Marie Pourquié (Baiona, 1982) neuropsikohizkuntzalaria da, afasiologian espezializatua. Dena egiteko dagoen eremuan dabil buru-belarri. Izan ere, hizkuntza patologiak dituzten euskaldunak erdarazko ebaluaketa tresnen bidez artatzen dira. Logopedek edo ortofonistek ez dute lana euskaraz garatzeko baliabiderik. Baionako ikerlariaren nahia gizarteari ekarpena egitea da eta hor dabil saretze lanetan irakasleekin, erizainekin, logopedekin eta ikerlariekin.
Gasteizen Euskal Filologia ikasten ari zela Marie Pourquiék garbi ikusi zuen zer ikertu nahi zuen: hizkuntza patologiak. Hizkuntzaren gramatika ikasteaz harago joan nahi zuen, eta gaur egun, gizakiaren hizkuntza-gaitasuna du ikergai. Gogoan du Gasteizko eskoletan nola ikasi zuen burmuinean hartutako kolpearen edo iktusaren ondorioz hizkuntza gaitasuna kaltetzen dela. Mintzaira edo idazketa gaitasunak murrizten dira; batzuek ulertzen dute, baina ezin dira mintzatu, beste batzuek hitzak harrapatzeko nekezia erakusten dute... Hori da afasia. Hizkuntza patologien ikerketak hiru diziplina biltzen ditu: hizkuntzalaritza, neurologia eta psikologia. Hizkuntza arazoak aztertzeko eta diagnostikatzeko norbanakoei ebaluaketak egiten dizkiete. Alor horixe jorratu nahi zuen Pourquiék, baina euskaraz.
Hizkuntza patologiak ez ziren euskaraz ikertuak ala?
Konturatu nintzen hizkuntza arazoak azaltzen zituzten adibide oso gutxi zeudela deskribatuta literaturan, euskaraz. Adibideak beti frantsesetik eta ingelesetik hartzen genituen, 80-90eko hamarkadakoak, eta euskara inoiz ez zen hor. Galdera da: orduan, garai hartan gaixoak nola ziren aztertuak? Erdaraz?. Bai, erdarazko tresnekin. Kontuan izan behar da adin tarte batzuk elebakarrak direla. Ez dakite galderak erantzuten, ez arazoren bat dutelako baizik eta hizkuntza apala dutelako. Ezagutu dut Hendaian bizi den bat, egunerokoan euskaraz bizi da eta gaztelaniaz oso ondo egiten du. Frantsesa ez du menderatzen. Azterketak frantsesez egiten zaizkio. Zer ateratzen da hortik? Medikuek badakite ez dela fidagarria haien ebaluaketa.
Dakizkigun hizkuntzetan desberdin eragiten du burmuinean izandako kalteak? Adibidez, lehen hizkuntzan era batera eta bigarrenean bestera?
Gerta daiteke hizkuntza berreskuratzen duzunean hobekiago edo errazago berreskuratzea. Hainbat faktore sartzen dira: zein adinekin ikasi zenuen hizkuntza, hizkuntza eskolan ala etxean ikasi zenuen, zenbat erabiltzen zenuen istripua izan baino lehen… Horregatik, testen bidez aztertu behar dugu hizkuntza bera, nola ari diren pertsona horiek hizkuntza horretan, baina elebitasunaren kontua ere aztertu behar dugu. Guk zaindu behar dugu ingurune soziolinguistikoa, aita-amekin nola mintzatzen garen…
Nola liteke hizkuntza arazoak ikertzeko eta diagnostikatzeko baliabideak euskaraz ez erabiltzea?
Ez dakit. Denok egiten ditugu mila gauza euskararen alde eta hor berriz beharrezkoa da hizkuntza kontuan hartzea, hizkuntza da kaltetua eta ez da kontuan hartzen. Orain, ebaluaketa-tresnak egokitzen ari garela, ulertzen dugu zergatik ez den egin. Tresna egitea zaila da, pertsona osasuntsuz osatutako populazio zati bat aztertu behar duzu, erreferentziak atera behar dituzu hortik… Eta horrez gain, gurean euskalkiak ditugu eta Euskal Herrian toki guztietan euskararen egoera ez da bera. Horregatik ez dugu tresna amankomunik egin, egia esan tresnarik ere ez dugu egin.
“Andereñoek erran izan didate ez dakitela zer erran gurasoei galdegiten dietenean haien haurrak gaizki irakurtzen duelako ea ikastolatik atera eta frantses sistema elebakarrean sartu behar duten. Andereñoak zer erantzungo du? Ez dauka objektiboki erantzuteko ebidentziarik”
Haur euskaldunen hizkuntza garapena aztertzeko egitasmo batean ari zara, besteak beste, ortofonista talde batekin elkarlanean. Zubiak egitea ezinbestekotzat duzu.
Hitz egin izan dut andereñoekin eta ortofonistekin nire ibilbidean eta hala erraten zuten: “Guk ez dakigu zein diren aurrerapenak, andereñoa naiz, baina ez dakigu zer esan gurasoei galdegiten digutenean haien haurrak gaizki irakurtzen duelako ea ikastolatik atera eta frantses sistema elebakarrean sartu behar duten”. Andereñoak zer erantzungo du? Ez dauka objektiboki erantzuteko ebidentziarik. Bada, zubia egin behar da ikerketatik eskolara, kontsultara, ospitalera.
Egitasmo horretan lortu zenuten taldetxoa biltzea.
Hainbat bileraren ondoan 30 bat lagun elkartu ginen, ikerlariak, ortofonistak, erizainak, andereñoak… eta Paristik etortzen ziren egitasmoa bideratzen zuten bi bitartekariak. Denon artean aukeratu behar genuen aztergaia. Logopeden eskariek indarra hartu zuten bileretan, haiek erraten zuten egunero euskaldunekin ari zirela, ez zutela tresnarik lanerako, eta ez zirela ongi sentitzen ematen zuten erantzunarekin. “Brikolatzen ari gara”, zen gehien erraten zuten esaldia. Andereñoak ere ados ziren haurren gaia izan zedin ikerketa gaia. Hala, arauak jakinda, bazekiten errazago antzemango zutela umeak hizkuntza arazoren bat zuen ala elebitasunak eragindako egoera zen. Akitania eskualdetik diru-laguntza lortu dugu, bi urterako, eta Baionako Iker zentroaren bidez ebaluaketa-tresna gauzatzen ari naiz. Bilera haietatik Euskal Ortofonisten Elkartea sortu da. Haurrak halako arazoren bat duenean gurasoak elkartera bideratzen ditugu.
Zertarako izango da prestatzen ari zaren tresna?
Gure misioa da bi urtean gizarteari tresna eskura ematea. Duela pare bat urte hasi ginen. 4 eta 8 urte arteko haurren hiztegia, ahoskera eta gramatika ebaluatzeko tresna da. Eskolako haurrekin garatuko dugu tresna. Elebitasun perfil desberdinetakoak hartuko ditugu, murgiltze sisteman ari direnak eta etxean euskaraz ari direnak, etxean guraso bat erdalduna dutenak… Osasuntsu dagoen populazioa aztertzen da eta hortik garapen mailak ateratzen dira. Mailak baliagarri izan daitezke andereñoentzat, jakin dezaten adin bakoitzean zein hizkuntza gaitasun diren ohikoak, baina tresna bera ortofonistentzat da, hizkuntza arazoak diagnostikatu ditzaten.
Tresna horrez gain besterik ari zarete garatzen?
Beste bat helduentzako ari gara prestatzen, afasia dutenentzako. Bi tresna dira, beraz. Zerbait da bederen, ezerezera harri bat ekartzea, beti buruan atxikiz baliagarria izango dela ikerketarentzat, hizkuntzarentzat, eta oro har, gizartearentzat.
Oso konplexua dirudi gaiak, baina Euskal Herrian oso jende kualifikatua bada. Lanbide horiek existitzen ziren eta ez zen dena sortu behar. Zubiak behar ziren egin. Hizkuntzalaritzan oso kualifikatuak badira, ikerketa zentro oso onak dira, ospitaleak ere oso onak, eta euskaraz ari den populazioa ere bada. Errango didate hau egiten dudala euskaltzale naizelako. Ez, gizarte arazoa da. Zergatik ez dugu hizkuntza kontuan hartuko hizkuntza arazoak baldin badira?
Ikerketa lanean euskaldunekin aritzen zarete.
Euskaldun gaixoak aztergai dira. Askotan plazerez hartzen dute, ikusten dute kontuan hartzen dugula haien egoera, haien ama hizkuntza. Batzuk badakite ez direla sendatuko, eta aldi berean badakite lagungarri direla. Erraten diegu euskaraz egiteko dela eta askotan erraten dute argiki baietz. Pozik dira. Haien hizkuntza historiak kontatzen dizkigute.
Beste hizkuntzatan egin diren testak euskarara ekartzeak ez digu balio?
Ezinezkoa da. Guk hitzak, esaldiak, esanahia… aztertzen ditugu eta hizkuntzaz hizkuntza aldatzen dira. Beti erraten dugu testa ezin dela itzuli, ez du zentzurik, dena egokitu behar da. Adibidez, ulermenaz ari garela, jakin nahi duzu pazienteak ‘s’ eta ‘ñ’ desberdintzen dituen. ‘Casa’-‘caña’-'castillo’-‘perro’ adierazi nahi duten irudiak jarri dizkiozu aukeratzeko eta eskatu diozu ‘casa’ zein den esateko. Ondo egiten badu etxea aukeratuko du, eta ezin baditu hotsak bereiztu garagardoa aukera dezake. Ariketa ezin da euskarara ekarri bere horretan: ‘etxea’, ‘garagardoa’, ‘gaztelua’ eta ‘txakurra’. Ez du zentzurik.
Haurrak eta zaharrak dira hizkuntza patologiak aztertzeko euskarazko tresnen behar larriena dutenak?
Ez, edozein adinetan istripua izan eta kolpea har dezakezu burmuinean.
Haurren adibide bat izan daiteke hizketan berantago hasi dela. Ez dakigu zergatik hasi den berant euskaraz edo erdaraz, arazo bat duelako ala inguruan hizkuntza asko dituelako eta denbora gehiago behar duelako hizkuntza ateratzeko. Zergatia aztertzeko hizkuntzen ikasketa-garapeneko erreferentziak behar ditugu ikerlariok eta logopedek. Azken horiek badituzte erdarazko erreferentziak, 4 urterekin haurrak jakin behar du hau eta hau erraten, baina neurri horiek populazio elebakarra kontuan hartuta atera dira.
Euskal Herrian ez dago logopedia edo ortofonia eskolarik.
Frantzian, ortofonia ikasketak bost urtez egiten dira, eta Espainian, logopedia lau urtez. Euskal Herrian ez dago. Euskarazko tresnarik ez izatearen arrazoietako bat bada eskolarik ez izatea. Ikasketak hemen egitea proposatu behar dugu terapeuta eta ebaluatzaile belaunaldi berriak sortzeko, ebaluaketa-tresnak sortzen laguntzeko eskuak izateko. Beharra badago. Bada afasia, bada alzheimerra, badira haurren garapen arazoak, dis aurrizkiarekin hasten diren horiek denak: dislexia, disortografia, diskalkulia, disfasia...
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]
AEBetako presidentearen Gazako palestinarrak kanporatzeko asmoak aurkako erreakzio ugari eragin ditu nazioarteko nahiz herrialdeko politikan, baita Alderdi Errepublikanoan ere. Gehienek "garbiketa etnikoa" sustatzea egotzi diote, baina Trumpek bere asmoa berresten... [+]
Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]
EAJren barne prozesuan ez du bere burua aurkeztuko, nahiz eta garaile irten den orain arteko bozketetan. Itxura guztien arabera, Aitor Esteban izango da EBBko buruzagi berria.
Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak armagintza industria goraipatu eta zabaldu diren “aukera” berrien aurrean sektorea “babestuko” duela azaldu du. “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakegun posizio... [+]
Bost urte bete dira Zaldibarren 800.000 tona zabor maldan behera amildu eta Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze langileak aurretik eraman zituenetik. Ikerketa judiziala amaitu gabe dago oraindik, Verter Recycling enpresak ez du ezer ordaindu zigilatze lanengatik,... [+]
Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]
Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]
Israelgo Estatuko saskibaloi taldeak ostiralean jokatuko du Gasteizen, eta mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.
Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.
Auzoak behar asko dituela nabarmendu dute eta Kristobaldegik beharrei erantzun ahal diela: auzo baratzeak, biltegia, kultur etxea, zaharren egoitza, eta abar.
Zerbait egin beharra izan liteke aurtengo Argia Sarietan garaikurra jaso berri dutenen oinarria. Zapalkuntzaren, bazterkeriaren, ahanzturaren aurrean antolatzearen erabakia hartu izana. Edo ilunetik argia ateratzea, zirrikituak bilatzea eta komunitateari eskaintzea. Balio... [+]