Larrialdirako neurriak badaude, erabaki estrategikorik ez

  • Gauza bat nahiko argi dago: etxealdia hasi baino lehen ere ekonomikoki gaizki pasatzen ari zirenak bihurtu dira koronabirusaren krisian kaltetuenak. Eta kultura ez da inoiz izan dirua irabazteko sektore oso aproposa. Beraz, konfinamenduak probokatu duen jarduera kulturalen etete orokorrak hankaz gora jarri du dena. Aste honetan greba digitala egin du euskal kulturgintzak eta erakundeek laguntza bereziak iragarri dituzte. Gerora begira, ordea, planik ez dagoela dirudi.

Kulturgintzako langileek greba iragarri zuten egun berean eman zuen Jaurlaritzak sektorearentzako laguntzen berri (argazkiak: Kulturgintzan.eus / Irekia).
Kulturgintzako langileek greba iragarri zuten egun berean eman zuen Jaurlaritzak sektorearentzako laguntzen berri (argazkiak: Kulturgintzan.eus / Irekia).

Pandemiari aurre egiteko ezarri den distantziamendu sozialaren eraginez, martxoko eta apirileko programazio kulturalak domino fitxak bezala erori dira, eta ez dirudi gauzak ondorengo hilabeteetan ere ohiko martxara erraz itzuliko direnik. Itxita daude liburutegiak, liburu-dendak, geratzen diren disko denda apurrak, zine eta kontzertu aretoak, museoak, galeriak, antzokiak, kultur etxeak, dena. Eta horrek esan nahi du jende asko langabezian geratu dela edo diru-sarrerarik gabe. Hori gutxi balitz, kulturarekin lotutako komertzioak konpetentzia desleiala jasaten ari dira: Amazon edo ikus-entzunezko streaming plataformak topera lanean ari diren bitartean, liburu-dendak eta zine aretoak itxita daude. Eta presioa areagotu zaie sortzaileei ere, etxealdia hasi zenez geroztik sarean zuzeneko emanaldiak egiteko eskaintzak asko ugaritu zaizkielako, hori bai, lan horren truke ezer kobratu gabe.

Egoerari eman zaion erantzun instituzionalak adabaki bat dirudi zuloz josita dagoen soinekoan

COVID-19aren krisitik neoliberalismoaren azkenaldiko joerak are indartuago aterako direla profetizatzen dutenek, beren hipotesia konfirmatzeko argudio sendoak aurkituko dituzte kulturaren alorrean: prekarietatea zegoen lekuan orain langabezia dago; gutxi kobratzen ziren lanen ordez, doan ari diren profesionaletara pasa gara azken hilabetean; euskarazko lanek ikusgarri izateko problemak zeuzkaten lehen, eta orain berriz, hizkuntza nagusietako superprodukzioaren azpian lurperatuta gera daitezke. Zerrenda asko luza liteke horretan hasiz gero, baina laburbilduz: dinamika ez da jasangarria, ezta epe laburrean ere. Eta momentuz eman zaion erantzun instituzionalak asko jota adabaki bat jartzen dio zuloz josita dagoen soinekoari.

Kulturgintzan lan egiten duten ehunka profesionalek koronabirusaren krisiaren aurrean eskatutako laguntzei pribatuan muzin egin ondoren, sortzaile horiek bi eguneko greba digitala iragarri behar zuten egun berean (apirilak 15) 2,5 milioi euroko balioa duten laguntzak iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak. EAJk eta PSEk Podemosekin adostutako EAEko aurrekontuetan aurreikusita zegoen diru-partida hori, izena aldatu diote COVID-19aren tiradizo komertziala baliatuz; eta ezin ukatu, jokaldi ona izan da Bingen Zupiriak gidatzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailarentzat, asalto honetan behintzat esan ahalko baitu ez dagoela geldirik bere ardurapeko sektorean hazten ari den ezinegonaren aurrean.

Konparazioak ere alde ditu: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernua da oraingoz neurri inportanteenak iragarri dituena. Nafarroako Gobernuak autonomoentzako laguntzen barnean sartu ditu kultura mundukoak, babes espezifikorik eman gabe. Eta Euskal Elkargoak Ipar Euskal Herriko kulturgileei zuzendutako neurri-sorta iragarri duen arren, kopurua askoz xumeagoa da, Frantziako Estatuko egitura administratiboan erakunde horrek daukan garrantziaren proportzioan. Hori bai, Euskal Elkargoak iragarritako neurrien artean kulturgileekin kontaktua estutzea ere aurreikusi da, sortzen diren premiak eta egoeraren eboluzioari buruzko informazioa gertutik jarraitu ahal izateko. Beste bi administrazioek ez dute horrelakorik iragarri. Eta beharbada, auzi honen iltzea hor dago.

Politika kulturalak adostasun eske

Puntu honetara iritsita, politika kulturalak pixka bat jarraitu dituenari gogora etortzen baitzaio duela bospasei urte gertatutakoa. Eta akaso lagun dezake ulertzen gaur gosaltzeko orduan indarrean dauden zenbait posizio zein materialez eginda dauden.

Erakunde publikoek ez dute orain arte kulturgileekin lankidetzarik bilatu, beste esparru batzuetan –adibidez euskalgintzan– azken urteetan jorratutako bidetik

Testuinguru pixka bat: 2007-2008ko krisi ekonomikoaren ubera luzean, kulturaren alorreko profesional eta eragile asko elkartu zituen 2014an GEUK plataformak, euskal kulturaren sektorearen diagnostiko amankomuna egin eta egoera hobetzeko beharrezkoak izango ziren neurriak proposatzeko. Proiektuak zentzua izan zezakeen instituzioetatik begiratuta ere, hain atomizatuta dagoen esparru batean eragile eta norbanako bakoitzarekin banaka bildu ordez, askoren ordezkari izan zitekeen ahots bat gorpuzten hasi baitzen. Hurrengo urtearen hasieran talde hori iritsi zen “Premiazko neurrien egitasmo” bat aurkeztera ere, kulturaren alorreko hainbat esparrutan har zitezkeen 31 erabaki zehatz proposatuz, horien inguruan erakunde publikoekin hitz egiteko asmotan. Aurretik eginak zituzten plataformako kideek bilerak erakundeekin, tartean Eusko Jaurlaritzarekin, baina egitasmo hura aurkeztu ondoren, lehenago ere oso joria ez zen hartu-emana moztu zen. Instituzioen mezu inplizitua, gutxi gorabehera, izan zen politika kulturalak beraiek erabakiko zituztela, ez beraiek eta kulturgintzan dihardutenek.

Geroztik euskal kulturarentzat babes neurriak eskatu dituzte beste ahots batzuek ere, Elkar taldeak adibidez, baina ez da egon sektoreko profesionalen mugimendu antolaturik etxealdiak eragindako egoera larria iritsi den arte. Apirilaren 21erako eta 22rako iragarritako greba digitalak ehunka sortzaile eta kulturaren alorreko langileren babesa eduki du, eta deitzaileek publiko egin duten dokumentuak momentu honetako egoeraz hitz egiten badu ere, epe luzeagorako politika kulturaletan jarriak ditu largabistak. Bigarren puntu hori, ordea, ukitu gabe geratuko da segur aski, erakundeek iragarritako larrialdiko neurriek estaliko baitute. Eta ez dirudi instituzioak prest daudenik beste eremu batzuetan –adibidez euskalgintzan, Euskaraldia bezalako ekimenekin– gizarte eragileekin abiatutako lankidetza-eredua kulturgintzaren eremura eramateko.

Gutxienez “greba” hitza dagoeneko agertu da krisi honetan kulturarekin lotuta. Eta eremu semantiko horretan esploratzen duenak beste hitz batzuk ere aurkituko ditu laster, oraindik gehienon imajinarioan buzo urdinarekin aritzen diren langileekin lotzen direnak. Euskal kulturgileek adierazi dute ez dutela izan nahi koronabirusak ekonomiari emango dion astinaldiaren pagaburuak. Lehenbiziko urrats gisa, ez da gutxi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
2024-12-11 | Julene Flamarique
Irmotasunez egin du Pradalesek Urdaibaiko Guggenheimen alde, eta “inbasio gutxiko” proiektua dela defendatu

Guggenheimaren patronatuakbi urteko epea jarri dio bere buruari proiektuaren alderdi guztietan lan egiteko, “zalantzarik gabe” hartu behar baita kontuan biosfera erreserba batean kokatuko dela. Pello Otxandianok zalantzan jarri du proiektuari 500 milioi euro... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


2024-11-13 | Iñaki Barcena
Megaproiektu Turistiko Antidemokratikoa

Duela bi urte Urdaibai Guggenheim Stop! plataforma herritarra sortu zenetik, Urdaibai ez dago salgai! leloa nonahi ari gara entzuten. Joan den urriaren 19an Gernikan milaka lagun bildu ginen proiektu horri ezetza emateko eta, nire aburuz, hiru dira arrazoi nagusiak... [+]


2024-10-23 | Julene Flamarique
Greenpeacek salaketa aurkeztu du Urdaibaiko Guggenheimen aurka, Kosta Legea urratzen duela eta

Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa eta “proiektua berehala eten dezaten” galdegin du. Bi lege urratzen dituela ohartarazi du: Kostaldeko Legea eta Europako Legea, Red Natura 2000ri dagokiona. Auzitegi Nazionalak Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka... [+]


Guggenheim Urdaibairi loturiko bide baten obrak geldituta daude, helegite baten ondorioz

Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat izan liteke bide hori eta biosferaren erreserba barruan legoke. 


Urdaibai eta Guggenheim aurrez aurre

 “Bi urteko gogoetaldia” iragarri zuten urte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, baina ez da geldialdia izaten ari, etorkizunean izan ditzaketen oztopoak aurreikusten eta atontzen ari baitira erakunde publikoak. Horrez gain, uda betean,... [+]


Makrofestibalak: ezin neurria hartu eukaliptoari

Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita... [+]


Artisten lanbidea “duintzeko” konpromisoa adierazi du Jaurlaritzak

Gobernu berriak sorkuntza indartzeko asmoa adierazi du, "batez ere emakumeena eta euskaraz eginikoa". Sailburu berriak esan du aurreko gobernuak onartutako Plan Estrategikoa izango dutela ardatz, baina dokumentu horrek "euskarazko eskaintza handitzea"... [+]


2024-08-09 | Euskal Irratiak
Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten

Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]


Urdaibaiko Biosfera Erreserba kontserbatzeko 1.300.000 sinadura lortzeko kanpaina abiatu dute

Seo/BirdLife GKEak eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bultzatzen dute ekimena, eta sinadura kopuruak Bilboko museoak urtero dituen bisitarien zenbatekoari erreferentzia egiten dio. Zehaztu dute “inpaktu kritiko eta itzulezinak” eragingo lituzkeela Urdaibiako... [+]


Eguneraketa berriak daude