“Fikzioak lapurtu digun espazioa berreskuratu nahi dugu”

  • Antzerkia bazterketa sozialaren kontra erabili duen aktorea eta antzerki sortzailea da Alicia Reyero (1982, Burgos). 2018an Bartzelonan abiatu zuen genero ikuspegia duen “Fikzioa deseraikitzen” ikastaroa, eta Errenteriako Niessen Kulturgunera ekarriko du martxoaren 1etik 7ra. Euskal Herriarekin harreman berezia dut, hain da horrela, semeari Urko izena jarri diola. "Txikitatik mirestu izan dut estigma guztien gainetik euskal gizarteak duen duintasuna eta borroka sena", dio.

"Gauza asko ditugu kontatzeko, eta zorionez geroz eta gehiago gara geure ekoizpenak sortzen hasi garen emakumeak" (Argazkia: Noemí Elias)

Noiz eta nola jaio zen Comando señoras?

2018an Bartzelonan abiatu genuen “Fikzioa deseraikitzen” ikastaroan landatu genuen lehen hazia. Generoaren ikuspegitik, sorkuntza eszenikoaren ereduak desegiteko ikuskizuna erditu genuen. Hainbeste gustatu zitzaigun, eta hain potentea izan zen, sorkuntza horri bizitza luzeagoa ematea proposatu nuela, eta taldeko eroek jarraitu zidaten.

Zein izan zen proiektua abiatzeko motorea?

Gogoratzen dut uda batean etxean nintzela, lanik gabe. Bat-batean konturatu nintzen 30 urtetik gorako lagun emakume aktore guztiak lanik gabe ginela, geure gizonezko bikoteak sekulako arrakasta izaten ari ziren bitartean. Orduan konturatu nintzen fikzioaren ereduak desberdintasun hori indartzen zuela: emakumeak 30 urtetik gora barregarri marrazten ditu fikzioak, bigarren mailako paperak emanez beti.

Bartzelonan bi ikuskizun egin dituzue urtarrilean. Bietan, sarrerak agortu dira. Zer deritzozu ikuskizunak izan duen harreraz?

Ikaragarria izaten ari da. Ikuskizuna gustuko izan duten edo ez alde batera utzita, esperientzia katartikoa izan da. Belaunaldi desberdinetako ahots asko biltzen ditu gure ikuskizunak. Eta gainera, erabili dugun tekniketako bat izan da, hain zuzen ere, bakoitzaren erreferenteekin lan egitea. Beraz, agertokiaren gainean dauden hamasei emakumeen ahotsak entzuteaz haratago, geure erreferenteen ahotsak ere entzuten dira. Horrek sekulako erantzuna eragin zuen ikusleen artean.

Adibidez?

Ikusleetako bat iraultza etengabean dagoen bere alaba nerabearekin joan zen, eta saio erdian altxatu eta ama besarkatu zuen. Beste emakume bat, ikuskizuna amaitu zenean, antzezleetako batengana joan zen bera bezalakoa izan nahi zuela esateko. Bitxia da jendearen erantzuna, baina era berean zentzua dauka, egitasmoaren erronketako bat baitzen hainbeste estigmatizatu eta isilarazi diren emakumeei ahotsa ematea. Andreak heroina bilakatu ditugu eta merezi duten tokia berreskuratzen ari dira.

Zuen egitasmoa agertokietatik harago doa.

Bai, hiru adar ditugu: agertokiak, sare sozialak eta kalea. Fikzioak lapurtu digun espazioa berreskuratu nahi dugu horrela. Eta konturatzen ari gara sare bat dagoela, behar handia dagoelako, seguruenik. Adibide argia izan da Txileko Las Tesis kolektiboak abiatu zuen ekimen birala [Bortxatzaile bat zure bidean].  

Argazkia: Alicia Reyero

Hemendik aurrera non ikusiko dugu Comando señoras?

Nire erronka da, batetik, antzerki publikoak hartzea. Jakinda mugitzen zaila den ikuskizuna dela gurea, eszenan emakume askok parte hartzen dugulako. Egin daiteke, baina interesa egon behar da. Bestetik, sare sozialetan zabaldu ditugun bideoek jarraipena izango dute. Señoras Salvajes [Andre Basatiak] izango da hurrena, ekoizpenaren ondorengo lanetan ari gara eta martxoa edo apirila bitartean ikusiko du argia.

Emakume gisa, identifikatuta sentitzen zara fikzioan emakumeok dugun irudiarekin?

Inolaz ere ez. Ezin da orokortu, baina sexualizatutako pertsonaiak dira nagusi, eta ezaugarri oso jakinak dituzte. Zaila da eurekiko enpatia izatea. Zorionez gauzak aldatzen ari dira, baina bai, oraindik ere oso zaila da 40 urteko emakume batentzat paper duinak aurkitzea.

Baikorra zara?

Tira, ni ez naiz ekoizle batek nire etxeko atea noiz jo zain geldituko. Gauza asko ditugu kontatzeko, eta zorionez geroz eta gehiago gara geure ekoizpenak sortzen hasi garen emakumeak. Gertatzen dena da, beti prekarietatearekin jotzen dugula eta sekulako indarra atera behar izaten dugula aurrera ateratzeko. Horrek izugarrizko lana eta inbertsioa eskatzen du, eta argi dago edonork ez duela horrela jarduteko ez indar eta ez baliabiderik.

Emakume ereduak ere aztertzen dituzue. Garai batean etxean haurrak zaintzen zituzten emakumeak nagusi baziren, gaur egun “super ama” izatearen presioa jasaten du emakumeak.

Esango nuke feminismoaren lehen iraultza geure amek sustatu zutela: orduan ulertu zuten ez zirela etxean geldituko haurtxoak zaintzen. Orain arazoa da amatasuna pribilegio batean bilakatu dela, nik lana eta amatasuna kudeatu ditzazket posible dudalako. Izugarria izan da esperientzia hau, lehenik haurdun eta orain Urkorekin –9 hilabeteko semea– bizitzea. Hori bai, osasunean eragin dit eta biziraun badut izan da edo txikia lanera eraman dezakedalako, edo norbaitekin utzi dezakedalako.

Martxoan Errenteriara ekarriko duzu “Fikzioa deseraikitzen” ikastaroa. Aurrerapenik egiterik bai?

Bartzelonan hasitako esperientzia ekarriko dut Euskal Herrira, generoaren ikuspegitik, fikzioan historikoki nagusitu diren ereduak deseraikitzeko sorkuntza eszeniko kolektiboa sortuz. Berezia izango da, batetik, orain arteko ikastaroak emakumeekin egin izan ditudalako bakarrik eta Errenterian, aldiz, emakume, gizon zein disidentziei zuzenduta dagoelako. Eta, bestetik, Euskal Herria biziki maite dudalako eta ilusio berezia egiten didalako bertan lan egiteak.

Antzerkia bozgorailu
“Antzezpena eta istorioak azaltzea maite dut. Baina guztiaren gainetik asetzen nau ahotsa lapurtu dietenei euren istorioak azaltzeko lanabesak ematea. Gizarte-bazterketa pairatzen dutenen aldeko lanabestzat ulertzen dut antzerkia. Horregatik, testuinguru isilarazietan bizi diren kolektiboekin lan egin dut azken hamarkadan: indarkeria matxista jasan duten emakumeekin, errefuxiatuekin eta espetxeetan talde sorkuntza eszeniko ikastaroak ematen, besteak beste. Azken bi urteetan generoaren ikuspegitik emakumeak fikzioan duen papera deseraikitzen saiatu naiz Comando señoras [Andreak Komandoa] ikuskizunaren bitartez".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


2025-01-14 | Euskal Irratiak
Urteko lehen maskarada eskaini dute Altzai-Lakarriko gazteek

Basabürüako ibar eskuineko gazteek lehen maskarada arrakastatsua eman dute igandean, Lakarrin.


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Peio Berterretxe
“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

-------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


Aitortza berantiarra, metamorfosi gauzatua

Emakume baten borroka eta metamorfosia
Nork: Eneko Sagardoyk eta Vito Rogadok.
NOIZ: abenduaren 1ean.
NON: Santurtziko Serantes aretoan.

-----------------------------------------------------------

Plana proposatu eta berehala, sarrerak online erostea erabaki zuen... [+]


'Zorretan'
Berezko lore bat

ZORRETAN

Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.

----------------------------------------

Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]


Eguneraketa berriak daude