1960an Aljeriako gerlatik sartzerakoan kausitu zituen Jean-Louis Davantek Embata aldizkari politikoaren lehen aleak Ürrüstoi-Larrabileko (Zuberoa) sortetxean. Bere biziaren bidea azkarki markatuko zuen irakurketa. Hizki bakarra aldatu eta Embata Enbata izatera pasa zen urte berean, ildo editorialaren mami politiko eta abertzalea finkatuz eta aldarrikatuz. Ipar Euskal Herrian euskal abertzaletasuna ereinen eta sustatuko zuen izen bereko mugimendua sortu zen 1963an. Sei hamarkada hauetan Enbata-n idazten ari da mugimenduaren sortzaileetarikoa izan zen zuberotar euskaltzalea.
Enbata aldizkariak 60 urte bete ditu aurten. Nola oroitzen duzu komunikabide honen sortzea?
Enbata politikoa aitzin hor zegoen Embata euskal ikasleen elkartea, 1953an Bordelen sortua, lehendakari zuela Michel Burucoa Arboti eta Baionako medikugaia eta kide zinez ezaguna Ximun Haran baionar botikarigaia, esku pilotari handia. Urtero udako oporretan, kideek euskal udalerri bateko bizi ekonomikoa ikertzen zuten astebetez. Izen bereko aldizkari bat ateratzen zuten tarteka. 1960ko uztailaren 23an ikasle ohi zenbait bildu ziren Ezpeletan eta erabaki zuten euskal politikara pasatzea aldizkariaren bitartez. Zenbaki berezi bat idatzi eta hedatu zuten Arbotin, Eskualzaleen Biltzarra kultura mugimenduaren bilkura publikoan. Abertzale gazte horiek ere mugimenduan ziren eta etsidurak hartuak zituen bide apolitikoaren antzua ikusiz –botere publikoei bidali euskararen aldeko eskari guztiak seko zakarrontzira joaten ziren–. Horregatik erabaki zuten euskal politika bati ate bat irekitzea. Hastapen horretan ez nuen parte hartu, Aljerian soldadu bainengoen 1958ko irailetik. 1960ko abenduan itzuli nintzenean aurkitu nituen Embata politikoaren lehenbiziko zenbakiak Larrabileko sortetxean, pozik naski. Eguberri irian, ikasleen buruek Embata-ren politizazioari muzin eginik, abertzaleek izena aldatu zioten ortografia berriaren arabera, “m” letraren ordez “n” jarriz. Laster taldean sartu nintzen.
Zer girotan sortu zen?
Egoera nahasia zegoen, batetik bortitza, bestetik ilusioz aberatsa. Hegoaldean Franco gora zegoen, baina nork asma zezakeen beste hamabost urtez iraunen zuenik? ETA agertu berria zen. Europaren xedea aipu zen, harekin Espainiaren demokratizatzea eta euskal autonomiaren itzulera. Iparraldean, Aljeriako gatazka iduriz baketzera zihoan, baina baldintza gogorretan, laster autodeterminazioaren aurkakoak putsch baten egitera saiatuko ziren eta. Hemen ere frantses nazionalismoa sekula bezain indartsu zen de Gaulleri esker. Nekazari mundua laborantza industrialean sartzen hasia zen eta bide horretan laguntzen zuen gaullismoak. Jendartea kontsumoaren dastatzen ari zen eta garatu ahal izateko bakea nahi zuen. Ekonomiaren aurrerakada ikusiz, antza denez Enbata ez zen unerik onenean sortu, iduri zukeen iniziatiba zinez idealista zela. Halere sakonean oinarri sozial bat bazuen: etxaldeetan premu ez zirenek hiri arrotzetako bidea hartzen zuten, lana bilatu beharrean. Enbata-n bigarren mailako aitzindariak izango ginenek ordea desterruari uko eginez, aberrian egotea erabaki genuen.
Enbata mugimendua aitzin sortu zenuten komunikabidea.
Ideiak zabaldu behar genituen eta horretarako behar zen tresna bagenuen: Embata. Ez zait iduri hastapenetan mugimendu baten sortzerik aipatu genuenik. Lehenbiziko Aberri Eguna –pribatua– ospatu genuen Itsasun 1962ko Bazko astelehenez. Hitzaldi bana egin genuen Haranek, Jakes Abeberryk eta nik. Eztabaidan agertu zen mugimendu baten xedea eta 1963ko Aberri Egun fundatzailea prestatzen pasa genuen urtea.
Nola ikusiak zineten?
Giroa ez genuen batere aldekoa. Iritzi publikoa frantseszalea eta jaunen menekoa zen. Gizartean aurrera egiteko euskara bazter utzi behar zen, hoberenean etxe zokoan, ez zelarik erabat arbuiatzen. Ekonomian ere konformismoa zen nagusi. Gure xedeek arrakasta guti zuten, sinesgogor zen jendea. Etsaiak ere bagenituen, zenbait bortitzak –ez hainbat adineko pertsonak, hauek euskaldungoari naturalki atxikiak baitzeuden, baina bai gu baino belaunaldi erdi bat gehiago zeukatenak, “gerra de Gaullerekin egin” zutenak–. Batzuetan zuzenki oldartu zitzaizkigun, biltzar publikoak oztopatuz edo autoetako gurpilak zilatuz. Herio mehatxurik ere zebilen. Ni neuk lau gutun ukan nituen, gaztelaniaz eta beste batzuk ahoz Iparraldetik. “Enbata zikinak” ginen, de Gaullek “la Madone” eta “Notre-Dame la France” deitzen zuen Ama Birjina bezalakoaren aurkako blasfematzaileak.
Bozgoragailu kulturala berriz EuskaI Idazkaritza zenuten, Enbata-ren egoitzan zuena bulegoa.
Iparraldeko abertzale batzuek sortu genuen Hegoaldetik aterpetzera etorri berriak ziren lagun batzuekin –Benito del Valle, Irigarai, Madariaga, Txillardegi, Xabier Elosegi...–. Euskal kulturaren aldeko iniziatiba guztien zerbitzuko jarri genuen. Eraman lanaz ez naiz xeheki oroitzen, baina gogoan atxiki ditut urrats nabarien batzuk. Frankistek 1937an fusilatu zuten bizkaitar poeta gaztearen oroimenean, Lauaxeta saria sortu genuen kazetarien alde. Enbata-ko aretoan bi sorrera handi aterpetu zituen elkarteak: euskara batuarena eta Iparraldeko lehen ikastolarena.
Euskara batuarena nola iragan zen?
Nahiz batzuek ez duten entzun gura, euskara baturako lehen urratsak Baionan egin ziren, Enbata-k Euskal Idazkaritzari prestatzen zion areto horretan. 1963-64ko ikasturtean, zortzi lagun astero bildu ginen Txillardegiren inguruan. Berak iniziatiba hartu eta lanik gehiena egin zuen. Taldearen osatzeko bi oinarri hautatu zituen: euskal alderdiak eta elizgizon batzuk –Vaticano II kontzilioak ireki bidetik liturgiaren euskalduntzen ari zirenak–. Alderdien izenean, EAJko bi (Monzon eta Solaun), ETAko bi (Eneko Irigarai eta Txillardegi) eta Enbata-ko bat (ni neu) ginen. Elizgizonak hiru lapurtar nahiko gazte ziren (Pierre Andiazabal, Jean Hiriart-Urruty eta Roger Idiart). Tarteka, beste bakar batzuek ere parte hartu zuten, bereziki Gernikako Balduino Bilbao aterpetu gazteak. 1964ko abuztuan idazle eta irakasleen bilkura ireki bat egin genuen proposamenen ikertzeko, Pierre Lafitte euskaltzaina gidari harturik. Lafittek Euskaltzaindira eraman zuen dosierra eta 1968ko udan, Arantzazun, Koldo Mitxelenari esker, Euskaltzaindiak beretu zuen.
Iparraldeko lehen ikastolaren sehaska ere dugu.
Euskal Idazkaritzaren babesean ireki zen, lehendakari zuela Argitxu Noblia Enbata-ko kidea eta idazkari Xan Hiriart euskaltzale suharra. Irakaslea, Iparraldeko lehen andereñoa, Libe Goñi gipuzkoarra. Gero Arangoitzera joan zen ikastola hori.
Aberria eta euskara, eskuz-esku.
Aberria euskalduna zela argi eta garbi genuen, gure praktika ez beti egonarren araberakoa. Badakigu Enbata Euskaltzaleen Biltzarraren hegalpetik jaio zela, txita oilo kolokaren arroltzetik bezala, ama horren bide apolitikoak ez zuelakoan euskararen geroa segurtatzen. Orain euskara-aberria binomio hori hain klar ote da –bereziki eskuin ala ezkerreko politikari abertzale batzuen artean–? Euskara barik ez da euskaldunik, ezta Euskal Herririk. Euskara gabe zertarako autonomia? Zertarako independentzia? Espainia txiki baten eraikitzeko handiaren alboan? Besteak baino aberatsago izateko? Hori ote dugu bizitzako ideala? Ideal humanista? Gainera, kristaua edota sozialista? Hainbeste bizitza horretarako emanez? Ez dut uste merezi lukeen.
Zein toki zuen euskarak Enbata mugimenduan eta aldizkarian?
Aldizkarian euskarak leku guti zuen; Ekin barneko buletina osoki frantsesez zen, halaber formakuntzarako lehen hiru kaierak (laugarrena bi hizkuntzetan zen). Bilkurak euskaraz egiten genituen Zuberoako eta Hazparne aldeko taldeetan, Donibane Lohizune aldekoak ez dakit eta Baiona aldean pentsu dut frantsesez. Bulegoko eta administrazio kontseiluko bilkurak baita biltzar nagusiak ere frantsesez: betikoa, batzuek euskara menderatzen ez duten ber, denak erdaraz. Ezin uka euskarak leku guti zuela, euskal alderdi guzietan bezala. ETAren inguruan indar gehiago egin zuten, bereziki militanteen alfabetatzeko.
Auziak, zentsurak… ezaguna zinezten Parisko bulegoetan.
Hastean Frantziako Estatuak hein bat lasai utzi gintuen. Giroa gogortzen hasi zen Etxaluz aferarekin (1965ean Kristiane Etxaluz atxilotu zuen Guardia Zibilak Dantxariako mugan). Gero zigorrak handituz etorri ziren manifestaldi batzuen karietara. Neronek auzi luzeak jasan nituen 1972ko otsailaren 22tik goiti, Baionan iheslarien aldeko manifestaldi bat animaturik. Aberri Eguna ere gure zirikatzeko aukera ona zitzaion Paueko prefetari. Lehenik toki pribatuan ospatzen genuen Itsasun, Bazko astelehenez eta folklore susmagarri baina jasangarri mailan uzten ziguten. Baina Hegoaldean bezala Bazko egunez karrikara eraman genuenean debekatu ziguten eta pataskak gertatu ziren, buruzagiak auzitara jaulki gintuzten. Isunak gero eta handiagoak ziren, gure tinkatzeko eta mugimenduaren xurgatzeko. Baina ez ginen gelditzen. 1973an ezin sinetsizko auzi andana jasan genuen, aldizkarian agerturiko artikulu batzuen saritzat.
1974an Frantziak mugimendua debekatzen duenean, zer gertatzen da aldizkariarekin?
1974ko urtarrilean, Baionako katedralean, abertzale berriek iheslarien aldeko laugarren gose greba egin zuten, Enbata espresuki kanpoan utziz. Estatuaren erantzuna gisa berekoa izan zen: Enbata fuera! Alta gure mugimendua zinez ahuldua zegoen. Baina estatuarentzat dena Enbata zen. Iheslariei ekartzen genien laguntza zuen gehienik ikusmiran. Aldizkaria gure indar nagusia zenez, guk uste genuen hori zuela ikusmiran eta agertzea eten genuen. Abokatuen bitartez jakin genuen legeak osoki mugimendutik at uzten zuela aldizkaria. Beraz urteburuan berriz agertzen hasi ginen.
60 urte eta gero zer bilan egiten duzu?
Batzuetan ari naiz mugimenduari aldizkariaren izena ematea ez ote zen bien kaltetan izan, baita mugimendu zabalaren ordez alderdi zentralizatu baten gisan zorrozki antolatzea ez ote zen akats izan ere. Denborak erantzun digu: Enbata-k alderdi bezala huts egin zuela dirudi, baina mugimendu zabal bezala bere helburua bete du nire ustez, Iparraldean abertzaletasun antolatuari bidea irekiz. Euskal arazoa ezin baztertutako gisa landatu zuen Iparraldean, Frantziako Estatuari buruz, iritzi publikoan eta munduaren aurrean. Iniziatiba franko sortu du kulturan, beste zenbait babestu. Ekonomian ere eskua sartu du, kooperatibismoan, autogestioaren ideala zabalduz, tokiko aurrezkia sustatuz eta hortik enplegu berrien sortzeko politika bati atea irekiz. Baina Hegoaldean dena ez baitzen ETA, halaber Iparraldean dena ez da Enbata, etsaiek hala uste izan arren. Enbata-ren ingurutik mugimendu andana sortu zen, batzuk hein batean adiskideak, besteak ez. Nekez erran daiteke zein den Enbata-ren partea eta zein besteena. Abertzale mugimendua zabaldu da eta dibertsifikatu. Denen arteko elkarlanaren fruituak dira aurrera egin diren urrats ugariak.
Euskaraz idazten duzu Enbata-n eta euskalgintzan zabiltza. Nola hartu zenuen Amets Arzallusek 2013an egindako kritika, euskarari aldizkariak zuzendu leku eskasaz?
Ametsek ez du ametsik egin, ez du gezurrik erran eta egia irentsi behar dugu garratza izanik ere. Azalpen bat hartzen du halere Enbata-ren hizkuntzarekiko joerak. Aldizkaria garatu zuten BAM Baiona-Angelu-Miarritzeko “hiritar deseuskaldundu batzuek”, des Basques débasquisés Pierre Charrittonen hitzetan. 30 bat urtetako plaza gizonak ziren, nortasun handikoak, ordukoz gizartean ongi errotuak eta lekutan zeuden giderren hartzeko. Gu aldiz euskaldun petoak, gazteagoak ginen, ez hain latinizatuak, uzkurragoak, gizartean ez oraino kokatuak, Euskal Herri barnean bizi... beraz bidea maiz etsai genuen. Haiek naturalki gaina zuten eta beti ukan dute. Denbora berean argudio hau ere nagusi egon da: aberriaren deia euskaldun ez direnei ere helarazi behar zaiela. Egia da gainera Enbata euskaldunon ahotsa dugula Euskal Herritik kanpora. Azken denboretan euskarak toki gehiago hartu du Enbata-n, nahiz ez aski. Orokorki euskarak ez du behar lukeen tokirik euskal politikan, ez Iparraldean, ez Hegoaldean. Etsenplu txarra politikarien aldetik dugu, ahalegin eskasa, koherentzia guti. Haatik besteen hutsek ezin dituzte gureak estali.
Zer ekartzen dizu Enbata-n idazteak eta zer ekartzen diozu herriari, munduari eta irakurlegoari?
Besteei zer ekartzen diedan ez dakit. Niri haatik asko dakarkit. Irudi baten bitartez azalduko dizut, irudi hau egiazkoa da, nire begietan errotua baitago. Larrabileko gain apal honetarik, Biarnoko mugan, Euskal Herriko lehen mendixkaren hegal batetik, begien bistan ditut Lapurdiko, bi Nafarroetako eta Zuberoako bortu ederrak, eta haien atzetik, hegoak ufatzen duen gauez, zeru mugan aislatzen zaizkit hainbat uharte bezala, Iruñeko, Hendaia-Donostiako eta BAMeko hiru leinuruak. Idaztean eremu horretako bizitzan parte hartu nahi dut ene heinean aktiboki. Denbora berean, ahal bezain ongi zahartzean laguntza fierra ematen dit. Ahal dudano aurrera joango naiz horretan. Noizbait, agian laster, horietan agertzeari uko egin beharko diot. Baina berdin idazten jarraituko dudala iduri zait, erran bezala indarrik dukedano.
Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]
Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.
Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Jose Manuel Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren aldeko adierazpenak egin ditu. Desadostasunak direla eta, Nazioarteko Pilota Federazioaren eta... [+]
Kamioiak ez sartu ez atera. Horrela eman dute goiza BSHko Eskirozko lantokian. Parez-pare langileak aurkitu dituzte protestan. Hilkutxa batekin, elkarretaratze formatuan lehenbizi eta Foruzaingoak esku hartu behar zuela jakin dutenean eserialdia egin dute erresistentzia pasiboa... [+]
Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".
Koalizio abertzaleko hiru ordezkariek ohar baten bidez euren "frustrazioa" adierazi dute proiektu fotovoltaikoa ezin gelditzeagatik: "Egoera horren aurrean, ez gara legegintzaldia amaitzeko indarrez sentitzen". Proiektu honi ez! plataformak salatu du EH Bilduren... [+]
Arrazismoaren aurkako nazioarteko eguna kari, larunbat honetan 16 alderdi, kolektibo eta elkartek deia luzatu dute, Baionako Marengo eta Pannecau zubien artean giza kate bat osatzeko. Aniztasuna, elkartasuna eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzera deitu dute,... [+]
Ertzaintzak martxoaren 13an Bilbon zauritutako bi pertsonaren testigantza jaso ditugu. Athleticen partidaren ostean larriki zauritu zituzten aita-semeak, borra-kolpeka, eta atxilo eraman zuten haietako bat. Furgonetatik ikusi zuen ertzainek nola egin zuten tiro jendearen kontra,... [+]
Palestinarekin Elkartasuna plataformak osteguna, ostiral eta larunbatean eginen ditu protestak, Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean. Gernika-Palestina-k ere manifestazio nazionala antolatu du larunbaterako Donostian. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak... [+]
Arratzua-Ubarrundiako "Proiektu honi ez!" plataformak adierazpen hau kaleratu du, udalerri horretako EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa aurkeztu berritan. Izenburu hau darama testuak: "EH Bilduren moketako politika edo Iparra nola galdu".
Arratzua-Ubarrundia (Araba) herriko EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute Solariaren zentral fotovoltaikoagatik. Hau da hiru zinegotziek, Txetxu Zengotitabengoak, Laura Sanchok eta Javier Ruiz de Arkautek, herritarrei zuzendu dieten agur mezua.
Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.
Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu... [+]
Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]
Hurrengo ariketa egin ezazu zure lantokian, euskaltegian edo gimnasioan:
Altxa eskua Minneapoliseko George Floyd nor den dakizuenok.
Altxa eskua Madrilgo Mame Mbaye nor den dakizuenok.
Altxa eskua Barakaldoko X nor den dakizuenok.
Mame Mbaye manteroa duela zazpi urte... [+]