Haur Eskolen matrikulazio epea hasita, HE Gurasoak plataformari azken bultzada falta zaio Iruñeko Udalak euskarazko plazetan egin duen %70eko murrizketa ordezkatu ahal izateko. Herri ekimeneko eskola bideratzeko gurasoen babesa badute, finantzaketa eta egoitza lortzeko ari dira orain lanean. Herri eskola, eredu publikoaren epe laburreko alternatibatzat du plataformak.
Hizkuntza eskubideek ez dute bermerik Iruñean. Aurten, euskarazko haur eskolen egoera gehiago okertuko da, 0 eta 6 urte bitarteko umeen matrikulazioa hasi ondoren. Izan ere, udalak bertako hizkuntza zaharrenaren plaza kopurua %70 murriztu du haien hezkuntza eta zaintza sisteman.
Baina eskaria herri eskolaren bitartez hornitu ahal izateko HE Gurasoak plataforma sortu da, euskalgintzako hainbat eragileren babesarekin. Hizkuntza eskubideak defendatzeaz gain, “egoera hau salatu, eta salaketa horren ondorioak (plazarik gabe geratzea) arintzea” dute helburu, datorren ikasturtean “plaza publikoetan berreskuratzeko”. Horregatik, seme-alabak sare publikoak euskaraz eskaintzen dituen ereduetan matrikulatzera animatzen dituzte gurasoak, plataforma alternatiba gisa planteatuz. Hilabeteak daramatzate lanean, baina lokala eta azken bultzada ekonomikoa falta zaie. Iñigo Otxoa Fernández plataformako kidea baikor agertu da eta proiektua “egingarria” dela ziurtatu du.
Udalaren posizioak atzera bueltarik ez zuela ohartuta, EH Gurasoak plataformako kideek Nafarroako Hezkuntza Departamentura jo zuten, izan ere, instituzio horrena da Iruñean dauden bost haur eskolen eskumena, zeinetan euskarazko plazak %14 diren. “Foru Gobernuak bertan behera geratu diren euskarazko plazak orekatzea zen asmoa”, azaldu du Otxoak. Baina, Iruñeko Euskalgintzak salatu duenez, Nafarroako Gobernuaren “omisioak” errudun bihurtzen du. “Kasu honetan ere, ez da borondate politikorik egon”, haserre agertu da Otxoa. “Koronabirusaren krisia lehertu baino lehen, indar politiko guztiekin elkartzea eskatu genuen, baina bat-batean konfinamendua hasi zen eta, politikariekin bideokonferentzia bitartez hitz egin dugun arren, PSNkoekin ezin izan gara elkartu. Beraiek diote deitu digutela, baina guk ez dugu deirik jaso eta hitzorduaren esperoan gaude oraindik”.
Bilerak ez dira plataformak alarma egoeragatik galdu duen aukera bakarra. Otsailean ehunka iruindar hizkuntza eskubideen alde manifestatu ondoren, giza katea egitea zen indarra erakusteko zeukaten hurrengo ekimena, baina bertan behera utzi behar izan zuten. Konfinamenduak zailtasunak eragin dizkie negoziaketetan, baita barne antolamenduan ere. Gainera, Nafarroako Auzitegiak diktaturiko epaiaren aplikazioa urtebete atzeratzea eskatu zuen plataformak, baina Navarra Sumak ez du atzera egin.
Ikasturte berria hilabete batzuk barru hasiko denez, herri eskola martxan jartzeko pausoak ahalik eta azkarren eman behar izan ditu plataformak: “Eginkizunak hiru ikuspunturen arabera banatu ditugu: ordenantza, urbanismoa eta pedagogia. Gurasoak gara, eta ez gai hauetan adituak, horregatik kristoren lana etorri zaigu gainera”. Jada gai horiek jorratu dituzte eta behar bezainbeste gurasoren babesa daukate, finantzaketa eta neurri egokiak dituen egoitza falta zaizkie. Iruñeko hegoaldean ari dira egoitza bila, baina oraingoz ez dute zorterik izan: “Hori dela eta, etxelagun zerbitzuak –haurtzaindegitzat hezitzailearen etxea daukan sistema– antolatzea baloratzen ari gara, baina nabarmen garestituko luke gure kooperatiba”.
Haur eskola publikoetan matrikulazioa jada hasita, irudi luke guraso askoren elkartasuna ez dela nahikoa izan udalak hasi zuen “gerra estatistikoari eta euskararen zokoratzeari” aurre egiteko, baina inondik inora. Izan ere, hauxe da, Otxoaren hitzetan, euskara garaile egingo duen filosofia: “Ez gara iniziatiba pribatua bilakatzeko sortu. Gure sistema, publikoarekiko ahalik eta berdinena izaten saiatuko gara eta jakin badakigu plataformarentzat iraungitze data hurrengo matrikulazio epeak izan behar duela. Bitartean, familiak haien seme-alabak euskarazko eskola publikoetan matrikulatzera animatzen ditugu eta, plazarik lortu ezean, guregana hurbiltzera, gu indartsu gaude eta”.
2016an, Joseba Asiron alkate zela
Orduan, EH Bilduko Asiron alkatearen agindupeko lauko gobernuak Iruñean zeuden euskarazko haur eskola publikoak bikoiztu zituen. Bi eskolatako eredu aldaketaren ondorioz, seme-alabak euskaraz heztea ekidin nahi zuten ia ehun gurasok zentro aldaketa eskatu eta udalaren erabakia salatu zuten, UPN, PP eta PSN alderdien babespean, “euskararen inposaketa” argudiatuz. Nafarroako Auzitegiak gurasoei arrazoia eman zien udalak erabilitako prozedura desegokia zelakoan.
2019ko udal hauteskundeen ondoren, Enrique Mayak (Navarra Suma) Asiron ordezkatu zuen agintean. Fernando Sesma Hezkuntza, Kultura eta Herritarren Parte Hartze zinegotziak haur eskolen hizkuntza ereduei buruzko inkesta martxan jarri zuen Mercatec enpresa gipuzkoarraren bitartez. Emaitzak argitaratu gabe zeudela, Navarra Sumak euskarazko plazak “gehiegizkoak” zirela ondorioztatu eta hizkuntza honen eskaintza datozen hiru urteetan Asironen garaiko %39,4tik %11,9ra murrizteko asmoa iragarri zuen; 371 plazatik 112ra.
Martxoaren 6an, Iruñeko Udalbatzak Sesmaren lana gaitzetsi zuen, EH Bildu, Geroa Bai eta PSNren botoekin, zinegotziak ez baitzituen inkestaren datuak erakutsi. Apirilaren 25ean, alarma egoera betean, Navarra Sumak emaitzak ezagutarazi zituen: gurasoen %66k gaztelania eta ingelesa nahiago du; %22k soilik euskara; eta %7k gaztelania besterik ez. Hau da, ondorioak ateratzeko Sesmak erreferentzia moduan hartu duen inkestan ez zegoen euskara eta ingelesa aldizkatzen dituen eredua hautatzerik; bai, ordea, gaztelania eta ingelesa batzen dituena. Bi gaztelaniazko aukera, euskarazko bakar baten aurka. Navarra Sumaren irakurketa interesatua zen hori.
Beste irakurketa bat egin eta eredu aukera zabalagoa eskainita, portzentajeak zeharo desberdinak ziren: gurasoen %55ak gaztelania eta ingelesa hautatuko luke; %13k, euskara bakarrik; %10ak, euskara eta ingelesa; %8k, gaztelania eta euskara; %5ak ingelesa, euskara eta gaztelania; %6k gaztelania soilik; %2k beste aukera batzuk; eta %1ek ez du adierazi. Emaitza horiek kontuan hartuta, familien %36k euskara barne hartzen duen ereduren bat aukeratuko luke, hots, Iruñeko sare publikoan dagoen D ereduarekin bat datorren proportzioa.
Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Hilaren 29tik aurrera Sortzen Guraso Elkarteak Jauzi.eus bilatzailea martxan jarriko du. Xedea da euskararen normalizazioa bultzatzeko dagoeneko eskaintzen den aisia atari digital bakarrean biltzea.
Iruñeko Euskalgintza plataforman bildutako eragileek egin dute deialdia. Hiriburuan dauden hamasei haur eskoletatik batean eskaintzen da euskarazko murgiltze eredua. Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diote auzo bakoitzean murgiltze ereduko haur... [+]
Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.
Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.
Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du duela 35 urteko egoera berean daudela.
Maiatzaren 9an atera dira aurrematrikulen zerrendak, eta Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak salatu du Iruñeko Udalak %20ra “mugatu” duen euskarazko eskaria izatez %35,2koa dela. Gainera, azpimarratu dute euskara ezin dela neurtu eskaintza-eskaria... [+]
Hiriko errepideak “oztopatuko” lituzkeela argudiatuz Korrika iragartzen duen haurren Korrika txikiari trabak jarri dizkio Iruñeko Udalak, haurrei, musikariei eta erraldoiei errepidetik ibiltzea ukatuz.
Iruñeko Euskalgintzak azaldu duenez, hirian dauden 12 udal haur-eskoletatik bakarra dago euskaraz murgiltze ereduan: "Horrek esan nahi du eskola horietan eskainiko diren 1.069 plazetatik 130 bakarrik izango direla euskaraz (%12'16a)". Eskaintza murritz hori... [+]
Haur Eskolak Euskaraz plataformak deituta, herritar talde batek protesta egin zuen otsailaren 2an Nafarroako Legebiltzarraren aurrean, Iruñeko Udalak hiriaren haur eskoletan euskararekin duen jarrera baztertzailea salatzeko.
2022-2023 ikasturterako eskaini dituzten 1.069 plazetatik soilik 130 dira murgiltze eredukoak. Beste 129 plazek euskaraz gain ingelesezko jarduerak ere izango dituzte. Haur Eskolak Euskaraz plataformak eta EH Bilduk salatu dute Navarra Sumak euskarari egindako beste eraso bat... [+]
Iruñerrian 'Parkean euskaraz' egitasmoa abian da. Heldu eta haur euskaldunak astero biltzen dira auzoan edo herrian elkarrekin euskaraz hitz egiteko. Helburua haurrek haien artean euskaraz egitea da eta horretarako guraso, senide edo lagun helduak eredu izatea da... [+]
Goiz osoko festa izan zuten larunbatean, eta Iruñeko euskaldunen komunitatearentzako elkargunea izango den Gazteluko plazako lokala erakutsi zuten.
Bi eta sei urte bitarteko umeei eta beren familiei zuzendutako egitasmoa da. Astean behin, zazpi auzotako parkeetan elkartuko dira jolasak eta beste hainbat ekintza egiteko. Izen-ematea zabalik dago irailaren 23ra arte.