Ipar Euskal Herriko hainbat enpresaren bilakabidea ezagutu nahi izan dugu. Engaiamendu soziala, ingurumenarekiko ardura eta euskararen aldeko jarrera dira beren berezitasunak. Enpresen Gizarte Erantzukizun (EGE ) kartaren inguruan gauzatua da ekimena. Pantxoa Bimboirekin solastatu gara, Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarako presidenteorde (André Garreta presidentearen aholkularia) eta Lantegiak elkartearen sustatzaileetako bat. Horren lehendakari Caroline Phillipsen aburua ere jaso dugu.
Lantegiak elkartea Ipar Euskal Herriko ekonomiaren molde berria antolatzen ari da. Think tank gisara eratua da, hau da, ekonomia inguruko ikerketa aditu talde gisa funtzionatzen du. 100 enpresa inguruk osatzen dute mugimendua. Elkarte ekonomikoek eta sozialek eratuta dago, alta bada, azken hamabost urteetan Baionako Merkataritza eta Industria Ganbaran, Lanbide eta Artisauen Ganbaran (CM64an) eta Garapen Kontseiluan hautetsiak ditu. 100 lantegi horietatik 50 dira EGE/RSE (Enpresen Gizarte Erantzukizun / Charte Responsabilité Sociétale des Entreprises) kartaren sinatzaileak.
Lantegiak elkartea, 2000. urtean sortutako elkarte profesionala da eta EGE kartaren egilea: “EGE karta, berau sinatzean hartu diren helburuak betetzeko urrats bat da, elkarteen autoebaluazioa egiteko bitartekoa. Lantegiak elkartearen xede nagusia, Euskal Herriko enpresen bateratzea, sustatzea eta defenditzea delarik”, erran digu Pantxoa Bimboirek.
Lantegiak elkarteak tokiko enpresak saretu nahi ditu, elkar laguntza bultzatuz eta bakartasuna hautsiz. Lurraldeko edozein instantziaren aurrean enpresak ordezkatuz. Enpresen artean praktika eta ideia onak partekarazteko nahikaria du elkarteak. Kartaren xedea Euskal Herrian ari diren enpresen engaiamendua ezagutaraztea da. Gisa horretara, kartaren sinatzaileak enpresen hainbat ezaugarri identifikatuta izan daitezen engaiatzen dira enpresen funtzionamendua hobetzeko.
Lantegiak elkarteak urtero enpresa bakoitzari dokumentu bat igortzen dio autoebaluazioa eta segimendua egiteko. Kartaren helburuei begira, lorpenak eta zailtasunak jakinarazteko gisan. Jarduteko molde hau ez da berria, egitasmoa munduan barrena zabaldua da aspaldi. Euskal Herrian, Arrasateko Arizmendiarreta taldea aitzindaria da. Ildo horretan, taldeak jardun-txosten berria ezagutarazi zuen iragan urteko abenduan.
Hamar urte bete dira EGE delakoa sortu zela. Bestela irudi badu ere, karta ez da Merkataritza Ganbarak egina, Lantegiak elkarteak baizik. Frantzian, enpresen sindikatuak CPMEn (Confédération des petites et moyennes entreprises) –txikiak, eta ertainak– edo MEDEFen –goi-mailakoak– barruan ari dira. Frantziaren lurraldeen arabera ari dira, departamenduan egituratuta: “Guk nahi genuen desmartxa da. Hemen aritzeko hemengo enpresen interesen ildoan antolatu ziren enpresak. CPM eta Pirinio Atlantikoak departamenduan aritu beharrean, Ipar Euskal Herrian eratu ziren enpresak. Bertako ia lantegi denak barnean dira”.
Gure solaskidearen iritzian, beren estrategia da ekonomia bultzatzea, betiere, Euskal Herriatik bertatik lana eginez. Merkataritza Ganbaran edo Artisauen Ganbaran sartuta ere, estrategia propioa lantzen dute: “Bistan da, gure lehen zeregina lantegien zirkuituak bultzatzea da. Gure kapitala hemen emendatzea, egoitza soziala hemen ukanik, transmisioa hemen egitea, trabak sortzen direnean egitura eta sare hori hemen egon dadin. Ez dugu bakarrik departamenduan aritzea nahi, Bearnon ongi delako hemen ongi dela onartzea. ‘Han ongi dena, ongi ere dela Euskal Herrian' lelo orokor horrekin ez gara ados”.
Pantxoa Bimboiren erranetan, Frantziako enpresak heldu badira Euskal Herrira, kapitala hemen ezarriz, primeran. Esaterako, eta gogoratu aldera, Herrikoa inbertsio taldea duela 30 urte sortu zen hemen, tokiko enpresa laguntzen zuen baldin eta egoitza soziala Euskal Herrian baldin bazuen. Lantegiak ekimenaren bultzatzaileak aldiz, ez dira horrela ari. Enpresa horiek tokiko ekonomia baikorki eragiten badute, aitzina.
Itun berria atera du enpresen esparruan Frantziak, anitz puntu berri ezarri du euren funtzionamenduan. Enpresen filosofia sozialean olatu gisako bat zabaldu nahi du Emmanuelen Macronen gobernuak. Enpresa bakoitzari izateko era bat (Raison d’Être) eskatu dio, beren burua definitu dezaten: “Estatuak goi-mailatik tiratu eta eragin nahi du, baina berant ari da. Aldiz, tokian tokiko enpresen inguruko eragileek gobernuaren lege proposamena aztertu dugu, eta ohartu gara gu aitzinago garela. Esaterako, EGE delakoa Sokoa enpresan sartu zen aspaldi. Oraingo legea lantegi berriko kideei zuzendu zaie, baina funtsean, gu ari garen ildoan joan nahi du”.
Filosofia berri hau orain dela 50 urte zabaldu zen Euskal Herrian. EGE kartaren arauak urrats berriak dira norabide horretan: “Enpresen ezaugarriak herriari atxikiak dira, hau da, sinesten dute enpresa ez dela dirua egiteko bakarrik. Ongizatea xerkatzen dute, kooperatiben espirituan”. Zentzu horretan, Lantegiak ekimena –EGE kartaren bidez– abiatu den garaitik egoera soziopolitiko eta ekonomikoa aldatu da, bai Euskal Herrian, bai Akitanian eta Frantzia osoan orobat. 2010 hamarkadatik lehenago eta geroko bi garai ezagutu dira tokiko ekonomian. Alta bada, datu esanguratsu bat eskaini digu: “Iparraldeko langabezia puntu bat apalagoa da Frantzian baino eta puntu erdia Akitanian baino”.
Euskal Herriko zerbitzu eta industriaren ezaugarriak eta datuak honako hauek dira. Artisauak Lanbide Ganbaran biltzen dira, ofizialak deituak. 13.000 dira. Batez besteko, 2,1 langile ari dira enpresa bakoitzean. Merkataritza Ganbaran, berriz, 17.000 dira izena emandakoak. Batez beste, 4,5 enplegatu ari dira enpresa bakoitzean. Guztira, 20.000 enpresak dira. Lantegi tipiak barne: “Guk ezin ditugu horiek denak inguratu. Gu enpresen muina eta mamia lantzen ari gara, ez dugu horien guztien enbeia”, zehaztu digu Bimboirek.
Caroline Phillips da Pic Digital enpresa-buruaren eta Lantegiak elkarteko lehendakariaren ikuspuntua ere bildu dugu: “EGEren kartak aukera ematen digu etenaldi bat egiteko, non gauden ikusteko, enpresen bilana egiteko, langile guztiek aurrerapen prozesuan parte har dezaten lortu aldera”.
Bere aburuz, EGE kartari atxikitzea abantaila da kalitate ikuspegi batetik, eta, beraz, “Enpresa Digital Arduratsua” etiketa lortzeko. Pic digitalarentzat (Eraldaketa digitalean aditua), EGEren karta sinatzea edo sinatzeko proiektuan engaiatzea pizgarri gisako bat izan da: “Elkarrekin aritzeak guztion indarrak bateratzen ditu, kideek jardunbide egokiak truka ditzaten, jardunbidean aurkitutako zailtasunei planteamendu ‘ireki’ batez ekiteko”.
Elkarteko enpresek 2020. urterako hainbat bilkura aurreikusita dituzte, karta biziarazteko, aurrerabideari jarraitzeko eta enpresa atxikitzaileen barnean ere sustatzeko.
Iparraldeko ekonomia ulertzeko ezinbestekoa da azken hamarkadako mugimendu politikoaren bilakaera gogoratzea. 60 urte pasa dira Enbata abertzale mugimendua sortu zenetik, ETAren inguruko errefuxiatuak iristen hasi ziren garaitik. Politikan nahiz ekonomian lelo bat zabaldu zen orduan: “Ez da deus igurikatu behar Parisetik, guk egin behar dugu”. Horrela sortu ziren ikastolak, baita kooperatibak ere (Alki, Olaberria eta abar). Geroago Herrikoa mailegu-emailea –Lana herrian lemapean– eratu zen enpresak sortzeko.
Enbatako kide aitzindari Patxi Noblia izan zen Herrikoaren sustatzailea, herriko kapitalaren ideiaren asmatzailea. Herrikoak 4.000 partaide dauzka, 35 urte daramatza lanak eta enpleguak sortzen (baldintza bakarra: Iparraldean behar du ukan egoitza soziala). Sokoa lantegia da horien artean buru: 1.000 partaide, 500 langile eskumeneko edo filialekin). Diru partaidetza eredu horri jarraikiz, elkarte eta mugimendu franko eraiki izan dira. Hala nola. Lurzaindia, EHLG eta Eusko moneta.
Gaur egun 5.000 akziodun baino gehiago biltzen ditu. Iaz, 116 enplegu berri sortzea ahalbidetu zuen, hamaika lantegi sustengaturik. 2019ko urte hondarrean, urtero legez, Herrikoak hedapen kanpaina egin zuen. 245.000 euro bildu eta 57 akziodun berri egin ditu.
Enbata sortu eta 30 urte berantago, hiriko gobernamenduen politikan sartzeko lehen urratsa eman zuen Jakes Abeberryk (Enbata mugimenduko buru nagusietako bat). Bera izan zen aitzindari. Berak deliberatu zuen duela 25 urte inguruan, Biarritz hiriko herriko etxean sartu behar zela frantses hautagai baten zerrendan. Kritika gogorrak ukan zituen hainbat sektore abertzaleen aldetik, baina –Pantxoa Bimboiren erranetan– abertzaleen jarduteko moldeak aldatu zituen, baita abertzale ez direnen abertzaleekiko ikusmoldeak eta jarrerak aldatu ere.
Gaur egun, hautetsi batek, izan dadin ezkerreko ala eskuineko, euskal munduko bozak behar ditu; gutxieneko akordio batzuetara iritsi behar du. Adibidez, urtetik urtera izaten diren ohiko mobilizazioetan, hala nola urtarrileko bakearen aldeko manifestazioetan Iparraldeko hautetsiak bildu dira –diputatuak, senatariak eta ia auzapez guztiak–.
Orain dela lau urte, Frantziako Gobernuak delibero erabakigarria hartu zuen. Pierre-André Durand prefetak –François Hollande presidente ohiaren gobernuak eraginda– Iparraldeko herrietako hautetsi guztiei elkarrekin elkargoaren alde bozkatzea proposatu zien. Baionako herriak hautatu baitzuen Jean-René Etchegaray auzapez zentrista irekia. Iparraldea lurralde bakar batean antolatzeko, hautetsien %70k alde egin zuen. Euskal Elkargoak eskumenak bere gain hartu ditu. Eskumen ekonomikoa ez da engoitik departamenduan, euskal lurraldean eta lurraldearentzako baizik.
Pantxoa Bimboiren ikuspuntutik, aipatu datu horiek guztiak politikari lotu behar zaizkio. Horiek Iparraldeko ekonomiaren ingurumaria aldatu dute. Gisa horretara, estrategia gero eta irekiagoak gauzatu ahal izanen dira lurraldearen onerako: “Ekonomiaren esparruak non eta nola eraiki. Nola lagundu sektoreak, nola orekatu kostaldea eta barnealdea, nola egin lokarria laborantza munduaren eta kontsumo munduaren artean. Lurra nola atxiki edo eskuratu, mundu pribatuaren asmoei aurre eginez espekulazioari ihes egiteko?”.
Hemendik aitzina, erantzun horiek antzemateko lan egin behar dela erran digu solaskideak.
"EGE" KARTAREN PUNTU ZENBAIT
Eremu soziala indartu aldera, enpresak hainbat alor zaintzen ditu: 1. Euskal Herrian sortu behar diren enpleguak indartzea. 2. Bost urtero gutxienez, kapitala inbertitzea. 3. Urte bateko antzinakotasunaren ondoren mugagabeko kontratua langileei proposatzea (SMIC: + %5 gutienez), desmartxa orokor baten barruan aurrera egiteko. 4. Kontratu mugatuak hilabeteko soldaten kopuruan %20tan mugatuak izatea; sasoiko enpresen beharrean salbu. 5. Lan soldaten eskala orokorra 1tik 6ra antolatzea. 6. Etekinak modu batean ala bestean hiru urteren buruan hein batean langileekin partekatzea.
Honako puntu hauek ere lantzen ditu: 1. Kluster batean kidetzea (bost Iparraldean eta bat mugaz gaindiko Hegoaldean). 2. Kapitalean engaiamendua: Herrikoa-koa partaidea den enpresa batekin (salmenta-erosmena indartuz). Energia ere lantzen du (I Ener/energia, saila indartuz). Lurren aldeko iniziatibak sustatzen ditu (Lurzaindia), Iparaldean kokatzen diren lurren aldeko enpresak suspertzen.
Langileak ekimenak enpresak honako desmartxak zaindu beharko ditu: 1. Tokian berean erostea eta zirkuito laburrak lehenestea. 2. Hiru urte barnean mezenasgo bat gauzatzea. 3. EGE kartaren espirituan ahal bezainbat aitzinamendu egitea. 4. Euskararen ikaskuntza eta erabilera sustengatzea.
Aberastasunen partekatzea: primen edo emaitzena, hots. Emaitzen interesa. Kapitalaren parte-hartzea. Horrez gain, Dialogue Social Pays Basque elkartean izena ematea (10 langile baino gutiago duten enpresei zuzenduta dago). Atxikimendu horri esker langileek kostuen tipitzeak izanen dituzte. Gazteak lan munduan sarrarazteko neurriak hartzea (aprendizgoa, ikastaroak edota beste).
Lurraldea eta gizartea atalak: elbarrituen laguntzeko egiturak sustatu (Agephip edo Seaskako Integrazio Batzordea). Presoen birgizarteratzea lagundu. Egitura ekonomikoak: Eusko moneta, Lantegiak, Cle, Hemen, Hazia, EHLG, lurraldeko eskolak. Seaska, Estia eta abar sostengatu. Kulturaren sustapena: euskarazko ekitaldiak, pastorala, bertsolaritza, kantua eta abar laguntzea, pilota edota lurraldeko kirol elkarteak barne. Euskararen aldeko ekimenak lantegietan bultzatzea bereziki: euskararen irakaskuntzari garrantzia emanez, barne eta kanpo komunikazioa euskaraz indartzeko langilea kontratatzean euskararekiko haren irizpidea kontuan hartzea lehenetsi da.
Honako puntuak hobetsi dira: 1. Hondarren birziklapena. 2. Mugikortasun eztia lehenetsi eta energia gastuak mugatzea. 2. Langileria garapen iraunkorreko erosketekiko sentsibilizatzea. 3. Energia hornitzailez aldatu lurraldean, inplikazioa hautatuz (Energia-n, adibidez). 4. Transmisioa: enpresaren jarraipena. Enpresa Euskal Herrian egon dadin, transmisio unean aterabideak bilatzea ahal den heinean.
BAIONAKO PORTUA
Baionako Portua gune inportantea da tokiko ekonomia sustatzeko. Iragan urteetan arazoak ukan zituen, Bokaleko eta Tarnoseko metalgintzako lantegiak berant harrapatu baitzuten aro ekonomiko berria, 2008ko krisiaren ondorengo aroa. Alta, portuak hiru ziurtagiri ditu. Ingurumenari buruzko lehenbiziko egiaztagiria berak jaso zuen Frantzian. 2001ean Kalitatea eta Seguritatearen agiriak ere jaso zituen.
Baionako portuaren jabea Akitaniako Kontseilua da, Baionako Merkataritza Ganbarak emakida edo kontzesioa dauka. 25 urtero berritzen da. Ganbarak 5-6 urterako kudeantza dauka oraindik.
Portuak Draga berria erosi zuen duela bi urte. Trenak ezartzen ditu lantegien sarea uztartzeko eta karga portutik munduratzeko. SNCFarekin (Frantziar Burdinbideen Sozietate Nazionala) elkarlanean ari da. Une batez, portuko agintaritzak kamioi-garraioa sustatu nahi izan zuen, baina Merkataritza Ganbarak trena sustatzearen aldeko jarrera hartu zuen irmo. Jardun molde hori nagusitu da energia gutxiago kontsumitzeko xedetan; errepideak gutxiago xahutzeko eta karbono gutxiago hedatzeko, eguratsa hobetu aldera betiere.
Arizmendiarrietaren helburua ez zen kooperatibak sortzea, baizik eta gizartea eraldatzea. Lehenengo urratsa enpresa eraldatzea zen, Elizaren Gizarte Irakasbidearen printzipioetan eta balioetan oinarrituta.
Kooperatiben bidetik jotzea erabaki zuen, bere ideiak praktikara eramateko aukerarik bideragarriena zelako. Berritzailea izan zen kooperatiben hainbat ezaugarritan. Industria kooperatiben eredu berria bultzatu zuen, munduan lehenengoa. Kreditu kooperatiba berezia sortzen lagundu zuen (Laboral Kutxa), munduan berezia izan zena, Kooperatibaren bazkide ez baitziren bezeroak, ez zuten kreditu erakundeak sortu kooperatibak baizik. Beste kooperatiba batzuei ere bidea ireki zien eta haietatik etorri dira ikerketako kooperatibak –Ikerlan, besteak beste– eta unibertsitate fakultateak; Mondragon Unibertsitatea (MU) aitzindari izaki.
Horretaz gainera, enpresen arteko lankidetzaren kontzeptuari bultzada eman zion. Betiere, esperientzia zela azpimarratuz, pertsonen eta erkidegoaren arazoak konpontzeko giza balioak eta merkatuko lehiakortasuna uztartzea bilatzen baitzuen. Alabaina, egiari zor, munduko ekonomian gertatutako aldaketen eta globalizazio prozesuaren eraginez, azken urteetan kooperatibek ohiko formula juridikoak erabili behar izan dituzte, eta horregatik, “Arizmendiarrietaren asmakizuna” gero eta modu ez ohikoagoan erabiltzen ari da. Hala izanik ere, azpimarratu behar da, batez ere Gipuzkoan, kooperatibak erreferentzia berezia direla, gauzak egiteko beste modu bat badagoela erakutsi dutelako eta enpresa munduan eragin handia dutelako.
KOOPERATIBAREN AHULTASUN BATZUK, ETIKAREN IKUSPEGITIK
1. Banakako egoismoa bekatua da. Ordea, taldeko egoismoa bertute bat ote? Adibidez: aldi bateko langileen kasua dago. Eta besteen konturako ari diren langileak. Kudeaketan, emaitzetan eta jabetzan parte-hartzea bideragarria al da?
2. Kapitalak lanaren menpeko izan behar duela dioen printzipioa ez da aplikagarria kapitala geurea denean.
3. Igualitarismoak meritokrazia ito dezake. Profesional gazteentzat ez da erakargarria.
4. Kooperatiba handiak neurri batean “funtzionarizatu” egin dira. Fagor Etxetresnen kasua muturrekoa izan da, baina ez da salbuespena.
EZ KOOPERATIBISMOA, EZTA LANKIDETZA EKONOMIA ERE
Kooperatibismoa –ezta lankidetza ekonomia ere– ez da hirugarren bide bat kapitalismo ultraliberalaren eta sozialismo marxistaren artean. Ez da, hortaz, ia planeta osoan indarrean dagoen sistemaren alternatiba, sistema gustatu ala ez, eta moralaren ikuspuntutik egokitzat hartu ala ez. Beraz, munduko ekonomia jardueran indarrean dauden joko arauak ditu abiapuntu. Arau horiek aldatzeko beste esparru batzuetan eragin behar da, beste ikuspegi batzuetatik eta erkidego jakin batentzat egokitzea du xede, humanismo kristauaren printzipioak kontuan hartuta betiere. Uste baita, printzipio horiek ekonomiaren ikuspegitik bideragarriak direla eta politikaren ikuspegitik egingarriak.
KOOPERATIBISMA EUSKAL HERRIAN: ARRASATE
Euskal Herriko kooperatibismoa honelako balore hauetan oinarritzen da: pertsona guztien berdintasuna eta duintasun besterenezina errespetatzea. Enpresan eta gizartean parte-hartzea. Gizabanakoak eta erkidegoak aurrera egiteko, ekonomiaren jardueran elkartasuna, justizia eta lankidetza aplikatzea.
Arrasateko enpresa kooperatiboen jardunbide batzuk aurreko balio horietan oinarritzen dira. Hau da, euskal enpresak eredu inklusibo eta partaidetzazkoa landu behar ditu, elementu iradokitzaileak sustatuz. Izan ere, humanismo kristauaren printzipioak eta balio horiek biltzen baitira Arizmendiarrietaren pentsamenduan.
OHARRA: Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak “Lankidetza Ekonomia. Utopiaren eta etsipenaren artean” txostena eman zuen argitaratzea 2019ko abenduan. Goiko testua txosten mamitsu horretatik ateratako atal batzuez osatua da.
France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]
Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]
Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.
Herritarrak elkarren artean saretzea eta bizitza sozialerako espazioak bultzatzea da Xiberoko Kolektiboa elkartearen lan ildoetako bat. Bide horretan, baratze kolektiboa sortzeko aukera suertatu zitzaien 2020an Maulen, eta zalantzarik gabe, proiektuari ekitea erabaki zuten... [+]
ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]
Gizon batek egindako jazarpena salatu du Irati Rusiñol hendaiarrak sare sozialetan. Komisarian ere jarri du salaketa. Salaketa publiko egin ostean, beste 30 emakumek esan dute gizon beraren erasoak jasan dituztela. Rusiñolek adierazi du beste inori halakorik egin... [+]
Bezperako zentsura mozioa dela medio, Frantziako Gobernua erori izanak ez ditu herritarrak etxean geldiarazi eta jarraitua izan da CGT, CFDT, Unsa, FSU, Solidaires, CFE-CGC eta FA-FP sindikatuek, baita LABek ere deituriko greba eguna.
Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi... [+]
Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.
Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]
Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara... [+]
Lehenengo aldiz “euskararen aldarriak hedatzeko” azoka antolatu dute euskararen biziberritzean lan egiten duten zortzi elkartek. Euskararen egunean irekiko da azoka eta abenduko beste hiru egunetan ere egongo da zabalik.