“Euskal hiritartasuna eraiki nahi duen herritar batek ezin du estatu arrotzarekin bat egin”

  • Paris, 1977. Antropologia eta historia ikasia da. Eusko Ikaskuntzak Hiri antropologia gaia ekarri du hizpidera 53. Eusko Folklore Urtekaria-n. “Ipar Euskal Herriko euskal hiritartasuna onartuta ez dagoenez gero, euskal jendartea gabezia horrekin nola moldatzen den azaldu nahi izan dut, baita herri elkarteak eraikitzen ari diren euskal nortasuna azpimarratu ere”, erran digu Thomas Pierrek.

"Zailagoa da euskaldunontzat historian jasandako kolonialismoaren erreparazioa jasotzea, etorkinentzat berea baino". Argazkilaria: Dani Blanco.

Euskal jendarteak  bere nortasuna garatzeko zailtasunak dituela diozu. Eremu pribatua eta publikoa alderatu dituzu zure gogoetan.  

Baiki. Iraganean euskal kulturak leku bat zuen eremu pribatuan, alabaina, eremu hori galduz joan da, indibidualtasunaren edota familiaren garapen ezberdinak direla eta. Familia zen euskara eta euskal kultura babesten zituen gunea, eta hori arras aldatu da. Alta bada, oraindik ere, euskal nortasuna esparru pribatuan bizi da, eremu publikoan ez du lekurik, edo oso gutxi; Ipar Euskal Herrian batez ere. Euskal jendartea osatzeko beharrezkoa den hiritartasunik ez dago, herritar denen arteko lotura gauzatzeko ezaugarri bateraturik ez dago, euskal hiritartasuna sortzen lagundu lezakeena. Oraindik ez dugu lurralde historikoa eta linguistikoa osatu.

Hendaian bildu gara, leku berezia.

Hendaian gaude, eta harrigarria da, hogei kilometroetan euskarak ez du estatus bera, hau da, Euskadi delakoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Hizkuntza bera da. Baina balizko euskal hiritarra babesten duen legerik ez dago. Iraganarekin eta etorkizunarekin jendartea lotu dezakeen elementu nagusia hizkuntza da, hots, euskara. Haatik, azken hamarkadatan haurrek ikas dezakete euskaraz, gutxi-asko lekuaren arabera; tira, garai berri baten hasieran egon gaitezke.

Nola ulertu behar dugu hiritartasuna kontzeptua gaur egungo gizartean?

Kontua da ea hiritartasuna gizabanakoaren arabera ulertzen dugun edo taldearen arabera. Izan ere, norbanakoaren arabera ari bagara, ezin dugu kultura eta nortasun bakar bati buruz hitz egin,  ezin dugu euskal kulturaren babesari buruz hitz egin. Egungo jendartean hainbeste kultura eta hizkuntza elkarrekin bizi direnez gero, ez da objektiboa. Aldiz, talde edota lurralde linguistiko bati buruz ari bagara, denon arteko zerbaiti buruz ari gara, denon arteko etorkizun batez ari gara, tokiko historia erreferentzia harturik. Zentzu horretan, gaurko euskal munduak aniztasuna etengabe sustatzea, erabat naif edo inozo iruditzen zait. Izan ere, demografiaren garapena ikusita, gizabanakoaren eta taldearen interesak oso bestelakoak dira.

Globalizazioak nortasunaren pertzepzioak aldatu dituela, diozu.

Bistan da. Globalizazioak nortasunaren pertzepzioak areagotu ditu mundu osoan. Zorionez, euskal kasuan globalizazioak sortu dituen bitartekoak baikorrak dira. Euskal Herrian bertan tradizioarekiko atxikimendua apaltzen ari da, ttipitzen, baina aldi berean, diaspora indartu da interneten bidez, bien bitartez tradizioa indartu da. Diasporak antzinako baloreak piztu ditu. Diasporan argi eta garbi hitz egiten da gure jatorriaz, tradizioaz, hizkuntzaz, antzinako euskaldunak –lurrari atxikiak– zituen eskubideei buruz. Mundu birtualean badago joko gisako hori. Hala ere, kontraesan bat ageri da.

Nolakoa?

"Euskal munduak aniztasuna
etengabe sustatzea, erabat naif edo inozo iruditzen zait”

Euskal Herrian, tokikoek modernotasuna nahi izan dute azkartu, aldiz, diasporakoak ilusioz, ametsetan eta erromantizismoan bizi dira. Nire ustez, herri txikiagotu batek erromantizismo gutxieneko bat bizi behar du, herri bezala atxikitzeko ilusioa. Erran nahi baitut, badirudi tokikoek –Euskal Herrian bizi garenok– ezaugarri horiek utzi behar ditugula, beste kulturakoek “onartzen” ez dizkiguten ezaugarriak. Zergatik, baina? Tokiko kultura batek bere osagaiak egokitu behar ditu, ados, baina beste kultura dutenak –hona etorritakoak– adaptatu beharko lirateke tokiko kulturara. Nire ikerlanetan, mitoak deuseztatu nituen euskal kulturaren aurkako diskurtsoak deseraikitzeko. Haatik, euskal mitoak badu bere funtzio sinbolikoa. Jendarte bakoitzak bere bilakabide historikoa onartu behar du. Euskal Herriaren kasuan, misterioaren eta antzinakoaren ideia oso garrantzitsua da.

Zure aburuz, “hiritartasun esperientziak eta subjektibizazio politikoak prozesu berriak zabaldu dituzte”.  

Adibidez, Eusko Irakaskuntzak geroari begira jendartea antolatzeko dauden aukerak aztertu ditu, alor horretan gauza asko egiten du. Eta hori azpimarratu behar da, hori ez da egiten euskal instituzioetatik, tokian tokiko euskal gobernuetatik, gizartean antolatutako erakundeek egiten dute, funtsean jendartetik jalgi diren elkarteek. Euskal Herrian, beste herrialdeen aldean, elkarteen mugimendua oso indartsua da, gizartearen motorra da.

Azken urteetan abertzaletasunak hartu dituen zenbait jokamoldeekin kritikoa zara.

“Herri txikiagotu batek erromantizismo gutxieneko bat bizi behar du”

Abertzaletasun modernoak antzinako baloreak kritikatu izan ditu zorrotz. Europako mugimendu orokorren ildoan egindako kritikak dira, hori herrialde guztietan gertatu da. Jendearentzat tradizionala dena itsusia eta arriskutsua da, atzerakoia. Zergatik, ordea? Horiek egungo euskal gizartearen oinarriak dira. Jokamolde horien gibelean hauxe dago funtsean: iragan mendeetan antropologiak nortasun guztiak sortu eta deskribatu zituen, baina azken hamarkadetan antropologiak nortasun guztiak desegin ditu. Erran nahi baita, antropologoen diskurtsoetan ageri denez, gaur egun lotsagarria da nortasunari buruz hitz egitea. Ematen du atzerakoia zarela, ia debekatuta dago.

Antropologiaren ikusmoldeak aldakorrak dira historiaren bilakaeran, beraz.

Bai. Orain nortasunaz mintzatzea ez dago modan. Fenomeno hori gertatzen ari da herrialde guztietan, eta tokiko jendea gutxiengoa bihurtzen ari da. Alta, euskal gizarteak badu abantaila moduko bat: historian baztertua izatera ohitu da. Galdera da: “Nork adaptatu behar du bere nortasuna? Bertakoak edo kanpotik datorrenak?”. Gaur egungo ezkerreko pentsamenduaren arabera, ematen du, kanpoko jendea jasotzen duen herrialdeak bere tradizioak adaptatu behar dituela eurekiko.

“Kulturaren eta politikaren arteko lotura berrirakurtzea”, proposatzen duzu.

Izan ere, errekonozimendu politikorik ez duten herri txikien kasuetan, arazoa  kulturaren eta politikaren arteko lotura eza da. Arazo handiena. Euskal Herria gabezia horrekin bizi da, eta ez da erraza herri bezala irautea. Hau da, gizabanakoak ari gara gure kulturaren inguruan, gure nortasuna atxikitzeko militantzian bizi gara, etengabean, alor guztietan.

Estatua eta nazio kontzeptuen ezaugarriak berrikusi beharra ere, aipatzen duzu.

Euskal Herriak egoera ezberdinak ezagutu ditu bere historian, ezberdintasun handienak gure Iparraldearen eta Hegoaldearen artekoak dira. Frantzian nazioa estatua da. Espainian, eta Hegoaldean, bien arteko zerbait da, ezberdina da. Estatua espainiarra da, baina nazioa ez da erabat espainola, badaude nazionalitate historikoak bezala ezagutuak, herrialde batzuk onartuta daude. Gero, errealitatean naziotasuna nola gauzatzen den? Bada, nekez. Horregatik diot, nire aburuz, Iparraldean nahiz Hegoaldean, euskal hiritartasuna eraiki nahi duen herritar batek ezin du estatu arrotzarekin bat egin, edo harekin batera jardun. Estatuarekin batera jardun dezake arazo sozialei dagokienean, baina kulturaren eremuan ezin du bat egin. Estatuak ez dio inoiz bere nazioa onartuko.  

Antropologiaren ikuspuntutik ez da aski hiritartasuna objektu bezala aztertzea. Gizabanakoaren eta estatuaren arteko harremana auzitan jartzen duzu.

Estatuko ikerlariek ez dute hiritartasuna objektu politiko bezala aztertzen, alegia, ez dute “estaturik gabeko herrien” hiritartasuna aztertzen, haiek badute beren nazioa, nazio eraikia, eta ez dute ikusten beren kulturarentzat nazioaren beharra, ez dute ikusten hiritartasunak batzuei eskubide osoak ematen dizkiela, eta besteei berriz, eskubide partzialak.

Maluruski, Frantziako Errepublikaren ideologia oso barneratuta dago hiritarrengan, baita euskaldunen artean ere. Frantziako Iraultzak indar izugarria izan zuen, eta geroko gertaerek zer esanik ez: I. eta II. Mundu Gerrek, besteak beste. Iparraldeko euskaldun gehiena oso frantsesa da, historiaren bilakaerak tokiko euskaldunen nortasuna aldarazi zuen, euskal kontzientzia politikoa erabat deuseztuz.

Nazionalitatea eta hiritartasuna uztartuta daude Frantzian.  

Hala ere, hastapenean hiritartasuna ez zen nazionalitatea. Ideia-nahasketa izan zen eta pixkanaka horrela bilakatzen joan zen. Frantziar iraultzaileek errepublikaz hitz egiten zioten Europa osoari, baina gero, ideien konfrontazioetan Europako beste estatuen kontra galdu zuten. Errepublika eta Frantzia kidekoak bihurtu ziren eta ondorioz, kidekotasun hori gailendu zen Hexagonoan. Hasierako asmoa ez zen hori, errepublika izaera zabaltzeko asmoa zuten Europan gaindi, hiritartasuna bakarra ezarriz. Nazioa ez zen tokian tokiko kulturaren ezaugarri nagusia eta bakarra. Jende gutxik daki, baina abiaburuan errepublikaren ideia ez zen Frantziarako soilik, Europa osorako izatea nahi zuten, baina ideia galdu eta frantses errepublika nazioa bilakatu da. Errepublikarra eta hiritartasuna gauza bera da. Haatik, Europako estatu guztiek eredu hori aintzat hartu zuten. Nazioa osatzeko elementu nagusia hizkuntza izan da, frantsesa da Errepublikaren hizkuntza bakarra. Euskal Herrian, errepublikarrek ziotenez, iraultzaren aurkakoek euskara hitz egiten dute, hemen eta hegoaldean.

Azken 50 urteetako Europaren eraikuntza gorabeheratsuak nola eragin du Frantziako kultura gutxituetan?

Europa eraikitzean estatuek tokiko kulturekin arazoak izan dituzte, orain berriz, estatuentzat beste arazo bat dago urrunetik heldu diren komunitateekin. Alta, tokiko kulturak eta kanpotik heldu diren gutxiengoen kulturak ez dira hein berean hartzen. Interes politikoak direla eta, modu irekiagoan hartzen dituzte kanpotarrak tokiko herrialdeen kultura baino, hobeto onartzen dituzte, konparazione, bretoiaren, katalanaren edo euskaldunena baino. Frantziako Errepublikarentzat tokiko kulturak atzerakoiak dira, aldiz, Afrikatik etorritako kulturarekiko indar korrelazio politikoa mantentzen du, kolonialismoaren ondorioen eraginez, kultura horiek nolabaiteko errepazioa behar dutela dio.

Hortaz, ideologia errepublikar frantsesean, tokiko kulturekiko aldaketarik ez dago.

Egun, zailagoa da euskaldunontzat historian jasandako kolonialismoaren ordaina edo erreparazioa jasotzea, duela hamar urte etorritako etorkinentzat baino. Nondik dator hori, historiaz egindako irakurketatik. Antropologo frantziarrentzat, Bretainia, Katalunia edo Ipar Euskal Herria ez ziren kolonizatuta izan. Baina izan ziren.

Sektore batzuk, sozialisten eta ekologisten ingurukoak –intelektualak eta politiko batzuk– hasi dira onartzen bertako kolonialismoaren zantzuak nolabait, baina afera urrundik begiratzen dute, ez dute gai horretan sakon sartu nahi. Eguneroko jarduera politikoak agintzen du. Frantziako antropologiak ez du horri buruz hitz egiten. Nire esperientziatik dakit, horretaz hitz egiten baduzu Errepublikaren aurka ari zarela aurpegiratzen dizute.

Euskal komunitatea hizpide. Hiritartasun “bertikala” eta “horizontala” aintzat hartu dituzu. Azaldu hori amiñi bat.

Konparazionera: euskal elkarteek eta mugimenduek, alfabetatzearen bidez, euskal nortasunaren berreskurapenean lan handia egin dute. Jardun molde horrek eginen du euskaldunon nortasuna zinez tokikoa izatea. Nazio errekonozimendua izan gabe, hiritartasun bertikala gauzatu ezinean, hiritartasun horizontala eraikitzen ari da, jendeak parte hartzen du jendarteko ekimenetan, kanpotik etorritako hainbat jende ere horretan engaiatzen da: tokian tokiko ikastolen aldeko ekitaldietan, Korrikan eta berriki Euskaraldian. Azken urteetan, batzuetan kontraesanak agerikoak izanik ere, Ipar Euskal Herrian guraso askok seme-alabak euskaldunak izatea nahi dute, nahiz haiek frantses errepublikar izateari uko egin ez.

Kontraesanek ezaugarritzen dute pertsona, baita euskalduna ere.

"Euskalduna' erabili beharrean, 'euskaraduna' erabiltzen hasi zen, edota berriki 'euskal hiztuna'. Gauza bera dira, ezta? Zergatik sortu dira
hitz berri horiek?

Noski. Adibidez, Korrikaren karietara, halako batean “euskalduna” erabili beharrean, “euskaraduna” erabiltzen hasi zen, edota berriki “euskal hiztuna”. Gauza bera dira, ezta? Zergatik sortu dira hitz berri horiek? Euskalduna izendatzeko modua aldatu behar al da? Horren atzean badago beste kulturak errespetatzeko keinu gisako bat. Nire ustez, beste kultura errespetatzea baino, hemengo gizabanakoa errespetatu behar da. Pertzepzioa aldatu da, kanpoekiko errespetuz. Horren atzean, itxiak izateko beldurra dago. Duela 50 urte euskalduntzen zena euskaldunberria zen, eta orain berriz euskaraduna. Erdaldunari euskal mundua ez dela itxia agertu beharra zabaldu da: “Zuk gorde ditzakezu zure jatorrizko ezaugarriak hemen bertan”, esaten zaio. Baina nolatan itxia? Sinpleagoa da: “Euskal Herrian euskaraz hitz egiten da”, esan behar zaio.

Euskaldunentzat hiritartasuna marjinetan dagoen esperientzia da. Hiritartasuna lortzeko marjinalitatearen aurka borrokatu behar da. Nola?

Irakasle bezala ikasleei esan ohi diet,  euskal nortasuna osatzen dela erantzunik gabeko bi galderatan: “Euskal hizkuntza noizkoa da?”. Eta: “Hizkuntza hau hitz egiten duen giza taldearen jatorri ezezaguna nondik dator?”. Euskal jendarteak galdera horiek egiten jarraitu behar du. Erantzunik gabekoak dira, zientifikoki ez dute erantzunik. Baina, galderek herri dinamika bizirik atxikitzen dute. Funtsean, euskal kulturarekiko atxikimendua bizirik dago bere egoera berezia dela eta. Iraunkortasuna da euskal nortasunaren euspen nagusia. Marjinalitatean bizi da, ez dauka bertikaltasunetik emandako hiritartasun ofiziala, baina badu gizartetik datorkion hiritartasun horizontala.


ASTEKARIA
2020ko otsailaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar Euskal Herria
Peio Berterretxe
“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.


2024-12-20 | Euskal Irratiak
France 3 Euskal Herri katearen berri saila, berriz ere murrizturik

France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | ARGIA
Euskal Y-a ez da Ipar Euskal Herriarekin lotuko gutxienez 2042 urtera arte

Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.


2024-12-16 | Garazi Zabaleta
Xiberoko kolektiboa
Baratze kolektiboa Maulen, harreman sozialak ereiteko

Herritarrak elkarren artean saretzea eta bizitza sozialerako espazioak bultzatzea da Xiberoko Kolektiboa elkartearen lan ildoetako bat. Bide horretan, baratze kolektiboa sortzeko aukera suertatu zitzaien 2020an Maulen, eta zalantzarik gabe, proiektuari ekitea erabaki zuten... [+]


2024-12-13 | Euskal Irratiak
Ardien mihi urdinaren eritasunaren ondorioei elkartasunez ihardetsi nahi die ELBk

ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]


2024-12-06 | ARGIA
Emakume batek jazarpena salatu ondoren, beste 30 emakumek seinalatu dute gizon bera

Gizon batek egindako jazarpena salatu du Irati Rusiñol hendaiarrak sare sozialetan. Komisarian ere jarri du salaketa. Salaketa publiko egin ostean, beste 30 emakumek esan dute gizon beraren erasoak jasan dituztela. Rusiñolek adierazi du beste inori halakorik egin... [+]


Grebaren kari 1.600 lagun batu dira Baionan, Frantziako Gobernuaren austeritate politika salatzeko

Bezperako zentsura mozioa dela medio, Frantziako Gobernua erori izanak ez ditu herritarrak etxean geldiarazi eta jarraitua izan da CGT, CFDT, Unsa, FSU, Solidaires, CFE-CGC eta FA-FP sindikatuek, baita LABek ere deituriko greba eguna.


2024-12-04 | Julene Flamarique
Baionako Epaitegian euskara aldarrikatzeko ekintzagatik atxilotutako EHEko kideak askatu dituzte

Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


Autoinkulpazio kanpaina abiatu dute, Korrikan migratzaileak laguntzeagatik epaituko dituztenekin elkartasunez

Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara... [+]


Eguneraketa berriak daude