Zarauzko EAJko zinegotzi baten familiak naturgune babestuan eraikitako etxe puskak bost urte beteko ditu ikerketapean aurten. Legea interpretatzen dihardutenak ez dira ados jartzen, eta epailez, instrukzioz eta dena delakoz aldatuta ere, bakoitzak bere etxean jarraitzen du deklaraziorik egin gabe. Azkenekoz, abenduan artxibatu zuen kasua hirugarren epaile batek behin-behinean, aurreko epaileak egindako hanka-sartzeak behartuta. Kasua zertan den errepasatuko dugu.
Playa de moda zioen Zarauzko (Gipuzkoa) herrian turismoa sustatzeko 1929 urtean eginiko kartel batek. “Kantauri itsasoko zabalena”, irakur zitekeen behekaldean. Luxua aipatzen zen orduan ere. Zarauzko hondartza bezain zabala da etxebizitzek osatzen duten lehen lerroa, asko eta asko turisten alokairura bideratuak, kokaleku ederrean eraikiak. Badirudi jada lehen lerro horrek ez duela gizakia asetzen; bada itsasoaren gainean, ziurrenik herriak duen begiralekurik ederrenean, beretzat lekua hartu nahi izan duenik ere. Urteetako soka luzea ekarri du, ordea, Talaimendi magalean, naturgune babestuan, eraikitako etxe edo eraikinak. Urtez urte, epaitegiz epaitegi eta epailez epaile, gogor tenkatu den soka luzea. Hura askatzea eta kontua argitzea zinez korapilatsua egiten ari zaio salaketa ipini zuen Gipuzkoako Aire Kirol Federazioari.
Aia herriaren lurretan da Amezti baserria, Zarautz eta Orio banatzen dituen mendi edo muinoan. Baserriak urte asko zeraman abandonaturik, eta 2010 urtean, baserriaren jabe den Garrastazu familiak Aiako Udalari hura eraberritzeko lizentzia eskatu zion. Bi urte geroago beste lizentzia baten eskaera egin zuten, beste eraikin bat egin ahal izateko leku berean. Bi lizentziak onetsi zituen Aiako udal gobernuak (Igor Iturain zen alkate; EAJ), nahiz eta ondoren frogatu –eta udalak onartu– proiektuak ez zuela udalaren urbanizazio legea betetzen. Jabeek ez zuten baserria eraberritzeko edota eraisteko proiekturik aurkeztu; eraikin berriarena soilik aurkeztu zen.
Ibilbide judizial luzea izaten ari da kasua, gaur egun lau ikerketa daude irekita
Inguruetako herritarrek estimuan duten naturgunea da aipagai duguna, oinezko, bizikleta zale edota parapentean aritzen direnak ez dira gutxi izaten. Azken hauek gaur egun eraikina dagoen gunea baliatu izan dute euren jarduna praktikatzeko azken 30 urteetan. Otsailetik ekainera izan ezik urte osorako baimenduta zuten, izan ere, tarte horretan falco peregrinus belatz espezie babestuak habitatzeko eta ugaltzeko erabiltzen du gunea.
Etxearen eraikuntza prozesuaz aurrez jakitun eta kexu izanda ere, parapente zaleek 2015eko maiatzean sorpresa eraman zuten eraikinaren ingurua guztiz hesituta, eta hesia eraikinetik oso urrun, aurkitu baitzuten. Leku publikoa pribatizatu izana salatu zuten sare sozialetan. Aranzadi Zientzia Elkartea ere hesituraren aurka azaldu zen, eta Gipuzkoako Aire Kirol Federazioak salaketa jarri zuen epaitegietan.
Etxebizitza baino, eraikitzen ari zirena hotela zela salatu izan du parapente zaleek sortutako SOS Talaimendi plataformak. Eraikinak hamaika logela, beste hainbeste bainugela eta sekulako sukaldea ditu, hotel baten pare. Hamaika logela edukitzeaz, Aiako Udalak adierazi zuen “ezohiko familia konposizioarengatik” dela, hamaika anai-arreba direlako. Salatzaileek diote, bestetik, eraikin berriaren oinarriak bikoiztu baino gehiago egiten duela baserri zaharrak zituen metro karratuak: 183tik 469ra.
Horixe bera da salaketak duen oinarririk garrantzitsuena: baserria eremu babestuan kokatzen denez, Aiako Udalaren urbanizazio legeek diote eraikina eraberritu edo gehien jota berreraiki daitekeela –egoera kaskarrean aurkitzen bada–, baina 50 metroko erradioan. Eraikin berriak antzerako neurriak mantentzeko agintzen du Eusko Jaurlaritzaren hirigintzari eta lurzoruari buruzko 2/2006 legearen 28.4 artikuluak. Plataformak dioenez, eraikin berria gutxienez 200 metrora kokatzen da. “Berritzea” zer den, hor dago gakoa.
Hamaika anai-arrebaz osatuta dago eraikinaren jabe den familia. Senidetako bat Maite Garrastazu da, lizentziak eskuratu eta eraikuntza egin zutenean Zarauzko Udaleko hirigintza eta obra zinegotzia zena (EAJ). SOS Talaimendi plataformak EAJk gobernatzen zituen Zarauzko eta Aiako Udalei “elkarlanean irregulartasunak egiten” aritzea leporatzen die.
Ibilbide judizial luzea izaten ari da kasua. Gaur egun lau ikerketa daude irekita: bi pausaturik daude –horietako bat erabaki penalaren zain–, bide administratiboko bestea badirudi aurrera egiten ari dela eta, azkenik, abenduan behin-behinean artxibatutako bide penala irekitzeko eskatu dute salatzaileek.
2015ean jarri zuen lehen salaketa Gipuzkoako Aire Kirol Federazioak, eta Azpeitiko lehen Instrukzio Epaitegiak bide penala ireki zuen lurrak bidegabe erabiltzeagatik; Garrastazu zinegotzia prebarikazioa egotzita ikertu zuten. Urtebete geroago, kasua behin-behinean artxibatu zuten lizentzia legezkoa zela arguadiatuz. Epaiarekin ez ziren kontent geratu salatzaileak, izan ere, ez zen aztertu lurgune babestuan etxebizitza berri bat eraikiko zenik, eta beraz, Gipuzkoako Auzitegian errekurtsoa jarri zuten.
Bi aldiz eskatu zen epaiketaren epea zabaltzeko; bi urte behar izan zituen Gipuzkoako Auzitegiak epai irmoa emateko. Bitarte horretan Arartekoa eraikinaren aurka azaldu zen, Eusko Jaurlaritzaren legeei men eginda, “bidegabekeria handia” zela esanaz. 2018ko uztailean Gipuzkoako Auzitegiak probisionalki artxibatu zuen kasua, “eraikin aldaketa” zela argudiatuz eta ez “eraikin berria”.
Honela jarraitzen du epaiak: “Eusko Jaurlaritzaren lurzoru legeak ez du zehazki debekatzen eraikina lekuz alda daitekeenik, baina Aiako udal legeek baimentzen dute. Beraz, zaila egiten da jakitea obra lizentzia hori administratiboki irregularki eman den, arbitrarioki eta engainatzeko intentzioarekin; hori litzateke prebarikazio urbanistikoa (...) Ez da berreraikitze gisa kontsideratzeko zantzurik aurkitu”.
SOS Talaimendi plataformak EAJk gobernatzen zituen Zarauzko eta Aiako Udalei “elkarlanean irregulartasunak egiten” aritzea leporatzen die
2017ko martxoan Azpeitiko bigarren Instrukzio Epaitegia sartu zen jokoan, ordura arteko hirugarrena: orduan ere martxan zegoen Gipuzkoako Auzitegian administrazioarekiko auzi-prozesua. Aiako Udalak eraikinera heltzeko urbanizazio lanak egiteko eta inguruan zuhaitzak landatzeko baimena eman zuen inolako lizentziarik aurkeztu gabe –kexu dira etxearen ingurua pribatizatu dutelako, ingurua “itxi” dutelako– ; hori zen ikerketa berri hau irekitzearen arrazoia. 2016ko abuztuan lanak gelditzeko agindua eman zuen udalak. Ordurako, egin beharrekoak eginda zeudela salatu zuen SOS Talaimendik. Ikerketa honetan Garrastazu familiako bi kide –zinegotzi izandakoa ez–, 2015etik Aiako alkate den Nekane Arrizabalaga (EAJ), aurreko alkate Igor Iturain eta udaleko idazkaria, arkitektoa eta aparejadorea ziren akusatuak.
Epea urtebetez luzatzeko eskatu zuen Maria de Blas epaileak ikerketa ireki bezain pronto, 2018ko irailaren 3ra arte. Gipuzkoako Auzitegiak 2018ko uztailean bide penaletik zihoan kasua artxibatu ondoren hasi ziren mugimenduak Azpeitiko bigarren Instrukzio Epaitegian: Arrizabalaga alkatea akusatuen aulkitik kendu zuen epaileak, eta lau akusaturekin geratu da kasua orduz geroztik. Abuztuaren 30ean, instrukzio epea amaitu baino egun gutxi lehenago, epaileak auto baten bitartez adierazi zuen lehen eta bigarren Instrukziozko Epaitegien kasuak “kontu bera” zirela, eta kasua ez zegokiola berari, baizik eta alboan zuenari. Izapiderik egin gabe hanka egin nahi izan zuen, baina Gipuzkoako Fiskaltzak ez zuen baimendu. 2018ko abenduan, lau urteren ostean, bost inputatuak deklaratzera deitu zituen 2019ko martxorako.
Ez zen deklaraziorik egin. Akusatuek adierazi zuten instrukzio judizialaren epea irailean amaitu zela, eta arrazoi zuten; izan ere, Gipuzkoako Auzitegiak Maria de Blas epailea jo zuen errudun epea luzatu ez izanagatik. Epailez aldatu eta azaroan kasua behin-behinean artxibatzea erabaki zuten, beste behin.
“Denbora galdu dute Azpeitiko instruktoreek”, dio Asier Garate Gipuzkoako Aire Kirol Federazioko abokatuak. Aurreko epaileari salaketa jarri diola ere iragarri du. Hala eta guztiz ere, ontzat jotzen du behin-behineko artxibatzea: “Epaile berriak dio ezin dela jarraitu auziarekin ez dagoelako dilegintziarik aplikatuta, baina ez dio zantzurik ez dagoenik; ate bat zabalik utzi du eta baliatuko dugu”.
Gipuzkoako Batzar Nagusiei galderak luzatu dizkiete erantzukizun eske, eta bestetik, abenduaren 12an kasua berrartzeko parte berri bat aurkeztu zuten. Honakoan beste bi protagonista sartzen dira auzian: Xabier Txurruka (EAJ) Zarauzko alkatea eta udal teknikari bat ur eta bestelako hornidurak esleitzeagatik kasua ikerketapean zegoenean, 2015 eta 2016an –udal gobernuak ez du ARGIArekin hitz egin nahi izan–. Urtarrilean onartu zuen Adrian Camara epaileak salatzaileek eginiko eskaera, baina erreportajea idazteko unean kasuak ireki gabe jarraitzen du.
Auzia bide administratibotik soilik tratatzea ekidin nahi dute salatzaileek: “Udala zigortzen badute eraikina eraistera edota kalte-ordainak ordaintzera, guztiok gure poltsikotik jarriko dugu. Lotsagarria litzateke. Eta bestetik, bistakoa eta agerikoa litzateke, eta ulertezina kasu horretan, epaile batek ebaztea urbanizatu ezin den gune batean lizentzia ilegal bat eman dela. Horrek esan nahiko luke zigor kodeko 329 artikulua urratu dela: ingurumena prebarikatzearen delitua”. Zigor kodeko artikulua interpretatuz gero, espetxe zigorrak eta inhabilitazioak egon daitezke prebarikazio administratiboagatik.
Almidoiarekin egindako plastiko biodegradagarrietatik sortutako mikroplastikoek saguen osasuna kaltetzen dutela ikusi dute esperimentu batean. Ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela bioplastikoen segurtasuna hobeto ikertzea, haien erabilera handitzen jarraitu aurretik,... [+]
Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamika jarri du martxan aurten ere Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Udal eta elkarteekin elkarlanean. Jaien testuinguruan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea dute helburu. Iaz abiatutako bidetik jarraitu nahi dute aurten ere,... [+]
88 urterekin hil da Frantzisko aita santua astelehen goizean, iktus baten ondorioz. Azken boladan osasun arazoak izan zituen. Miñan liburua gomendatu zuen publikoki, migratzaileen egoera kontatzen delako.
Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen... [+]
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Azken bi hamarkadetan indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri du mugimendu feministaren borrokak, besteak beste, eta bikote arteko indarkeria edo “familia arazo” gisa deskribatzen zenak, eremu publikora eta kalera egin du salto. Indarkeria matxistaren... [+]
Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]
Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]
Irungo Landetxa auzoko pala txapelketa mistoan, hogei bikotetik bakarra da emakumeek osatua, 40 lagunetik bi baino ez dira emakumeak: Idoia Karrera eta Loiola Zuazu. Lehiaz, txapelketa misto eta ez mistoen arteko aldeez eta joko-mailaz mintzatu gara haiekin. "Emakumeok... [+]
Bazterkeria egoeran dauden pertsonen elikadura beharrei erantzuteko, Paris 365 jantoki solidarioa martxan jarri zuten Iruñean, 2009an. Ordutik, euro baten truke egunero hiru otordu bero ematen dituzte. Urtarrilaren 27an iragarri zuten aurrez aurreko afariak emateari... [+]