuma Batuko Flybe martxoan, AEBetako Trans States Airlines eta Compass Airlines ere bai; Virgin Australia, Alaskako RavnAir, Indiako Air Deccan eta Air Mauritius apirilean; eta oraingoz erortzen azkenak Hegoafrikako South African Airways, AEBetako Miami Air International eta Kolonbiako Avianca izan dira, maiatzean.
Donostiara egin zuen bisitan agintarien alfonbra gorria eta herritar ugariren protestak aurkitu zituen Munduko Turismo Erakundeak (UNWTO ingelesezko sigletan) komunikatu ugari argitaratu ditu azken aldian, gobernuei turismoaren sektorea finantzatzeko dei eginez. Maiatzaren 7an argitaratu zuen oharrean sektore globalizatuari buruz bere estimazioak plazaratu zituen: Nazioarteko bidaien kopurua %60-80 eror liteke 2020an. Gogoratu UNWTO ez dela sektorean interesik ez duen eragile independentea, parte inplikatua da, baina jendarteratu nahi izan dituzten ondorioek agerian uzten dute sektorean dagoen kezka: Munduan 850-1.100 milioi nazioarteko turista gutxiago izango dira aurten, turismoaren jarduerak sortuko lituzkeen 910.000 milioi eta 1.2 bilioi dolar arteko galera, eta 100-120 milioi lanpostu arriskuan.
Gurera etorrita, 2019. urtean EAEko aireportuek %8 eta %23 artean egin zutela gora irakur daiteke ETBren webgunean, eta aireportu ugari handitze planak egiten hasiak zirela. Euskal Herrian bidaiari gehien mugitzen duen Loiu aireportua handitzeko planak mahai gainean zeudela zioten otsailean Deian, eta horrela, urtean 13 milioi bidaiari hartzeko aukera izango lukeela (2019an 5,9 milioi izan ziren). Horretarako terminala handitu eta beste txikiago bat eraiki beharko lukete, hegazkinak aparkatzeko beste gune batekin batera. Aireportua kudeatzen duen AENAk jartzen zuen baldintza bakarra, azken urteetako hazkundearekin jarraitzea zen. Agerikoa da aurten ez dela gertatuko, ikusi beharko da aireportua handitzeko interesa zutenek atzera egiten duten.
Turismoarekin loturiko beste garraiobide bat gurutzaontziena da –ikerketa ugariren arabera, munduko garraiobiderik kutsagarriena–. Eusko Jaurlaritzak duela hiru urte Getxon terminal berezia ireki zuen milaka turista itsasotik ere sar daitezen. 2020. urtea “inoizko urterik onena izateko bidean zen”, Deia egunkarian irakur dezakegunez. 65 eskala dagoeneko hitzartuta zituzten, portuaren historiako kopururik handiena, eta “Euskadira maila ekonomiko altuko 80.000 turista ekarriko zituzten”. Denboraldia martxoaren 26an zen irekitzekoa, Hego Euskal Herrian alarma egoera dekretatu berria zen ordea, eta orain arteko gurutzaontzi guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Getxoko portua zenbait ontziren aparkaleku gisa baliatzen ari dira egun.
Etxebizitza turistikoak alokatzeko Airbnb plataformaren eskutik egoera kalibratzen laguntzeko beste datu bat. Enpresak jakinarazi du maiatzean 1.900 langile kaleratu dituela, nominan dituenen laurdena. Hala ere, argazki osoa egiteko, kontutan hartu behar da bere enplegatu gisa hartzen ez dituen, baina funtsean ia eskubiderik gabe Airbnb eta antzeko plataformentzat lan egiten duten 7 milioi anfitrioi edo etxejabe ere lan hori gabe geratu direla. Aldi berean, alokairu turistikora bideratutako etxebizitza asko pixkana alokairuen zirkuitu lokalera itzultzen ari dira, diru gutxiago baina denboran iraunkorragoa izango den jarduera ziurtatuko duelakoan etxejabe askok. Adibidez, Bartzelonan pisu turistikoen %40 bizitegi-alokairura itzuli da APARTUR patronalak eskainitako datuaren arabera. Euskal Herriko herri eta hirietan ere joera bera gertatzen aritzea ez litzateke harritzekoa, aipamen puntualak aurki daitezke sarean, nahiz eta ez duen inork gaiari buruzko daturik plazaratu.
Ipar Euskal Herriko kostaldean hamarkadak dira turistifikazio prozesua indar betez sartu zela, horren ondorioak begibistan utziz, batez ere Lapurdin. Hego Euskal Herria bide beretik zeraman klase politikoak, batez ere, 2008ko krisi ekonomikoa eta ETAren borroka armatuaren amaierak sortutako testuingurua indar betez baliatuz. 2011tik aurrera urtez urte bisitari kopurua errekorrak hausten joan da –diru sarrerena ere bai–, eta berriki ikusi dugunez, pixkana gora zihoan oposizio sozialaren aurrean, politika hauen bultzatzaileek turismo jasangarria gisako kontzeptuak asmatu behar izan dituzte, nahiz eta hartutako erabakiak norabide bera izan beti: geroz eta turista gehiago jasotzea, noizbait burbuila lehertu arte. Eta COVID-19ak lehertu ote du? Ikusiko dugu. Argi dagoena da nazioarteko turisten kopuruak lehen aldiz hamar urtean ez duela errekor berririk ezarriko gurean, eta industria honen parte diren enpresek galera handiak izango dituztela.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 131 milioi euroko galerak izan ditu sektoreak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta 3.745 lanpostu galdu dira hotel, pentsio, ostatu, landetxe, kanpin, kongresuen antolaketa, bidaia-agentzia eta gida turistikoen esparruan. Ipar Euskal Herrian, Euskal Elkargoaren datuen arabera, lanpostuen %10 da turismoarekin lotua, 9.000 lanpostu. Hiru administrazioek diru laguntzak prest dituzte sektore hau bultzatzeko. Nafarroako Gobernuak ez du datu zehatzik eman, baina sektorearekin neurriak adosten ari dira ondorengo bi urteetan estrategia bateratua izateko. Bitartean, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko idazkariaren hitzetan, Espainiako gobernuaren konfinamendu arintze plana "adar-jotzea" izaten ari da eta Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteko presidenteak adierazi duenez, "egoera dramatikoa da, bai itxieraren garaiagatik, bai jardueraren hasiera mailakatu eta mugatuagatik".
Mugarik gabeko hazkundea?
“Nik ez dut lehengo normaltasuna itzuli nahi. Normaltasun zaharra nahi dut, 2000. urtera arte bizi izan genuena, auzoko komertzioekin, elkar ezagutzen dugun auzokideekin”, dio Twitterren Malayerba erabiltzaile kataluniarrak ondorengo txio honi erantzunez: “Auzo Gotikoan bizi naiz eta flipatzen ari naiz. Lehen aldiz kalean lasaitasunez ibil naiteke, giririk gabe, mozkorrik gabe. Auzokideok elkar ezagutzen hasi gara eta estresa murriztu egin da. Berriro arnas hartzen hastea bezala da, izan ere, presio turistikoa itogarri izatera hel daiteke”.
Ez dira gutxi turismoaren esparruan norabide aldaketa eskatzen ari diren ahotsak. Ezkerreko alderdi politiko eta sindikatuez gain, geroz eta gehiago dira turistifikazio prozesuei aurre egin asmoz sortutako kolektiboak. Duela bi urtetik SET sarean koordinatzen dira Europa Hegoaldeko hiri eta eskualde ugari. Oraingoz ondorengo 25ak dira, eta pandemia garaian telekonferentziaz bilerak egiten ari dira: Bartzelona, Bergamo, Bolonia, Donostia, Eivissa, Erroma, Florentzia, Genova, Girona, Iruñea, Kanariar Uharteak, Kordoba, Lisboa, Madril, Malaga, Malta, Napoli, Palermo, Palma, Porto, Rimini, Sevilla, Tarragona, Valentzia eta Venezia. Esperientziak partekatu eta ekintzarako estrategiak adosten dituzte bestelako turismo eredua bultza asmoz. Desazkunde turistikoa da beren aldarrikapen nagusia, turismoa gizarteko sektore anitzetan eragiten ari den kaltean arreta jarriz.
Beste guztiak bezala, ekintzaile hauek ere ezustean harrapatu ditu koronabirusaren kolpeak, eta bat-batean hotel eta pisu turistikoen ateak nola ixten ziren ikusi dute, herri eta hiriak turismoaren zerbitzura antolatzeak dakartzan arriskuak mahai gainean aurkituz. Donostiako BiziLagunEkin plataformatik ARGIAri adierazi diote gauzak aldatzeko aukera orain ikusten dutela. “Noiz bestela?”.
“COVID-19ari lotutako larrialdian presazkoa da paradigma aldaketa, oinarrizko eskubide sozialen izenean eta herri-sektore zaurgarrienen babeserako”. SET sarean bildutako herritarrek pandemiaren testuinguruan irakurketa bateratua argitaratu dute bost eskaera nagusirekin:
Ez erreskatatu sektore turistikoa zor publikoa areagotuz. Horren ordez, turismoaren desazkundea proiektatu, ingurumena eta gizarte geruza zaurgarrienak babestuko dituen ongizate politikak lehenetsiz.
Gastu publikoa berrikusi, gizartearen oinarrizko beharrizanetara bideratuz (ospitaleak, etxebizitza publiko eta soziala, ikastetxeak...), azpiegitura eta proiektu erraldoi kaltegarri eta garestiak finantzatu ordez (portu eta aireportuen handitzea adibidez).
Herritarrak higiezinen espekulazioaren ondorioetatik babestu, etxebizitza turistikoen kopurua zeharo murriztuz eta hauek alokairuaren merkatura itzularaziz. Honekin batera, zirkuitu ekonomiko globalek lurraldeak, hiriak eta auzoak bereganatzea eragozteko neurri zehatzak hartu.
Kulturaren garapenarekin eta ingurumenarekin koherenteak diren lanpostu duinak bermatzeko, beste sektore produktiboak (zaharrak eta berriak) sustatzeko politikak abiatu.
Agerikoa da proposamen hauek zuzenean egiten dutela talka gaur egun botere-guneetatik bultzatzen den turismo ereduarekin. Helburuak erdiestea zail izango dutela jakitun, herriz herri kanpainak prestatzen ari dira.
Erreskatea norentzat eta zein ondoriorekin?
2008an bankuak erreskatatu eta ondoren gobernuek sektore publikoetan murrizketak egin zituzten bezala, oraingoan turismoaren industriari laguntzak iragarrita, aurreko urteetan milioiak irabazi zituzten multinazionalei diru publikoa erregalatuko dietela beldur da asko, hemendik urte batzuetatara larrialdi soziala areagotuz.
Maiatzaren 16an Pedro Sanchez Espainiako presidenteak diru-laguntzen atal oso bat iragarri zuen turismoari zuzenduta. Espainiako BPGaren %12,3 turismoak ordezkatzen duela, sektoreak 2,6 milioi laguni lana ematen diela eta Estatura 80 milioi bisitari joaten direla adierazi zuen. “Espainiak turismoa behar du, baina turismoak segurtasuna eta osasun bermeak behar ditu. Arinegi joango bagina, hamarkada luzez eraiki dugun izen ona arriskuan jarriko genuke”. Estatura sartzen diren pertsonei berrogeialdia jartzea proposatu zuen. Sektoreko patronalean eta Europar Batasunean hazkura eragin zuen, eta arintzeko prest agertu zen. “Irtenbide komuna bilatu behar dugu ziurtatzeko gure herrialdeaz gozatzera etorriko diren atzerriko turistek ez dakartela inolako kutsadurarik”, esan zuen Sanchezek.
2008an bankuak erreskatatu eta ondoren murrizketak egin zituzten bezala, oraingoan turismoaren industria erreskatatuz, urteetan milioiak irabazi dituzten multinazionalei diru publikoa erregalatuko dietela beldur da asko
“Administrazioek onartuz gero, erreskate lotsagarri eta alferrikakoan, industria turistikoak bereganatuko lituzke langileen formaziorako eta dibertsifikazio ekonomikorako behar luketen fondo publikoak”, diote Bartzelonako Desazkunde Turistikoaren Aldeko Auzoen Asanbladatik, nazioarteako erreferentea turistifikoazio prozesuen aurkako eragileetan.
Erreskatea eskatzen ari diren erraldoiak, adibidez, mundu osoko hegazkin konpainiak dira. Frantziako gobernuak Air France-LKM eta Alemaniakoak Lufthansari maileguak eman dizkieten bezala, Espainiakoa Iberia erreskatatzeko prestatzen ari da.
Frantziako Estatuak 7.000 milioi eman dizkio Air France-ri. “Gure konpainia nazionala salbatu beharra dago”, esan zuen Ekonomia Ministro Bruno Le Mairek, plana “historikotzat” deskribatuz. Frantziako Estatuak Air France-ko akzioen %14 dauka, beste zati bat Herbehereetakoak, eta gainerakoa kapital pribatua da. “Aire garraioa gakoa da turismoarentzat”, adierazi du Espainiako Industria, Komertzio eta Turismo ministro Reyes Marotok, “eta hegazkin konpainiek beren bideragarritasuna bermatze aldera babesa jaso behar lukete”.
Iberia LAE eta British Airways konpainien baturatik sortutako IAG Iberia multinazionala erreskatatzeak nazioarteko kapital pribatuak lagunduko lituzkeela salatzen duten ahotsak ere altxa dira, “ez lukete babes sozialeko sistema erreskatatuko eta ez lituzke oinarrizko sektoreak bultzako energia eta klima krisi testuinguru honetan”.
Arreta jartzeko elementuak
Inor ez da gai aurreikusteko zer gertatuko den hurrengo sei hilabeteetan, ea COVID-19ren eraso berria (noiz) gertatuko den, zein izango diren osasun neurriak, eta bidaiatzeko debekuak nola altxako diren, beraz, zaila da mundu mailako turismoaz espekulatzea, salbu eta agerikoa dela gobernuek sektorea erreskatatzeko asmoa dutela.
Ez da harritzekoa izango, zenbait elementuk zentralitatea hartzea politikaren soka-tiran: kalearen erabilerak, azpiegituren handitzeek, erreskateak, proposatzen diren soluzioak...
Denbora aurrera doa, dagoeneko bi hilabete pasa dira herritarrak konfinatzeko agindu zutenetik, eta lekuan lekuko agintariak herritarren bizitzetan zuzenean eragingo duten erabaki politikoak hartzen ari dira norabide batean edo bestean. Ez da harritzekoa izango, beraz, zenbait elementuk zentralitatea hartzea politikaren soka-tiran. Kalea harreman komunitarioetarako funtsezkoa dela eztabaidaezina da eta orain bi metroko distantzia sozialaren harira, egoera berriak sortzen ari dira, batean eta bestean espazio publikoaren erabileraren inguruan: terrazen araudi berriak, bizikleta eta oinezkoentzat lekua autoei kentzeko eskaerak, edo munduko leku askotan dagoeneko ikusgai dagoen moduan, hondartzak pribatizatzeko arriskua.
Ez litzateke harritzekoa turista gehiago erakartzeko azpiegituren handitzeek gatazka sozialak areagotzea, izan aireportu, tren, bus edo gurutzaontzientzat geltokiak. Hazkundea kolpetik moztu bada, azpiegitura hauek handitu nahi dituzten agintariek zailtasunak izan ditzakete halako diru kopuruak bestelako behar sozialetara beharrean obra hauetara zergatik bideratu nahi dituzten justifikatzeko.
Aurreko krisi ekonomikoari tokian toki zein irtenbide eman zitzaion erreparatzea ere garrantzitsua da. Europa hegoaldea berraktibatzeko turismoa eta etxebizitzen eraikuntza bultzatzea proposatzen ari diren “guruak” ez dira gutxi. Horietako bat da munduko pertsona aberatsenetako bat den Santander bankuaren jabe Ana Botín. Bera akziodun den El País egunkarian elkarrizketatu dute eta beste gauza ugariren artean aldarrikatu du erakunde publikoek enpresa pribatuekin batera 150.000 etxebizitza eraikitzea bultza behar luketela Espainiako Estatuan, “horrela 500.000 lanpostu sortzeko eta gazteei gurasoen etxetik independizatzen laguntzeko”. Konfinamenduak hasi direnetik, Espainiako Estatuko zenbait autonomia erkidegok ingurugiroa babesteko neurriak indargabetu dituzte udalek etxebizitzen eraikuntza errazago susta dezaten. Etxebizitzen burbuila berrien bidea hautatuko al dute herrialdeok?
Erreskate turistikoak ere emango du zeresanik. 500.000 milioi euroko mailegua prestatu dute Europar Batasunean. Ministroen txalo artean amaitu duzten bilera. Hala ere, ez da ahaztu behar hau ez dela modu altruistan oparitzen den dirua, bueltan eta interesekin itzuli behar den kapitala baizik –galdetu bestela kanpo zorrak itota eta inola ere barkatzen ez dieten mundu osoko herrialde txiroei–, eta beraz, orain pandemiaren beroan aurreko urteetan dirutzak irabazi eta banatu dituzten multinazionalak eskua luzatuta daudela, enpresei egiten zaizkien likidezia laguntza guztiak gerora itzuli beharko dituela estatuak, beltzez jantzitako gizonen edo Troikaren begiradapean –eta beraz, osasunean, hezkuntzan, pentsioetan edo beste sektore publikoetan murrizketak egitera behartuz gobernuak–.
Birusak biluztu gaitu
Donostiako tabernek pintxoak kristal batez estali beharko dituzte aurrerantzean. Horixe izan zen Eneko Goiaren Donostiako Udalak COVID-19 pandemiari aurre egiteko hartu zuen lehen erabakia martxoaren 9an. Anekdotikoa lirudikeen arren, oso sinbolikoa da: Donostiarentzat pintxoak dira Parisentzat Eiffel dorrea dena. Erabakiak ez luke arazorik, ez balitz handik zortzi egunera, dagoeneko Madrildik aginduta herritarrak konfinatua, Gipuzkoako hiriburuak oraindik ez zuela etxerik gabeko 200 herritarrentzat alternatibarik. “Ez digu inork esan zer egin behar dugun, non egon ez badaukagu. Hau putakeria da, denak beren etxeetan daude eta ez dakigu zer egingo dugun guk”, zabaldu zuten mezua hirian etxerik gabeko gazte etorkinak biltzen dituen Modahara elkarteko kideek martxoaren 14an. Hiru egun beranduago, kaleak hutsik zirela, Whatsapp bidez zabaldu zen ondorengo mezua: “Premiaz behar ditugu bost bat pertsona Donostiako Udalak etxerik gabeko jendearentzat irekiko dituen aterpetxeetan lan egiteko, 20 egun eta hilabete artean. Ezagutzen duzu norbait?”.
“Oso erraza izango da marka berreskuratzea eta kanpainak egingo ditugu”, adierazi du Eusko Jaurlaritzak
“Oso erraza izango da marka berreskuratzea eta kanpainak egingo ditugu. Lehenik barne turismoa berreskuratuko dugu eta ondoren nazioartekoa”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo kontseilari Sonia Pérezek. Koronabirusak Espainiako Estatuan izan duen eraginak Euskadiko turismo sektoreari nola eragingo dion galdetuta, esan du pandemia mundu mailakoa eta koiunturala dela, pasako dela eta EAEri erreferentzia egiteko Basque Country marka "bere onera" etorriko dela, baita Espainiako turismoa eta Euskadikoa ere, aurretik hazkunde tasa “oso onak” zituela.
Ez dakigu Perez kontseilariak bere iragarpenarekin asmatuko ote duen, shock ekonomikoaren ostean familia askoren diru-sarrerak konprometituta baitaude eta bidaiatzeko gogoak zenbaterainokoak izango diren ikuskizun baitago. Maiatz erdialdean publikatu den inkesta batean diote, adibidez, Espainiako Estatuko herritarren erdiak erabaki duela ez bidaiatzea aurten.
Sektore konplexua da turismoarena, bateko eta besteko mila interes zopa berean nahasten dituena, eta gaur egungo gizarte ereduaren sinbolo eztabaidaezin bilakatua. Bestelako gizarte baten alde lanean ari direnek, eztabaida zabaldu nahi dute, egoeraren larriak arrazoia ematen dielakoan. Zaila dirudi agintari zenbaitek hanka azeleragailutik altxatzea ordea, azken urteetan bultza duten eredua zalantzan jartzea ekar lezakeelako horrek, eta gaur egungo politikan ez da oso ohikoa inork akatsak aitortu eta atzera egitea. Aldi berean, pandemia honek mahai gainean jarri du gizakion zaurgarritasuna, eta ingurugiroa zaintzeko neurriak areagotu beharrean, ekonomiaren izenean laxatzeak larrialdi klimatikoa areagotu besterik ez du egingo.
“Izurdeak Sardiniara itzuli dira. Veneziako ura, airea bezala, garbitzen ari da. Bartzelonako Boqueria merkatu turistifikatua, berriz ere, auzo-merkatu bihurtu da. Hotelak ireki dituzte Parisen arloteak hartzeko. Eta Bartzelonako Zona Franca eremuko CIE Atzerritarren Atxikitze Zentroa itxi dute. Eta etxegabetzeak gelditu egin dira. Eta jada ez da udaberria El Corte Inglesen. Negozio pribatua, dekretuz, publiko unibertsalaren zerbitzura jarri da”, zioen David Fernandezek Pascalen dilema globala artikulu dotorean. Ikusiko da munduak zein norabide hartzen duen. Krisi honek behintzat erakutsi du ezinezkoak ziruditen gauza askoren atzean, erabaki politikoak hartzeko borondatea besterik ez zegoela. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak #EzDuguAhaztuko kanpaina abiatu du, ziurrenik, imajinatzen dutelako agintariek "ahaztu" nahi izango dituztela bi hilabeteotan herritarrek beren begiekin ikusitakoak.
Hazi, hazi eta hazi doktrina politikoarekin jarraituko al du munduak? Norabide aldaketa eskatzen dutenek lortuko al dute alternatiba hezur-mamitzea? Bitartean, globalizazioak pandemia eta antzeko izurriteen forman geroz eta astindu gehiago eragingo dituela diote ahots kualifikatuak ugarik.
Erreportaje honen hasieran Pedro Bravo idazleak zioen bezala, oraingoan birusa izan da, bihar sumendia izan daiteke, eta hor dago beti klima aldaketak sor dezakeen egoera kontrolaezina. Turismoaren sektoreak asmatuko al du bere burua berrasmatzen, ala UNWTO-k nahi bezala, lehengo kopuruetara itzuliko dira nazioarteko hegaldiak, etengabe hazten jarraitzeko? Erreportaje hau idazten ari garen unean NASAk klimari buruz eskuragarri dituen azken datuen arabera, 2020koa izan da historiako apirilik beroena, bataz bestekoa baino 1,15ºC beroagoa; eta diotenez, 2020a historiako urterik beroena izan daiteke.
Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.
Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.
Lekarozko Aroztegia makroproiektu urbanistikoaren aurkako zazpi ekintzaile epaitegietara bidali ditu Palacio de Arozteguia S.L enpresak. 56.000 euroko isunak eta, guztira, 20 urteko kartzela zigorra eskatu dituzte haientzat. Azaroaren 26an prentsaurreko jendetsua egin dute... [+]
Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.
Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.
Izendapenak ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzea ekarriko du. Nolanahi ere, udal ordezkariek argi utzi dute, legediaren bitartez soilik, ezin izango zaiola aurre egin etxebizitzaren aferari. Ondo bidean, 2025eko lehen hilabeteetan indarrean sartzea aurreikusten... [+]
Asteburu luze bat. Ingurutik bueltatxo bat eman eta pikoteoa egiteko probestu dugu. Turistak selfie-ak egiten. Turistentzako bideak, alokairuak, dendak, hotelak, aparkalekuak, menuko platerak, seinaleen kartelak munduko hizkuntza orotan. Turistak ohiko lekuak leku arrotz... [+]
Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]
Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.
Donostiako denetariko elkarte, talde eta antolakundeek bat egin dute Bizilagunekin plataformak datorren iganderako, urriak 27, deitutako manifestazioarekin. Alderdi Ederretik abiatuko da 12:00etan.
Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.
Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, bizilagunen komunitateek eraikin edo urbanizazio batean etxe turistiko gehiago jartzea debekatzeko ahalmena izango dute, betiere bostetik hiruko gehiengoa lortuz gero. Modu horretan, atzera bota ditu Espainiako Estatuan etxe turistikoen... [+]