Zaldibarko zabortegi amildutik metro gutxira batu gara Janire Lazkano (Elgeta, 1989) eta Jokin Bergararekin (Eibar, 1994). Zaldibar Argitu plataforma sortu berriko kideak dira, eta eskualde hau astindu duen ezbeharretik abiatuta, egoera nola ikusten duten eta zer eskatzen duten galdetu diegu.
Noiz eta nola sortu duzue plataforma?
J. Lazkano: Zabortegiaren inguruko herrietan, ezbeharra gertatu berritan, lehen boteak independenteak izan ziren. Bilera irekiak deitu ziren herrietan eta otsailaren 10en Eibarren, Ermuan eta Zaldibarren manifestazioak antolatu ziren. Hor konturatu ginen herriak koordinatzen hastea garrantzitsua zela. Gerora, elkarrekin antolatu genuen 15eko manifestazioa eta hortik aurrera, herrietako plataforma guztien koordinazioa sortu genuen.
Nongo jendea batu zarete?
J. Bergara: Zaldibar, Elgeta, Mallabia, Markina-Xemein, Ermua eta Eibarko jendea. Horrez gain, Zallan ere mugimendua dago, Joaquinen familia hangoa baita.
Herriz herri lantzen ari zareten –eta beraz, itxirik ez dagoen– hamaika puntuko aldarrikapen zerrenda ikusteko aukera izan dugu. Hasteko, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran ahalik eta azkarren aurkitzea eskatzen duzue, senideei babesa adieraziz eta erakunde publikoak interpelatuz. Ba al duzue harremanik senideekin?
J. Bergara: Plataformako kide da senide bat eta berak egiten du kontaktua familiekin. Gure aldetik indarrak jartzen ari gara erakundeak presionatzen bilaketekin zorroztasunez jarrai dezaten, ez baitakigu zertan ari diren. Horretara ahalik eta baliabide gehien bidera dezatela eskatzen dugu.
Senide hauek, batez ere Beltranenak, oso haserre mintzatu dira Jaurlaritzaz. Nola ikusten dituzue zuek agintari politikoak?
"Higiene demokratiko hutsagatik hemen dimisio batzuk behar dira"
J. Bergara: Ikusten dugu higiene demokratiko hutsagatik hemen dimisio batzuk behar direla, erantzukizunak hartu behar dituztela, eta horren ordez, normaltasuna antzezteko jarrera hartu duela Jaurlaritzak. Inprobisatzen aritu dira modu txarrean, hasieratik gaia ezkutatu nahi izan dute eta egun, oraindik, azalpenak oso justuak izaten ari dira.
2.0 krisi baten aurrean gaude. Bataila komunikatiboa indartsua izaten ari da.
J. Lazkano: Sare sozialekin obsesionatuta ikusten ditugu, asko kritikatzen baitute Twitter baina gero beraiek erantzunak hortik ematen ari dira. Lotsagarria da.
J. Bergara: Jaurlaritzak sortu duen errelatoa da ez izateko alarmistak, konponduko dutela arazoa. Hori sinetsi nahi duenak hitz horietan aurkituko zuen heldulekua. Gure herrietan, ordea, komunikabideetatik aparte ez da bataila dialektiko hori ikusten, jendeak bere gorputzean sentitu baitu kutsadura. Gurasoak kezkatuta ibili dira ea haurrek parkean lasai jolas dezaketen, haurdun dauden emakumeak ea herritik joan behar diren, kirola ea lasai egin daitekeen... Adibide gisa, urtegira dagoen 5 kilometroko bidean jende asko ibiltzen zen oinez lehen, orain ez dabil inor.
J. Lazkano: Herritarrak ukitu ditu gaiak, oso begi bistakoa izan da. Beren gestioa goraipatzen dute, baina denok sentitu dugu gertatu dena. Eta ez da batere normala. Alarmistak ez izateko diote, baina alarma hori kalean badago. Eta beren gezurretatik sortu da. Dena ongi dagoela esanez ibili dira, eta astebetera datuek kontrakoa erakutsi dute. Mesfidantza handia dago politikari hauekiko.
Zabortegiarekin loturiko eskaera zehatzak dituzue: urteotan zer gertatu izan den, zergatik ez dituzten irregulartasunak zigortu galdetzen duzue; gaur egun bertan zer dagoen zehaztasunez jakin nahi duzue eta eroritako zaborrarekin zer egin erabakitzeko prozesuan herritarren partaidetza bermatzeko eskatzen duzue.
J. Lazkano: Konfiantza falta hain da handia, ez dugula sinesten diotena. Diote zabortegian dagoen hondakin toxiko bakarra amiantoa dela, baina garraiolarien testigantzek hori ezbaian jartzen dute. Hondakinen karakterizazioa egiteko eskatzen dugu ikusteko zer dagoen hor eta nola kudeatu behar den. Azterketa hori ez dugu nahi instituzioek bakarrik egitea, prozesua eragile sozial eta sindikalekin partekatua izatea nahi dugu, eta herritarren partaidetza nahi dugu soluzioan ere. Hala ere, ikusi dugu jada hasi direla lurrak desjabetzen. Ez dute ingurumen planen beharrik, eta larrialdi horrengatik ez dituzte protokoloak betetzen. Salbuespen egoera deklaratu balute bezala ari dira jokatzen, lege oro gaindituz beren hitzetan "interes kolektiboagatik". Hilabete pasa da ordea.
J. Bergara: Zabortegiari garrantzia ematen diogu oso jende gutxik zekielako zabortegi hori existitzen zenik, nahiz eta kamioiak gora eta behera ibili. Zabortegi hori inolako galdeketarik eta informaziorik eman gabe zabaldu zuten. Inguruan bizi garen herritarron osasunari kalte egin diezaieken substantzia piloa botatzen zituzten, eta ez genekien ezer ere. Prozesu herritarra eskatzen dugu osasun publikoari dagokion kontuetan erabakiak demokratikoa izan behar duela aldarrikatzeko. 50.000 lagunen bizitzak daude jokoan. Gainera, Jaurlaritzaren isiltasunari Eibar, Ermua eta Zaldibarko Udalena gehitu zaio. Denak bi alderdi berberek kudeatzen dituzte. Akusazio partikular gisa aurkeztuko dira, baina beraiek ere badute erantzukizun zuzena hori kudeatu izan zen moduan eta horren kontrol faltan.
Neurketak sistematikoki egiteko eta informazioa garden emateko eskatzen duzue. Jaurlaritzak dio, ordea, datuak garden ematen dituela.
J. Lazkano: Ez badakigu zer dagoen zabortegian, osasunaren inguruan kezka izango dugu. Ez dakigu bertatik zer aterako den, edozein gas adibidez. Beraiek ere aitortzen dute suteak errepika daitezkeela, hor metanoa baitago eta su har dezake. Ez dute ziurtasunik transmititzen, hipotesiez mintzo baitira. Zabortegiaren behealdean dagoen lixibiatuak biltzeko tankea suposatzen da ez dagoela apurtuta, baina ez dute segurtasunez esaten. Jendea lasaitu nahi baduzu, hori frogatu egin behar duzu. Ezin duzu hipotesiez hitz egin eta jendeari lasaitzeko esan.
"Gure herrietan ez da bataila dialektikoa ikusten, jendeak bere gorputzean sentitu baitu kutsadura"
J. Bergara: Ikerketa agentzia independente batek egiteko eskatzen dugu dioxinak aztertu dituen CSIC agentziak ez duelako hori egiteko Europako homologaziorik. Emotikonoen bidez informatzen digute airearen kalitatea, datu zehatz guztiak eman gabe. Diote gaur egun dioxinarik eta furanorik ez dagoela eta airearen kalitatea ona dela, baina ez dute esaten zehazki zein diren analitiken emaitzak. Horrek beldurra sortzen du, jendea ez baita inozoa. Sinesgarritasuna irabazi nahi badute, eurek finantzatu behar lukete agentzia independente baten ikerketa, eragile sozial, sindikal eta instituzioek adostutako agentzia izan behar luke eta hortik egin neurketa guztiak.
Agentzia independentea diozuenean, zaila dirudi erakunde publikoek beren ikerketa propioak zalantzan jarriko dituen ikerketak finantzatzea. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, adibidez, berak finantzatu du Zubieta inguruko kutsadura neurketa independentea.
J. Lazkano: Hor dago gakoa, ea ikerketarik baden beren datuen aurka egiten duenik, ala emaitzak berak diren. Elgetan airearen azterketak egin dituztela esan zuten, baina inork ez daki ez noiz, ez non, ez nork hartu zituen laginak.
J. Bergara: Kuriosoa da, zientziaren argudioa erabiltzen dute herritarrak lasaitzeko, eta zientzia eskatzen diezunean, beldurra dute datu guztiak erakusteko edo beste agentzia bati ikerketa eskatzeko. Hor sortzen da galdera nagusia. Gainera, herrietara Eusko Jaurlaritzako teknikariak etorri direnean, oso azalpen teknizistak eman dituzte, mezua publiko orokorraren eguneroko bizitzan zentratu beharrean, beren txostenetako datu eta markoan oinarrituz. Adibidez, Eibarrera eta Ermura etorri zirenean, jendeak galdetzen zuen ea amianto fibrak arnasten ari garen edo osasunari nola eragingo dion honek guztiak. Teknikariek etengabe ihes egiten zieten galderei eta ez zuten erantzuten, teknizismo ilun eta barrokoak baliatuz.
Planteatu al duzue ikerketa independentea zuek finantzatzea?
J. Lazkano: Pentsatu beharko da, baina hasten ari gara. Baliabide ekonomikoak mugatuak ditugu.
Erantzukizunen fasean, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren dimisioa eskatzen duzue. Zergatik?
J. Bergara: Arriolaren figurak kontu honetan karga sinbolikoa du. Eibarko alkate izan zen 15-16 urtez. Bere Ingurumen sailburu aldia da zabortegiak diru gehien fakturatu duen epea. Hau guztia ahalbidetu duen sare klientelarraren buru politikoa bera da. Jaurlaritzak ere hartu behar ditu erantzukizunak bere gain, eta uste dugu Arriolak ezin duela jarraitu kargu publikoan. Dimisio gehiago eskatuko bagenitu indarra galduko luke eskaerak, eta horregatik fokalizatuko dugu bere gain.
“Hondakinen kudeaketa zuzen, publiko eta zentzuzkoa" eskatzen duzue, "egungo ereduaren birplanteamendu sakon eta zabala”. Jakitun izango zarete bere garaian gehiago birziklatzeko proposamenak indarrean jarri zirela eta jasan zuten boikota oso handia izan zela. Gai honetan sartzeko prest zaudete beraz?
"Hondakinak kudeatzeko sistemak birplanteatu egin behar dira. Gipuzkoako herri askotan erakutsi da posible dela"
J. Lazkano: Gu plataforma gisa ez gara eredu zehatz baten inguruko eztabaidan sartuko, jo dezagun atez atekoa bai ala ez, baizik eta bereizte tasak handitu behar direla jarriko dugu mahai gainean. Oso-oso erraz gainera. Hondakinak kudeatzeko sistemak birplanteatu egin behar dira, elkarrekin kontsentsuatu behar dira, sortzen diren hondakinak murriztu egin behar dira, berrerabilpenean lan egin behar dugu, eta sortzen diren hondakinak birziklatzeko bai edo bai erabakiak hartu behar dira, bai udalek, baita herritarrek ere. Gipuzkoako hainbat herritan erakutsi da posible dela, ez gara hil, %70eko bereizketa tasekin jarraitzen dugu, eta beste herriek ere horretara joan behar dute. Sistema konkretuez baino, bilketen emaitzez hitz egin nahi dugu. Horrez gain, arduraz jokatzeko eskatzen zaigu herritarroi, eta guk erantzuten dugu instituzioek ere arduraz jokatu behar dutela kontroletan.
J. Bergara: Plataforma anitza garenez, gure helburua da ahalik eta adostasun zabalena lortzea eta gaurko ereduaren birplanteamendu sakona egitea. Guk eztabaida zabaldu nahi dugu. Zaborra gainera erori zaigu eredu kapitalista honengatik. Horrekin lotuta, ezin dugu zaborra esku pribatuetan utzi, ezin da negozioa egiteko esparrua izan. Bere garaian, EAJk Bergarako leihoak zabor poltsekin nola bete zituen oroitzen dut, eta orain natura jarri zaie aurka. Beraientzat gai oso deserosoa da eta min handia egiten die.
Paroa deitu duzue martxoaren 12rako Eibarren, Ermuan, Zaldibarren, Elgetan eta Mallabian 12:00etatik 15:00etara. Zergatik?
J. Lazkano: Borroka egiteko eta haserrea adierazteko beste modu bat delako. Era askotako ekintzak egin ditugu, eta “kito” esateko momentua dela uste dugu. Hilabete daramagu horrela eta ez da asko aurreratu. Gure aldarrikapenak herritarrekin kontrastatu eta aurrera eraman nahi ditugu.
J. Bergara: Ikusi dugu gertaera hau pixkana albistegietako 40. minutura joaten ari dela, eta normaltasun hori eteteko, oraindik ez dela ia ezer argitu esateko eta egoera tenkatzeko egin dugu deialdia. Mobilizazioetan ere beste jauzi bat eman nahi dugu. Herrietan goizean mobilizazioak eta arratsaldean Eibar-Ermua batzen dituen biribilgunetik manifestazioa egingo ditugu. Dei egiten diegu Euskal Herriko beste herri eta hirietan, hondakinen kudeaketa birplanteatzen ari diren guztiei, elkarretaratzeak antolatzeko. ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuen babesa daukagu gainera.
Aurrera begira, indartsu al zaudete borroka luze baterako?
J. Lazkano: Gustatuko litzaiguke berehala konponduko balitz guztia, baina horrek esan nahi luke konpondu dela, langileak aurkitu dituztela, erantzukizunak beren gain hartu dituztela, herritarrekin parte hartze prozesuak ireki direla... Ez dugu uste epe laburrean gertatuko direnik. Helburuak finkatu ditugunez, horiek lortzeko amaiera arte egingo dugu lan.
J. Bergara: Badirudi bide judizialetik luzatu nahiko dutela kontua, bospasei urtez, eta beraz, hor presente egon nahi dugu. Ahalik eta eragile gehien batu eta denok estrategia bateratu batekin prozesu horretan parte hartu. Horrez gain, pentsatu behar dugu nola mantendu gaia bizirik, ez dadin izan haserrealdiko kontua. Gero hauteskunde kanpaina dator, gero gobernu berria... lehentasuna du larritasuna adierazteak, eta aurrera begira herriz herriko plataformen indarren arabera ariko gara. Orain adibidez, banderolak atera ditugu herriotan leihoetan jarriz, begi bistan jartzeko hemen ez dagoela normaltasunik.
Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.
Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.
Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.
Ostegunean ziren deklaratzekoak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko hiru teknikariak, baina justizia auzitegietako lanuzteen ondorioz ezin izan dute egin. Verter Recycling enpresari Ingurumen Baimen Bateratua nolatan eman zioten azaldu beharko dute.
Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko hiru teknikarik deklaratuko dute, Zaldibarko zabortegian ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituen auzian. Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak elkarretaratzera deitu dute Durangoko epaitegi aurrean.
Hirien hondakinak bildu eta txikitzen diren lekuetara bisitaldia egitea eskoletako derrigorrezko txangoa izan beharko litzateke. Gaileta paketetxo bat ireki barneko bi gaileta irensteko, eta pakete azalaren ibilbidea mentalki eraiki. Helmugan paratzen da giza aktibitatearen... [+]
Hondamenditik hiru urte bete direnean prentsaren aurrean aitortu du Tapia sailburuak "ikuskapen teknikoak" egiten ari direla, zabortegia "egonkor eta seguru" dagoela, baina oraindik ez dela zigilatuko horretarako baimena eduki arren. Izan ere, Verter... [+]
Zaldibar Argitu plataformak deituta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak omendu dituzte Eitzaga auzoan, zabortegian harrapatuta geratu zirenetik hiru urtera. Auzia argitzeko beharra berretsi dute eta ardura politikoak hartzeko eskatu.
Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaz geroztik hondakinen kudeaketan Bizkaian dauden hutsuneak nabarmendu ditu talde ekologistak txosten batean. Azaldu duenez, hondakinak kudeatzeko plan berriaren zirriborroa oraindik ez da onartu eta 2016koa dago indarrean. Hondakin organiko... [+]
Datorren igande eguerdian, otsailaren 5ean, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak oroitu eta argipenak eta erantzukizunak eskatuko ditu Zaldibar Argitu plataformak.
Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]
Europako Batzordeak beste behin adierazi du Eusko Jaurlaritzak legedia bete zuela Zaldibarko zabortegiaren kasuan. Zaldibar Argitu plataformak nabarmendu du Lakuak bidalitako informazioa soilik izan duela kontuan Bruselak.
Otsailean urte bi bete dira Zaldibarko zabortegia amildu zela. Martxoan pandemiaren bigarren urteurrena dator, bi hilabetez etxean geratu ginenekoa. Katastrofe bi. Bigarrenak lehenengoa estali zuen, baina Eitzagako hondamendiaren gestioak erakutsi zigun izurritea zelan kudeatuko... [+]