Munduko mapa monokultura intentsiboka antolatzen duen laborantza ereduak ezinbestekoak ditu lan indarra ahal bezain merke xurgatuko zaien langileak. Koronabirusak eragin mugen ixtea dela eta, lan-baldintza eta soldata kaskarrak onartzeko prest diren auzo herrietako sasoilariak ezin izan dituzte ekarrarazi lur-jabeek. Aterabide gisa, etorkinei bideratu nahi diete lana. Sektore horri begiratzeak laguntzen du ulertzen zergatik bapatean papergabeak kontuan hartzen dabiltzan europar estatuak.
Teresa Bellanova Italiako Laborantza ministroak zehaztearen beharra ikusten du: “papergabeen erregulartzea kontu ekonomiko bat da, baina soziala eta humanitarioa ere bai”. Laborantzaren sektoreko ekoizpena segurtatu ahal izateko, 270 eta 350 mila sasoilari artean eskas ukanki, 600.000 bat papergabeei egonaldi baimena emateko asmoa plazaraturik du Italiako Gobernuak. Lehen behakoan, lekuz eta jokoz kanpo kokaturiko adierazpena dirudi. Mediterraneo erditik Gobernuz Kanpoko Erakunde batek doi-doi salbaturiko etorkinak porturatzeari begira uzkurkeria eta errefusa direlarik azken urteetako joerak, arras kontrako zentzura doan nahikundea dirudi. Alta, badirudi hori dugula azken aldi hauetako tendentzia: ortu eta negutegietako lanak segurtatu ahal izateko behar ditu etorkinak. Italiaren gisara, Frantziak, Espainiak, Erresuma Batuak, Alemaniak, Suitzak... hots, baratzegintza eta fruitugintza intentsiboa auzo herrietako lan-esku merke eta esplotagarriari esker segurtatzen dabiltzan estatuek. “Barne mailako deslokalizazioa” terminoarekin izendatzen du antolaketa hau Emmanuel Terray antropologoak.
Aurten ordea, koronabirusaren izurriteak eragindako mugen ixteagatik ezin izan dute. Ezin izan dituzte ekarrarazi Errumaniatik, Poloniatik, Tunisiatik zein Marokotik urtero datozen ehunka mila sasoilariak. Nagusi batzuk deklaratu gabe lanarazten dituzten papergabeekin ere ez dute nahikoa eta dena dela, ezin orokortu bide hori.
Laborantzaren kalifornizazioa deitzen zaio lehen sektorearen antolaketa horri: monokultura, lurralde bakoitzak espezializazio bat duela eta hori segurtatu ahal izateko eskubide guti bermatzen zaion lan-esku merkean oinarritutakoa. AEBetako Kalifornian garatu eredu hori mundu mailara hedatuz joan da, laborantza mundializatu arau. Elikadura burujabetzarekin –herri bakoitzak elikadura eskaerari bertan ekoiztutakoarekin erantzuteko gaitasuna eta aniztasuna– antipodoan.
“Sasoilari kanpotarrak sektore intentsiboenetan dira presente: laborantza gune bat espezializatzen eta industrializatzen denean, atzerritar eskulana kontratatzeko kanal eraginkorrak plantan emanak dira: lansari eta lan-baldintzak onartzeko prest diren bakarrak direlako”. Horra zer ondorioztatzen duen Frédéric Decosse lan migrazioetan adituak.
Via Campesina sindikatua dabil langile hauen esplotazioa salatzen. Europako hainbat herrietan hamar urtez eramandako ikerketa lanetik atera zuen 2015-2016 urtean Laborantza: migrante langile sasoilarien esplotazio laboratorioa txosten mamitsua. Dokumentuak argira dakar sasoilari andanaren errealitatea: tratamendu txarrak, soldata miserableak eta txarrenean, ordainketa-ezak, duintasunik gabeko etxebizitzak, eskubide urraketak eta abar. Nola ez, pestizida eta intsektiziden artean lan egin beharra. Legaltasun osoan pairaturiko egoerak dira gehienetan, ordu kopuru batentzat behintzat deklaratuak izanki.
Hori horrela, hobeki ulertzen da zergatik etorkinei dei egin dieten gobernuek. Decossek dioen gisara, beste inork ez lituzkeelako baldintzak onartuko. Daukatena baino hobea izanki proposatutakoa, askok onartuko dute lana –erabat ulergarria dena–. Usaian auzo herrietako langileek egiten duten gisara, funtsean. Italiako laborantza ministroak aipatu alde ekonomikoa argia da, alde soziala eta humanitarioa ordea zalantzan jartzekoa. Italiaren gisa, Espainiak ere baimendu zuen apirilaren 7an migratzaileen kontratatzea eta Frantziako Estatuak ere du bide hori irekirik. Alemaniak ordea, mugen hestea lausotu eta sartzen utzi ditu gehiengoan Errumaniatik eta Poloniatik etorritako 300.000 sasoilariak, sarreran kontrol medikala eginez –ikustekoa ordea zer nolako kontrola izanen den: sukarra neurtzea? Testak egitea?–.
Frantziako Sena eta Marneko prefekturak etorkinei luzatu eskaera aztertu eta egoera horretan den botere-harreman bortitza azpimarratzen du Natacha Lubin kazetariak “Errefuxiatuak sasoiko eskulan gisa errekisizionatuak” (Des réfugiés réquisitionnés comme main-d´oeuvre saisonnière)artikuluan. Batetik, asilo eskaera egindakoei eta errefuxiatuei eskatu izanak, “Frantziako jendarteari begira zordun direnaren ideia dakar harekin” eta hortik “onartu besterik ez luketela egin beharko –haien bizia lanjerrean eman behar badute ere–”. Lanerako deia prefekturak, hots, erregulartzeak erabakitzen dituen egitura berak egin izanak ondoko galdera pausatzera darama kazetaria: “Zein da benetan asilo eskatzaileak duen askatasun tartea? Indar harreman asimetriko batean gaude”.
Krisi sanitarioan, ondoko galdera ere da mahai gainean: Koronabirusaren izurritearen testuinguruan bermatuko zaizkie babes-neurriak? Eskubideak urraturik diren eremu horretan sinetsi daiteke nagusiek langileen osasuna lehenestea erabakiko dutela? Alemaniara zoazen bi milako bat sasoilari Errumaniako Cluj Napocako aireportuan metaturik ikusteak duda areagotu besterik ez du egiten. “Mundu mailako konkurrentzia sistema orokortu batean izanki, agroindustriak beharrezkoa du eskulan geroz eta flexiboagoa eta merkeagoa –dio Andaluziako SOC-SAT sindikatuko Nadia Azouagaghek–, horretarako Europar Batasunaren baliabide juridikoek ahalbidetzen dute lan legeria nazionalaren saihestea, beti bitartekarien mesedetara eta langileen kalteetara, batez ere etorkinak direlarik. Horrek dakar oinarrizko eskubideen urraketa sistemiko eta estrukturala”.
Hiru aukera ditu nagusiak: gobernuek zabaldutako bide legal eta administratiboak –contratación en origen Espainiako Estatuan eta OMI/OFII kontratuak Frantziakoan–; bitartekari pribatuek irekitakoak, hauek ere legalak; baita bitartekari informalek ere garatutakoak –demagun, Caporalato Italian–. Via Campesinak dioenez, sasoi bukaeran haien herrira itzultzeko gisan eta erregulartzeak saihesteko moduan antolatuta da guztia. Adibidez, hainbat lan kontraturen buruan egonaldi baimenaren lorpena ahalbidetu arren Espainiako Atzerritarren Legeak, Huelva probintziak lortu zuen laborantzaren sektorerako aukera hori ezeztatzen. Usu umea duten emakume ezkonduei bideratzen dizkiete lan-kontratuak, gehiago bermatzen dielako ondotik haien herrira itzuliko direla.
Azken asteetan zabalduz doan mezuari jarraikiz, kontsumitzaile gisa dugun botereaz jabetu eta tokian tokikoa erostea dugu bidea, harri batez bi xori, bi zentzutara eragiteko: bertako laborariak sostengatzeko eta urruneko pentzeetako sasoilarien esplotazioa errefusatzeko.
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]
Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.
Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.
Bilboko Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuari eta ezintasun iraunkor absolutua onartu dio COVID19 iraunkorra duen osasun zentro bateko zeladore bati.
Espainiako Gobernuko Osasun ministro Carolina Dariasek jakinarazi duenez, Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du garraio publikoan musukoa derrigorrezkoa ez izatearen dekretua.
Txinan derrigorrezko isolamendu neurriak kendu dituzte nazioarteko bidaiarientzat, eta eguneroko kutsatzeen datuak emateari utzi. Politika aldaketa baten ondorioz dira neurriok, baina egoeraren kontrolik ezak nazioartean izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute zenbait adituk.
Iraungi diren gehienak Pfizer markakoak dira, Europar Batasuneko hornitzailerik handiena.
Milaka herritar kalera atera dira hiriburu nagusietan, Txinako Gobernuaren zero COVID estrategiak eragiten dituen kalte ekonomikoak eta psikologikoak salatzera. Aspaldi ikusi gabeko mobilizazioetan orri zuria erakusten dute manifestariek, zentsura irudikatzeko. Pandemia hasi... [+]
Sumindura pikor batekin hartu dute batzuek zero-covid estrategiaren inguruan Renmin Ribao egunkari txit ofizialak aste honetan bertan argitaratu duen artikulu-segida. Ondorioztatu baitute –zuzen, behingoz– Beijingeko agintariek, Partiduaren XX. Kongresua amaitu... [+]
Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]
"Azken txanpan" sarturik, arrisku taldeak txertatu, aldagai berriak kontrolatu eta osasun sistemak hobetu behar direla dio MOE erakundeak.
Irailaren 1ean ekin diote 2022-2023 ikasturteari Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, COVID-19aren aurkako neurririk gabe. Berrikuntza gehiago ere izan dituzte: Seaskako ikastola eta kolegioetan ehun ikasle gehiago dituzte, eta Irisarrin, Larrainen eta Barkoxen murgiltze... [+]
Ikerketan ia 40.000 hilekodun pertsonek parte hartu dute eta haietatik ziklo erregularra dutenen %42k txertoaren ondoren odoluste handiagoa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan.