“Krisitik irteteko gure gidoia idatzi eta horren alde borrokatu behar dugu”

  • Ainhoa Etxaide Amorrortu LABeko militantea eta sindikatuaren Eskola Feministako arduraduna da. Amorruz bizi du koronabirusa baliatuta botereak abiatu duen erasoaldia, 2008ko krisiaren ondorioak oso presente baititu. Arrazoia ezkerrarena dela dio, baina botere kontua dela hau eta momentuz ez dagoela herritarren eskuetan. Datorkiguna “ikaragarria” izan daiteke, ohartarazten du, baina, borrokatuz, boterearen agenda oztopatzeko eta alternatibak garatzeko aukerak daudela sinetsita dago.

Argazkia: Hodei Torres.
Argazkia: Hodei Torres.

Nola ari zara bizitzen aste hauek?
Antsietate handiz eta oso amorratua. Berehala etorri zitzaizkidan burura 2008tik aurrera bizitakoak. Gatza, oraindik itxi gabeko zaurietan. Amorrua sentitzen dut batzuek etxeko lau pareten artean itxi gaituztelako, euren interesak askatasun osoz babesten eta borrokatzen dituzten bitartean. Ez gaude isilik, sareetatik, leihoetatik eta balkoietatik kritikatzen eta salatzen ari gara. Sindikatuak ari dira, ahal den neurrian. Baina ongi dakite horrela ez dugula botereari aurre egiteko gaitasunik.

Zein agertoki irudikatzen duzu alarma egoera eta konfinamendua amaitzen direnerako?

Lan merkatuan ondorioak nabarmenak izango dira eta aurrekontuak berregingo dituzte. Esango digute diru iturriak txikitu direnez soldata, zerbitzu edota prestazio bidez iritsiko zaiguna askoz ere urriagoa izango dela. Krisiaren ondorioz, diote, baina egiten diren politiken emaitzak dira. Politikak aldatzen badira, emaitzak ere bai. Egiten uzten badiegu krisia langileok ordainduko dugu, eta botere ekonomikoak aukera paregabea izango du bere interesetan sakontzeko.

Espainiako bankuak BPGaren %6,6 eta %13,6ra arteko jaitsiera aurreikusten du 2020rako, eta %18,3 eta %21,7 arteko langabezia tasa. Frantziako Bankuak BPGren %6ko hondoratzea aurreikusten du urtarrila eta martxoa artean.

Koronabirusa agertu aurretik ekonomia moteltzen ari zen, BPGren jaitsiera posiblea zenbatekoa izango zen eztabaidatzen ari ziren, krisi hotsak biderkatzen. Orain, gutxi batzuentzat oso oparoa den eredu ekonomikoaren ibilbidea eten egin da tarte batez, eta egoera tamalgarrian utziko gaitu denak. BPG asko jaitsiko da, baina zergatik jarri arreta hor? Zegoenaz, dagoenaz eta ekonomia berreraiki behar dela esaten dugunean irudikatzen dugunaz gure argazki propioa egin behar dugu. Krisitik irteteko gure gidoia idatzi eta horren alde borrokatu behar dugu.

Enplegu merkatuari dagokionez, zein egoera espero duzu Euskal Herrian?

Enplegu asko suntsitu da eta suntsituko da enpresek hori erabaki dutelako, haien errentagarritasuna irizpide bakarra dela ulertuta. Legeak eskuetan egingo dute, babes eta laguntza instituzional osoarekin.
Krisiaren aurrean zer zaintzen eta babesten den da kontua. Enplegu gutxiago suntsituko da irabaziak dituzten enpresetan kaleratzeak debekatzen badituzte, gertuko ekonomia berpizteko eta sendotzeko politika errealak eta eraginkorrak egiten badituzte. Enplegua sortuko da zaintzarako sistema publiko bat eraikitzeko erabakia hartzen bada. Zerbitzu publikoak indartzen badira. Lanorduak murrizten eta berrantolatzen badira.

Eta ordaindu gabeko lanen eremuan?

Merkantilizatu dituzten espazioetan gaizki, eta arautu gabekoetan are okerrago. Etxeko langileak eskubiderik gabe sartu dira krisi honetan eta asko kale gorrian geratu dira, paperik gabe askotan, inolako babesik gabe. Zahar egoitzetan, etxez etxeko zerbitzu edota garbiketa enpresa askotan baino segurtasun neurri gehiago dituzte industriako hainbat enpresatan. Zerbitzu hauei baino balio gehiago ematen zaio AHTari edo Bilboko Supersur errepide zatiari. Eta hor daude ondorioak. Emakume asko gaixotu da eta egin diren salaketek ez dute beste borroka batzuen oihartzunik lortu.

Argazkia: Hodei Torres

Jendarteko zein sektore izango dira kaltetuenak? Gure belaunaldiak ikusi ez dituen pobrezia eta bazterketa mailak ikusiko ditugu?

Konfinatu gaituzte eta politika bera aplikatuz ezberdintasunak areagotu dituzte. Etxeak eta familiak ez dira espazio seguruak indarkeria matxista bizi dutenentzat. Aurrezkiei esker bizitzea ez da aukera bat soldata oinarrizko premiak asetzen agortu dutenentzat. Etxegabeak ezin dira konfinatu. Berdin zaie. Erabakiren bat hartu da, presioen ondorioz, baina fundamentuzko ezer ere ez.

Ez dago pobreziari buelta ematerik eskubide sozialen iturria enplegua bada eta politika sozialak jarduera ekonomiko kapitalistaren araberakoak badira. Prekarietatea eta bazterketa soziala derrigor handituko dira oinarrizko bizi premiak merkatuan erosi behar badira. Ez baitira publikotik ziurtatzen, etxebizitza bereziki. Egoera horiek ez dira krisiaren ondorioak, ereduaren emaitza logikoa baizik.

Enpresa txiki eta autonomo asko desagertu daitezke, handien probetxurako.

Lehiakortasunaren izenean egin dituzte politika ekonomiko guzti-guztiak, eta gure oinarrizko egitura ekonomikoa izan behar duen gertuko ekonomiak –enpresa txikiak, autonomoak...– ez du inolako aukerarik enpresa handiekin lehiatzeko. Komertzio txikia itxirik dago Amazon eta antzekoek negozioa egiten duten bitartean. Edo negozioa egin dezaten. Handiak txikia jango badu, sarraskia ikaragarria izango da.

Baina badago zer egin: jarduera ekonomikoaren etete partzialetik eratorritako zorrak kendu, jarduera berreskuratzeko laguntzak eman, enpresa bakoitzaren errealitatearen araberako neurriak ezarri, enplegua mantentzen dela ziurtatu laguntzak ematerakoan...

Botere guneetatik irteera keynesiar eta ‘sozialago’ baten aldeko ahotsak ere entzuten dira: Marshall plan berri bat Europan, gutxieneko errenta unibertsala Syllicon Valleyko zenbait gururen ahotsetan...

2008an sistema finantzarioaren kontrola zorroztu behar zela entzun genuen. Badaude eredu soziala indartu behar dela aldarrikatzen dutenak, kapitalismo berdea posiblea dela pentsatzen duenik eta M8an benetako berdintasuna ezarriko duen feminismo liberala aldarrikatzen duenik ere. Sistema betikotzeko moldaketak lirateke. Hor ez dago alternatibarik.
Dena den, uste dut badagoela zer eztabaidatu. Ez ditzagun lorpen erreformistak baztertu, gutako batzuk neurri horiek gabe bizi gaitezkeelako. Politika sozialak herritar askoren bizi aukera bakarra dira. Bata edo bestea dikotomian zangotrabatu beharrean, alternatibek behar duten trantsizio prozesuaren eztabaidan sakondu behar dugula uste dut.

EAJ zer posiziotan ikusten duzu?

EAJk pasa den krisian asko suntsitu zuen eta oraingoan bide beretik doaz”

EAJn ez da inolako sentsibilitate sozialik antzematen, oso esanguratsua da. Kontrakoa: aipatzen diren neurri edo politika batzuk EAJk zuzendutako gobernuek ezarri zituzten –Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, kasu– eta orain horiek deuseztatzea da Jaurlaritzaren helburua. Ez dut uste lehengo eta gaurko EAJ denik aldea. Garai bateko garaipen sozialak dira, behartuta hartu zituzten neurriak. Pasa den krisian asko suntsitu zuten eta oraingoan bide beretik doaz.

Zaldibargo krisitik gentozen, krisi honen kudeaketan hainbat polemika piztu dira... EAJren kudeatzaile onaren mitoan arrakalarik ikusten duzu?

Bakoitzaren proiektuak eta balioak eguneroko erabakietan antzematen direla ikusi genuen Zaldibarren. EAJk zaborrak kudeatzeko sistemaren eta bere atzean dauden interes eta enpresen alde egin zuen hasieratik, langileei eta familiei bizkarra emanez, eta herriari informazioa ukatuz. Baina Zaldibarkoa ez da kudeaketa kontua bakarrik. Zabor gehiegi sortzen da eta sortzen dugu. Eztabaida sisteman eta bere ondorioetan kokatzen dugun neurrian galdu egiten du indarra EAJren kudeatzaile hoberenaren irudiak.

Krisi honetan ere estatuek protagonismo eta eskumen handiak hartu dituzte nazioarte mailan, eta barne mailan zentralismoa eta militarizazioa indartu dituzte... Estaturik gabeko nazioentzako zer ondorio izango du horrek?

Aurreko krisian neurri ekonomikoz mozorrotutako erreforma politiko oso bat inposatu ziguten, guztiz zentralizatzailea, oso uniformatzailea. Egin ziren erreformekin kudeatuko dute krisi hau, atzetik zetorren joera indartuz. Madrilek erabakiko du lan arloan, arlo sozialean, aurrekontu politikan... Nafarroa eta EAEko gobernuen oniritziarekin.

Azken asteek aztertzeko eta eztabaidatzeko asko eman dute. Estatu bat edukitzearen premia. Estatu ereduaren gogoetak duen garrantzia. Espainiako Estatuak errepresioa eta militarizazioa bere ADNan duela erakutsi du berriro. Gobernantza ereduen auzia ere azalarazi da: zein da udal erakundeen papera, zergatik ez da krisiaren kudeaketa lekuan lekuko planetan oinarritzen, zergatik ez dugu erabakietan parte hartzeko inolako aukerarik herritarrok eta eragileok... Herri bezala egiten baditugu gogoeta hauek, baliagarriak diren erantzunak bilatuz eta adostasun zabalak eraikiz, Estatuetatik kentzen diguten bizitza eta arnasa emango diogu Euskal Herriari.

Ezkerrera eta herrigintzara begirada bideratuz: Zeintzuk dira erronka nagusiak eta zeintzuk horiei erantzuteko bideak?

Urgentzia sozialei erantzuteko Pobrezia 0 plana: funtsezko zerbitzu eta prestazio publikoak eta unibertsalak ziurtatzea, bizi ahal izateko oinarrizko gauzak (ura, argia...) nazionalizatzea; politika horiek guzti-guztiengana iristen direla ziurtatzea.
Zaintzarako sistema publikoaren aldeko borroka agenden lehen lerroan jarri behar dugu. Zaintza lanak berrantolatzeko eskakizuna proposamen politiko bihurtuz, borroka bide oso bat antolatuz.

Eta noski, ezinbestez borrokatu beharko dugu enpleguaren suntsiketaren kontra, lana eta aberastasuna banatzea eskatuz, borroka gaur daukagun enpleguaren defentsara mugatu gabe. Bizitzak hobetu nahi baditugu, lana barra-barra dago guztientzat. Gure bizitzak, herria, hizkuntza eta kultura zaintzeko eta elikatzeko lan asko egin behar da. Nola antolatu, nola ordaindu, nola lortu eskubideekin egitea eta eskubide iturri izatea?  

Eta zein osasun egoeran ikusten duzu ezkerra horri guztiari aurre egiteko? Herritarrentzako alternatiba sinesgarriak eta  sendoak dituela uste duzu?

Alternatibak sinesgarri egiten ditugu edukiz betetzen ditugunean. ‘Bizigarriak diren bizitzak’ aldarrikatzen ditugu. Zer da hori? Ze aldatu behar da arlo ekonomiko, politiko eta sozialean guzti-guztion bizitzak bizigarriak izateko? Hori lortzeko zertan aldatu behar da ezkerraren estrategia, zertan aldatuko gara maila pertsonalean?

Eta sendoak izango dira egoera iraultzeko bidean baliagarriak badira. Herriak bere egiten dituen neurrian lortuko dugu ezkerra eta ezkerretik egiten diren alternatibak sendotzea. Mobilizazio ziklo berria indartzen ari zela bidali gaituzte etxera. Bide hori berreskuratu eta errotu behar dugu euskal langileen artean, herrietan eta auzoetan. Bazterrean dauden kolektibo eta sektoreetara iristen den bidea izango dela ziurtatuz.

Eskubide Sozialen Kartak greba deitu zuen urte hasieran, sindikatuek “udazken gorria” iragarri zuten... konfrontazioak zer paper jokatu behar du aro berri honetan?

"Arrazoia gurea da. Baina hori ez da nahikoa, hau botere kontua da eta boterea eurek daukate"

Konfrontazioa izango da inposatu nahi diguten normalitate berriaren gainetik alternatibei bidea emango diena. Funtsezko jarduerak eteteko auzian sindikatuak eta patronala aurrez aurre ikusi genituen. Disputa hori ezinbestekoa da normalak ez diren politika basatiak inposatzen dizkigutenean normalitatea ez dadin egonkortu.

Karta soziala aliantza markoa da politikak aldatuko dituen konfrontazioa adosteko, antolatzeko eta herriratzeko. Bere papera baldintzak sortzea da, Euskal Herriak behar duen eraldaketa edukiz betetzea, prozesua borroka sozialarekin hauspotzea eta elikatzea, eta instituzioen aurrean ahots propioz aritzeko aukera ematea sektore sozialei. Hori guztia behar beharrezkoa izango da krisi honetan ere, nola egin da erronka.

Lurrikara baten erdian gaude, zaila ematen du ziurtasunak eta erantzun argiak izatea... ziurtasunik gabe saiatzeko eta arriskatzeko garaia da?

Gertatuko dena idatzia dagoela eta mugiezina dela sinetsiz gero, ziurra da ahal duten guztia kenduko digutela. Ziurtasunen arabera jokatzen badugu irabazteko gutxi dugu. Arrazoia gurea da. Baina hori ez da nahikoa, hau botere kontua da eta boterea eurek daukate.

2008an agenda neoliberala gure gainetik pasa zen, asko borrokatu arren. Baina Alternatiben Herriak erakutsi zuen Euskal Herrian badagoela espazio sozial, sindikal eta politiko bat alternatibei bizitza eta ibilbidea emateko, egin genuen borrokaren emaitzetako bat hori da zalantzarik gabe. Baldintzetan gaude gure gidoia idazteko, eta anbizioarekin borrokatuz gero botere ekonomikoaren asmoak herri harresi sendo batekin topatuko direla sinesten dut.


Azkenak
TikTok, X eta Instagrameko algoritmoek eskuin muturreko edukiak nabarmen hedatzen dituztela frogatu dute

Ikerketa bat egin dute Alemanian, hauteskundeen atarian: kontuak sortu dituzte TikToken, X-n eta Instagramen, eta aztertu egin dute algoritmoak zer nolako edukiak erakusten dituen. Guztietan, algoritmoak eskuinera eta eskuin muturrera jotzen du gehien, TikToken nabarmen.


2025-02-25 | Euskal Irratiak
Laborantzaren orientazio legea: garaipena eskuinarentzat, porrota ingurumenarentzat

Laborantzaren Orientazio Legea pasa den astean ofizialki onartu du Frantziako Parlamentuak. Ostegunean Senatutik pasa da azken aldikoz. Iazko laborarien mobilizazioen ondotik, aldarrikapenei erantzuteko xedea du lege horrek. Aldiz, ingurumenaren aldeko elkarteek azkarki salatzen... [+]


Galizieraren aldeko ekintzaileen helburu nagusia: larrialdi linguistikoa gelditzea

Hizkuntza bizia orain! egin dute oihu galizieraren aldeko milaka manifestarik Santiago de Compostelan (Galizian) joan den igandean. 2024ko hondarrean, azken inkestako datuek pozteko arrazoirik ez zuten eman: ezagutzak eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da... [+]


Desokupazio-enpresa baten presioak eta mehatxuak salatu dituzte, Astrabuduko familia bat etxetik botatzeko

Etxera itzuli ahal izan diren arren, joan den azaroan kaleratu zuten Astrabuduko familia berriz ere arriskuan dago. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak salatu du mailegu-enpresa berriz ere saiatzen ari dela kanporatzea gauzatzen, oraingoan, desokupazio-enpresa bat... [+]


2025-02-25 | Gedar
Steve Bannonek nazien agurra egin du AEBetako eskuin muturraren ekitaldi nagusian

 Ekitaldian, Mileik motozerra bat oparitu dio Muski, murrizketa sozialen sinbolo eta aldarri gisa.


Ágredok epailearen aurrean deklaratu du astelehenean, eta Zupiriak asteazkenean egingo du agerraldia legebiltzarrean

Karen Daniela Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik. Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak berak eskatu du Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea.


Euskaraldian hitanoa lantzera deitu dute

Hamahiru ZirHika kide batu dira hitanoaren erabilera aldarrikatzeko eta antolakundearen ekintzen berri emateko. Azalpenak Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria eta Galtzaundiko Uxoa Elustondok egin dituzte. Horiei, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta... [+]


Lizarrako kultur teknikari izateko nahitaezkoa da euskara Administrazio Auzitegiaren arabera

Administrazio Epaitegiak arrazoia eman dio EH Bilduk Lizarrako plantilla organikoaren hizkutnz profilen aurka jarritako helegiteari.


2025-02-24 | Ahotsa.info
Milaka pertsona manifestatu dira Iruñean Israelen zigorgabetasunaren eta Nazioarteko Zuzenbidearen urraketen aurka

Yala Nafarroak deitutako manifestazioan 2.000 pertsona inguruk hartu dute parte eta Iruñeko hainbat kale zeharkatu ditu Gaztelu plazan amaitzeko. Azken irakurketan adierazi dutenez, "erokeria distopiko hori geldiarazi daiteke, askoz gehiago garelako kapital handiak... [+]


2025-02-24 | ARGIA
Gobernantza krisia Eusko Ikaskuntzan

Eusko Ikaskuntzak adierazi du Ipar Euskal Herriko elkartean “gorabeherak” izan dituztela azken hilabeteetan. Bideratu bitartean marka eta egoitza erabiltzea ukatu diote. Lehendakaria ere aldatu dute.


Hauteskundeak Alemanian
Eskuina nagusi Alemanian, eta eskuin muturrak botoak bikoiztu ditu

Sozialdemokratek inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu dituzten arren, litekeena da demokristau kontserbadoreekin elkartzea eta gobernua osatzea. Botoen %28,5 jaso ditu CDUk, eskuin muturreko AfDk %20,7 eta SPDk %16,4.


Diskoteka bateko atezaina atxilotu dute Gasteizen, “zuhurtziagabekeriazko giza hilketa” egotzita

Gertakariak igande egunsentian suertatu dira 5:00ak aldera Gasteizeko Mitika diskotekan. Hildako pertsona 31 urteko gizon bat da, eta lurraren kontra buruarekin hartutako kolpe baten ondorioz hil da, antza atezainak kolpe bat eman ostean.


Gazako su etena kinka larrian, Israelek 620 preso palestinarren askatasuna gerarazi ostean

Jenin hiriaren aurkako oldarraldia duela hilabete bat baino gehiago abiatu zuen Israelek, geroztik 26 palestinar hil ditu gutxienez, eta milaka beren etxeetatik kanporatu. Israelgo armada Zisjordania iparraldean pasabideak eraiki nahian ari dela salatu dute, kanporatutako... [+]


Eguneraketa berriak daude