“Buru pentsalariak falta dira hor goian, euskaratik pentsatuko dutenak”

  • Egunero egiten du Zarauztik Getarirako joan-etorria. Goizean goiz eta oinez, pauso azkarrean. Ibilian-ibilian, 25 urtetik gorako ohitura du hori. Ibilian-ibilian, ez horren pauso azkarrean, baina bai konstantean, mende erdiko ibilia egin du literaturan, Hunik arrats artean (1970) lehen lana plazaratu zuenetik. Itzulpengintzari buruzko saiakera metaliterarioa du azken alea, Itzuliz usu begiak (Alberdania), iazko udazkenean argitaratua. Begiak atzerantz apenas itzuli gabe egin dugu bere eguneroko ibilbidea, eta solastatu gara itzulpenaz, baina baita ibilian atera diren gainerako gai eta ertz askotarikoez ere: literaturaz, ibilbide pertsonalaz, euskaraz, denbora garaikidearen denbora faltaz eta beste. Itzulingururik gabe.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zarauzko (Gipuzkoa) kaleak hutsik dira. Herriak itxura fantasmagorikoa du orduotan. Goizeko sei eta erdiak dira eta hotz egiten du. Urtarrileko goiz grisa da. Itsasoa bizi dago, baina ez haserre. Hura entzuten da soilik. Pauso azkarrean eta burua txano beltzez estalita iritsi da Narros jauregiaren parera Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1948); Azkenaz beste (1996) nobelako azken partea jauregi horretan kokatzen da, hain zuzen ere. “Pertsonaia nagusia itsasoan sartzen da, jauregitik aterata. Belaontzi bat ikusten da eta ez dakigu hara doan edo bere buruaz beste egiten duen”. Malekoitik hasi dugu bidea. Ez dugu itsasoan sartzeko asmorik, idazleak egunero egiten duen joan-etorria egitea dugu miran: joan, egon eta itzultzea. Ilun da oraindik. Lertxundiren hitzek argituko dute bidea, ordea. Hiru zati izan ditu elkarrizketa-txangoak. Zarauztik Getariarakoan eta Getariatik Zarautzerakoan, ibilian gindoazen bitartean, modu libreagoan solastatu gara, ibiltzearen eta sorkuntzaren arteko harremanaz, kazetaritzaz, poesiaz, humanismoaren galeraz, susmopeko gizarteaz, eta beste.

Hemengo honetan, behin Getariara iritsita, oraindik kanpoan ilun dela, bertako kafetegi batean egindako elkarrizketa irakurri ahal izango da, enkontruaren ardatza bilduko duena: Itzuliz usu begiak liburuaz, eta handik eratorritako hainbat kontuz aritu gara.

Anjel Lertxundik eztabaida asko izan al du Berbelitzekin?

Nire alter-egoa ere izan liteke Berbelitz. Aspalditxo sortu nuen pertsonaia da, Senez aldizkarirako eta… eta sinpatikoa egiten zait. Hizkuntza hartzen du ez soilik tresna gisa, baizik eta dibertimendu modura ere, hizkuntza bizi duelako modu jostari batean. Eta hori garrantzitsua iruditzen zait, ez soilik itzulpengintzaren munduan, baita hizkuntzaren irakaskuntza munduan ere. Egia da hizkuntza estruktura bat dela, baina gora-behera formalez harago, jabetu behar dugu gauza malgua dela, ez hormigoizko egitura bat. 

Noiz jabetu zinen itzulpengintzaren garrantziaz?

Nik uste dut itzulpen batek lehen aldiz inpaktatu ninduela Irene Aldasorok itzulitako James Joyceren Artistaren gaztetako portreta-rekin. Asko maite nuen liburu hori, eta sekula ez nuen imajinatuko euskaraz irakurri ahal izango nuenik. Irakurri nuen eta gaztelaniazkoa baino askoz familiarragoa egin zitzaidan. Liburu horretan dagoen hizkuntzaren jolasa euskarara ekarria dagoelako, eta natural-natural funtzionatzen duelako. Pertsonaietako batek galdetzen du: “Zer ba?” Eta besteak erantzun, “zerba patatekin”, edo halako zerbait. Euskararen espresibitatea erabiltzen du erabat, ingelesetik itzultzeko. Ingelesezkoa aldatu eta traizionatu egiten du, onerako traizionatu ere. Itzulpenean ikusten duzunean originaltasuna, liluratzen zaitu: originaletik ekarri eta originala egin. Horra itzulpena.

Zerikusia izan dezake horrek zure hainbat idatzitan aipatu izan duzun beste jolas batekin ere, partikularraren eta unibertsalaren arteko harremanarekin.

Guk jartzen dizkiogu harreman horri langak. Ez dago ezer unibertsalik sostengu partikularrik ez duenik. Ugarienak ez du esan nahi unibertsala denik. Unibertsala bere horretan nahiko termino etereoa da. Unibertsala izateak ez du esan nahi bakarrik denen kontuak direnik, baizik eta denen kontuak transmititzeko gai izatea ere bai. Nik dakidala ingelesak oraindik ez dira horretara iritsi. Ugaria eta unibertsala bereizi egin behar dira kontzeptu bezala. Globalizazioak ez dauka zerikusirik unibertsaltasunarekin, bi gauza oso diferente dira. Nik uste askotan nahastu egiten ditugula.

"'Euskarak ere behar ditu halakoak' bezalako arrazoiak duinak dira euskal komunitateari begira, baina artistikoki niretzat ez da nahikoa"

Eite ekonomizista hartu du globalizazioak.

Bai, eta diskurtso guztiak horren arabera antolatzen dira, partikulartasunaren kontra, alegia. Globalizazioak dakar partikulartasuna hondatzea, ez integratzea.

Zure ibilbidean itzulpenek beti eman dizute giltzarririk?

Nire ibilbideari erreparatuz gero, Ifrentzuak saileko liburuen atzean dauden idazleak desberdinak dira azkeneko liburuen atzean daudenekin alderatuz. Esaterako, oso desberdinak dira erreferenteak Azkena beste-n edo Horma-n (2017). Argizariaren egunak (1998) liburuarekin gertatutakoa adierazgarria da. Liburuaren erdia baino gehiago idatzirik nuenean izan nuen krisi handi bat. Kezka honakoa zen: “Zer arraio idazten ari haiz, hori lehen ere badakik egiten-eta!”. Eta, justu une horretan irauli egiten da nobela, pertsonaia erotu-edo egiten baita… Nobela berri bat sortzen da, hasierako asmoarekin inolako antzik ez duena. Bestelako kasuak ere badaude: idatzitakoa ez gustatu hasieran, eta ingurukoek eta esaten dizutenagatik aurrera egitea. Adibidez, Zoaz infernura, laztana (2008) liburuarekin gertatu zitzaidana. Hori berez gidoi bat zen… eta konbentzitu egin ninduten argitaratzeko, nahiz eta erabilitako arrazoiekin zalantzak izan: “Euskarak ere behar ditu halakoak” eta gisakoak. Arrazoi duinak dira euskal komunitateari begira, baina artistikoki niretzat ez da nahikoa. Eta antzeratsu Zorion perfektua-rekin (2002). Liburu hori berez idatzi nuen haur eta gazte literaturarako. Gero egia da funtzionatu egin duela, eta helduentzako sailean argitaratu ez balitz ez lukeela izango izan zuen oihartzuna, baina nire gogoan beti gelditzen da batez ere ibilbide artistikoa. Ez dut uste inoiz hasi dudanik liburu bat garaiko hainbat egileren erreferentziarik gabe. Noizbait egin ahalko nuke saiakeratxo bat nire nobelen atzean dauden autoreekin. Karlos Linazasorok oraintsu plazaratu duen liburuan autoreen zerrenda bat ematen du, hasieran. Antzeko zerbait egin dezaket, nire literatur bidelagunak kontuan hartuta.

Egingo duzu?

Ez dut uste [barreak].

Itzulpengintzak zein du etsai nagusi? Garbizaletasuna? Burokratizazioa? Erreferentzia falta? Besterik?

Ez nuke asmatuko hitz bakar bat esaten; hain da mundu zabala itzulpenarena. Itzulpena da euskal buletin ofiziala, itzulpena da publizitatea telebistan eta hedabideetan… Itzulpen literarioari nola deitu behar diogu? Asma dezagun izen bat horretarako. Gaztelaniaz itzulpengintzaren itzala ez da inondik inora gurearen berdina, ze gaztelaniaz administrazio ia guztia jatorrizkoa da. Horren eragina da hainbestekoa…

Bernardo Atxagak esana da itzulpengintzaren etxe bat sortu beharko litzatekeela, eta etxe horretan jarri beharko liratekeela langileak testuak itzultzen.

Itzulpengintzak arreta askoz ere handiagoa merezi du. Hori egin ahal izateko, agintean daudenak haren garrantziaz jabetu beharko lukete. Baina, badago inor Euskal Telebistako programazioan pentsatzen duenik euskararen eta euskara artistikoaren ikuspegitik? Euskal telebista euskaraz pentsatuko duenik bada? Ez bakarrik euskaraz egin behar dela, baizik eta euskaratik, euskararen premietatik, euskararen baliabideetatik. Euskarak nola eta zertan eman dezakeen ugariago. Buru pentsalariak falta dira hor goian, administrazioan, zein premiak dauden pentsatuko dutenak, euskaratik.

Argazkia: Dani Blanco.

Berbelitzek dio: “Euskararen bukaerarik tristeena, euskararen lurraldean soilik administrazioko hizkuntza egiten zelako hiltzea”. Gutxi falta da horretarako?

Zorionez ez; iraungo ahal du euskarak, baina gertatzen dena da arriskua dagoela euskara gizartean nagusitzeko, baina modu gris batean, eta zenbait erabileretarako bakarrik. Bulegoetan akaso euskaraz atendituko zaituzte gerora, baina kalean aginduz eta lege bidez soilik, eta jakina, bizipozik gabe.

Administrazioko euskara horrek gaztelania du ispilu edo eredu. “Antilingua bat”, diozu. Nola egin ihes aje horri?

Lehen-lehenik gaitza dagoen jakin, eta gero, gaitza diagnostikatu beharko litzateke. Baina premiarik ere ez da ikusten, goi-goikoek ez dute halakorik ikusi eta sentitzen.

“Arestik bazekien Danteren itzulpen on batek mesede handiagoa egingo liokeela euskarari eta euskal kulturari gure erakunde eta giro sozialetako normalizazio itxurak baino”. Ideia hori sakon zenezake?

Muturrera eramana dago esaldi hori, inpaktu bat sortzeko; jakin badakit Dante euskaraz ematea baino lehentasunezkoagoko gauzak badirela, baina ondo pentsatutako estrategia kultural batekin eta testuen estrategia batekin, itzulpenekin gertatzen ari den bezala… Zeren literatur itzulpenetan estrategia bat daukate administrazioak eta EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) aspalditxotik. Gero egon zaitezke hautaketekin konformeago edo ez, baina gauzak pentsatuta, pixkanaka hobekuntzak txertatuz eta jarraipena emanez egiten ari dira. Antzerkigintza erori zitzaigun; fikzioa telebistan ez da ia praktikoki existitzen; hainbat eta hainbat ekimen erortzen joan dira jarraipen faltagatik. Eta arrazoi nagusia da administrazioa etekin azkarren bila dabilela, audientziak eta abar. Eta irauten duen apurrak irauten du jende gutxi batzuen temagatik; jende hori segituan antipatikoa eta astuna bihurtzen da, “orain ere badatoz betiko kontuekin” pentsatzen baitu administrazioak. Administrazioa esaten dut, baina hori bera gertatzen da talde politikoen barnean. Orokorragoa da, beraz, kontua. Zuk exijentziak planteatzen badituzu, makinariarentzat deserosoa da, arreta gehiago eskatzen du, diru gehiago eskatzen du, kontzientzia gehiago eskatzen du… eta zeregin hobeak badituzte, jakina!

"Badago inor Euskal Telebistako programazioan pentsatzen duenik euskara artistikoaren ikuspegitik? Ez bakarrik euskaraz egin behar dela, baizik eta euskararen premietatik"

Euskarazko zinemak arnas pixka bat hartu duenean fikzioa galdu da telebista publikoan. Zenbaterainoko galera da hori?

Fikzioa ez da askorik galdu pentsatzen bada lehen ere ez zegoela kristitinka hasteko moduko plangintzarik, fikzio-proiekturik telebista publikoaren aldetik. Zein da telebistaren fikzio-proiektua, badakite zer garrantzi duen fikzio autonomo batek euskararen normalizazioan? Iruditzen zait fikziorik biribilena guk praktikatzen dugula fikzioa eskatuz horren garrantziaz jabetzen ez denari.

Ordea, literatur itzulpengintzak erakusten du bidea egin, egin litekeela. Mirari txiki bat da edo lanaren emaitza?

Itzulpengintza eskola bat egon zen, eta gauza inportanteenak egin dituztenak eskola horretatik datoz; orain unibertsitatean ere badago eskola. Hori izan da oinarrizkoa, Martuteneko eskolan zeuden itzultzaile haiek izan dira sustengua. Horrez gain, irudiaren eta prestigioaren aldetik badago kontu bat kapritxosoa irudi lezakeena, baina ez da: Ulises daukagu euskaraz. Adibide bat da, baina balio duena adierazteko zer dugun. Horrek prestigioa ematen du, garai batean Bernardoren [Atxaga] Obabakoak-ek eman zuen bezala. Ez zen egiten genuen guztia hura, baina ematen dio prestigio bat euskal literaturari. Euskal literatura ari da bidea egiten. Eta euskal itzulpengintza ere ari da.

Helduentzako literatura itzulian bai egon da apustu garbi bat, Literatura Unibertsala sailak gidatua… Baina gerora, proiektu eta argitaletxe txikiagoek ere hartu dute bide hori. Badago kutsatze efektu bat.

Bai, argitaletxeak sortu dira, feminismoaren aldetik, pentsamenduaren aldetik, argitaletxe txikiak baina oso martxa politean doazenak, lan zainduekin. Hor badator funtzionamendu bat orain arte ez genuena. Asko eta asko datoz unibertsitatetik, edo han lanean ari direnengandik. Bada garaia, gainera, unibertsitateko jendeak bere lanak sozializatzeko. Sozializazio falta izugarria dauka akademiak, unibertsitateak. Hala ere, irratia entzutea besterik ez dago jabetzeko aurrera pausoak egin direla. Zientzialariak entzuten dituzu orain euskaraz primeran, modu didaktikoan, ulergarri eta oso txukun euskaraz. Hori ere bada zerbait.

Argazkia: Dani Blanco.

Zergatik dago hain urrundua unibertsitatea, akademia, gizartetik?

Zure galderak afirmatu egiten du: unibertsitatea, akademia, urrun dago gizartetik. Zergatik? Kasta bat delako, tituluak emateko aparatua. Curriculum pertsonala gizendu nahiak isolatu egiten du ekimen akademikoa, bai intra eta baita gizarteari begira ere. Ekonomiaren kortabistarekin neurtzen da etekin akademikoa, eta erraz uler daiteke horizonte kulturala eta integrazio soziala oso urruti egotea bere ikuspegitik. Kulturalaren muin eta ikuspegi eskuzabaletik. Unibertsitateak publikatzen ditu gauzak, baina ezagutzen dugu zer publikatzen den? Unibertsitateak lotura gehiago du enpresa munduarekin gizartearekin baino. Eta horiek ere beharko dira, baina proiekzio soziala eskas du. Karrera egin duenean bukatzen da ikasle batentzat unibertsitatearen proiekzio soziala?

Humanismoaren baloreen galerarekin eta akademizismo larregizko batekin zerikusia izan dezake?

Bai, eta utilitarismoarekin. Karrera bat egiteak zerbaiterako balio behar du, eta zerbait hori beti ekonomiarekin uztartuta dagoen kontu bat da. Etekinarekin lotuta, zehatzago izanik. Baina hori gizarte guztiaren kontua da, normalean ez dugu nahi gure seme-alabek arte ederrak ikas ditzaten, adibidez.

Itzulpengintzak berak erakutsi du euskara batuak erregistro desberdinak eta hizkuntza moldeak dituela, baina euskara batuaren erabilgarritasuna ezbaian jartzen du zenbaitek azken boladan. Zer ari da pasatzen?

Batua kontsideratzen badugu zerbait zurruna, eta batzuetan ematen du ahalegin propioa egiten dugula hala kontsideratzeko, zerbait gramatikal hutsa, hori transmititzen badugu soilik eskolatik hasita… Orduan eredu horretatik desbinkulatzea oso erraza da. Ni ere ez nago ados, gainera, transmisio mota horrekin. Batua ez bada sortzailea, ez du balioko. Baina batua da zaku bat dena kabitzen dena. Ezin da batu bera irakatsi Tuteran eta Azkoitian. Zirkunstantzia soziolinguistikoak oso desberdinak dira, baina batean eta bestean egin liteke batua ederki asko, nork bere ezaugarriekin. Nik esaten dut badela garaia sortzaileok euskara batua puskatzekoa, baina hura hondatu gabe…

Nola egin liteke hori?

"Euskara Batua ez bada sortzailea, ez du balioko. Baina Batua da zaku bat dena kabitzen dena, ezin da Batu bera erakutsi Tuteran eta Azkoitian"

Zer egiten ari gara gure euskalkiekin. Igual nobela guztiek ez dute zertan izan tonu bera, eta zurruntasun bera. Kaleko erregistroei begiratu beharko diegu, batez ere elkarrizketa asko agertzen badira. Eta narratzailea zein den kontuan hartu beharko da: narratzailea arotza baldin bada, eta bere istorioa kontatzen ari bada, eta kontatzen badu euskaltzain bat balitz bezala…

Batua ezinbestekotzat hartzen duen diskurtsoa nagusi da, baina batuaren pedagogian eta sozializazioan ez dela asmatu esatea gehiegizkoa al da? Ez da entzuten halako diskurtso autokritikorik.

Hizkuntza guztietan normala da batu-estandararren aurkako joera nolabait, elitekotzat hartzen delako. Gazteak puskatu nahi du araua, estandarra, jerga eta argota erabili nahi ditu. Hori batetik. Bestetik, hizkuntza malgua da, eta espresio molde berriak sartzen ditugu, eta sartu behar ditugu, baina gero ez dugu egiten horren pedagogiarik. Garai batean, Berria-n zutabeak idazten nituenean, sarri samar sartzen nintzen Xuxenekin, ustez nahiko modu sinpatikoan. Esan nahi dut gorriz jartzen diguten guztia ez dagoela gaizki, ez da semaforo gorria. Euskaltzaindiak gomendatzen du, Euskaltzaindiak dio hau, aholkatzen du hau edo hori erabiltzea, baina kontestua hartu behar dugu kontuan. Kontestualizatu egin behar da hizkuntzaren erabilera. Ez da soilik gramatika kontu bat. Hor badago halako defizit handi bat.

Zarauztik Getariara etorri eta itzulerakoan beste bat zara?

Aldatzen naiz bai, esnatuta itzultzen bainaiz, eta hotza egiten badu, areago!

Itzul gaitezen bada.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-09 | Leire Ibar
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak

Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.


Eguneraketa berriak daude