“Koronabirusak mundua lurralde ezezagun batera eraman du” esan zuen Munduko Osasun Erakundearen zuzendari nagusiak Covid-19ak zuzenean eragindako heriotzek 3.000ko langa gainditu zutenean. Planetako agintariak alor bat baino gehiagotan aurkitu dira bide-orri garbirik gabe izurria lehertu zenetik. 2008ko finantz-ekaitzak ekarritako krisi ekonomikoaren neurriko beste baten aurrean ote gauden zalantza piztu du.
Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundearen buruak martxo hasieran Covid-19aren arriskuez ohartarazten ari zela, esan zuen: “Estigma arriskutsuagoa da birusa bera baino”. Izurria zure gain eramateagatik edo zurekin eraman ote dezakezulako susmagarria izateagatik edo ustez izurria ekarri duen giza taldekoa izateagatik ingurukoek ezarri dizuten marka, aparte edukitzea komeni den etsaiaren arrastoa, horra estigma.
Ukrainan otsailaren 19an Novi Sanzhary herrixkako jendeek harrika hartu zuten Txinatik etxeratu ostean berrogeialdirako 70 jende zekartzan autobusa, ordu luzez aritu behar izan zuen poliziak egurra partitzen, azkenean gaixo susmagarriok beren hotelean sartzea lortu arte.
Pagaburuak eta sorgin-ehiza
The Guardian-eko kazetariak bildu zuen Novi Sanzharyko jendeen haserrea: “Ez al zeukaten hau baino leku egokiagorik herritarrak arriskuan jarri barik isolatzeko?” zioen batek. Beste batek iradoki zuen horrelako jendeak Txernobyl ingurura eramatea, edo Kieveko legebiltzarrera, erabakia hartu zuten politikarien tartera. Batek Volodymyr Zelensky lehendakariari eskatzen zion susmagarriak etxean hartzea: “Zuk hamar hartzen badituzu, nik etxean bi hartuko ditut”.
Koronabirusak ez ditu jendeak soilik gaixotzen, gizartearen jendetasuna ere gaixotu dezake, Italiatik Ugo Bardi klima eta krisietan adituak ohartarazi duenez. Bardik Cassandra’s Legacy (Cassandraren herentzia) blogean alderatu ditu Italian Covid-19 zabaltzearekin ikusi diren zenbait erreakzio XVII. mendean Milanen izurri beltzarekin ikusi zen sorgin ehizarekin. 1629-1631 urteetan izurriteak jota Milango biztanleen erdia hil zenean, jendeak etsipenaren atzaparretan erorita sinetsi zuen errudunak izendatzen zituen zurrumurrua: pertsona gaizto batzuk ari zirela izurria zabaltzen koipe edo ukendu pozoitu batez igurtziz herriko ate, maratila, helduleku eta abarrak, haiek ukitzen zituzten guztiak heriotzara kondenatuz.
Paranoia haren zorabioan, zenbait ustezko errudun karriketan lintxatu zituzten. Beste batzuk salatu zituzten, torturatu eta bortxatu ustezko krimenak aitortzera. Ondoren iritsiko ziren epaiketak, funtsean ez zirenak sorgin-ehizak baizik. Horietako batzuk exekutatu zituzten plazan harrizko zutabe bat altxatu zuten zigorraren oroigarri, “Lotsaizunaren Zutabea”.
“Gauza batzuk beti errepikatu izan dira –dio Bardik–, internet edo ezta hedabide inprimaturik egon aurretik ere. Baina gaur egun webak abiada sinestezinean zabaldu ditzazke gorrotoa eta fake news-ak. Italiara duela egun gutxi iritsi da Covid-19 izurritea eta dagoeneko hedabide sozialak ari dira gainez egiten gorroto uhin batean, gaurko untore (‘igurtzitzaile’ esango genuke euskaraz) berriak errudun jarriz –berdeak, gobernua, komunistak, etorkinak, afrikarrak eta oro har ‘buonisti’ edo jende onberak– ez omen dutelako ezer egiten pandemiaren zabaltzeari aurre egiteko”.
Mundu osoan zehar diaspora txinatarra markatzea izan bada erreakzio ohiko bat, eritasun berria azaldu den Txinan bertan ere paranoia eta histeria hedatu dira. Batzuetan agintariek birusa hesitzeko ezarritako debeku eta arauek berek bultzatuta gainera. Gaixotu itxurako jendeen kontrako erreakzioetatik harago, berrogeialdi eta isolatze aginduak zorrotz segitu nahian herri eta herrixka askotan errepideak eta trafikoa barrikadaz etetera iritsi dira. Herrialdearen eskualde zabalak paralizatzeraino.
Munduko ekonomia shock egoeran
Txinaren paralisiak munduan eragin dezake beste alboko kalte bat inork joan den urtatsez imajinatuko ez zukeena: sakonera handiko krisi ekonomiko bat, oraindik 2008ko shock-aren ondorioak gainditu gabeak direnean. Neoliberalen eguneroko ogietako bat den The Economist-ek otsail erditsutan titulatu zuenez, “Koronabirusak munduko ekonomia desorganizatu du”. Aldizkariak azaldu duenez, gaur Mendebaldeko multinazional handiek menpekotasun askoz handiagoa daukate Txinako fabrikekiko, 2003an SRAS birusaren piztualdia suertatu zenean baino; segurtasunezko alternatibarik gabe aurkitu ditu eta “epidemia honek eten lezake multinazionalen eta Txinaren arteko maitasun ipuina”.
Gail Tverberg ekonomialari eta arriskuen eta ziurgabetasunen neurketan adituak, Our Finite World (Gure mundu mugatua) blogeko “Txinaren hiru hilabeteko geldialdiak mundu osoko ekonomia nola kaltetu dezakeen” artikuluan azaldu duenez, munduko ekonomia oso ezberdin bihurtu daiteke Covid-19aren eraginez.
Lau puntuotan zehazten ditu berehalako ondorioak. Bat, lehengaien prezioek behera egin dezakete Txinaren eskaria ahultzeagatik. Zehazki petrolioa gogor merketu daiteke, beharbada upeleko 30 edo 35 dolar artio, Txinaren eraginaz gain, bidai luzeak asko urrituko direlako, Covid-19az kutsatzearen beldurrez. Bi, Mendebaldeko enpresa handi askok, Apple berak esaterako, haien hornidura katea eteten ikusiko dute. Ez dute jakingo noiz zerbitzatu ahalko dituzten produktuak, ezta egin ahal izango duten ere. Hiru, zorrengatiko kiebrak ugaritu daitezke, batik bat Txinan baina mundu osora zabalduz. Lau, munduko ekonomia atzeraldian sartu daiteke, hartatik berriro ateratzeko aukera errazik gabe.
Birus berriak ez dauka ezta munduko beste herrialdeak zuzenean harrapatu beharrik ere arazoa sortzeko. AEBak, Europa eta munduko gainerako herrialdeak Txinak funtzionatzen jarraitzearen oso mende daude. Munduko ekonomiak arrautza gehiegi jarri ditu saski bakar batean eta orain saskia ez da lanean ari espero bezala.
Gaur egun Txinak ekoizten duenez munduko merkatuek behar duten edozer, munduko gainerako guztiak bat-batean ohartuko dira hornidura kate luzeok ez zirela hain ideia ona. Arrapalada handia hasiko da hornidura kateetan huts egindako osagaien lekua hartzeko, baina produktu asko ez dira hain eskuragarri suertatuko aurrerantzean. “Laster –dio Tverbergek– ohartu beharko dugu zenbateraino geunden Txinaren mende edozer gauza eskuratzeko, oinetakoak bezala automobilak edo altzariak edo elektronika. Munduko karbono dioxido isurketak nabarmen jaitsiko dira Txinaren arazoengatik, baina horrekin batera iritsiko diren arazoak gainditu ahal izango ote ditu munduko ekonomiak?”.
Tverbergen analisiek baino oihartzun handiagoa izango dute, ziur, hark baino jarraitzaile-parrokia zabalagoa daukan Nouriel Roubini ekonomista izarrarenek, 2008ko krisitzarraz aurretik ohartarazten bakarretakoa izateagatik baita famatua. Roubinik Der Spiegel aldizkari alemanari esan dio: “Krisi hau uholdea legez zabalduko da eta hondamendi izaten amaituko du”
Koronabirusa politikoa ere bada
Roubiniren kalkuluetan epidemiaren eraginak arras murriztuko dio hazkunde tasa Txinari, urte osoan gehienez ere %4ra iritsiz, menturaz %2,5 baizik ez: birusaren aurretik 2020rako espero zuten %6ra iristeko, datozen bederatzi hilabeteetan %8 hazi beharko dute eta hori ezinezkoa da. “Txinarentzako %2,5 edo %4 esatea atzeraldia esatea da, eta honek mundu osoarentzako shock-a esan nahi du”. Zenbaterainokoa? Roubiniren arabera munduko burtsek %30 edo %40 gal dezakete aurten, horregatik aholkatzen die inbertsiogileei: dirutan eduki zuen aurrezkiak edo bestela Alemaniako bonoak bezalako zor publikoetan sartu. Aurrezkiak dauzkatenentzako ari da, prefosta.
Ustez Hubei probintziako saguzarren edo pangolinen –edo granja industrialetako txerrien– birus xume bat zena mundu osoa astinduko duen pandemia bihurtzen baldin bada, osasun, gizatasun eta diru arazoekin batera arazo politikoak ere eragitera deituta dago. Txinan bertan, hasteko. Roubiniren iritzian, “pagaburu bat beharko du Txinako gobernuak”. Horregatik aurreikusten du ez gerra aitortu eta erabateko bat baina bai borroka edo tirabirak gogortzea Pekingo gobernuak, izan Taiwan, Hong Kong edo baita Vietnamen ere, AEBen armadarekin ere tentsioa gogortzearekin batera.
Aseguruen alorrean arriskuak kalkulatzen espezialista den Gail Tverbergek bestelako lanjer batzuk ere ikusten ditu Txinarentzako: “Geldialdiak luze irauten badu, orduan oso posible da lider berri batek hartzea agintea Txinan, hori gutxienez. Eta ekonomia barruan aldaketa handiak gerta daitezke. Esate baterako, ekonomia berriro abian jartzeko gai diren Txinako probintziak saiatuko dira berriro martxan jartzen, gehiago kaltetutako probintziak atzean utzita. Horrela gertatuko balitz, Txinako gobernu batekin bakarrik ez, administrazio bat baino gehiagorekin negoziatu beharko litzateke aurrerantzean”.
Eta AEBetan, izurrite hau ez ote da justu Donald Trumpek bigarrenez lehendakari izateko behar zuen bultzada? Alderantzizkoa uste du Nouriel Roubinik: “Trump saiatuko da krisiari etekina ateratzen, ziur. Baina dena aldatuko da koronabirusa AEBetan zabaltzen denean. Ezin diozu horri hesirik eraiki. Begira, New Yorken bizi naiz eta han birusa iritsi aurretik ere jendea gutxitua zen jatetxeetan, zineetan edo antzokietan. Iristen baldin bada, orduan izorratuta gaude. Trump hilda dago, jar ezazu nire hitzetan”.
Covid-19 izeneko munizioa
Eta ezinegon eta gerren eragilez gain, Covid-19a bera aurretik martxan dagoen gerra baten osagai baldin bada, zer? Hari horri oratu zaio zenbait aztertzaile, kontutan edukitzeko argudioak emanaz.
Raul Zibechi idazle urugaitarrak Gara egunkarian ("Coronavirus y luchas sociales en tiempos de coronavirus")idatzi duenez, “pentsatu behar dugu epidemia gerra armatzat ari direla erabiltzen Txinaren kontra eta munduko herrien kontra, hedabideen bonbardaketa izugarri batekin, gripe gogor bat edukitze hutsagatik jende sail osoak hesituz salbuespenezko egoera gisako batean”. Ezker latino-amerikarraren erreferenteetako bat den Zibechirentzako, birusaren larritasuna ukatu barik, neurriz gaineko erreakzioak eduki dituzte munduko hedabide nagusiek, eritasunaren ondorioak noraino iritsiko diren jakin gabe ere.
Zibechik –Covid-19aren jatorria inongo konspirazioetan kokatu barik– egoki nabarmentzen du nola hedabideok kasik oharkabean utzi dugun hilabeteotan askoz hilgarriagoa suertatu den ‘denge’ gaixotasuna, soilik Brasilen bi urtetan 786 jende hil dituena. Kazetariok zer pentsatua badaukagu gaixotasunen artean egiten dugun diskriminazioaz eta baita epidemia baten furia baretu ostean haren balantzerik egin gabe ahazteko dugun ohitura tamalgarriaz. Esate baterako, zer gertatu zen 2009an munduan zabaldu zen H1N1 gripe-birus harekin? Hilabete batzuetan zalaparta eragin ostean, hildakoen balantzeei jarraipenik ez genien egin eta horrela aurki daiteke orduan gaitzaz okupatu zen bat orain harrituta, 11 urte geroago jakitean Asiatik ez baina Ipar Amerikatik munduan barrena zabaldutako H1N1 hark hil zituela… 150.000 eta 500.000 jende artean.
Covid-19aren kasuan, dio Zibechik, Txinaren etsaiak saiatzen ari dira alde batetik, abagune hau baliatzen produkzio industrialaren atal osoak handik ateratzeko eta bestetik, Pekingo gobernua uzkaldu eta Xin Jinping agintetik kentzeko. Baina, gainera, munduko beste gizarteetan ere potentziek epidemia darabilte “ingeniaritza sozialeko laborategi bat bailitzan, azpiratutako jendeen erresilientzia bortxatuz beldurrezko kanpaina errukigabe batekin”.
Gaiaz ARGIAn asteotan argitaratutako artikulu gehiago:
"Ez tematu txinako saguzarrekin globalizazioak ekarriko dizue 2019-nCoV eta izurri gehiago" (Net Hurbil)
Ugo Bardi: "Koronabirusak eraso du Italian eta berriro aipatzen dira 'izurri-zabaltzaileak'"
Gail Tverberg: "Txinaren hiru hilabeteko geldialdiak mundu osoko ekonomia nola kaltetu dezakeen"
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]
Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.
Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.
Bilboko Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuari eta ezintasun iraunkor absolutua onartu dio COVID19 iraunkorra duen osasun zentro bateko zeladore bati.
Espainiako Gobernuko Osasun ministro Carolina Dariasek jakinarazi duenez, Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du garraio publikoan musukoa derrigorrezkoa ez izatearen dekretua.
Txinan derrigorrezko isolamendu neurriak kendu dituzte nazioarteko bidaiarientzat, eta eguneroko kutsatzeen datuak emateari utzi. Politika aldaketa baten ondorioz dira neurriok, baina egoeraren kontrolik ezak nazioartean izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute zenbait adituk.
Iraungi diren gehienak Pfizer markakoak dira, Europar Batasuneko hornitzailerik handiena.
Milaka herritar kalera atera dira hiriburu nagusietan, Txinako Gobernuaren zero COVID estrategiak eragiten dituen kalte ekonomikoak eta psikologikoak salatzera. Aspaldi ikusi gabeko mobilizazioetan orri zuria erakusten dute manifestariek, zentsura irudikatzeko. Pandemia hasi... [+]
Sumindura pikor batekin hartu dute batzuek zero-covid estrategiaren inguruan Renmin Ribao egunkari txit ofizialak aste honetan bertan argitaratu duen artikulu-segida. Ondorioztatu baitute –zuzen, behingoz– Beijingeko agintariek, Partiduaren XX. Kongresua amaitu... [+]
Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]
"Azken txanpan" sarturik, arrisku taldeak txertatu, aldagai berriak kontrolatu eta osasun sistemak hobetu behar direla dio MOE erakundeak.
Irailaren 1ean ekin diote 2022-2023 ikasturteari Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, COVID-19aren aurkako neurririk gabe. Berrikuntza gehiago ere izan dituzte: Seaskako ikastola eta kolegioetan ehun ikasle gehiago dituzte, eta Irisarrin, Larrainen eta Barkoxen murgiltze... [+]
Ikerketan ia 40.000 hilekodun pertsonek parte hartu dute eta haietatik ziklo erregularra dutenen %42k txertoaren ondoren odoluste handiagoa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan.