Kanadako autoktonoak barrikadetan, haien lurren eta denon biziaren defentsan

  • Geroz eta blokeatuagoa du Kanadak ekonomia. Barrikadak montaturik, otsailaren 6az geroztik dabiltza Wet´Suwet´En Lehen Nazioko herritarrak mendebaldetik ekialdera doan trenbidea blokeatzen. Egunez egun, beste Lehen Nazioetakoak zein ekologistak lotu dira borrokari eta gaurko egunean portu, autobide zein trenbide, hamarnaka blokeo egiten ari dira herri guztian zehar. Oinarrian, haien lurretatik pasa nahi dieten oliobide bat. Baina, askoz zabalagoa da jokoan dagoena.

Pazientzia eta lapurtu daitezkeen lurrak bukatu dira. Aski da. TC Energy enpresa pribatuaren eta Kanadako zein Columbia Britainiarraren (BC) Estatuen diru gosea autoktonoen eskubideak baino lehen jartzen duzuenez, diru iturria blokeatuko dizuegu. Horra BC probintzian kokaturiko Wet´Suwet´En Lehen Nazioak ozen dioena. Otsailaren 6az geroztik dabiltza Kanada ekialdea mendebaldeari lotzen dion bide nagusia barrikada bidez mozten, pertsonen zein salgaien garraioak blokeatuz. Ehundaka tren ezeztaturik, ehundaka trengidari langabezian, milaka bidaiari mugitu ezinean eta ondorioak zabalduz doaz ekonomiaren beste sektoreetara –nekazaritza, turismoa zein industria–. “Kolonialismoaren sinboloa da burdin-bidea. Ingeles kolonizatzaileek Lehen Nazioak haien lurrez desjabetu ahal izan zituzten trenbideari esker”. Raphael Picard inuitaren hitzak dira.

Tentsio handiko egoera izanki, baliteke erreportaia irakurtzerakoan poliziak barrikadak desegin izana, baina idazterakoan, jakin orduz ordu mugimendua gogortuz doala. Kanadako –edo autoktonoen historiari aitortza eginez  Kanatako, 1535ean Jacques Cartier kolonizatzailea iritsi zenean kanatara edo irokes hizkuntzan herrixkara bideratu zutelako eta hortik omen datorrelako Kanada–, beste Lehen Nazio parrasta bat lotu da borrokari. Blokeon mapa eguneratzen dabil www.lundi.am webgune independenteari segi, ekialdetik mendebaldera 26 barrikada daude trenbideetan eta horiei gehitu behar zaizkie portuetan altxaturiko beste bost barrikada eta autobideetan dauden beste 16. Mugimendua irudikatzea nahiko sinple da: jarri puntu bat, hots barrikada bat mendebaldeko kostaldean den Vancouverreko portuan, segi ekialderuntz puntuz-puntu, marra zuzen bat marraztuz ekialdeko Eskozia Berriko Halifaxeko porturaino. Bidea erabat moztua dute trenek.

TC Energy enpresak eraiki nahi duen Coastal GasLink Pipeline Ltd gasbidea dugu gatazkaren oinarrian. Egunero 700.000 litro gas natural garraiatuko lituzke 670 kilometroko bide horretatik, helmugan dagoen Kitimat herri ttipiko metano geltokitik guztia esportatzeko. Bertako autoktonoen desadostasunaren gainetik pasaz, egitasmo hori egin nahian dabiltza, obrak 2019 hastapenean hasi zituztenetik.

Kapitalismoa eta kolonialismoa, eskuz-esku

Azkenean, Lehen Nazioen eskubideen errespetuaren auzia da mahai gainean dagoena. TC Energy-k dio buruen batzarren adostasuna lortu duela eta hori erranik ez dabil gezurretan. Baina kontua da autoktonoen antolaketan beste botere gune bat dagoela horiek baino gorago: etorkizko buruak –agintea belaunaldi batetik hurrengoari oinordetzan pasatzen dioten buruzagiak–. Justuki, Wet´Suwet´En lurretako zortzi etorkizko buruak daude egitasmoaren kontra. Buruen batzarrek haien erreserben eremuan autoritate legala baldin badute ere, etorkizko buruek dute azken hitza lurralde historikoan. Hau da, bertako erreserbek 22 kilometro koadro biltzen badituzte ere, orotara 58.000 kilometro koadro ditu Wet´Suwet´En eremuak. Akordio bidez kolonoei inoiz eman gabeko 58.000 kilometro koadro.

Gatazka horri dagokionez, “zuzenbide arauen errespetua” eskatzen dabil Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa. Hori zehazterakoan barrikaden desegiteaz ari da, ez da Lehen Nazioen eskubideez ari. Pam Palmater abokatu mi´kmakak ondokoa erantzun dio: “Arauak idazten dituztenen eskubideez ari da, ez da zuzenbide arauez ari”. Zuzenbide arauei so eginez gero, hor dagoelako Auzitegi Gorenaren 1997ko abenduaren 11ko Delgamuukw erabaki historikoa, zeinek ematen dion aitortza Wet´Suwet´Eneko etorkizko buruen autoritateari. Are gehiago, haien lurretan gelditzeko eskubide osoa ematen die autoktonoei, argi utziz haien baimenik gabe ezin daitezkeela lur horiek hartu. Bertako Molly Wickham autoktonoak gasbidea baino zabalago kokatzen du afera: “Erronka zabalagoa da, autoktonoon eskubideez eta legezko jabegoaz ari gara, baita gure nazioaren burujabetzaz ere. Ondarean oinarritzen den sistema bat daukagu, inoiz ez dena ezabatua izan”. Bai, kapitalismoak kolonialismoarekin errimatzen duela azaleratzen du Coastal GasLink Pipeline Ltd  gasbideak. 2015ean aurkeztu zuen “benetako berradiskidetze” batera heltzeko plan nazionala Trudeauk, txosten ofizialetan “dekolonialismoa” ere aipatzen duela. Baina halakorik ez dute sendi autoktonoek eta gaur egun gertatzen ari dena kolonialismoari lotzen dabiltza. “Autoktonoek ez dute gehiago sinesten berradiskidetzean. Ez da ezer egin horren alde. Azkenean, harreman publiko eta komunikazio operazio bat da” Picarden ustez.

Buruen batzarren baimena erreserbetako egoera sozio-ekologiko-ekonomiko kaskarrari lotzen diote anitzek. Besteak beste, Vancouver EcoSocialist Group taldeko Will Offleyk:  “Hainbat gertakarik erakusten digute  bat baino gehiagok etsi-etsian behar izan dutela akordioa izenpetu, bizi duten pobreziagatik eta gobernuek ur edangarria hornitzeko daukaten uzkurkeriagatik”. Pobrezia mailaren azpian bizi da Kanadako autoktono erreserben %80a; Lehen Nazioen %65ak ez du ur edangarririk, produktu minbizi sortzailez kutsatua dutelako; etxebizitzak egoera “okaztagarrian” dituztela salatu berri du NBEk; Kanadako Lehen Nazioko kideen suizidio tasa autoktono ez direnena baino hiru aldiz handiagoa da, eta abar luze bat. Hori horrela, enpresa multimilionarioek proposatu diru zamak pisua du balantzan.  

Okupazioa 2010az geroztik

2010ean abiatu zuten erresistentzia, kanpaldi baten bidez, obren hastapena blokeatzeko asmoz. Tentsio pean, baina urtez urte iraun duena. Giroa gogortu zen urtarrilaren 7an Auzitegi Gorenak okupazioa desegiteko manua emanik. Hamalau pertsona atxilotu eta horrek eragin zuen hortik gutxira trenbide blokeoa ekarriko zuen mugimenduaren gogortzea. “Nahi bezainbat bortizkeria erabiltzeko” baimena emana die GRC Kanadako poliziaren buruak poliziei. The Guardian komunikabideak iazko abenduaren 20an plazaratu informazio horrek bazterrak inarrosi zituen. Azken egun hauetako negoziaketa saiakerek huts eginik, “postura aldaketa” jakinarazi du Trudeauk: barrikadak deseginen ditu.

“Ez da bakarrik botere kontu bat eta indioen afera bat. Fosil energia, edateko on den ura, lurraldearen babesa... hori guztia dugu gatazka horren gibelean, eta guztiok gara hunkiak, autoktono izan ala ez”. Hori dio Edith Belangerek “Coastal gasLink: sustrai sakonak dauzkan gatazka” (Coastal GasLink: Un conflit aux racines bien profondes) artikuluan. Klima aldaketa garai honetan, egitasmo extraktibista suntsitzaileen kontrako mezua zabaltzen dabiltza Kanadako Lehen Nazioak. Azkenean, autoktono ez direnek ere dute haien lekua trenbideetako barrikadetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekologismoa
Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]


Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]


Armagintza sustatzearen aurkako manifestua sinatu dute EHUko 135 irakaslek, Jaurlaritzaren posizioa kritikatuta

Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Euskal Herriko II. Ekotopaketak egin dituzte asteburuan, garaiko erronkez eztabaidatzeko

Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".


Lurraren defentsaren aldeko eta “inposizioen” aurkako oihua Gasteizko kaleetan

Euskal Herri osoan zehar daude mehatxupean hamaika baso, zelai, mendi zein nekazal lur. Horien defentsan diharduten tokian tokiko plataforma asko bildu dira larunbatean Gasteizen, EH Bizirik-ek deituta, inguru naturalaren “suntsiketaren” eta makroproiektuen... [+]


Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua

Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.


2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako ‘Euskal Herria ez dago salgai!’ lelopean

Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".


Hasi da AEBetako Greenpeace desagerrarazi dezakeen epaiketa

Greenpeaceko kideak Dakota Acces oliobidearen aurka protesta egiteagatik auzipetu dituzte eta astelehenean aztertu du salaketa Dakotako auzitegiak. AEBko Greenpeacek gaiaren inguruan jasango duen bigarren epaiketa izango da, lehenengo kasua epaile federal batek bota zuen atzera... [+]


Berriztagarrien lurralde plana aldatu du Jaurlaritzak, eskala handiko eolikoei toki gehiago egiteko

Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.


Greenpeace-k Guggenheim museoan Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu du

Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.


2025-01-29 | Julene Flamarique
Euskal Herriko II. Ekotopaketak aurkeztu ditu Jauzi Ekosozialak

"Ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta aldaketa posible egiteko" helburuarekin antolatu dituzte. Arrasaten burutuko dira, martxoaren 28an eta 29an.


2025-01-22 | Estitxu Eizagirre
Arabako Mendiak Askeko kide bat isuna ordaintzera behartu dute Mozal Legea aplikatuta

2024ko urriaren 29an epaiketa izan zuen Arabako Mendiak Aske taldeko kide batek, 2022ko otsailean jaso zuen isunaren harira. Isuna ordaintzera zigortu du epaileak Mozal Legea aplikatuta. Iturrietako mendietan oinez zihoazen, lehen mendi martxa antolatzeko prestaketa lanetan,... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Eguneraketa berriak daude