Planifikatutako abandonu baten historia

  • Gogoratzen Euskal Herriko haurrak ETB1en euskaraz ematen zituzten marrazki bizidunei pegatuta geratzen ziren garaiaz? Agian ez, aspaldiko kontuak baitira horiek honezkero: urtetan egindako murrizketen erruz, apenas ikusten den gaur egun marrazkirik, telesailik edo pelikularik euskaraz bikoiztuta. Noiz eta ikus-entzunezkoek gizartean duten eragina izugarri handitu den garaian. Urte eta erdi daramate greban Bieuse elkartean bildu diren bikoiztaileek, lan baldintza itogarrien aurrean planto egitea erabaki zutenetik. Gauzak puntu honetara nola iritsi diren esplikatu digute.

'One Piece' telesailarekin gertatu zenak ilustra dezake euskarazko bikoizketaren egoera: audientzia onak zeuzkan arren, ETBk ez zuen bikoizten jarraitu nahi izan.
'One Piece' telesailarekin gertatu zenak ilustra dezake euskarazko bikoizketaren egoera: audientzia onak zeuzkan arren, ETBk ez zuen bikoizten jarraitu nahi izan.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Xabier Alkizak One Piece anime telesaileko Monkey D. Luffy pertsonaiaren aurpegia dauka bere Twitterreko kontuan. Bikoiztaile euskaldunak biltzen dituen Bieuse elkarteko kidea da, berak jartzen zion ahotsa deabruaren fruitua jan ondoren gomazko gorputza geratu zitzaion mutil gazte irribarretsu horri. Kontatu digunez, telesaila 2007. urtean hasi ziren emititzen ETB1en. Emaitza ez zen nolanahikoa izan: informatiboek baino audientzia hobeak ematen zituen. Bazirudien Dragoi Bola amaitu zenetik euskarazko telebistak lortu gabeko zerbait lor zezakeela berriro ere: marrazki bizidun japoniarren zaleak ohitzea euren pertsonaia gogokoenak euskaraz hizketan entzutera. Baina 156 kapituluren ondoren, telebista autonomikoko arduradunek ez zuten One Piece bikoizten jarraitu nahi izan. Kasu partikular horrek ilustra dezake euskarazko bikoizketan azken hamarkadetan gertatzen ari dena. Alegia, berdin duela zer egiten den, nola egiten den eta zenbat jendek ikusten duen, erabakiak beste irizpide batzuen arabera hartzen direlako. Hezur haragizko Xabier Alkizak hala uste du behintzat. Donostiako Egia auzoko taberna batean egin dugu hitzordua berarekin, dagoeneko urte eta erdira iritsi den bikoiztaile euskaldunen greba zertan den jakin nahian. Luffy bezain irribarretsu ez, baina aho bizarrik gabe aritu da elkarrizketak iraun duen ordu osoan zehar. One Piece bertan behera uzteari buruz eman duen azalpena da horren erakusgarri: “Oso serie korala zelako eten zuten, jende askok parte hartzen zuelako. Nahiz eta telebista ia edukirik gabe zegoen, egiten zen apur hori ere gehiegi iruditzen zitzaien. Nahi dutena da Go!azen estiloa, tipo bat hartu dohainik jarriko dena kamera aurrean edo Klaudioren programara joango dena dohainik hitz egitera”.

Urtetik urtera okerragoak ziren lan baldintzek probokatu zuten bikoiztaileek planto egitea 2018ko irailean. Euskal Aktoreen Batasunaren (EAB) Jokulariak aldizkarian argitaratutako ohar batean esplikatu zutenez, “luze zetorren egoera kaskar baten okertzeak ekarri zuen lanbidean genbiltzan pertsona batzuk ‘nahikoa da’ esatera bultza gintuen azken tanta. ETBren lana esleitzen duen Mixer enpresak lehiaketa publikoa lortzeko salneurriak bota (ETBren aginduz omen) eta hurrengo egunean langileoi beherapenak ezartzera etorri zitzaigun. Azken sei urte hauetan %37 batzen dute jaitsierek”. Telesail honen aurreko denboraldiak ikusi behar dira, ordea, kale itsu honetara nola iritsi den jakiteko.

Planifikatutako desinbertsioa

Euskarazko bikoizketako lan-baldintzen historia txikia osatu du Alkizak elkarrizketa hasi eta berehala, azalduz nola 1980ko hamarkadan, ETB hasi zenean, indarrean zegoen Espainiako Estatuko hitzarmen bat bikoiztaileen lana erregulatzen zuena; eta nola hori bertan behera geratu zen eskumenak autonomia erkidegoetara pasatzean. “Hor hasi zen ETBn dena maldan behera. Ez ETBn bakarrik, ia estatu guztian izan zen ostikada. Lan asko zegoen zentroetan, Madrilen eta Bartzelonan, mantendu egin zen hitzarmen hartan markatzen zena. Baina gainontzean, barra librea ezarri zen. Hemen bezala Mediterraneo aldean ere, telebista autonomikoak zeuden tokietan, erakunde publikoetatik bultza zuten prekarizatzea eta intrusismoa”.

Xabier Alkiza (Bieuse): "Bingen Zupiria da egoera honen erantzulea eta ez dauka inolako asmorik aldatzeko"

Sektoreko baldintzak deserregulatzeaz gain, 1990eko hamarkadaren erdialdera izandako bilera-txanda “famatu” bat aipatu du Alkizak, euskarazko bikoizketak zeuzkan aurrekontuak argaltzen hasteko inflexio-puntu gisa. “Hor erabaki zen, baina ezin zen moztu kolpean. 2000tik aurrera joan ziren murrizten, urtero gutxitzen zituzten orduak eta gero, gainera, agindutakoak ez zituzten betetzen. Nola enpresak lotuta dauzkaten, esaten zieten ‘emango dizut datorren urtean’ edo ‘epaitegira joan zaitezke, zuk ikusiko duzu’”.

Sistema bat ezarri zen bikoizketak nork egingo zituen esleitzeko, Alkizaren arabera Espainiako Estatu osoan bakarra dena: ETBk lehiaketa ateratzeaz gain, Aldi Baterako Enpresa Elkarte bat bultza zuten interesatzen zitzaizkien bi enpresaren artean. “Eta horri gutxi gorabehera jartzen dizkiote lehiaketaren betebeharrak ad hoc, bera bakarrik izan dadin bete ahal dituena erkidegoan. Bide batez, enpresa helduta daukate beraiek nahi dutenerako. Azken bi lehiaketak beti izan dira produktuen prezioak jaitsiz. Baloratu dute produktua merkea izatea. Orduan, enpresariak egin du bere eskaintza eta hurrengo egunean etorri da guregana eta esan digu: ‘Bueno, %13 jaisten dizuet’”.

Funtzionatzeko modu hori hori martxan jarri zenean Bingen Zupiria zen EiTBko zuzendaria, alegia, gaur egun Eusko Jaurlaritzan Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren burua den pertsona. Horregatik, Bieuseko kideak ez dauka esperantza handirik instituzioekin hitz eginda euren egoera onbideratzeko: “Nola Bingen bera den egoeraren erantzulea, eta nola ez daukan inolako asmorik momentuz aldatzeko, instituzioekin egin genitzakeenak egintzat eman genituen”.

Euskarazko bikoizketa galzorian dago. Urte eta erdi daramate euskarazko bikoiztaileek greban, sektorean egin den desinbertsioaren aurka. Argazkian, Xabier Alkiza (ezkerrean) eta Jose Kruz Gurrutxaga Bieuseko kideak iazko ekainean Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian (argazkia: Endika Portillo / Foku).

Kantitatean eta kalitatean sumatzen den galera

“Elkarte bat sortu eta baldintza duinak aldarrikatuz gogor egin dugu lan, erkidegoko hitzarmen bat lortu eta langileek eta enpresak ere hein batean, ETBren murrizketa politiketatik kanpo mantentzeko”, irakur zitekeen Jokulariak aldizkarian Bieusek argitaratutako idatzian. “Eta erraza izan zitekeen, baldin eta lan gatazka guztietan gertatu ohi denez, inolako elkartasunik gabeko zenbaitek lanean jarraitu izan ez balute. Inolako lotsarik gabe lanbidea txikitu eta, enpresa bakar horren, lan baldintzak guztiz kaskartu dituen enpresa horren defendatzaile bihurtu den dozena eta erdi eskas elementuri esker”. Izan ere, EAEko agintariek sektorea argaltzeko emandako urratsez gain, beste arazo bati ere egin behar izan diote aurre Bieusen bildutako bikoiztaileek: greba hasi zutenetik, beste pertsona batzuk ari dira telebistan haiek egiten zituzten bikoizketak egiten.

“Guk lan egiteari utzi eta lehenbiziko bost edo sei hilabeteetan, ETBko marrazki bizidunen ahotsetan emakumezkoak lau neskaren artean egin dituzte, denak. Den-denak”, esplikatu du Alkizak. “Nik galdetzen diot nire buruari, nik erantzuten diot nire buruari eta hemen dagoen hirugarrena ere ni naiz. Frogak dauzkagu grabatuta. Eta hori ETBk onartu egiten du, ez zaiolako inporta. Zer gertatzen da? ETB3k %0ko audientzia ematen duela. Ez dago produkturik, ez daude behar bezala eginak, aspergarriak dira... Baina ez dio inori axola, zeren axola behar dionari, Kultura eta Hizkuntza politika Sailari, ez zaio inporta”.

Euskarazko merkaturik ez egotea seinalatu du arazotzat, Alkizaren ustez konpetentzia badagoen lekuetan gutxieneko batzuk betetzea ezinbestekoa delako: “Merkatuari kaka bat ematen badiozu produktu bezala, esaten dizu joateko pikutara. Aldiz, ETBri ematen badiozu hirugarren mailako produktu bat, esaten dizu: ‘Jaitsi prezioa pixka bat eta ekarri’”. Salatu duenez, bikoiztaile lana egiteko ia edonor hartzen dute gaur egun, lehenesten dena merke egitea delako. “Horrek ekarri du askotan lanak desastre bat izatea. Lanean ari direnek ez dute onartu nahi, baina ari ez garenok onartzen dugu lasai ederrean. Zeren gurea, azkenean, aktuazio bat da eta egun txarrak izaten dira. Eta hor geratzen da, betiko grabatuta. Gauzak ez dira egin behar bezala”. Egiteko modu horren erakusgarri, lanbidean izan duen momenturik tristeenetakotzat du bilera batean Asier Larrinaga EiTBko Euskara Zerbitzuko buruak honakoa esan zion eguna: “Zuek txorizoak egin behar dituzue”. Mespretxatu egin da euskarazko bikoizketa Alkizaren ustez, produkzioaren kate osoan: itzultzaileen lana zanpatua, presaka lan egitera behartutako audio teknikariak, gutxi ordaindutako bikoiztaileak...

Kontrapuntua, politika kulturalez aritzean beste askotan gertatzen den bezala, Katalunian dago. Ez bakarrik bikoizten den ordu kopurua mantendu dutelako –1.000 ordu inguru urtean, EAEn gaur egun egiten diren 120 orduen aldean– baizik eta hamarkada ugaritan mantendu delako apustu hori, horri esker katalanezko bideoteka oparoa osatuz. “Kristoren ondarea daukate”, dio Alkizak, Kataluniako kasuaren beste berezitasun batzuk esplikatu aurretik: “Industria gaztelaniazko zinema bikoiztera Bartzelonara joan da eta han egon da profesional talde oso on bat. Eta gaztelaniaz bikoiztetik katalanera pasatzean, ez dute egin berdin, egin dute hobeto, beraien hizkuntza sentitzen dutelako. Gaztelaniaz ari diren ahots oso potenteak Bartzelonan ari dira lanean eta katalanez ari dira. Zaindu dute beraien produktua, gauzak ondo egin dituzte eta etenik gabe”.

Desagertzen utziko dute euskarazko bikoizketa?

Bitartean, euskarazko bikoizketa azken hamarkadetako momenturik zimelenean dago. Urte eta erdi greban pasa ondoren, lan hitzarmen kolektiboa lortzea eta Zineuskadiren bidez bikoizten diren pelikulen bidez berriz eragiten saiatzea dira Bieusek egoera aldatzeko dauzkan bi lan ildo nagusiak. Erakundeetan giltza duten pertsonen jarreraz aparte, euskalgintzak ere ez du auzi honetan askorik bultza, alor horretako eragileen eta instituzio publikoen artean nagusi den adostasun-giroa tarteko. Alkizak dioenez, Soziolinguistika Klusterrari proposamen bat egin zioten: aztertzea zer-nolako inpaktua daukan euskararen erabileran gaur egungo haur eta gazteek kontsumitzen dituzten ikus-entzunezko ia guztiak erdaraz izateak. Azkeneko ondorioa hori baita: euskara eskolan bakarrik entzuten duten milaka eta milaka haur eta gazte, pantaila baten aurrean jartzen direnean hizkuntza horretan ia erreferenterik aurkitzen ez dutenak. Gero heldu bihurtuko direnak, euskaraz telesailik eta pelikularik apenas ikusi gabe, ikus-entzunezkoek geroz eta garrantzi handiagoa duten mundu batean.

Clint Eastwoodek zuzendutako 'Invictus' izan zen Xabier Alkizak euskara bikoiztu zuen irudi errealeko azken filma. 2009koa da.

Invictus izan zen Alkizak bikoiztu zuen irudi errealeko azken filma, Clint Eastwoodek 2009. urtean zuzendua. 1980ko hamarkadan jaiotako jendeari dagoeneko ahazten ari zaio zer zen euskaraz bikoiztutako pelikula bat ikustea. 1990ekoan edo ondoren jaiotakoek, agian, ez dakite zer den ere. Bikoizketa ia zerora gutxitu duten erabakiak protesta handirik eragin ez zezaten erabilitako argudioek ere –azpidatziak edo bertako produkzioa gehiago sustatu behar zirela, adibidez– ez dute praktikan ondorio handirik ekarri, ez da ikusten beste ildo horietan politika eraginkorrik. Xahuketa bai: Bieuseko kideak gogora ekarri du azken hamarkadetan ikus-entzunezkoei lotutako azpiegituretan zenbat diru gastatu duten instituzioek, Oiartzungo Zinealdean, Zuatzuko poligonoan dagoen PI@-n edo duela ez asko Tabakaleran ireki duten 2deo-n esaterako, lehendik ere bazeuden –eta asko erabiltzen ez diren– instalazioak ahaztu gabe, Miramongoak kasu, Gipuzkoatik atera gabe aurki daitezkeen adibide batzuk bakarrik aipatzearren. “Hemen kristoren etxeak pagatu dira eta gero ez daukagu jateko. Azpiegitura soberan dago, behar dena ekoizteko dirua eta lehengaia da”.

Bistan denez, Alkiza ez da oso baikorra: “Ez nuke esango ez denik galduko”, adierazi du, euskarazko bikoizketaren etorkizunaz galdetu diogunean. “Oso larri gaude, ez dago hainbeste denboran irauterik”. Eta indarrak akituta oraingo profesionalen belaunaldia behar bezalako transmisiorik egin gabe erretiratuko balitz? Zerotik hasi beharko dute bihar edo etzi ikus-entzunezko lanen bat euskaraz bikoiztu nahi dutenek? Edozein modutara bikoiztuko da euskarak publiko urria duelako? “Hemen egon da ikasketa bat eta hobetzen joateko gogo bat, gauzak beste modu batean egiteko”, esplikatu du Bieuseko kideak, urtetan egindako ibilbidea errepasatuz. “Penagarria da”, esan du egungo egoerak etsita, elkarrizketaren amaiera aldera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko bikoizketaren egoera
2023-05-31 | Reyes Ilintxeta
Iker Bengotxea. Bikoizketaren aldarrikatzailea
“Euskararen normalizazioan, bikoizketak entzumena lantzeko onura handiak ekartzen ditu”

Euskarazko bikoizketa kinka larrian dago. Egunean hamalau ordu ematen dituzte gazteek, batez beste, pantailen aurrean. ETBk bikoizketa baztertu du azken bi hamarkadetan eta streaming plataformetako euskarazko eskaintza ez da %0,1era iristen. Iker Bengoetxeak ahotsa eman die... [+]


ETBk nazioarteko filmak eta serieak euskaraz emateari “betoa” jarria diola salatu dute

EITBren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute (H)itzartu ETBk deituta. EAJri eta ETBri politikak errotik aldatzeko eta "premiaz euskarazko eskaintza erakargarria" osatzeko eskatu diote.


EITBren egoitzaren aurrean kontzentrazioa egingo dute nazioarteko filmak euskarara itzultzeko aldarrikatzeko

(H)itzartu EITB ekimenak maiatzaren 20rako elkarretaratzea deitu du, Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean. Ekimenaren ustez ikus-entzunezkoen eskaintzak garrantzi handia du hizkuntza biziberritzeko, eta salatu dute gaur egungo ikus-entzunezkoen politikak... [+]


Teknologia
Iraunda ere desagertu?

Bikoizketa automatikoaren inguruan zenbait eztabaidaren oihartzuna heldu da nire belarrietara aste honetan. Badirudi, badela zenbait adimen artifizial bikoizketa maila altua lortzeko bidean dagoena, gizakion parekoa, eta bikoizketa lana denbora errealean egin dezakeena.

Azken... [+]


2022-09-13 | ARGIA
Zinemaldiaren inaugurazio egunean elkarretaratzea, ikus-entzunezkoetako euskararen “egoera tamalgarria” salatzeko

Aurtengo Donostiako Zinemaldian oso gutxi izango dira euskaraz edo euskarazko azpidatziekin emango diren pelikulak, Sail Ofizialean adibidez 109 emanalditik bat bera ere ez. Pantailak Euskaraz ekimenak egin du azterketa eta Zinemaldiaren inaugurazio eguna aprobetxatuz... [+]


PODCAST #29 | Euskarazko bikoizketa: planifikatutako abandonu baten historia

Urtetik urtera okerragoak ziren lan-baldintzek probokatu zuten bikoiztaileek planto egitea 2018ko irailean, eta oraindik greban jarraitzen dute. Azken sei urte hauetan %37 jaitsi da euren lanaren balioa. Eta norabide berean doa euskarazko bikoizketaren kalitatea ere, langileen... [+]


Euskarazko fikziorik ez ETBn

ETBk fikzioa espainieraz ematen du (espainerara bikoiztua, zehatzago esanda), salbuespenak salbuespen, eta etorkizunean ere hala emanen du. Argi utzi zuen Maite Iturbek, EITBko zuzendari nagusiak, 2019ko urriaren 9ko EITBren Kontrol Batzordean.


Euskaltzaindiaren keinua euskal bikoiztaileekin

Esanguratsuak dira Andres Urrutia euskaltzainburuak astelehenean egindako adierazpenak


2019-05-06 | ARGIA
‘Pikatxu Detektibea’ euskaraz ikusi ahal izango da, bikoizketaren gatazkak bere horretan jarraitzen duen arren

Pikatxu Detektibea pelikula bikoiztea onartu dute BIEUSE bikoiztaile euskaldunen elkarteko kideek, REC grabaketa estudioarekin esparrua arautuko duen hitzarmena bultzatzeko lortutako akordio bati esker. Bikoiztaileek euren egoera salatzeko plantoa egin zutenetik euskarara... [+]


Bikoizketa vs. azpidatziak: debate antzu bat inoperantzia estaltzeko

Euskal bikoizleek planto egin dutenean piztu da berriz ere debatea gure artean, ea euskarazko fikzioa zabaltzeko eredurik onena hori ote den ala azpidatzien alde egin beharko genukeen.


Eguneraketa berriak daude