“Umorea beti gizonentzat esklusiboki erreserbatutako eremu bat izan da”

  • Koronabirusak kulturaren alorrean eragin duen krisia hain da larria, Aitziberren irribarrea ezabatzea ere lortu duela, aldizka bederen.
    Sei antzerki lanekin gira eta bueltaka zebilen gelditu gabe asteburuero eta ETBko Gure kasa saioan astean zehar. Bat batean dena gelditu zen, baina beste sortzaile asko bezala, etxetik ari da egunotan lanean, eta berarekin batera bere ahizpa birtualak: Gorane, Virginia Santos…Konfinamendu betean egin zen elkarrizketa telefonoz.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aitziber Garmendia Mendizabal. Zaldibia, 1982

Ikastolan hasi zen antzerkia egiten. Hamahiru urterekin oholtzara atera zen lehen aldiz Beasaingo antzerki taldearekin. Aktore ikasketak egin zituen eta, aldi berean, Zuzenbidean lizentziatu zen. 19 urterekin hasi zen ETBko Martin telesailean lanean. Ordutik hamaika saio eta telesailetan parte hartu izan du, haien artean elkarrizketak eta bakarrizketak uztartzen zituen Batek daki arrakasta handiko saioa. bost filmetan lan egin izan du (Ocho apellidos vascos, Sukalde kontuak eta Txarriboda, besteak beste) eta 25 bat antzerki lanetan. Gaur egun sei muntaiatan ari da aldi berean: Losers, Erlauntza, Moko zorrotza, Rita, Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) eta Feminaiz, berak idatzitako bakarrizketa. Eta horiek guztiak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, beraz hamabi antzezlan ditu une honetan buruan. Horretaz gain, Gure kasa ETB1eko saioan ari da lanean gaur egun eta La Jaio, Gorane, Zuriñe eta Virginia Santos pertsonaia arrakastatsuen sortzailea da.

Zer moduz daramazu konfinamendua?
Geroz eta hobeto. Hasieran kosta egin zitzaidan baina ohitu naiz etxean eta geldi egotera. Zera gertatu zait, pasatu behar izan dudala ehunetik zerora egun batetik bestera. Pasa naiz ia egunero telebistan aritzetik eta asteburuero antzerki funtzioak izatetik kasik ezer ez egitera. Oso geldialdi bortitza izan da, baina erritmo honetara ere egin naiz.

Noiz eta nola amaituko den ez jakitea da gogorrena?
Dudarik gabe. Etxean egon behar izateak baino gehiago gero zer etorriko den ez jakiteak sortzen dizu ezinegona.

Hemendik aurrera garai latzak aurreikusten dituzu kulturarako?
Bai. Nik uste dut 2020an ez garela normaltasunera itzuliko.
Gauza bat da kalera ateratzen hastea eta beste bat antzokiak betetzea. Zuzeneko artea, kontzertuak, antzerkia… 2021ean itzultzea sinatuko nuke oraintxe bertan. Honek min handia egingo dio gure sektoreari eta ez dakigu noiz arte luzatuko den krisi hau.

Kultura entretenimendu gisa ulertzen dute askok?
Hori askotan gertatzen den zerbait da eta politikatik ere kultura entretenimendu soil bat bezala ulertzen denean gaizki goaz. Eta ez dut esaten entretenitu egin behar ez duenik, baina ez soilik hori, noski. Itzalaldia eta greba egin ditugu egun hauetan gogoeta hauek eragiteko.

Uste dut oinarrizko babes maila bat behar dugula eta momentuz ez daukagu. Euskal Aktoreen Batasuna eta gremio osoa ari gara lanean ikusteko galerak zenbatekoak diren eta nola egin dezakegun aurrera, baina besterik ez. Agintariekin laguntza posible batzuei buruz hitz egiten saiatu gara, baina orain ez dela horretaz hitz egiteko unea esaten digute. Ikusiko dugu, ba, noiz den momentua!

Beti oso kastigatuta egon gara eta nahiz eta ni beti oso baikorra izan, oraingo honetan ez dut prebisio onik aurrera begira .

"Kultura dela eta, nik pentsatu nahi dut agian Euskal Herriak beste jarrera bat hartuko duela krisiaren aurrean. Espainiaren zain bagaude, jai dugu”

Italian, Frantzian edo Alemanian aurrekontu bereziak dituzte kultura laguntzeko. Alemanian kultur alorreko autonomoek 1.600 euroko soldata izanen dute. Hori hemen pentsaezina da?
Aurretik ere bazuten beste babes klase bat sortzaileentzat hemengo egoerarekin batere zerikusirik ez duena. Nik pentsatu nahi dut agian Euskal Herriak beste jarrera bat hartuko duela. Espainiaren zain bagaude, jai dugu. Ez zaie interesatzen kultura maila bat egotea, pentsatzen duen gizarte bat edukitzea interesatzen ez zaien bezala. Horregatik esperantza pixka bat eduki nahi dut eta sinetsi Euskal Herriak beste puntu batetik helduko diola krisi honi. Eta jendeak ere kontziente izan behar du euskarazko kultura kontsumitzea gure esku dagoela eta behar-beharrezkoa dela, bizirik mantendu ahal izateko.

Telebistako Gure kasa saioarekin jarraitzeko etxetik ari zarete moldatzen. Zer moduz?
Astean behin egiten ari gara. Astean lau egunez egiten genuen eta orain astean behin soilik. Eta etxetik egitea beste formatu bat da. Ez da erraza izaten ari taldeko inorentzat. Zerbait guztiz berria denontzat. Etxean dugun ordenagailuarekin eta Skype bidezko konexioekin moldatzen gara. Nik pertsonaia bat baino gehiago egiten dudanez, ETBtik bidali zizkidaten pelukak, makilatzeko behar ditudan gauzak, jantziak… halere, gremio askotako hutsunea sentitzen dugu. Nik ez dakit ezer argiztapenaz, soinuaz, makillajeaz… beste lankideen egitekoa zure gain hartu behar duzu eta kasu batzuetan dibertigarria den bezala, erantzukizun handikoa ere bada eta ez dakizu ondo ari zaren edo ez.

Bat batean jende asko youtuber bihurtu da-zarete?
Bai, hala da. Aspaldi honetan esaten ari dira hori etorkizuneko lanbidea dela eta itxialdi honek gure lanaren parte bat horrela egitera eraman gaitu.

Harrigarria da zer nolako mugimendu handia dagoen egun hauetan sortzaileen partetik, ezta?
Ikaragarria. Nik hor nire sentimendu kontrajarriak ditut. Alde batetik gustatzen zait jendeari doaneko lan hori eskaintzea, baina bestetik beti ari gara aldarrikatzen baldintza duinak behar ditugula, gurea bereziki zigortua dagoen lanbidea delako eta inolako ziurtasunik eskaintzen ez duelako, eta orain dena oparitzen hasi gara. Zalantza dut barnean ea ondo egiten ari ote garen. Espero dut ondorio negatiborik ez ekartzea eta jendeak ulertuko duela hau etxean dagoen jendeari laguntzeko eta entretenitzeko mugimendu bat izan dela beste ezeren gainetik. Ez dut uste erakundeek eta kudeatzaileek esango dutenik “doan egin duzuenez, segi dezala denak doan izaten”.

Kulturgileek etengabe presente egoteko beharra sentitzen duzue?
Sortzaile batentzako amesgaiztorik txarrena da bere publikoa berataz ahaztea. Bestalde, sortzaileak garen heinean, ezinbestekoa egiten zaigu sortzea eta sortzen duguna erakutsi nahi dugu. Ezin duzu hori barruan gorde. Eta itxialdi egoera honetan inoiz baino gehiago. Sormen hori askatzen duzu eta hemen dagoenez, munduak ikus dezala. Behar hori hor dago.

Sare sozialak sutan daude egun hauetan…
Onerako eta txarrerako. Gauza oso onak ikusten dira eta auzo lotsa eragiten duten batzuk ere ikusi ditut nik. Edozein preziotan presente egotea egoteagatik, ez. Nik pertsonalki ez nuke edozein gauza zintzilikatuko eta itxialdi honetan sentsazioa izan dut jende asko horrelakoetan ari dela.

Etxetik aritzean pribatua eta profesionala gehiegi nahastu egiten ari gara?
Bai. Zure etxea den zure bunker horretatik ari zara eta hor gauza asko erakusten duzu. Niretzat nire etxea erakustea biluztea bezalakoa zen. Beste askorentzat agian tontakeria izango da, baina niri inporta zait. Eta zaila da dena kontrolatzea. Sare sozialetan zuk erabakitzen duzu zure bizitza pertsonaletik zer erakutsi eta zer ez. Telebista saioaren kasua desberdina da. Zuk saioa egin nahi duzu eta zure etxetik izate horrek garrantzia galtzen du, eta orduan gerta daiteke momentu batean kontrola galtzea, horregatik nik argazkiak kendu egin ditut, adibidez. Ez dut nahi mundu guztiak ikus dezan etxean zer dudan. Hala ere, neuk ere zalantza eta kontraesanak baditut. Beti esaten dut nire bizitza pertsonaleko ezer ez dudala partekatu behar eta nire bikotekidearen argazkirik, adibidez, ez dut jartzen, baina nire hiru urteko ilobarenak, aldiz, bai. Ahizpari galdetu nion eta baietz esan zidan, baina nire barruko mamuekin eta kontraesanekin ari naiz bueltaka beti, behin botatzen duzuna hor gelditzen da eta.

Jendearen jakin-gosea ase ezina da?
Eta garbi dago mundu hau mugiarazten duen gakoetako bat morboa dela. Gogoeta egin beharra dugu noraino elikatu nahi dugun morbo hori, bai sare sozialekin eta baita orain telelanaren bidez ere.

Jarraitzaileak lortzea da askoren helburua?
Horretan benetako lehia dago baina ni ez nau kopuruak horrenbeste kezkatzen. Nahiago dut jakitea zer profil duten nire jarraitzaileek. Sare sozialak, gehienbat, nire antzerki emanaldien promozioa egiteko erabiltzen ditut eta inporta zaidana da ea nortzuk diren nire ikuslearen profilean sartzen diren jarraitzaile horiek: hemengoak, antzerki zaleak…

Sare sozialetan jartzen diren gauza batzuek oihartzun ikaragarria izaten dute eta jakin behar da horiek erabiltzen. Ni orain sareak sailkatzen ikasten ari naiz. Uste nuen Twitter gehiago zela kontu profesionaletarako eta orain, aldiz, ikusten dut gehiago dela gogoetarako, borrokarako edota beste zerbaitetarako tresna bat. Gainera Instagramen postureo asko dagoela esaten dute, baina Twitterren ere sekulakoa dago, postureo intelektuala, baina postureoa azken finean.

Nik bi horiek erabiltzen ditut eta tarteka Facebook ere bai, baina oso gutxitan, besteetan zerbait jartzen dudanean bidenabar partekatzen dut hor ere.

Argazkia: Dani Blanco

Eta Virginia Santosek badu bere kontua Instagramen 2.600 jarraitzaile baino gehiagorekin. Kontent dago?
Bai! (irriz). Iban Garciaren ideia izan zen. Bera arduratzen da saioaren sare sozialen kudeaketaz eta berak proposatu zuen. Gero eta gehiago gozatzen dugu horrekin. Jolas bat bezala ulertu dugu eta orain arte gozamenetik gehiago eman dit lanetik baino. Gure kasa-ko produktu bat da eta saioa elikatzeko ondo dagoela iruditzen zait.

Egun hauetan antzerkia faltan botatzen dut eta sare sozialetan nire pertsonaiekin agertzea niretzako metadona moduko bat da.

Umorearen erreferentea zara gurean. Zergatik dago emakume umoregile horren gutxi munduan?
Ez delako izan guri utzitako espazio bat. Umorea eta komedia beti gizonentzat esklusiboki erreserbatutako eremua izan da. Gu beti nahi izan gaituzte formal, zuzen eta gizonen zerbitzura. Umorea, antzerkia… gizartearen isla besterik ez da. Emakumeari ez zaio eskubiderik eman bere bidea egin dezan. Iruditzen zait hor dagoela akatsa. Gizonentzat eta emakumeentzat idazten diren testuek ez dute zerikusirik. Badirudi guk ezin dugula politikoki ez zuzenak izan. Adibide ona da Erlauntza antzezlana. Hor sei emakume gaude oholtza gainean, jendeak buruan duen horretatik nahiko haratago daudenak. Inork espero ez duen emakume mota bat da. Eta iruditzen zait hori erakustea eta defendatzea oso garrantzitsua dela.

Emakumeontzako arruntak diren gauza asko arrotzak dira gizonezkoentzat. Erlauntza ikusi ondoren, niri gizon batzuek esan didate ez dela oso erreala “emakumeak ez zaretelako horrelakoak”. “Eta zuk esan behar didazu niri nolakoak garen gu?”. Faborez!

Mila aurpegi dugu, gizonek bezala, baina erakutsi digute horietako batzuk erakustea ez dagoela ondo. Guk Erlauntza-n sekulako konplizitatea sentitzen dugu publikoko emakumeekin. Eta halako ekimenen behar handia dago.

Umorearen indarra handia da?
Bai, baina hor ere sekulako hipokresia dago industriaren aldetik. Umorea da gehien kontsumitzen den produktua, diferentzia handiarekin gainera eta hor kontraesana dago komedia edo umorea beti kontsideratu izan delako dramaren anaia edo ahizpa txikia bezala. Komedia beti bigarren mailan egon da. Edozein sari banaketatan, edozein antzerki jardunalditan zer gertatzen den ikustea besterik ez dago. Nolabaiteko konplexua dago. Ni oso harro nago egiten dudanaz. Drama ere egin izan dut eta oso gustura, baina iruditzen zait jendeari barre eginaraztea ikaragarri zaila dela eta ez zaiola ematen behar duen garrantzia.

Euskal Herritik kanpo, konfort-eremutik kanpo, nola sentitzen zara?
Oso esperimentu polita izaten ari da. Egia da euskal ikuslegoak ezagutzen nauela. Hemen agertoki zapaldu orduko jendeak badauka nolabaiteko predisposizioa barre egiteko. Espainian ez dute hori eta lehenengo momentutik behar duzu borrokatu hori dena sinesgarri egiteko. Funtzio bakoitzean zerotik ehunera pasatzea ikaragarria da pertsonalki eta profesionalki ere bai. Nekagarria den bezala, sekulako saria ere izaten da.

"Nik beti defendatu izan dut umoreak ez lukeela mugarik izan behar eta pertsonalki umore guztiak gustatzen zaizkit, baina ni neroni kontraesanetan erortzen naiz eta ez dut umore matxista toleratzen, adibidez"

Umoreak badu mugarik?
Nik beti defendatu izan dut umoreak ez lukeela mugarik izan behar eta pertsonalki umore guztiak gustatzen zaizkit, baina ni neroni kontraesanetan erortzen naiz eta ez dut umore matxista toleratzen, adibidez. Bestalde, egia da umorea segun eta zertaz egiten den zigortu egiten dela. Izan ere, Espainiako errege-erreginarekin, banderarekin... sartzeagatik zigortuak izan dira zenbait umoregile.

Non dago muga? Norberak jartzen du edo jartzen digute? Nik uste dut denok egin beharko genukeen gogoeta dela.
Umorea egitean gizartearen parte baten erretratua egiten duzu eta norbait minduko duzu seguru, minduta sentitu nahi badu behintzat. Virginia Santos, adibidez, erretratu bat da, fikziozko pertsonaia bat eta gure gizartean gauza batengatik edo bestearengatik antza duten pertsonak badira, baina horrekin ez gara barre egiten ari elizkoiak diren edo asma duten pertsonen kontura.

Batek daki saioan zure bakarrizketak elkarrizketa sakonekin uztartu zenituen. Zaila egin zitzaizun aritzea elkarrizketatuei itzalik egin gabe?
Oso jende interesgarria elkarrizketatu genuen eta galdera pila etortzen zitzaidan burura, baina telebistan dena ongi mugatu beharra dago. Seguruenik gehien gozatu dudan lanetako bat izan da eta, aldi berean, esfortzu gehien eskatu didana. Oso zaila izan zen. Nik ez dut ikusten neure burua elkarrizketatzaile on gisa, baina hor zegoen aukera bakarrizketak egiteko, esketx momentutxo asko, eta horri heldu nion baiezkoa emateko garaian. Izugarrizko bidaia izan zen. Gainera asko ikasi nuen. Bizitzeko mila modu daudela eta bizitza ulertzeko mila bide ezberdin daudela ikusi nuen. Ikusleen harrera oso ona izan zen eta gaur egun errepikatzen ari diren honetan ere jendeak ongi heldu dio horri eta maiz esaten digute zer saio ona den.

Zer falta da ETBn?
Gauza asko, baina nik fikzioa botatzen dut faltan. Badakit alardearen inguruko serie bat egiten ari direla eta Ihesaldia egin dutela duela gutxi, baina ez da garai batean zegoen fikzio kantitatea: Goenkale, Martin, Bi eta bat, Jaun da Jabe, Pilotari... Guretzako lan piloa zegoen. Ez genuen kanpora begiratzeko beharrik hemen industria bat zegoelako eta aukera pila. Nik hori botatzen dut faltan ikaragarri, nahiz eta ni zorioneko sentitzen naizen fikziozko pertsonaiak lantzen ditudalako telebista saio batean, baina oro har, euskal aktoreen ikuspuntutik diot, fikzio gehiago egotea beharrezkoa da.

Zenbat ate ireki dizkizu irribarre horrek?
Bat baino gehiago seguruena. Behin batek galdetu zidan ea irribarre jantzita esnatzen ote nintzen. Ez naiz kontziente askotan irribarretsu nagoela. Are gehiago, serio banago jendea hasten zait galdezka ea ondo nagoen. “Irribarrea erantzi dut segundo batez, inporta ez bazaizu”. Amak ere esaten dit txikitan niri errieta egitea oso zaila zela, beti nuelako barre eragiten zion keinu inposible bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
'Zorretan'
Berezko lore bat

ZORRETAN

Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.

----------------------------------------

Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]


2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


Bakarrizketan

Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.

Antzokiko atarira... [+]


'Eukalyptus'
Naturaren aberastasuna

Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]


2024-10-09 | Ximun Fuchs
Tximinoa, salbaia eta elbarritua

Tristezia ez, ondokoa. Eta etsipen handia. Aurten bi sorkuntza erditu ditugu ("Lurrez Estali" eta "Bidasoa Mintzatuko Balitz"), arrakasta handia bildu dugu eta, hala ere, sentimendu garratz batek tinkatzen dit zintzurra.

30 bat urte daramazkit antzerkian... [+]


Haurrekin alzheimerraz mintzatzeko gakoak

Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.


Atera kontua(k)

TABERNARIA. INSTRUKZIOAK BOTATZEKO ONDO BAT KAÑA
Egilea eta zuzendaria: Patxo Telleria
Aktorea: Mikel Martinez
Noiz: Irailaren 20an
Non: Biltxokon (Baiona)

--------------------------------------------------------

Bezeroak kontua eskatzen duenean izan ezik,... [+]


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


Artea, zein preziotan?

OSCARRA OSCARRENTZAT
AKTOREAK: Mikel Laskurain, Jon Plazaola, Oihana Maritorena eta Ane Gabarain.
PRODUKZIOA: LaMandanga Producciones, Txalo Produkzioak
NOIZ / NON: martxoaren 2an, Donostiako Antzoki Zaharrean.

[+]


‘Inesa de Gaxen’ pastoralak beste bi emanaldi eskainiko ditu irailean

Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]


Eguneraketa berriak daude