Aldarria ez da oraingoxea. Galdera ikurra dakar, baina bistan da erretorikoa dela: “Guk euskaraz, zuk zergatik ez?”. Hala ere, aldiro-aldiro jo behar den atea da, egin behar den formulazioa, nola egin baitu Lander Muñagorri Garmendia (Ordizia, 1986) kazetariak, kantagintzari zuzendua: Zergatik kantatu euskaraz?
Zerk eraman zintuen galdera horretara?
Musikazalea naiz, batetik. Bestetik, euskaraz kantatzen da oraindik. Argitaratzen diren diskorik gehienak euskaraz datoz, baina kantariek egiten duten hizkuntza hautuaren atzean diskurtso aldaketa dagoela sumatzen da. Ikerketa egin dut, susmo horretara inguratuta. Horretarako, hiru musikari elkarrizketatu ditut: Izaro Andres, Josune Arakistain –Huntzakoa–, eta Iñigo Etxezarreta, En Tol Sarmientokoa. Hirurek ere 2010eko hamarkadan argitaratu zuten beren lehen diskoa, arrakasta izan zuten, beren belaunaldiaren nola-halako erreferentzialtasuna irabazia dute, eta gazteen artean eragina izan dezaketela sumatuz, haiekin hitz egin nuen.
Zergatik egin duten hizkuntza hautu jakin bat jakin nahi zenuen.
Bai, hizkuntza hautu horren arrazoiak aztertzea nuen helburua. Batzuek diote naturaltasunez egiten dutela hautu hori; beste batzuek, aldiz, hauturik ez dutela egiten; ez zaiela axola zein hizkuntzatan kantatu… 70eko hamarkadaz gero, hautu hori jakinaren gainean egin dute euskal taldeek. Nahi izanez gero, 80ko hamarkadan gaztelaniaz kantatzeko joera zabaldu zen, baina, orduan ere, zenbait taldek, espreski, guztiz kontziente, euskaraz kantatzeko erabaki politikoa hartu zuten. Berdin, 90eko hamarkadan. Orain, berriz, diskurtso aldaketa dago. Horren inguruan jardun dut ikerketan.
Zertan da diskurtso aldaketa hori?
2005ean bertan bada ikerketa bat, EHUko Identitate Kolektiboaren Ikerketa Zentroak eginda, eta, haren arabera, gazteen artean euskalduntasuna ez zen euskaraz hitz egitearekin lotzen, Euskal Herrian jaiotzearekin baizik; alegia, euskaraz hitz egin beharrik ez zegoela. Hortaz, bazirudien identitatearen pertzepzioari buruzko aldaketa gertatu zela. Nik musikarien arlora eraman dut gaia, hiru musikari elkarrizketatuz. Lagina mugatua da, eta mugatua izanda ere, ikusten da eremu oso euskaldunetan naturaltasuna aipatzen dela arrazoi nagusitzat. Testuinguru oso euskalduna izateak dakar musikariak euskaraz kantatzea “naturaltasunez”, bestelako hizkuntza kontzientziarik gabe. Hori, euskararen egoeran, kezka iturri izan liteke. Jarrera horrek ondoko belaunaldietan zer eragin izango duen ikuskizun da.
"Euskaraz kantatzen da, baina gaztelaniaz edota ingelesez kantatzea berdin-berdin erabakitzen da"
Zertan da musikari hauen kontzientzia?
Esate baterako, kontziente dira aurreko belaunaldiko musikariek egindako hautu politiko eta guztiz kontzienteak ireki diela eurei euskaraz kantatu ahal izateko bidea. Eurek, aldiz, ez dute hautu kontzienterik egiten. Harrigarria da eta, era berean, interesgarria, 2010eko hamarkadan gertatu den hizkuntza hautuari buruzko diskurtso aldaketa horren atzean zer dagoen, eta beharbada, belaunaldi berrietan zer etor litekeen.
Euskaraz kantatzen dute hirurek, hizkuntzaren kontzientzia gorabehera.
Bai, bistan da. Joan den urtarrilean, iaz argitaratutako diskoen zerrenda argitaratu zuen Badok atariak. Haren arabera, iaz 211 disko argitaratu ziren euskaraz, orain dela bi urte baino %5 gehiago. Hortaz, hortxe da konstatazioa: euskaraz kantatzen da. Ados. Baina diskurtso aldaketa ere badago, eta kezka eragile izan liteke, beharbada.
Zerk aldarazi du diskurtsoaren nora?
Ez dakit, zuzen, zein diren arrazoiak. Aldaketarik egon den aztertzera mugatu naiz. Horren arrazoiak aztertzekotan, ikerketa handiagoa egin beharko litzateke. Testuinguru politikoak eraginik izango zuen susmoa dut, baina susmoa besterik ez da. Ikerketan 90eko hamarkadako politika giroaz ere ari naiz, eta hor, Negu Gorriak-ek egindako hautuaz ere jarduten dut, hau da, Fermin Muguruzak egindako hautu militante horretaz. Jon Andoni Del Amok bere liburuan [Party & borroka. Jóvenes, música y conflictos en Euskal Herria, Txalaparta, 2016] dio “komunitate kontrakulturala” sortu zela. Del Amok Negu Gorriak-ek musika estilo jakin bat, politika eta hizkuntza lotu zituela, eta ondotik, eta hiru osagai horien batura horretatik, hainbat talde sortu zirela. Hortxe etorri ziren gero Esan Ozenki diskoetxearekin batera sortutako taldeak. Seguruenera, politika giroari lotuta egon zen hori dena. Orain, berriz, politika giroa aldatu denean aldatu ote den hizkuntza hautuaren auzia, ez dakit. Izaten ahal da, susmoa dut. Dena den, hizkuntza kontzientzia hura, eta kontzientzia politiko hura, galdu direla, bistakoa da.
Ondoren zer etorriko den ezin esan, hala ere.
Hori inork ere ez daki. Dena dela, iruditzen zait euskaraz kantatuko dela. Oraintxe, euskaraz kantatzen da, katea ez da eten. Egia da, bestalde, euskaraz kantatzen dela, baina gaztelaniaz edota ingelesez kantatzea berdin-berdin erabakitzen dela. Niri, ikerketaren egile naizen aldetik, ez dagokit jarrera hori kritikatzea, jarrera eta diskurtso aldaketa gertatu dela konstatatzea baizik, eta beharbada, etorkizunari begira kezka iturri izan litekeela.
Zertan dira berdin, ezberdin, Izaro, Huntza, En Tol Sarmientoren diskurtsoak?
Oso diskurtso ezberdinak dira hirurenak. Eremu soziolinguistikoak erabateko eragina du horretan. En Tol Sarmientok, adibidez, erabaki eta hautu kontzientea egina du. Iñigo Etxezarreta dute taldeko euskaldun bakarra, eta, berak esana duenez, lehen diskoa argitaratzeko garaian, zenbait kantu euskaraz sartzea erabaki zuen. Taldekideek ez zuten erabakia ulertu, bata zen Extremadurakoa, bestea Errioxakoa… ez ziren euskaldunak, euren inguruan ez zegoen euskararik. Iñigok [Etxezarreta], aldiz, euskararekiko atxikimendua zuen, euskaraz kantatu nahi zuen: horra erabaki guztiz kontzientea. Ikerketaren bukaeran esaten dudanez, beharbada eremu erdaldunean euskararen hautua oso kontzientea da: ingurune erdaldunean euskaraz kantatzeko erabakia hartuz gero, egoeraren kontra ari zara, guztiz presente duzu euskaraz kantatu nahi duzula, hautu horren arrazoiak eta motibazioak edozein direla ere.
"Kontziente dira aurreko belaunaldiko musikariek egindako hautu politiko eta guztiz kontzienteak ireki diela eurei euskaraz kantatu ahal izateko bidea"
Jarrera eta motibazioak ere aztertu dituzu zure lanean. Bateko jarrera integratzailea eta motibazio sinbolikoa, besteko jarrera eta motibazio instrumentala...
En Tol Sarmientoren kasuan, adibidez, jarrera integratzailea da nagusi, motibazio sinbolikoa. Komunitatean integratu nahiak bultzatzen zaitu hautu jakin bat egitera. En Tol Sarmientoren abiapuntuan jarrera eta motibazio hori bistakoak dira, Iñigo [Etxezarreta] da taldeko euskaldun bakarra, berea dugu erabakia, berea euskaraz egiteko nahia. Hautua egin eta gero, dena den, Musikaren doinua izeneko kantuak arrakasta handia izan zuen, Euskadi Gaztea-n, besteak beste, eta horren eraginez, Arabako Errioxan ez ezik, Euskal Herrian batean eta bestean jotzen hasi zen taldea. Horrek, taldeko gainerako kideen artean hizkuntza hautua legitimizatzea ekarri zuen. Abiapuntuko jarrera integratzaile eta motibazio sinboliko hori, ondoren, arrakastazko motibazio bihurtu zen. Aurrera begira, eremu erdaldunetan garatu daitekeen motibazioa izan daiteke. Beharbada.
Zertan dira jarrera-motibazioak Izaroren eta Huntzaren kasuetan?
Izaroren kasua berezia da. Izarok berak asko hitz egin du horretaz hedabideetan, eta hitz egin izan duen guztietan egonezina sortu du euskal komunitatearen barruan; zati batean, behintzat. Izan ere, Izarok esaten du berdin diola zein hizkuntzatan kantatu, eta behin, elkarrizketa batean, irakurri nion sonoritate aldetik ez dela gauza bera cuchara esan, edo goilare, eta, hautua egin behar duenean sonoritateari ematen diola lehentasuna. Ikerketarako egindako elkarrizketan esan zidan hizkuntza bat edo bestea aukeratzea, gitarra akustikoa edo elektrikoa aukeratzearen pareko zaiola. Horixe Izaroren hautua, ez dio begiratzen hizkuntza minorizatuaren alde, gaztelaniaren edo ingelesaren alde egiten duen. Nik neure lan honetan bataren eta bestearen iritziak jaso ditut, baloraziorik egitea ez dagokit. Deigarri gertatzen zaizkidan konstatazioak azpimarratzea, aldiz, zilegi zait.
Hor dugu Huntza...
Huntzak ere naturaltasuna aipatu zuen hizkuntzaren hautua egiteko arrazoitzat. Zioen pentsatu ere ez zuela egin zein hizkuntzatan kantatu. Partez, normala ere bada, alegia, zeure ingurunea guztiz euskalduna denean eta zeure ingurune horri kantatu nahi diozunean, euskaraz kantatzea eta euskaraz kantatu nahi izatea. Hori horrela izanda ere, hautu kontzienterik ez egitea deigarri gertatu zait. Kontzientzia gabezia iruditzen zait. Dena dela, hirurak ere kontziente dira euskararen egoera ahulaz, kontziente dira ondoko belaunaldiarengan eragina izan dezaketela, kontziente dira aurreko belaunaldiak egindako hizkuntza hautuak eurengan eragin duela, euskaraz kantatzea bermatu diela. Eta horietaz guztietaz kontzientzia izanda ere, aztertu ditudan hiru kasuetatik bik ez dute euskaraz kantatzeko kontzientziarik! Deigarria zait, bitxia. Bidean zerbait galdu dugula iruditzen zait hizkuntza kontzientziari dagokionean.
"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra aurkitu dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.
Martxoaren 10etik 26ra izango da udaberriko kanpaina. 'Beste modura, denona de onura' lelopean arituko dira gertuko ekoizpena, banaketa eta kontsumoa babestu eta sustatzeko, ager zonaldean euskara hauspotzen duten bitartean. Apirila amaieratik aurrera jasoko dira... [+]
Etorkisuneku 01 izenarekin jardunaldia egingo da martxoaren 14an, datorren ostiralean, Errenterian. Badalabek eta TEKS elkarteak antolatuta "hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat" izango omen da. Badalaben egoitzan... [+]
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]
Euskarazko eskaintza handitzeko akordioa erdietsi dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak
Asteburu honetan hasiko da Gaztetxeak Bertsotan egitasmo berria, Itsasun, eta zazpi kanporaketa izango ditu Euskal Herriko ondorengo hauetan: Hernanin, Mutrikun, Altsasun, Bilboko 7katun eta Gasteizen. Iragartzeko dago oraindik finala. Sariketa berezia izango da: 24 gaztez... [+]
“Bi pertsona mota daude munduan: euskaldunak, batetik, eta euskaldunak izan nahiko luketenak, bestetik”. Gaztea zela, Mary Kim Laragan-Urangak maiz entzuten omen zuen horrelako zerbait, Idahon (AEBak), hain zuzen. Ameriketan jaio, hazi, hezi eta bizi izandakoak 70... [+]
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Administrazioko hainbat gai, LGTBI+ kolektiboko kideen beharrizanak, segurtasun subjektiboa, klima aldaketa, gentrifikazioa, ikus-entzunezkoak erabiltzeko modu berriak, audientzia-datuak jasotzeko moduak, dislexia, ikuspegi pedagogiko aktibo eta irisgarriak, literatur... [+]
Auzitan jar ez daitekeen baieztapen orokor eta eztabaidaezinaren gisan saldu digute hizkuntzak jakitea printzipioz ona dela, baina baditu bere "ñabardurak", edo esanahi ezkutuagokoak. Hemengo ustezko elebitasun kontzeptuaren azpian dagoen baina kamuflatzen den... [+]
Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.
Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.
EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.
Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.