Artea ez da hizkuntzaren sintaxira makurtzen. Lengoaia propioa du. Eta Sahatsa Jauregi itzulpen lanetan aritu da, elkarrizketak iraun duen bitartean, beste hizkuntza batean sortutakoa hitzetara ekartzeko ahaleginean, eskuzabal.
Sahatsa Jauregi artista da –esan dezagun geuk–, eta eskultura lantzen du. Hainbat sari irabazi ditu eta haien artean, 2019ko Gure Artea saria. Bilboko San Frantzisko auzoan dagoen Okela Sormen Laborategian ere egiten du lan eta auzo bereko bere estudioan hartu gaitu. Horma inguruetan erremintak, argazki-bildumak eta bildutako objektuak –bitxiak, portzelanazko pailazoak, aizkorak–, eta erdian lanerako espazioa. Bertara ekartzen ditu kalean ateratako argazkiak, eta bildutako materialak, eta bertan eraikitzen ditu eskulturak. Gehienetan erakusketa egunak definitzen omen du piezaren behin betiko egitura. Bestela segi eta segi egingo omen luke. Behin eskulturak erakutsitakoan, argazkia atera eta tuper handi batean gordetzen ditu. Baita bere begien eta eskuen memorian ere.
Zergatik ikasi zenituen Arte Ederrak?
Nik txikitatik ikusi izan ditut etxean nire gurasoak eskulanetan eta artisautza lanetan, eta ordutik eduki dut fijazio moduko bat. Eskolan beti bilatzen nituen aitzakiak eskulanetarako. Matematikako lanetan, irakasleari lana egun jakin batean eman behar bazitzaion, nik eta beste lagun batek aurreko egunean bukatzen genuen, eta egun bat hartzen genuen lanari marrazkiak egiteko eta apaintzeko. Eta ikasketak aukeratzeko garaian banekien hori zela gustatzen zitzaidana.
Irakurri dizut Arte Ederretako fakultatean eskultura zela garai hartan pisu gehien zuen adarra, baina zuri ez zitzaizula orduan asko interesatu.
Bai hori egia da. Bilboko fakultatean bazen irakasle bat –Angel Bados– eskultura eman izan duena urte askoan eta sekulako eskola sortu zuena. Oteiza, Txillida, Txomin Badiola… eskulturak euskal artean duen garrantzia atzeragotik dator. Baina, justu garai horretan niri iruditzen zitzaidan lengoaia bat oso hurbilgaitza. Eskulturaren purutasun bat bilatzen zen, estrukturarena, formarena. Gainera, oso asoziatua zegoen teknikoki ona izatearekin, lan-tresnak ongi menderatzearekin eta guzti horrekin. Eta ez zitzaidan oso sexya iruditzen, egia esan.
Eta gero, hara non, eskulturak egiten bukatu duzun.
Ba, bai. Baina, eskulturara iritsi nintzen argazkien bitartez. Hasi nintzen artxibo baten antzeko zerbait egiten, interesatzen zitzaizkidan gauzak biltzen. Eta badago ideia bat hasiera hartan eskulturara eraman ninduena eta oraindik eramaten nauena, eta da pentsatzea eskultura egitea dela zu inguratzen zaituen hori ulertzeko modu bat. Modu bat zeu zeharkatzen zaituena eta zerikusia daukana zuk subjektu gisa inguruko objetuekin daukazun harremanarekin. Horregatik hasi nintzen eskaparateetan arreta jartzen, jendeak kontzientzia artistikorik gabe eginiko ariketa sensible horietan, objektu konposaketetan… Bereziki erakarri nau beti kitsch-arekin eta esajerazioarekin lotuta dagoenak. Gustu onetik kanpo dauden forma horiei argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta horrela izan zen eskulturarako hurbilketa, argazkietan gordetzen nuen hori neureganatzeko saiakera bat bezala.
Zeri ateratzen dizkiozu argazkiak? Zer jasotzen duzu zure bildumetan?
Badauzkat nahiko konstanteak diren erakarpenak, baita unean uneko obsesioak ere. Eskultura egiten hasi nintzenean bazegoen erabat harrapatzen ninduen forma bat, adibidez –begira zein forma absurdoa– hutsune ahur bat eta esfera bat elkartzean sortzen zena, jo garaikur edo kopa bat, gainean baloi bat duena. Hasieratik begiz jota daukadan beste zerbait bigarren mailako edo txarrak diren eskulturak dira. Biribilguneetakoak, mendi tontorretakoak edo bebarruetakoak. Badute zerbait ortodoxiatik urruntzen dituena eta berreskuratzea interesatzen zaidana. Baina, adibidez, berriki begia burdin-hesietara joaten zait, ataketako edo ate kanpoetako burdinazko forma horietara. Eta orain hori artxiboan integratzen hasi naiz.
Behin bilduma osatutakoan, nola eramaten duzu hori eskulturara? Zein da zure lan egiteko modua?
Badago halako hartu eman bat artxiboko argazkien eta eskulturen artean. Bi prozesu paralelo dira. Alde batetik ni kalean nabilenean –badaukat halako defekto profesional bat–, beti nago adi. Zu ari zara hitz egiten eta ni entzuten ari naiz, baina begira nago balkoi horretan dagoenari. Detektibe lan hori gustatzen zait, dibertigarria zait horrela bizitzea. Eta bestetik, argazkietako forma edo elementuekin lotura duten materialak biltzen ditut, eta material horien espezifikotasunei atendituz eskulturan egiten dut lan.
Esan daiteke argazkietan bildutakoak gero estudioan lanean ari naizenean egin nahi dudan hori seinalatzen duela. Bi bide dira, paraleloan doazenak, baina, nire burua etengabe konexioak sortzen aritzen da bataren eta bestearen artean eta orduan bi esperientzia horiek gurutzatu egiten dira.
Sortzen dituzun eskulturak neurri txikikoak izan ohi dira, bildutako materialez eraikiak, baina atalak elkarri itsatsi edo iltzatu gabe, ezta?
Bai. Auto-inposatutako legeak dira horiek. Bai nik eta bai ezagutzen ditudan artista askok geure buruari arauak jartzen dizkiogu, artearen aukera infinitoen artean esparru bat zedarritzeko, nolabait. Ez dakit beste diziplinetan nola den, baina, idazkerak besterik ez bada gramatika bati atenditu behar dio, baina arteak zeri? Denari eta ezeri ez? Orduan, norberak jarri behar dizkio mugak bere buruari. Eta nireek zerikusia daukate eskultura egiten hasi nintzenean neukan trebetasun tekniko eskasarekin. Ez nintzenez abila teknikan, asmatu nuen modu bat gauzak altxa ahal izateko, arkitektura bat jasotzeko, nahiz eta sinplea izan. Eta zortez eskultura horrela egitea oso entrenamendu ona izan da. Ez nituenez atalak beraien artean inoiz iltzatzen, oso ekintza azkarrak egin nitzakeen sorkuntza prozesuan, hau gehitu, hau kendu, hau aldatu… Saiakera-akats ariketa bizi horiek eskatzen dizute adimena oso adi edukitzea, ea noiz, mugimendu horietako zeinetan, somatzen duzun zer edo zer esateko modukoa: “Ados, hau horrelaxe utziko dut”. Eta estiloa hori bera da, arazo bati erantzuten dion teknika zehatza bilatzea. Baina egia da denbora aurrera joan ahala beste helburu batzuk ditudala eta orain badaukadala helburua gauza egonkorragoak eta sendoagoak sortzekoa, eta brikolajea kolonizatzekoa. Hori da nire asmoa oraintxe bertan. Taladroa, rotaflexa eta autonomia.
Zure sorkuntzagatik jaso zenuen iaz, hain zuzen, azkeneko “Gure artea” Eusko Jaurlaritzaren saria. Zer da horrelako sari bat zure ibilbidean?
Badu parte bat materiala dena. Sariak lasaitasun ekonomikoa ematen dizu zure burua proiektatu ahal izateko hemendik urte pare batera estudioan lanean. Lasaitasun hori sekulakoa da. Eta gero badago alde sinbolikoago bat ere, zerikusia daukana zure auto-definizioarekin, edo besteen aurrean aurkezteko duzun moduarekin. Niri pudore asko ematen dit artista naizela esateak. “Artista naiz”… Luzaz aritu naiz estrategia bila artista naizela esan ahal izateko, artista naizenik esan gabe. Garai bat izan nuen esaten nuena “artean egiten dut lan”. Eta uste nuen horrek erraztu egingo zuela kontua, ni seguruago sentitzen nintzelako hori esanez. Baina, horrek galderak biderkarazten zituen. “Baina, artean nola?”, “zer da artean lan egitea?”. Eta orduan hasierako puntura itzultzen nintzen. Ez da erraza. Pentsatzen dut arkitekto batek arazo gutxiago dauzkala arkitektura ikasi badu eta arkitekturan lan egiten badu arkitektoa dela esateko… Artea sublimea den zerbait bezala ulertzeak zailtzen du bat artista dela esatea, norbere burua sublimearekin lotzea delako, nolabait. Azken aldian esaten dut eskultura egiten dudala eta horrek arazo gutxiago ematen dizkit. Baina, edonola ere, horrelako sari batek leuntzen du bidea. Ez daukat artista naizenik esan beharrik. Besteek esaten dute. Erakundeek eta komunikabideek esaten dute artista naizela, eta hortaz, nik ez daukat dagoeneko horretaz arduratu beharrik. Egia esanda, niri egokitu zait justu egiten dudan hau izatea artea deitu zaion leku hori, baina, pentsatzen dut sorkuntzako beste esparruren batean arituko banintz ez nukeela bururik hautsiko egiten dudana artea den ala ez den gogoetan.
Ari naiz pentsatzen, nik bezalaxe arteari urrundik begiratzen dion jendeari eskatuz gero “euskal artisten izenak” botatzeko, esango lituzkeela Oteiza, Txillida edo Basterretxea... Baina, garai bateko erreferentziak liratekeela gehienak. Euskal artea eta jende xehea gero eta urrunago daude elkarrengandik?
Ba begira, sekulako grazia egin zidan Fakirraren ahotsa liburuan Harkaitz Canok zerrendatzen dituenean 60ko hamarkadako militanteentzat antolatutako ikastaroak: “Aljeriako independentziaz. Nikaraguako sandinismoaz. Euskal eskulturaren pizkundeaz”. Euskal eskulturaz! Gaur egun euskal eskulturaz nork gogoetatzen du? Orduan bazegoen proiektu kolektibo bat –eta dena esateko, gutxiago zeuden eta ezagunagoak ziren zeudenak–. Baina, artea eta gizartea txirikordatuago zeuden. Txillidak egin zuen nuklearraren aurkako sinboloa, amnistiarena ere berarena da, eta Euskal Herriko Unibertsitatekoa ere bai. Sinbolo konkretu batzuk sortzen ari ziren, hain zuzen, kolektiboki identifikatzeko sinbolo horiek behar genituen garaian. Gerora artea ulertzeko modu naïf-ago horrekin hautsi zen eta identifikazio kolektiborako sinbolo horiek modu askoz zinikoagoan erabiltzen hasi ziren –Txomin Badiola, Asier Mendizabal eta Jon Mikel Eubaren belaunaldikoak–. Eta ordutik, zer edo zer arte izatera igarotzen den momentutik ia behartuta gaude ikusle bezala arte obra delako hori zalantzan jartzera. Eta horrek nahitaez dakar distantzia.
Xabier Gantzarainen Zuloa liburuan Euskal Herriaren historia hurbila artearen bitartez aztertzen da, eta han aurkitu ditut Itziar Okariz, Saioa Olmo, Miriam Isasi…
Eta egon zitezkeen Elena Aizkoa, June Crespo, Lorea Alfaro edo horien aurreko Ana Laura Aláez, Miren Arenzana, Gema Intxausti… [ikusi aldizkari honetako 44. orrialdeko elkarrizketa]. Artista hauek eraman gaituzte eskultura beste leku batetik ulertzera. Pentsatzera eskultura on bat egiteko ez duzula tona bat altzairu behar, edo ez dakit zer egitura eraiki behar. Inguruan daukazun horrekin, material ez hain duinekin landu daitekeela eskultura. Lotu dakiokeela subjektibitateari, pribatua den horri, etxekoari, eta ez publikoa denari soilik. Burdina norena da? Herriarena da ez? Harria, egurra norenak dira? Denonak. Eta zurea zer da? Ba nireak dira kulero hauek, lore hauek… Badago hor belaunaldi aldaketa bat. Emakume kopurua txikia da, noski, unibertsitateko Arte Ederretako ikasleen portzentaiaren aldean. Oraindik sinetsita daukagu mutilek gaitasun handiagoa daukatela, bikainagoak direla… Eta horretatik askatzea da gehien kostako zaiguna, inoiz askatzen baldin bagara.
Gero eta gehiago dira emakumeek sortutako proiektuak ere, arte egituren kudeaketari dagokionez. Consonni, La taller, Bulegoa edo Okela, esaterako.
Bai, eta positiboa baldin bada ere, horrek badauka genealogia bat. Tradizionalki gizonak negoziotan aritu izan diren bitartean emakumeak kolekzionistak izan gara, gehienez. Eta arte egituren kudeaketan lan egitea, azkenean, besterentzat lan egitea da. Lan hori gutxietsi gabe, e! Inportantea da erreferentzia lekuak sortzea, museoetatik aparteko espazio oso gutxi daudelako erakusketak egiteko zein elkartzeko. Okelan, esaterako, hitzaldiak eta erakusketak antolatzen ditugu, batez ere hiru ardatz kontuan hartuta: genero ikuspuntua, euskararen erabilera, eta belaunaldi edo ibilbide ezberdinetako artistak harremanetan jartzea. Eta iruditzen zait oro har askoz hobeto funtzionatzen dutela emakumeek kudeatutako espazioek, dena esan behar bada. Baina, nik, iraultza gehiago ikusten dut sortzailearen lekutik kudeaketatik baino.
Hain zuzen, zer da iraultza artean? Unean uneko obra ausartez hitz egiten denean, “hori bost urteko haurrak egin lezake” da esaldi-eginetako bat. Eta albisteek artea zer den eta zer ez den eztabaidatzera garamatzate ziklikoki. Azkenekoa, horma batera itsatsitako platano bat 120.000 dolarretan saldu zuelako Maurizio Cattelan artista italiarrak Art Basel Miami Beach galerian.
Arteak badauka hori. Arte garaikidea bada per se espekulatiboa. Eta espekulazio hori badago nolabait lotuta apurtzaile izateari, ezta? Horrek eragiten du arte garaikidearen inguruko diskurtso guztiak sentsazionalista izan daitezkeen obra batzuen inguruko albisteek eta diskurtsoek jatea. Eta hori etengabe gertatzen da. Orain dator Arco, ezta? [elkarrizketa lehenago egin zen]. Ba ikusiko dugu zein den aurtengo pieza polemikoa. Niri pertsonalki modu horretako pieza desafiatzaileak ez zaizkit interesatzen. Ez zaizkit interesatzen kritika instituzionala egiten duten piezak ez eta horrelako konfrontaziotik lan egiten duten lanak. Ez dut esaten sistema baten parte zaren momentutik atseginkerian aritu behar duzunik. Nik ez dakit zein den subertsibo izateko estrategia, baina, badakit zein ez den: instituzioari berari buruz hitz egitea, nahiz eta kritikarako izan. Horrek erakundeari baino ez dio mesederik egiten.
“Nik norbait bere lanaz entzuten dudanean, edo elkarrizketa bat irakurtzen dudanean, ez zait batere interesatzen jendeak bere intentzioaz edo nahiaz esaten duena; ‘Nik honekin adierazi nahi izan dudana da...’ . Ez, ez, ez! Gustatzen zait prozesuaz eta egin duenari buruz hitz egitea. Euskal arte kontestuak, oro har, garrantzia handia ematen dio horri; prozesu batetik eratorritako ezagutzari eta ez hainbeste ideiei edo kontzeptuei edo obraren bidez landu nahi izan den balizko kontzeptuari edo ideiari. Ez du balio hitzez adierazteak: ‘Nik, zera, obra honek esan nahi duena da, Brexitari buruz hau eta beste’. Eta zer? Ez dut esaten ezin denik arte politikoa egin, baina esan beharrekoa esan ezazu obraren bidez”.
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]
Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]
Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]