Greba deitu zein ez, borrokarako eguna

  • Azken urteetan mobilizaziorako gaitasunari dagokionez nabarmendu den mugimendurik bada, feminista da horietako bat. Bi urtez segidan, greba tresnatzat, martxoaren 8 arrakastatsuak burutu ditu; kapitalaren logikari bizitzarena gainjartzea exijitzeko, milaka emakumek lan orori –izan soldatapekoak zein doakoak–  planto egin eta kaleak hartu izan dituzte. Are gehiago, grebaren kontzeptua birdefinitzea lortu dute, gehienbat emakumeek egin ohi dituzten doako lanak barne biltzen dituen eredua asmatzeraino. Alabaina, greba tresna arrakastatsua izanagatik ere, aurten ez erabiltzea erabaki du mugimenduak. Hautu horretaz eta Emakume Langilearen Nazioarteko Egunerako dituzten asmoez mintzatu gara mugimendu feministako bi kiderekin.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Azaroan egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan entzun genion hizlarietako bati ez zutela bideragarri ikusten 2020ko martxoaren 8an berriz greba egitea. Amaia Zufiaren ahotik aditu genituen adierazpenak, Bilgune Feministak zeukan posturaren berri emanez. Talde konkretu baten iritzia izatetik urruti, badirudi orokortua zela martxoaren 8an greba ez egitearen aldeko hautua.

Bat baino gehiago dira postura horren alde egiteko arrazoiak Naia Torrealdai Bilgune Feministako kidearen arabera; azken bi urteetan greba antolatzeak eragindako nekea da aurrena aipatu duen faktorea. “Martxoaren 8ko koordinazio lanetan ibili garen jendeak eta taldeek ez genuen beste urtebetez grebara deitzea ikusten”, dio. Bere iritziz, Zufiak jardunaldietan greba ez deitzea proposatzearekin batera luzatutako arrazoien artetik, publikoak nekearekin bat egin zuen gehienbat, pausaldirako beharrizana dagoen seinale. Azaldu duenez, erabaki da “neke hori erdigunean jartzea eta politizatzea”. Martxoaren 8ko planteamendua aldatu arren, bizitza erdigunean jartzearen aferak mugimendu feministaren lehen lerroan jarraitzen duen seinale.

Azken bi urteetako grebek eragindako nekea areagotu dute Jardunaldi Feministek eta urtarrilaren 30eko greba orokorrak. Azken honi dagokionez, mugimendu feministak argi ikusi zuen greba horretan indarrak jarri behar zituela. “Azken finean bi greba feminista egitetik gatoz, eta horietan leitmotivak izan dira borrokaren artikulazioa, eragile sozialen artean alternatibak eraikitzea… eta urtarrilaren 30eko grebak hori guztia planteatzen zuen, guretzako garrantzitsua zen indarrak hor jartzea”, azaldu du Torrealdaik. Hori horrela, han eta hemengo feministak greba orokorra antolatzeko komiteetan aritu dira lanean, eta greba ostera arte ez dira jarri martxoaren 8ari begira. Nekeaz gain, antolakuntzarako denbora epea ere urria izanik, greba egiteko baldintzak ez direla eman deritzo Torrealdaik, “ez behintzat greba feminista bat, zaintza greba ere barne biltzen duena”.

Hirugarren urtez jarraian greba ez deitzearen beste arrazoietako bat diskurtsoari loturikoa dela azaldu du Torrealdaik. Aurreko urteetan mugimenduak argi zeukan emakumeak grebara zergatik zihoazen adierazten zuen diskurtso bat garatu beharra zegoela, baina behin arrazoibideak osatuta eta gehitzekorik gabe, errepikakorra litzatekeela deritzo. “Uste dut diskurtsiboki ez ginela zeozer berria esatera heltzen, eta horregatik hartu dugu hartu dugun erabakia”.

Torrealdairen iritziz grebaren inguruan eztabaida egiteke geratu da, hausnartzeko greba tresna moduan agortzeko edo folklorizatzeko arriskurik baden. Egiteko horrek itxaron beharko du ordea, martxoaren 8a gainean baita, eta greba deitu ez izanak ez baitu esan nahi egun horretan deus antolatuko ez denik. Hamaika dira kalera atera eta borrokari eusteko motiboak.

Aurten zer?

Torrealdairen ustetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren hautua albo batera, aurten ere egon badago sobera arrazoi berriz grebara joateko. Alabaina, “greban egongo diren emakumeekiko elkartasun osoa” adieraziz, bestelako moldez antolatu dute gainean den martxoaren 8a.

Martxoaren 8ko greba, Iruñean (Argazkia: Ekinklik)

Aurtengo planteamenduak dituen helburuetan sakondu aurretik, iazko grebaren ostean egindako diagnostikoaz mintzo da. Diagnostiko haren bidez ohartu ziren jendea kalera ateratzea lortu zutela, baina jakinik jendetza mobilizatzeak ez duela ziurtatzen jende guzti horrek mahai gaineratutako diskurtso ideologikoarekin bat egin izana. “Kalea hartzea oso garrantzitsua da, baina ideologizazio prozesua ere eraman behar dugu aurrera; hala bada, argi ikusten genuen aurtengo helburuetako bat izan behar zela argi uztea feminismoa dela erradikala, antikapitalista, antiarrazista”, dio Torrealdaik. Indarrak horretan jartzeak lagunduko luke jende baten politizazioa bultzatzen, eta era berean, diskurtso feministarekin edozein eroso sentitzea eragozten. Eta azken aspektu horrek, hein handi batean, garbiketa more saiakerak murriztea eragingo luke.

Azken bi urteetako greba deialdietan izandako masa gorakadaren ildotik, beste aspektu baten gainean ere hausnartu du mugimenduak: feminismoak jende andana erakarri arren, badirudi feminismo indibidualista bat hedatu dela. Horren aurrean kolektiboki antolatuta jardutearen garrantzia azpimarratu nahi du mugimenduak aurten, erdigunean jarriz mugimendu feministaren atzean badirela hainbat kolektibo lanean. Martxoaren 8ko mobilizazioetara deituz Iruñean egindako prentsaurrekoan argi utzi zuten: “Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz”. Itzulingururik barik dio Torrealdaik: “Aurtengoa antolakuntzara dei egiteko eguna izango da”.

Ideologizazioa bultzatzearekin eta antolakuntzara dei egitearekin batera, beste oinarrizko helburu bat ere badu aurtengo planteamenduak: martxoaren 8a borroka eguna dela gogoraraztea. Borrokaldirako prestutasuna darie Iruñeko prentsaurrekoan egindako adierazpenei: “Gure feminismoak hainbeste ahaleginekin lortutako eskubide sozial zein politikoetan emandako atzerapausoari egin behar dio aurre. Baina, gaur ozen eta garbi diogu, aurrean gaituzue! (…) Gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!”.

Ipar Euskal Herriko feministak, saregintzari emanak

Ildo bertsuei tiraka ari dira antolatzen martxoaren 8a Ipar Euskal Herrian, baina beren lurraldean zentraturik, Lur Renteriak kontatu digunez. Kontaktuan dira Hego Euskal Herriko mugimenduarekin, Paris inguruetan mugimendu feministak dituen asmoen berri ere badute, baina lokalki jarduteko beharra sumaturik, premia horri erantzuten dihardute. “Lehenik hemengo errealitatera egokitu behar dugu borroka feminista, gure artean eztabaidatu, eta ostean ikusiko dugu zein elkarlan ematen dugun”, dio Renteriak.

Hilabete pasa daramate martxoaren 8a aurrera eramateko bilkurak egiten, nahiz eta asmoak borroka egun konkretua antolatzetik harago doazen. Renteriak dioskunez, Ipar Euskal Herriko mugimendu feminista indartu nahi dute, beren artean saretu, luzera begira jartzeko helburuarekin. Orain gutxi azaleratu diren Donibane Garaziko lizeoko bortxaketa kasuek, jendearen barruak astindu eta antolatzeko premia hauspotu dutela iruditzen zaio. “Jende guztiz ezberdina elkartzen gara, baina oraindik ez dakigu sobera nondik joko duen planteamenduak”, dio. Zalantzak zalantza, bidea egiteari ekin diote.

Martxoaren 8ari dagokionez, hiru helburu zehaztu dituzte, Hego Euskal Herrian mahai-gaineratutakoen nahiko parekoak: eguna bera borroka egun gisa planteatzea, ez festa egun modura; talde zein norbanakoak saretzea, “indarrak metatzeko eta gaitasunak handitzeko” lanketa komun bat gauzatuz elkarrekin; eta matxismoa zapalkuntza estruktural  gisa ulerturik, “sistemari berari kritika egitea”.

Martxoaren 7an, larunbata, herrietan zer edo zer antolatuko dela aurreratu du Renteriak. Biharamunean, Baionan egingo da martxoaren 8ko egitaraua. Manifestazioa deituko dute, baita asanblada nagusia ere. Asanblada horrek askotariko helburuak izango ditu: saretzea eta elkar ezagutzea batetik, eta borrokak segi dezan oinarriak jartzea bestetik. “Indar erakustaldi handia egiten da martxoaren 8an, baina horretan geratzen da. Aurtengo planteamenduak bilatzen du segida ematea borrokari”, dio.

MOBILIZAZIOAK

Euskal Herriko hiriburu guztietan, baita auzo zein herrietan, mobilizazioak deitu dituzte martxoaren 8an. Hemen deialdien zerrenda:

Nafarroa

Goizez mobilizazio deszentralizatuak egingo dira herri eta auzoetan, 12:00etan. Iruñean, alde zaharretik abiatuko da mobilizazioa, eta Gazteluko plaza izango da bilgune.

Arratsaldez, eskualdeka egingo dira mobilizazio nagusiak, 18:00etan. Iruñekoa Antoniutti parketik abiatuko da.

Gipuzkoa

Goizez mobilizazio deszentralizatuak egingo dira herri eta auzoetan, 12:00etan.

Arratsaldez, eskualdeka egingo dira mobilizazio zentralizatuak, 18:00etan.

Lapurdi

11:00etan Baionako Pausa aurretik (18 Lesseps kaia) abiatuko da mobilizazioa.

Bizkaia

Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da mobilizazioa, 13:00etan.

Araba

Arratsaldeko 17:30ean, Gasteizko San Anton Plazatik abiatuko da mobilizazioa.

*Ziurrenik zerrenda honetatik kanpo geratu diren mobilizazioak deituko dituzte han eta hemengo herrietan. Informazio gehiagorako, adi herri eta auzoetako talde feministek diotenari.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Gorputz hotsak
“Desgaitasunaren eta eskiaren mundua deskubrimendu bat izan da”

Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]


Eguzki beltza

Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]


AINTZANE CUADRA MARIGORTA
“Endometriosia gizonek pairatuko bazenukete oso bestelako egoera batean egongo ginateke”

Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da. 


Gure istorioak berreskuratzea eskubideak defendatzeko

Duela aste batzuk, gurean egon ziren El Salvadorko eta Kanarietako emakumeen eskubideen aldeko hainbat aktibista. Sexu- eta ugalketa-eskubideez eta eskubide horiek urratzeak emakumeengan dituen ondorioez aritu gara; hala nola El Salvadorren berezko abortuak izanda homizidio... [+]


“Zuek, emazteek ez duzue deus ere balio”

Zuberoako ohiturei buruzko bi liburu ditut gogoan. Batek XX. mendean aritu izan diren 180 dantzari eta soinulari aipatzen ditu. Haien artean, emakumezkorik ez da agertzen. Besteak, pastoralei egiten die errepasoa eta hor emakumeak aipatu aipatzen dira, baina omisio esanguratsuak... [+]


Itxaro Borda
“Gure norabide sexualen, ezinegonen eta beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu”

1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]


Chantal Akerman eta urrezko 80ak

Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]


2025-03-12 | June Fernández
Meloi saltzailea
Eskratxe

Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.

Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk... [+]


Gorputz hotsak
“Kostarik kosta loditasuna desagerrarazi nahi duen mugimendu sozial bat dago”

Pertsona lodiek lodiak izateagatik bizi izan duten eta bizi duten indarkeriaren inguruan teorizatzeko espazio bat sortzea du helburu ‘Nadie hablará de nosotras’ podcastak. Cristina de Tena (Madril, 1990) eta Lara Gil (Fuenlabrada, Espainia, 1988) aktibista... [+]


Pintaketa faxistak egin dituzte Maulen aldarri feministen aurka

Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.


2025-03-10 | June Fernández
Celeste Agüero
“Manifestu politiko bat bezain indartsuak dira nirekin daramatzadan kantak eta olerkiak”

Martxoaren 8a Getxo bere bizitokian igaro du: kumbia dekolonial eta antiarrazista topaketa antolatu du Algortako Herriko Tabernan, Abianen, Hija del Nopal DJrekin batera.

Argentinatik Getxora migratu zen Celeste Agüero, kantutegi herrikoi batekin eta poesia xuxurlatzeko... [+]


2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Eguneraketa berriak daude