Bizkarreko ala buruko mina arintzeko medikuak kontseilaturiko Oxycontin erremedioa hartu eta jonki bilakatu direnak milaka dira AEBetan. Geroz eta gehiago daude gurean ere. 1999 eta 2017 urteen artean, 400.000 ziren gaindosiz hildako amerikarrak. Sackler dinastia dugu sarraskia horren erantzule eta gaur egun 2.300 salaketa ditu bere kontra. 12 miliar dolarren truke, auzibideen abandonatzea proposatzen die auzi-jartzaileei. Denek ez dute onartu tratua.
Kapitalismo basatian aitzina egin ahal izateko ezinbestekoa den bihozgabekeriaren adibiderik onenen artean legoke Sackler familia. Arthur, Mortimer eta Raymond anaiak. Berriki arte Purdue Pharma farmazia laborategiaren jabe izandakoa. Jada zeuzkan miliarka dolarrei beste miliar batzuk gehitzeko, ehun milaka heriotz eragin dituen familia: 35 miliar dolarreko salmenta, 400.000 amerikarren heriotzaren truke. Opioidez osaturiko erremedioen gibelean gordetzen den familia dugu. “Sackler familia droga trafikante bezala epaitua izatea nahi dut”, zion Max Rose AEBetako Kongresuko hautetsi demokratak duela urte zenbait. Auzibideen zerrenda luzea abiaturik da, ehunka salaketa dituztelako haien aurka. Testuinguru horretan argiratu berri dira haren jukutriak, Opioid files izenez ezaguturiko dokumentuetan.
Sackler dinastiaren berri eman zigun Pello Zubiriak, OxyContin epidemia AEBetan: gure medikuak bihurtu gaitu jonki izenburuko Net Hurbilean, iragan 2018ko otsailaren 25ean. Talentu handiko Nan Goldin argazkilariaren bizipenetik abiatu zuen erreportaia: “2014an Berlingo mediku batek gomendatu zion OxyContin ezkerreko eskumuturreko tendinitisa arintzeko. ‘Lehenbizikoz errezetatu zidaten 40 miligramo hartzea eta izugarri eragin zidan, goragaleak, makalaldia. Denborarekin, ordea, egunean 450 mg behar nituen’”. 1995tik aitzina hasi ziren merkaturatzen erremedio hori –ulertu, droga gogor baina legal hori–. Hogeita bost urte geroago, 2.300 salaketa dira familia horren kontra, gehienak hiri eta estatuek jarritakoak.
Ordura arte eritasun larriek ondorioztatu minak arintzeko baliatua zena, ohiko bilakarazi eta edonori ematen hasi ziren 1995ean, Food and Drug Administration egiturak medikamentua merkaturatzeko baimena emanik. Baimena emandako batzarraren buru zen Curtis Wrigh medikua Purdue Pharmaren zuzendaritzan sartuko zen bi urte geroago. Komunikazioari bideraturiko aurrekontua 187.500 dolarrekoa bazuten 1996an, 4 milioikoa zuten bost urte geroago. Inbertsioak anitzez gehiago ekarriko zuela bazekitelako. OxyContin izeneko botikak morfinarekin duen antzekotasuna gordetzea zuten lehentasun. “Morfina bezain ‘eraginkorra’ dela erakutsi dezakegu, baina morfina bezain ‘azkarra’ denik ez dugu erran behar” kontseilua jaso zuten marketin arduradun baten partetik. Zintzoki jarraituriko gomendioa.
Ederki funtzionatu zuen jukutriak: nahiz eta morfina baino bi aldiz azkarragoa izan, opioide ahulen multzoan sailkatu zuten, morfinatik urrun. Buruko, juntetako zein bizkarreko minak lasaitzeko banatuz, helburua bete zuen familiak: 1996tik 2000ra, 50 milioi dolarretik 1.000 milioi dolarrera igo ziren salmentak. Hiru miliar dolar ondorioztatu zituzten 2010eko salmentek. Sekula ez aski, “zer egin dezakegu salmentak oraindik gehiago bultzatzeko eta erritmo azkarragoz garatzeko?” galdetu zuen Richardek. Aterabideak milioiak ondorioztatu zizkion: beherapen kartak banatu zituzten, lehen bost ordenantzen botikak merkeago pagatzeko gisan. Horrela bihurtu ziren jonki – gaindosiz hiltzeraino– min bat arintzeko asmoz medikuaren etxetik pasatako milaka eta milaka. Erremedioak ondorioztatzen duen dependentzia gutxietsi izana leporatua zaie auzietan. Zailtasunekin gezurtatuko dutena, nahitara isildu zutelako elementu hori. Dependentzia keinuak “dosia emendatu beharraren seinale” zirela azaltzen zitzaien medikuei. Brandeisgo unibertsitatean opioideei buruzko ikerketa zentroan dabilen Andrew Kolodnyk oroitzen ditu gabezian zeuden pazienteak: “Baina sorpresa handiz, erran ziguten ez zela adikzioa, ‘pseudo-adikzioa’ zela. Opiazeo gehiago eman behar genizkien. ‘Pseudo-adikzio’ kontzeptua nahitara aurreratu zuten, opioideak sustatzeko”. Kontua da minaren tratamenduan adituak diren American Academy of Pain Medicine (AAPM) eta American Pain Society (APS) egiturak ere diruztatzen zituela Purdue Pharmak. Eskandalua plazaratuko zuen eragilerik ez zen, guztietan zuelako familiak eskua –dirua– sarturik. Paraleloki, botiken merkatu beltzaren garapena geldiarazi ez izanaz ere akusatua da familia.
Dependentzia frogak gorde zitzazketen, baina nekez gordeko zituzten gorputz dependenteak eta gaindosiaz hildakoak. 1999tik 2002ra, minaren kontrako botikek ondorioztatu hildakoen kopurua %91az emendatu izanak argiratu zuen eskandalua. Gaindosiagatik bizia galdu dutenen zerrenda luzeegia da. AEBetan 200.000 daudela plazaratu zuen Zubiriak, bi urte geroago, doblatu egin da zifra ofiziala: 400.000 dira 1999 eta 2017 artean hildakoak, –horien erdiak medikuaren preskripzioari esker jasotako sendagailuengatik–. Denetarik dugu jonkien artean: klase sozial, jatorri, lanbide eta adin orotarikoak. Hogei urtez kontsumitzaileen profila aldatu bada ere, emakume zuriak dira lehenik hunkiak, klase ertain apalekoak eta baserri mundukoak. Bizirik darrai desmasiak: egunero 130 amerikarrek dute bizia galtzen botika horiengatik. Hemeretzi minuturo sortzen da heroin babies edo opioideen dependentzia daukan nini bat AEBetan.
Lehenbizikoz pagatu behar izan zuen Johnson&Johnson laborategiak 635 milio dolarreko isuna 2007an. Orduz geroztik, ahal bezala isunak saihesten dabiltza. Eta, lortzen ere dute, diruak dakarren botereari esker. Auzibideak saihesteko gogoz, porrota aurkeztea erabaki zuen iazko irailean Purdue Pharmak. Salaketa jarri dutenei 10 eta 12 miliar dolar artean banatzea proposatu zien, –3 eta 4 miliar artean familiak eta beste 1,5 Mundipharma filialak ordaindurik–. Diru hori opioideen krisiari aurre egiteko neurrietara bidaratu litzatekeela zehaztu zuen. 27 estatuk onartu bazuten ere, beste 25ek errefusatu zuten. Laetitia James New Yorkeko prokuradorea haserre dago: “Bost axola dauka justiziaz Sackler familiak, porroskak banatu nahi dizkie biktimei”.
AEBetako hemeretzigarren familia aberatsena da, 13 miliar dolarrekin. Justu epaiketak aitzin, zerga ihesa egin izana ere argiratu zen. Bihozgabekeria ez doa ttipituz belaunaldiz belaunaldi: Richardek, hau da, Raymonden semeak, opioideen menpekotasunari aurre egiteko botika bat patentaturik du. Paraleloki, Mundipharma laboratorioari esker, opioideen merkatua mundu mailara hedatzen dabil. Gurean, OxyContin ezagunaz gain, Sevredol, MST Continus,Palladone, Targin, Zytram, Sophidone, Sevredol, OxyNorm, Moscontin, Demerol, Dicodin, Penthrox edota Fentanyl botikek dute opioidea.
Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.
Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira... [+]
Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.
“Askotan min handia sentitzen nuen oinetan, baina arraroa zen, ez nuelako lotzen kolpe batekin edo lesio batekin, eta ez nuelako identifikatzen nondik zetorren”. Iraia Etxebesteren hitzak dira; duela sei urte azalpenik gabeko mina sentitzen hasi zen oin azpian, eta... [+]
Farmazia enpresa alemaniarrak hamar mila milioi euro irabazi ditu Covid-19aren aurkako txertoen patenteei esker. Hainbat ikerketak frogatu dute farmazeutiken lobbyek oztopatu dituztela patenteak askatzeko akordioak. BioNTechek sare sozialetako mezuak zentsuratu nahi izan ditu,... [+]
Minari aurre egiteko, opioideen kontsumo farmakologikoa asko handitu dela eta sarri behar baino gehiago eta behar baino epe luzeagoan erabiltzen direla ohartarazi dute adituek. Menpekotasuna eta albo-ondorioak sor ditzakeen pilula errezetatzea baino, osasun baliabideetan eta... [+]
Haurdunaldia Eteteko Baimendutako Kliniken Elkarteak ikerketa bat egin du publiko. Beren erabakiaz eta motiboez galdetu die gehienez haurdunaldiko bederatzigarren astean egonik abortatzera joan eta bi metodoak aukeran izan dituzten 1.536 emakumeri. Hauetatik %85,74ak metodo... [+]
Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]
Gosaritarako kafea eta tostadak egitea, ilea orraztea, hortzak garbitzea eta makilatzea. Egunari ekiteko eginkizun sinpleak iruditu ahal zaizkionak bati, ez dira denontzat munta berekoak. Aniztasun funtzionala daukan norbaiten azalean jarriz gero konplexutasunean irabazten dute,... [+]
Txertoa Herriarentzat Aliantzak egindako azterketaren arabera, txertoen fabrikazioa eta salmenta kontrolatzen dituzten farmazia-enpresek lortutako etekinetatik, gutxienez, bederatzi pertsona milioidun bihurtu dira pandemia hasi zenetik. Zerrendaren buruan Moderna eta... [+]
Zenbat aldiz ari dira gure agintariak, herritarron diruarekin, gauza beragatik ordaintzen? COVID-19aren aurkako txertoen aferan, gutxienez hirutan.
1960ko hamarkadan asmatu zuten emakumeentzako pilula antisorgailua, baina gaur egun oraindik zergatik ez dute farmazeutikek gizonentzako pilula antikontzeptiborik bultzatu, zergatik geratu dira bertan behera egindako ikerketak, zergatik gizonek ez dute interesik erakutsi?... [+]
AEBetako Janssen farmazeutikak eskatuta egin dute bilera martxoaren 1ean Eusko Jaurlaritzan eta beraien txertoa Europan baimentzeko prozesua zertan den azaldu diete. Jaurlaritzaren hitzetan, lehen bilera horrek "Osasun Sailak eta Janssenek lankidetzan jardun dezaten"... [+]
COVID-19ren aurkako txertoaren lasterketa erakusten ari da bizitzaren aldeko borroka horren atzean negozioa eta desberdintasuna ere badagoela, pertsona eta herrialde guztiak ez garela berdinak.
COVID-19ren aurkako txertoaren lasterketa erakusten ari da bizitzaren aldeko borroka horren atzean negozioa eta desberdintasuna ere badagoela, pertsona eta herrialde guztiak ez garela berdinak.