Euskal produktu ez hain gureen historia

  • Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako jatorrizko herriak arpilatzearen emaitza, globalizazioaren lehen ondorioa agian.

Aztekak artoa biltegiratzen 1575-1577ko irudian. Bernardino de Sahagún-ek idatzitako

1492, ezer izatekotan, Europako potentzia kolonialen anbizio inperialistak askatuko zituen lasterketa zoro baten abiapuntua izan zen. Nolanahi ere, gertaera horrek Atlantikoaren bi aldeak lotu zituen pertsona, ondasun eta ideien trafiko gero eta estuago batean, eta trafiko horietan dago egungo mundu globalizatuaren hazia.

Europako ekosistemen itxura errotik aldatu zuen produktu berrien sarrerak, zenbait historialarik “elkartruke kolonbinoa” deitutakoak. Flora amerikarrak zirrara handia eragin bide zuen kontinente zaharrean, Aro Modernoko herbarioak eta botanika-tratatuak labore amerikarren irudiz eta deskribapenez josita baitaude. Produktu hauetako batzuk XVI. mendean bertan iritsi eta egokitu ziren eta beste batzuek denbora luzeagoa behar izan zuten.

Adibide klasikoa, noski, artoa da (Zea mays). Urteroko landare gramineo honek Mexikon eta Erdialdeko Amerikan du jatorria. Bertan etxekotu zuten lehen aldiz duela 10.000 urte inguru, eta XV. menderako maien zein azteken labore garrantzitsuenetarikoa zen, 300 barietate baino gehiagorekin. Europara Cristobal Colonek ekarri zuen lehen aldiz 1492an bertan, eta oso azkar hedatu zen Iberiar penintsulan; Euskal Herrian, adibidez, XVI. mendearen lehen erdikoak dira arto-laboreen lehen aipamenak. Bertatik Italiar penintsulara hedatu zen, eta handik Alemaniara eta Frantziara; berandu gabe, funtsezko osagaia zen Europako landa-ekosistema gehienetan, gizakientzako zein ganaduarentzako.

Zentzu honetan, oso adierazgarria da Europako zenbait hizkuntzatan artoak ordezkatu zituen beste labore batzuei izena ere kendu izana. Erdi Aroan "arto" euskarazko hitzak hazi txikiko zerealak izendatzen zituen, Panicum eta Setaria generoetakoak hain zuzen; egun, hauen erabilera ia hutsala da labore amerikarraren alboan, eta "artatxiki" deitzen diegu. Antzeko zerbait gertatu da portugesean ere; artoari milho deitzen zaio, eta artatxikiei, berriz, milhete edo milho-miúdo.

Indaba edo babarruna

Artoarekin batera, Europako bidea goiz urratu zuen beste produktu bat babarruna izan zen (Phaseolus vulgaris). Honek ere Erdialdeko Amerikan eta Mexikon du jatorria, eta duela 7.000 urte inguru etxekotu zen; gerora, Andeetako labore-sistemetan ere egokitu zen. Maiek búul deitzen zioten; aztekek, etl; eta inkek, purutu. Europako babei antza hartuta, Colonek bere bidaietatik Espainiara eramandako produktuen artean egon zen, eta Europan aisa zabalduta zegoen XVII. mende hasierarako. Zenbait euskalkitan jasotzen duen "indaba" izenak argi asko adierazten du haren jatorria.

Patata eta tomatea apreziatzen kosta

Hirugarren produktu aipagarri bat patata da (Solanum tuberosum). Jatorriz Andeetakoa izaki, bertan etxekotu zuten lehen aldiz duela 5.000 urte, eta ordutik eskualdeko populazioen dietaren oinarria izan da. José de Acosta jesuita gaztelarrak 1590ean deskribatu zuen, esanez “trufa bezalakoa” zela eta “hosto gutxi batzuk” baino ez zituela. Hasiera batean, patatak ez zuen onarpen onik izan Europan; lorategi botanikoetan landu zen, baina badirudi populazioak ez zuela irrika handirik erakutsi hura jateko. XVIII. mendean, Frantziako Antoine Parmentier bezalako agronomoek (Euskal Herrian Rafael Garitano Aldaeta aipa daiteke) patataren balio nutritiboa aldarrikatu zuten, eta denbora gutxian asko zabaldu zen; Irlanda eta Polonian adibidez, pobreen elikagai nagusi bilakatu zen XIX. menderako.

Tomatearen 1613ko irudia. Basilius Besler-ek osatutako "Hortus Eystettsensis" liburuko ilustrazioa.

Bat-bateko onarpenik ezagutu ez zuen beste produktu bat tomatea izan zen (Solanum lycopersicum). Jatorriz Hego Amerikako landarea den arren, ez dago argi Perun ala Mexikon etxekotu ote zen, azken eskualde horretan K.a. VI. mendeaz geroztik dokumentatuta baitago. Nahuatl hizkuntzan xictomatl deitzen zioten, “zilbordun fruitua”. Europan, haren lehen aipamenak XVI. mendekoak dira; Mattioli botanikari toskanarrak 1554an deskribatu zuen, pomo d’oro (“urrezko sagar”) gisa, eta izen horixe du italiera modernoan ere. Hasiera batean, landare apaingarri gisa landu zuten. 1597an, John Gerard britainiarrak toxikotzat jo zuen, eta uste hori azkar zabaldu zen, batez ere, herrialde anglosaxoietan. 1697an, berriz, Napoliko errezeta-liburu batean aipatuko zuten, eta badirudi berandu gabe kontinente osoan zabaldu zela haren kontsumoa.

Kontuz piper sexu-minekin

Piperrek eta piperminek espezie bereko (Capsicum annuum) barietate-multzo zabala osatzen dute. Espezie hau modu independentean etxekotu zen Andeetan, Hego Amerikako eskualde tropikaletan eta Mexikon; arrasto zaharrenak, duela 8.000 urte ingurukoak, azken eskualde horretan topatu dira. 1590ean, José de Acostak utzi zuen idatzita: “Moderazioz janda liseriketa laguntzen du, baina kopuru handitan oso kaltegarria da […] sentsualitatea eragiten baitu”. Bere izaera min horri zor dio, ziur aski, Europan ezagutu zuen berehalako arrakasta, Ozeano Baretik inportatzea hainbeste kostatzen zen pipermina ordezkatzeko erabili baitzuten. XVI. mende erdialderako, erruz lantzen zen Iberiar penintsulan, eta bertatik Europara, Asiara eta Afrikara zabaldu zen berandu gabe.

Piperminen 1613ko irudia. Basilius Besler-ek osatutako "Hortus Eystettsensis" liburuko ilustrazioa.

Azkenik, kuia-mota desberdinak ere (Cucurbita moschata; C. maxima; C. pepo) aipa daitezke jatorri amerikarra duten landareen artean. Espezie hauen etxekotzearen arrasto zaharrenak Mexikon eta Perun topatu dira K.a. 6000 urte inguruan, baina berehala zabaldu ziren eta, XV. menderako Ipar Amerikatik Hego Konoraino lantzen ziren. Europan oso goiz sartu ziren, Colonen bidaien itzuleran, eta arrakasta handia izan zuten, jatorrizko kalabazin europarrak (Lagenaria siceraria) bezalako produktuak baztertuz.

Artoa eta garia txandakatzea

Adituek luze eztabaidatu izan dute Aro Modernoko nekazal eraldaketak "iraultza" gisa kalifika ote daitezkeen. Debate konplexu horretan sartu gabe, argi dago eraldaketa horiek laborantza-lurrak hedatzea eta, neurri batean, etekinak areagotzea erraztu zuela, zenbait eskualdetan behinik behin. Ondorioz, nekazal sistema gero eta intentsiboagoak garatu ahal izan ziren, modu horretan ekoiztutako soberakinak merkatura bideratuz.

Hori izan zen, ziur aski, Euskal Herriaren kasua, isurialde atlantiarrean behintzat. Artoa XVI. mendean sartu zen lehen aldiz Gipuzkoan, eta bertatik azkar hedatu inguruko herrialdeetara. Produktu berria ongi egokitu zen bertako baldintza topoklimatikoetara, eta laborantza-lurrak nabarmen zabaltzea ahalbidetu zuen, mendiguneetako, ibarretako zein paduretako herri-lurrak pribatizatuz eta baserri berriak eraikiz. Artoa gariarekin uztartu zen, bi urteko sistema intentsiboak eratzeko. Halaxe deskribatu zuen, 1669. urtean, Bidasoa bailara zeharkatu zuen François Bertaut de Fréauville printze frantziarrak: “Diotenez, alor batek garia eman duenean eta hau bildu dutenean, artoa ereiten dute abuztuaren amaieran, handik gutxira biltzen dutelarik”.
XVIII. mendean, zikloa guztiz normalizatuta zegoen Euskal Herri atlantiar osoan. Udaberrian artoa ereiten zen, sarri babarrunarekin batera; hauek udazkenean biltzen ziren, eta segidan garia ereiten zen, hurrengo udan biltzeko. Azkenik, ganaduentzako belarrak (pagotxa edo ailobrea) zein tuberkuluak (arbia edo patata) ereiten ziren, hurrengo udaberrian berriro zikloari ekiteko. 1791ean, Bizkaia eta Gipuzkoa bisitatzen ari zen Gaspar Melchor Jovellanos politikari espainiarrak halaxe laburbildu zuen: “Dirudienez ordena horrelakoa da: artoa, garia, arbia, artoa, eta abar […] Ez dago mahasti bat edo belaze bat ere; arbia eta artoa, eta ezer gehiago ez”.

Mende amaieran, Espainiako Historiaren Akademiak galdetegi bat bidali zuen estatuko udal guztietara, Hiztegi Historiko-Geografiko bat osatzeko informazioa eskatuz. Lehen atala, Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako informazioak biltzen zituena, 1802an argitaratu zen eta oso iturri aberatsa da garaiko nekazaritzaren egitura eta ezaugarriak ezagutzeko. Izan ere, hiztegi horretan jasotako datuak tokiko informazio-emaileek bidaliak ziren; Zestoako Udal Artxiboan, adibidez, Inazio Errastik prestatutako txostena kontserbatzen da, nekazal ekosistema dibertsifikatu bat deskribatuz. Batik bat artoa eta garia ekoizten zituzten, baina “mota guztietako lekari eta barazkiekin”, fruta desberdinekin (gaztaina, sagarra, hurra, intxaurra…) eta abeltzaintzako produktuekin osatuta. Zenbait kasutan, Hiztegiko informazioek zehaztasun maila harrigarria erakusten dute. Beintza-Labaiengo kasuan, esaterako, aipatzen da herrian 2.700 anega arto, 1.200 anega gari eta 100 anega babarrun biltzen zirela urtero, gaztain, sagar eta lihoz osatuta. Aramaion, aldiz, proportzioak aldatuta zeuden: 9.000 anega gari, 4.000 anega arto, eta kopuru txikiagoan “zekalea, oloa, baba, babarruna, lihoa, gaztaina, sagarra, udarea, ginga, gerezia, arana, intxaurra eta mota guztietako barazkiak”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


2020-01-24 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


2019-11-29 | Jakoba Errekondo
Babarrunak irakurri

Omiasainduz fruitu guztiak sartuak” dio esaerak. Mandio bete sagar, kuia eta kiwi da geurean (Malus domestica, Cucurbita maxima eta Actinidia chinensis). Beste asko bete arto (Zea mays) izango dira; edo bete babarrun (Phaseolus vulgaris); patata (Solanum tuberosum), tipula... [+]


2019-09-05 | Jakoba Errekondo
Murririk bai?

Baratzerik ba al duzu? Umetan etxean ezagutu ditudan bi baratzeek murria zuten, horma, alegia. Batek buelta osoan, alde bakarrean besteak. Murriak ondo erabilita, baratzeak mesede galanta izango du. Babesgunea sortuko du: komeni den tokian itzala egiteko jarriko da, edo haize... [+]


2019-08-22 | ARGIA
Bendeja masiboa astelehenero Getxon: “Ez gara delinkuenteak, gure barazkiekin osasuna eman eta gosea asetzen dugu”

Getxoko Itzulbaltzetan abuztuaren 12an udaltzainek baserritar bati barazkiak errekisatu izana salatzeko egin dute protesta Uribeko Kostako Agroasanbladak deituta.


2019-06-27 | Jakoba Errekondo
Arratzalde honetatik

Arratsalde honek ematen didan oihartzuna baliatu nahi dut esan eta irakurlea jakinaren gainean jartzeko: urteko egun luzeenak joan dira eta gaua luzatzen eta egun argia laburtzen hasi da. Honek ondorio latzak izango ditu landareengan, eta sahieska guregan.
Hasi berria dugun eta... [+]


2019-06-24 | Jakoba Errekondo
Piperminaren tristura

Landagailuarekin zuloa egin eta landarea sartu. Aurtengo udara berotuko duen minaren piperminak (Capsicum annuum) landatuta daude. Pentsatze hutsarekin hortzak izerditan jarri zaizkit.

Gure herrian Oria ibaia errio bihurtzen da, eta bere alde batera zein besterako... [+]


2019-04-08 | Jakoba Errekondo
Latinez zorrotz

Gorritik ekiten dio sasoi berriari laharrak, Rubus fruticosus eta Rubus ulmifolius. Zurtoin gorrian kimu eta hosto berriak gorri-gorriak dira, laster berdetuko badira ere. Udazkenean, hotzak azala erretzen dionean ere, hostoak gorritu egingo dira. Gurienean gorri, eta zahar... [+]


2018-12-19 | Jakoba Errekondo
Hazia hazi eta ez jaki

Uzta gehienak burutu dira. Landareen zikloaren amaiera hazia da, beste landare berri baten zikloari hasiera emango diona, alegia. Uzta ganbararatzen dugunean fruituak edo haziak jaso ohi ditugu, eta bietatik jango dugu negua berotzeko. Landareak ikaragarrizko indarrak bideratu... [+]


2018-10-29 | Jakoba Errekondo
Baratxuriaren mamia

Baratxuria, Allium sativum, sekula ez da falta gure sukaldean. Lehortutako buru-sorta zintzilik urte osoan, eta berria lehen sei hilabeteetan. Etxetik baratzerako bidea hartzen ari dira orain baratxuri buruak eta aleak, ereintza sasoia. Gero ere, ereintza garaitik kanpora,... [+]


2018-10-22 | Jakoba Errekondo
Baratxuriak itsasoa du maite

Baratxuriaren sasoia hemen da. Baratxuria ereiteko sasoia. Bere uztarena geroago izango da, eta hura buruan ekin behar lanari. Burua buruan, baratxuriarena zeurean. Baina denok ez dugu baratxuriaren burua helburu. Gero eta maizago ikusten da baratzeetan berdetarako ereindako... [+]


2018-02-16 | Jakoba Errekondo
Zenbat Euskal Herri?

Beldurkundea ez, baina begirune eta lotsa arteko zerbaiten punttu batekin erantzuten dut, gero eta maizago, landareetan ia edozer galdetzen didanari. Eta punttu hori gero eta handiagoa da.

Berdantza-bart galdetu zidan batek ea tomatea (Solanum lycopersicum) noiz erein behar... [+]


2017-03-28 | Jakoba Errekondo
Non dituzu tipulak?

Dagoeneko landatuta beharko luke tipulak (Allium cepa), baldin eta udako egun luzeenetara burua ederki osatuta iristea nahi bada. Otsaileko ilbeheran dela onena dio Oiartzungo Artamugarriko Felixek. Hala ere, bere buruari nasaitasun polita ematen dio, esaerak, nonbait, honela... [+]


Eguneraketa berriak daude