Zenbat duten oraindik barruan!

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Atera | Zea Mays | Garden records, 2019

Bilboko Zea Mays taldea bizia eta iraunkorra da, pausoak –txikiak zein handiak– etengabe emanez bere bide propioa eraiki duena harrokeriarik gabeko harrotasunez. Igaro du desertu luzea, ezagutu ditu distira eta ospea, baina ezerk ez du aldarazi, betikoak dira.
Orain dela gutxi aipatu nuen, niretzat Errekaldeko laukotea dela, marketing trikimailuetatik harago, bere ibilbidean jarraitzaileak batu dituen talde baten adibidea: askotan jo, zuzenekoetan dena eman eta hasierako ilusioari eutsita betiere. Badira gehiago, noski, baina hauena oso adibide argia da.

Aspaldi ez nuela beraietaz idazten eta banuen gogoa. Aitortu behar dut, daukagun musika eskaintza erraldoiak despistatuta, urteetan ez diedala taldearen diskoei behar duten arreta jarri, baina tarteka taldea zuzenean ikusi dudanean zur eta lur utzi naute; are gehiago azken urteotan. Munstroak dira agertoki gainean eta egiten dutena erabat disfrutatzen dute, ez dago inongo zalantzarik.

Bada, Atera etorri ez bada ere, bere bila jo dut jakin-minez azkeneko lanak zer dakarren ikustera: Gaur ni naiz tempo erdiko leloak dituen rock indartsua da, euskal folk introa duena. Ilara hilobi Hawkind eta Monster Magnet ahaide dituen rock pisutsua, garatu ahala ia kiribildu egiten dena. Kea electro-rock, pop eta new wave puska, hit!a agian. Hiri eri-n Cicatrizen trazako introari pop-rock gihartsua eta itsaskorra gailentzen zaio nagusitasunez. Atera pop-a da letra larriekin: gardena, goxoa, malenkonia puntuarekin…

Haizearen jainko beltza-k elektronika, makinatxoak eta post-rocka erritmo dantzagarrien zerbitzura jartzen ditu. Bidegurutzean XXI. mendeko rock indartsua eta ukitu epikoaren arteko ezkontza. Zintzilik elektronika dantzagarria eta melodia purian distortsionatu eta zikintzeko ariketa gogotsua. Edonora da diskoko pieza azkarrena, doinu soil baina aldi berean sarkorra duena. Inurriak minimalista eta geldoagoa, sintetizadoreen laguntzarekin, post-rock eta new wave artean esperoan dagoena. Eta, azkenik, taldea elektronika eta noisea ezkontzen “andereñoa” dela erakusten duen Ur-jauzia.


Eguneraketa berriak daude