“Hemen oraindik fusilarien oinordeek agintzen dute”

  • Aita fusilatu zioten Elon 1936an, Esako beste sei lagunekin batera. Etxeko leihotik ikusi zuen kamioia herriko kuartelera etortzen, zazpi presoak atoira igoarazten… Ondoko urteetan, lapurretaren lekuko izan zen: lursailak eta etxabeak bereganatu zituzten faxistek. 91 urte ditu Carmen Garcia Pellonek, eta bizian ikusi duena kontatzen hasi da. Horixe ez dio barkatzen orduko agintarien askazi ezin heziak.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Carmen García Pellón. Esa, 1928

Mariano García Ilazorza zuen aita, Esako zinegotzi eta UGTko kide garai hartan, herriko sei lagunekin batera fusilatua. Harrezkero ez da haien berririk izan, Eloko nekazari batek haien gorpuak Elo bertako errepide bazterrean botata ikusi eta lurperatu zituztela besterik ez. Franco hil ondoko urteetan, gorpuzkiak berreskuratzen saiatuagatik ere, ez dute lortu. Memoria historikoa tarteko, oraingo garaian galdezka joan zaizkionean, aho-bilorik gabe hitz egin duenean, kontra jarri zaizkio herrian bertan. Errepresioaren biktimen Pozu Fortuna saria jaso zuen iaz Asturiasen, baina horrek ez dio gozarazi herriko garratza.

Hitz egiteko gogorik ez duzu…
Ez. Gaur berandu jaiki naiz. Ez nintzen oroitzen etortzekoak zinetela. Gero, bazentoztela ohartu naizenean, pentsatu dut: “Nahiago nuke bidean datozela geraraziko balituzte, etortzea galaraziko baliete!”. Asko hitz egin dut, gauza asko esan ditut. Gehiegi, beharbada.

Asko hitz egin duzula diozu, baina duela dozena erdi hilabete arte ez dugu izan zure berririk.
Jendea etorri zait, bada, etxera! Galdezka, denak. Lehenengo hura etorri arte [Nekane Ruano García, historia irakasle eta ikerlaria], isilik ni. Ez zegoen hitz egiterik. Beldurrez bizi izan gara! Eta nola ez ginen, bada, beldurrez biziko! Orduko haiexek dira oraingo hauek! Orduko berek agintzen dute toki guztietan, udaletxean eta gainerako lekuetan. Gauza guztiez jabetu dira, etxe, pentze eta larre. Bereganatua dute dena! Orduko haien iloba da orain Esan agintzen duena!

Alkatearen familiaren kontrako akusazioak egin ohi dituzu.
Herriaz jabetu baitira! Autobia egin zutenean, eurentzat hartu zituzten hainbat lursail. Orain eurena da dena. Dena. Etxe honetan bertan jaio nintzen, badakit hemengo berri. Gure gurasoek hiru seme-alaba izan zituzten: Pedro, Gabriel eta ni, hirugarrena. Orduko argazkia ere badut: hortxe gure familia, hiru senideok eta gurasoak, Mariano eta Angela, Jeremias profetak baino negar gehiago egindakoa.

Jeremias profetak baino negar gehiago egindakoa?
Ama, jakina! Ama beti negarrez. Etxe honetan bizi ginen, baina, etxetik bertara, bordan genituen txerriak, oiloak, usoak… Eta gure ama haraxe joaten zen negar egitera. Guk ez genezan ikusi!

Argazkia: Dani Blanco

Zortzi urte zenituen aita eraman zizuetenean…
Ordu arte zoriontsu bizi izan nintzen. Oroitzen naiz aita baratzatik etorri eta berarengana joaten nintzela korri. Zer ote zekarkidan. “Txoritxoen ogia dakarkizut”, esaten zidala oroitzen naiz. Txoritxoen ogi hori ez zen ogi lehorra besterik, ogi korroskoa, eta ni pozik. Oso mimatua izan nintzen. Baita nire bi nebak ere. Gure aitak amak baino adin handiagoa zuen, eta seme-alabak zituen poza. Nire bi nebak berarekin batera joaten ziren baratzera. “Lanean lagundu ere egiten naute”, oroitzen naiz esaten ziola gure amari.

Zuen aita Esako udaleko zinegotzi errepublikarra zen gerraurrean…
Bai, eta gerra lehertu zenean bila etorri zitzaizkion. Atea jo zuten eta leihora irten zen aita: “Zer dugu?”, “Jaitsi hadi!”. Bi guardia zibil eta zinegotzi bat etorri zitzaizkion. Eta kuartelera eraman zuten. Iluntzean, amarekin batera joan nintzen kuartelera. Aita ikusi nahi nuela esango nion amari, edo ahal dakit nik! Bi nebak etxean gelditu ziren, eta ni kuartelera amarekin, aitari ogitartekoa ematera. Eta oroitzen naiz, hantxe ikusi nituen mahai baten inguruan zazpi gizonezkoak, fusilatuko zituzten zazpiak, hankak katez loturik preso.

"Eta, gero, niri zuzenduz, amak:  ‘Emaiozu pa aitari, sekula ez duzu-eta berriz ikusiko’. Horixe izan zen konbertsazioa. Eta, bitartean, gainerako presoak guri begira. Gu beste inor ez zen ausartu kuartelera joaten. Beldurra!”

Zazpi haien artean zuen aita.
Bai. Ogitartekoa eman, eta gure amak aitari: “Eta zer esan dizuete?”. “Deklaratu egin behar dugula”, aitak. Eta amak: “Deklaratu? Zer deklaratu behar duzue, jakin baliteke?”. Eta, gero, niri zuzenduz, amak: “Emaiozu pa aitari, sekula ez duzu-eta berriz ikusiko”. Horixe izan zen konbertsazioa. Eta, bitartean, gainerako presoak guri begira. Gu beste inor ez zen ausartu kuartelera joaten. Beldurra! Eta, hala ere, ama ez zen Esakoa…

Nongoa zen, bada?
Ondoko herrikoa, Tiermaskoa. Han ez zuten inor hil. Kamioi hura Tiermasera joan zenean, bertako alkateak eta apaizak esan omen zieten: “Jaunok, geu gara guztion erantzule!”, eta han ez zuten inor hil. Hala ere, agi denean, Tiermasera bidean, El Zorroza eta beste bat agertu zitzaizkien. Cara al sol kantatzeko agindu zieten, eta kantatu ez zutenez, hantxe bertan hil zituzten, bide bazterrean. El Zorroza Tiermaskoa zen; bestea, ez. Horrelaxe. Gure kasuan, aitari kuartelera afaria eraman eta etxera itzuli ginenean, amak esan zuen: “Zelatan egongo gara, noiz eramaten dituzten jakiteko”. Eta hantxe zain gu, leihoan. Eta goizeko ordu biak aldera, Xabierreko errepidetik kamioia etorri eta zazpi preso hartuak eraman zituen. Fusilatzera.

Argazkia: Dani Blanco

Ez ezer deklaratzera.
Baita zera ere, deklaratzera! Eraman zituzten, eta ez ditugu harrezkero ikusi! Hobiren batera edo auskalo nora bota zituzten! Oraindik ez dugu haien gorpuzkinik berreskuratu! Fusilatu eta Elon bota zituztela esan zigun uzta biltzetik zetorren nekazari batek, bertan lurperatu zituztela Elokoek, ez fusilariek, hala ere! Nekazari hark esandako lekura joanda gaude, baita Aranzadi Elkartekoak ere, baina ezer ez, han ez dago gorpuzkinik!

Eta zer izan zen zuen etxean aita fusilatu ondoko egunetan?
Gure amaren negarra, horixe besterik ez. Aita bizi zela, etxean apopilo hartu genuen Esako ile-apaintzailea, eta nire bi nebak ere harekin hasita zeuden lanbidea ikasten. Ile-apaintzaile hura ere eraman nahi izan zuten fusilatzera, baina kuarteleko kaboaren emazteak galarazi zuen. “Alvarado akabatzea pentsatu ere ez, herrikoa dut eta, Sosekoa!”, esan omen zion kaboari. Ile-apaintzaile hura, Leontzio Alvarado, bitan ere eraman zuten fusilatzera, baina ez zuten fusilatu. Oroitzen naiz dardaraz etorri zela. Sua piztuta geneukan, eta haraxe arrimatu zen… Aita fusilatu biharamunean, okinak nire anaia Pedro ikusi eta esan zion: “Koñe, koñe! Aita hil zaizula esan didate”. Eta Pedrok: “Hil dela ez, fusilatu egin dutela!”. Pedroren erantzuna, hamabi urterekin! Bagenekien fusilatu zituztela. Bestela pentsatzen zutenez, hil! Eta gero, lapurreta!

Zazpi lagun fusilatu zituzten Esan…
Zazpi baino gehiago. Hortxe dut [José María] Jimeno Juríoren liburua [La Guerra Civil en Navarra (1936-1939)]. Hamabi fusilatu zituzten. Denak ez ziren Esakoak. Bata Longasekoa zen, bestea Andosillakoa, hurrena Galipentzukoa… Ur-biltegian ari ziren lanean. Gure aita nekazaria izan zen, baina Xabierreko errepidea egiten ere lan egin zuen, eta orduantxe batu zen UGT sindikatura. Jimeno Juríok berreskuratu zuen haien historia. Esan zidanez, nekez eta pekez lortu zuen informazioa.

José María Jimeno Juríok berak esan zizun?
Bai. Izan ere, 1959an Iruñera joan ginen bizitzera, eta senarra zenak eta biok denda izan genuen Barañainen, eta haraxe etortzen zitzaidan Jimeno Jurío, denda gainean bizi baitzen. Hura bere lana egiten ari zen, fusilatuen historia idazten, eta Esako gorabeherarik ez zekienez, galdezka etortzen zitzaidan. Nik, berriz, nekiena kontatu nion, zuri kontatzen ari natzaizuna. Jimeno Juríok lan handia egin zuen, hari zor diogu zikinkeria hau guztia azalera ekarri izana. Esa bertakoek hil zituzten gure aita eta gainerako presoak... Iruñera joan ginenean, hemen gelditu ziren amatxirenak izanak ziren lursailak, baina, gero, alkatearen familia jabetu zen lur haietaz! Oraindik auzitan ari naiz Esako udalarekin, amatxiren lursail haien kontura! Amatxik ez zuen bizian arrautza bat osorik jan, lursailak erostea zuen obsesioa. Hemen ondoko etxea ere berak erosi zuen, nahiz gero hartaz ere alkatea jabetu!

Nola liteke inor inoren ondasunez jabetzea?
Ezjakin hutsak baikinen! Amatxik etxabe baten salerosketaren agiria zuen, eta nire neba Gabriel udaletxera joan zen, katastroan ageri zedin. “Uztazu hor agiri hori, orain ez baitut astirik!”, esan zioten udaletxean. Handik hilabetera neba udaletxera itzuli zenean, esan zioten: “Hemen ez zenuen inolako agiririk utzi. Zeuk eraman zenuen”. Eta egungo egunean, oraingo alkatearen izenean ageri da gure amatxik erositako etxabea. Joan hadi eta harrapazak! Nork kendu hari orain gure lursailak-eta?

Zer dio orain zure barruak zuen aitaren fusilatzeaz, aita gabe egin behar izan duzun bizimoduaz, egin dizueten lursailen lapurretaz?
Guri galarazi diguten bizimodua egin dutela eurek, horixe esango nuke! Eurena dute dena. Herriko lur komunal guztiak ere eurentzat hartu dituzte. Esako ur-biltegia egin zutenean, berdin: eurentzat hartu zituzten erreka ondoko lursail oparoenak. Herriaz jabetu dira, nahi dutena egin dute. Komunalak eta komunalak ez diren lursailak, eurek ereiten dituzte denak.

Ikusi duzu Esako fusilatuen oroimenezko plaka?
Ez naiz ikustera joan. Ezta ondotik iragan ere. Argindarraren kontagailuan jarria dutela esan dit semeak. Ez naiz hara hurbildu. Dena den, oraindik orain jende multzoa ikusi dut parkean, ez dakit mustu dutelako edo zer izan den. Orduko alkate faxistaren familiako apaiz baten izena jarri diote. Mutiko zela eraman zuten apaizek, beste neska-mutil asko bezala.


"Egungo egunean, oraingo alkatearen izenean ageri da gure amatxik erositako etxabea. Joan hadi eta harrapazak! Nork kendu hari orain gure lursailak-eta?”

Epaitegira deitu zintuzten joan den maiatzean, Esako oraingo alkate Roberto Martinezen eskariz. Gerra ondoko alkate Isidoro Martinezen iloba, zuzen.
Zangotzara joan behar izan nuen! Baina ez zuten ni Zangotzara deitu beharrik. Esan bertan bada bake-epailea! Usteko zuten Zangozan apalduko nintzela, baina bai zera!, alkatearen aurrean ere gogor eutsi nion. Eta alkatea harrituta! Ez nuen esandakorik ukatu, gure lursailez jabetu direla, ez didatela nirerik itzuli nahi… Hortxe gelditu da afera hori. Hala ere, udaletxera joan beharrean nago oraindik, amatxiri dagozkionak, eta neureak, behar bezala erregistra ditzaten. Esaterako, Leirera bidean bagenuen sail bat, harriz hertsia, hiru olibondorekin. Eta oroitzen naiz amarekin joan izan nintzela hara, olibak atal-atal egin eta jaten genituela. Eta, gorago, beste sail bat ere bagenuela; aitak baba ereiten zuen han. Lursailak, baratzek, etxabeak... Lanak ditut neureak direnak neure izenean jartzen!

Nafarroan, edota Esan, bederen, erdeinua jaso duzu. Asturiasko Mieresen, aldiz, merezimendua eta aitortza. 2019ko Pozu Fortuna saria jaso zenuen iragan urrian, zure borrokaren aldera.
Bai, gustura jaso nuen. Aita fusilatu ziguten eta lurrak kendu zizkiguten. Hitz egiten hasi naizenean, hortxe etorri zait oraingo alkatea, ordukoaren iloba, kontra! Saria jaso nuen Asturiasen, eta ez dakit merezi dudan ere, baina hemen ez dut saririk jasoko. Hemen, oraindik, fusilarien oinordeek agintzen dute. Isilik egon naizen bitartean, hainbestean! Hitz egiten eta historia kontatzen hasi naizenean, kito. Hitz egin nuela jakin zutenean herrian, akabo! Bizkarra eman zidaten. Batzuk fusilariak izan dira, beste batzuk lapurrak, eta nik dena kontatu dut! Ustez lagun nuen baten bat haserretu zait –gerra sasoi hartakoak Esan ez gara bi baino gehiago!–, eta bestelako lagunartea osatu behar izan dut. Eta horrelaxe!

 

Argazkia: Dani Blanco

JIMENO JURIO
“Etxepeko dendara jaisten zen, gurera, eta galdetzeari ekiten zion. Ordurako ezkondua zen [José María] Jimeno Jurío, eta semea ere bazuten. Hark galdetu, eta nik erantzun. Hiru liburu ere idatzi zituen, eta etxean dauzkat bi. Hirugarrena erostera joan, baina ez zeukaten. Saltsaren bat izan zen tartean, eta ez daukat. Esako elizaraino etorri zen Jimeno Jurio, heriotza haien berri ikustera. Ez ziotela lana erraztu, esan zidan. Eskerrak Jimeno Juríori!”.

EGUNKARIA
“Etxean jasotzen dut egunkaria egunero. Beti jaso izan dut. Garai batean, Diario de Navarra. Orain, Diario de Noticias. Iaz aldatu nintzen, amorratuta. Gabon otarrak zozketatu zituen Diario de Navarra-k, eta okinaren emazteak esan zidan otarra egokitu zitzaiela. “Ai, ama, oraingoan ere kazikeari otarra!”, esan nion neure buruari. Eta, unean bertan, lehengo egunkariaren harpidetza ezeztatu eta bestearena egin nuen. “Zertan ez ote dut lehenago egin?”, galdegin nion neure buruari”.

 

Azken hitza
LEIHOA
“Etxetik ikusten genuen Guardia Zibilaren kuartela. Leiho horietan geunden gu, eta bertatik ikusi genuen dena: kamioia kuartelera etortzen, presoak igoarazten… Eta adio sekulako! Eraman zituzten, eta ez genituen harrezkero inoiz ikusi. Ezta hilik ere!”.

 

 

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
Iruñeko atxilotze-aldi luzea

Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-10-11 | Usurbilgo Noaua
1936ko gerraren oroimenean barneratzen laguntzen duen ibilbidea prest dute Usurbilen

"Gerraren Oroimena" izeneko ibilbidea osa dezakezue noiznahi Usurbilgo erdigunean.


Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garcia
“Harrotasun antifaxista, esker ona, poztasuna, amorrua… sentsazio gazi gozoak bizi ditugu prozesu honen amaieran”

Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.


Iruñeko Erorien Monumentua
Eraitsi, adieraberritu edo historia museo bihurtu

Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]


2024-09-24 | Mondraberri
Faxistek fusilatutako arrasatearrak omenduko ditu irailaren 26ko ekitaldiak

88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.


Donostiako Polloe hilerriko gurutze frankista eraisteko eskatu du EH Bilduk

CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Garaileak esaten duenean amaitzen al da gerra bat?

Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]


2024-07-30 | Xabier Iaben
Aragoiko Asabón errekan barna bizikletaz
Pardina eta makien arrastoan

Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Bego Ariznabarreta Orbea. Gerrarik ez
“Gure aurrekoek bizitako gerraren traumak eta sintomak ditugu oraindik”

Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz,... [+]


Manuel Azcona 1936an hildako diputatu errepublikanoaren gorpuzkiak eman dizkiote familiari

Larunbatean aldundian egindako ekitaldian Azconaren biloba María Jesús Fuertesek jaso ditu gorpuzkiak, bere seme-alabekin batera. Ekitaldian gogorarazi dute 1936-1945 urteen artean 376 pertsona exekutatu zituztela, horietatik 299 epaiketarik gabe.


Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Eguneraketa berriak daude