Barruranzko begirada pausatua

  • Lau kantako EP batekin plazaratu ziren 2016an. Hegan aurreneko disko luzea atera dute 2019an, eta lehengo bidetik, post-rocketik edaten duten erritmo geldoko doinuak bildu dituzte –euskaraz oraingoan–, batzuetan ilunagoak, besteetan argixeagoak. Swans edota Low gisako taldeen oihartzunak suma daitezke, besteak beste, ahots gozo baten eta gitarra distortsio zakarren arteko kontrastean. Txomin Urriza taldeko gitarristak eman digu orain artekoaren eta hemendik aurrerako asmoen berri.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Pisukideak ziren lautik hiru, eta sarri-sarri agertzen zen laugarrena etxe hartara. Mundu desberdin batetik zetorren bakoitza –euskal kantu tradizionaletik Camille Dizabo, formakuntza klasikoa jasotakoa da Anne-Lise Arnaud-Cazamayo, eta The Rodeo Idiot Engine hardcore taldean elkarrekin aritzen ziren Txomin Urriza eta Alan Billi–, baina 30 urteak gerturatu ahala guztien musika zaletasunek egin zuten bat, bai, behintzat, elkarrekin talde bat sortzeko grina pizteraino. “Erakargarria egiten zitzaigun elkarrekin zerbait egitea, bakoitzak jotzen dakien instrumentua joz, besterik gehitu gabe”. Eta hala hasi ziren elkartzen, etxe hartako egongelan, erdi entsegu erdi afari haietan, bolumen oso baxuan joz –bizilagunak haserretuko ote ziren ere–. Oinarrizko erreferentzia batzuk adostu zituzten: Sigur Rós eta Radiohead, nahiz eta gero atera zaizkien doinuek beste jite bat hartu dieten. “Bi talde horiek lasaiak dira, poperoak, eta guk egiten genuenari gehitu nahi genion alde ilunago eta bisualago bat”, dio Urrizak. Ia urtebete pasa zuten entseatzen, eta hiruzpalau abesti osatutakoan, entsegu lokalerakoa egin zuten, proiektuari beste seriotasun batez heltzeko.

Erritmo lasaian jarraitu zuten puska batez, ordea. Egiten duten musika motak zerikusi zuzena du horretan, uste dutenez. “Beste estilo batzuetan kantak azkar batean egin daitezke, bi riff atera, horiek zentzu batean errepikatu, gero bestean, eta kito. Musika honek eskatzen du beste denbora bat”. Gainera, hasiera hartan ez zeukaten helburu zehatzik. EPa argitaratzea otu zitzaienean hasi ziren zurrunbiloan sartzen, helburuak zehazten, eta diziplinaz entseatzen. Lehenik musika sortzen dute, ahotsa gehitzen diote gero, eta hitzak idazten dituzte azkenik. Saiatu dira alderantziz egiten, baina ez die funtzionatu orain arte. Gitarra edo piano melodia bat izaten da gehienetan kantaren lehen pizgarria, eta handik tiraka ekiten diote dena egituratzeari.

"Musikari tarte gehiago utzi nahi badiozu, lan erritmoa mantsotu behar duzu. Horrek eskatzen du zure bizimoduari buruz gogoetatzea"

Une horretan sortzen dira gatazkak, hitzaren zentzurik onenean: “Batek tira hemendik eta besteak tira handik, bake prozesua baino zailagoa izaten da hori”, dio Urrizak barrez. Askotan jo dute arazo bertsuarekin: kantaren lehen ideia horrek markatzen duen bideari segi ala, kontrara, ihes egiten saiatu. “Ohartu ginen hasierako abesti gehienek formatu bera zeukatela: hasten ziren lasai, eta pixkanaka egiten zuten gorantz, in crescendo-an, goi-goian amaituz”. Beraz, joera hori puskatzen saiatu ziren, buklean katramilatuta geratzeko arriskua zutelakoan. “Kanta bat balitz, tira, baina disko batek beste oreka bat eskatzen du, eta hasten zara iragazkia pasatzen, kantu honek merezi du hasierako bidetik jarraitzea, eta beste honek merezi du momentu batean haustea”. Gatazkaz gatazka, osatu zituzten lau abesti, eta argitaratu zuten EP labur bat. Ez zen grabaketa arrunta izan. “Aurrena bi abesti grabatu genituen, handik sei hilabetera beste bat, eta handik hilabetera azken bat. Eta lau grabatuta genituelarik, pentsatu genuen EPa ateratzea”.

Barrura begirako abestiak dira Orbelenak, erritmo pausatukoak. Urrizak atsegin du jendea erritmoa mantsotzera behartze hori. “Egun dugun behar handienetako bat da hori. Eguneroko bizimodua mantsotzea eta arreta gehiago jartzea bestelako gauza askori”. Saiatzen dira musikari bezala ere beren bizitzetako erritmoak mantsotzen. “Musikari tarte gehiago utzi nahi badiozu, lan erritmoa mantsotu behar duzu. Horrek eskatzen du zure bizimoduari buruz gogoetatzea”. Aurrez aritu izan den taldeetan –Estricallan, esaterako– kontrako bulkada nagusitzen zitzaion Urrizari. “Rocka, metala, hardcorea… ziztu-biziko musikak dira, libratzeko balio dute, katarsirako. Honek zure baitara biltzen zaitu gehiago, eta banuen gogoa halako zerbait egiteko”. Konposatzetik zuzenekoetarako jauzia nabaritu dute, halaber. “Hasieran kokatzea kostatu zitzaigun. Orain arte eszena gainean beti izerdia botatzera ohituta, kosta zaigu erregistro honetara ohitzea. Baina ari gara pixkanaka barnekoak askatzen, eta beste modu batera gozatzen”.

Testuinguruaren garrantzia

Musikari bizitzaren alderdirik ederrena biran ibiltzea dela uste du Urrizak. Antzera pentsatzen dute taldekideek ere, aukera txikiena aprobetxatzen baitute egun batzuk libratu eta kanpora joateko. Urrian izan ziren biran azkenengoz. “Punk-hardcore giroan ezagututako sarearen babesean hasi ginen. Lurrazpiko eta periferiako musika horiek badute komunitate bat, eta gu ere hortik gatozenez, kontaktu horiek askorako balio izan digute”. Udaberrian esperimentu berri bat egin nahi dute. Lan kontuengatik eta bestelako konpromisoengatik lotu samarrak egongo direla eta, Baionatik diametro luze bat egin eta asteburuetan kontzertuak eman nahi dituzte Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian, edozein unetan furgoneta hartu eta etxera bueltatzeko moduan, beti ere. “Ez diogu beldurrik kontzertu bat jotzeko zazpi orduko bidaia egiteari”. Ez da erraza izaten denen beharrak aseko dituen egutegia zehaztea. Batzuk gogotsuago izaten dira, besteek lotura gehiago dituzte, baina moldatzen dira nola edo hala. “Gauza asko dira onak, baina biran aritze hau sartzen dugu gure bizitzako gauza onenen top hiruan. Horren inguruan antolatzen dugu bizitza”.

Biran aritzeak gauza asko ikasteko balio izan die. Urrizak gogoan du une gogor samar bat. “Belgikan jo behar genuen, pub ingeles itxurako taberna-zulo batean. Sartzetik iskinera jarri gintuzten, bazter batean. Hasi genuen kontzertua, eta jendeak hizketan segitzen zuen, oihuka, atea etengabe irekitzen eta ixten zen. Ez zegoen han jotzerik”. Alta, esperientzia ezin aberasgarriagoa izan zela dio. “Konturatzen zara horrelako musikak eskatzen dituela gutxiengo baldintza batzuk, bestelako estilo batzuetan ezinbestekoak ez direnak. Punk edo hardcore talde baten katarsi giroak ahalbidetzen du edozein girori gain hartzea. Desafio moduko bat ere izan daiteke toki zaratatsuetan jotzea, badakizulako hori gainditzeko tresnak dituzula. Aldiz, guk ez daukagu bateriarik, intentsitate baxuko musika egiten dugu. Egun hartatik aurrera, askoz gehiago erreparatzen diogu testuinguruari, eta gutxieneko baldintza teknikoak eskatzen ditugu –teklatuen baxuak ondo entzutea, esaterako–. Nahiago dugu kontzertu gutxiago eman, gutxi horiek baldintza egokietan gertatzen badira”. Bururatzen zaizkio hainbat kasu: “Orain bi urteko Usopopen jotako kontzertua oso polita izan zen. Oñatin ere jo genuen eliza batean, jendea eserita eta oso adi zegoela. Eta berriki Frantzia ekialdean jotako bat ere ederra izan zen, Atabal bezalako areto batean, jende guztia isil-isilik zela”.

"Iruditzen zait publikoa zahartzen ari dela, jende gutxiago joaten dela kontzertu txikietara"

Markatzaile kultural baten premia

Orain gutxi grabatu dute Hegan lehen lan luzea Baionan, Johannes Buff ekoizlearekin. Nahita jo zuten berarengana, bazekitelako kalitatez grabatzeaz gain prozesuan eskua sartu zale dela, eta kanpo begirada horrek mesede egingo ziela iruditzen zitzaien. “Askatasun osoz ematen zuen iritzia: zati honek ez du balio, estribilloak ez du maila ematen… baina batez ere, sekulako tipoa da, lanerako ezin aproposagoa”. Gogoan du Buffek hala gomendatuta abesti bat diskotik kanpo utzi zutela. “Irekiegi zegoen kanta. Hala eta guztiz ere, diskoan sartzeko modukoa iruditzen zitzaigun. Berari azaldu genion zer gertatzen zitzaigun, eta azkenean diskotik kanpo geratu da, norabiderik topatu ez geniolako. Ez du merezi gauzak gehiegi bortxatzea, abestirik onenak lehen kolpean ateratzen direnak izaten dira”.

EParekin alderatuta, desberdin egin dute lan disko berrirako. Astean behin entseatuta askorik aurreratzen ez zutenez, hiruzpalau asteburu gorde zituzten etxe batean gotortzeko eta abestiak sortzeko asmoz. Era horretara izugarri aurreratu zutela dio Urrizak: “Disko berriko ia kanta guztiak hala sortu ziren. Kantak egiteko modua ez genuen hainbeste aldatu, baina bai erritmoa. Bi asteburuz sortzen aritu ginen, presiorik gabe; hirugarren astebururako dena entzunda geneukan, eta egiturak gure artean negoziatuta; laugarrenean azken ukituak eman, eta kito”.

Hegan lan berrian, ingelesetik euskarara igaro dira. Lauen artean hartutako erabakia izan da, nahiz eta azken hitza abeslariarena izan. “Camille euskal kantu tradizionaletik datorrenez, musika honekin beste ariketa bat egin nahi zuen hasieran. Behin ariketa hori eginda, eta denon artean hitz eginda, berriz ere euskarara itzuli gara –eta ni pozik nago–”. Iruditzen zaio Euskal Herriko eszena hizkuntza hautuetan beste erritmo batean doala. “Frantzian urte luzez ingelesez egin izan da pop musika ona, eta azken urteetan frantsesez egiten hasi dira. Hemen alderantzizkoa pasatzen da”. Eszenaz galdetuta aipatu du erantzun desberdina ematen duela umorearen arabera, baina iruditzen zaio egun ez dagoela talderik jendearengan hainbesteko eraginik duenik. “Hori ona edo txarra den ez dakit, ziur asko bestelako bide asko dago. Badakidana da –Ipar Euskal Herritik hitz egiten dizut– jende asko euskarara eta euskaltasunera hurbildu izan dela musikaren bitartez, eta gaur egun ez dagoela halako markatzaile kulturalik. Hori pena da”. Musika talderen baten inguruan mugimendu berezirik ez sortzeak ez du bereziki kezkatzen, eta estilo eta apustu aniztasun izugarria dagoela iruditzen zaio. “Horrek baino gehiago arduratzen nau jendea kontzertuetara ez joateak. Iruditzen zait publikoa zahartzen ari dela, jende gutxiago joaten dela kontzertu txikietara. Leku falta ere sumatzen dut: umea nintzela gaztetxeetan kontzertu pila antolatzen ziren, astebururo joaten ginen Kanbora, Itsasura, Garazira, Hendaiara… Egun ez dago halako eskaintzarik”. Alta, beraiek ibili diren giroan komunitate sendoa sumatzen du, laguntzeko prest dagoen jende mordoa. “Hori ezinbestekoa da”.

Orbelek atseden hartu zuen aste batzuez elkarrizketa hau egin ostean. “Hara eta hona ibili ondoren, batzuek arnasa hartu nahi dute”. Urtarrilaren 17an itzuli ziren Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan. Udaberrian ekingo diote berriro, ohi dutenez, pausaz, presarik gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Post-rock
Mikel Kazalis (Anestesia)
“Nire burua duela 20 urte bezain indartsu ikusten dut”

'Azken heriotza' biraren eskutik, Anestesia taldeak kontzertua emanen du larunbatean Atarrabiako Totem aretoan.


2022-01-20 | Kepa Matxain
Mimoz egositako pilula progresiboak

Estreinako diskoa kaleratu du Donostiako Géra taldeak, hiru urtean zehar ondutako bederatzi kanta biltzen dituena. Post-rock zatikatua, erritmo hauskorrekoa, egitura klasikoetatik ihes egin nahi duena, baina abestiak hala eskatzen duenean haietara itzultzen dena. Lau... [+]


Godspeed You! Black Emperor Bilboko Kafe Antzokian
Mundu zaharraren konbustio antolatua

Gogo handiz, baina zertarako uka, eszeptizismo puntu batekin joan nintzen asteazken honetan Bilboko Kafe Antzokira Godspeed You! Black Emperor taldearen kontzertua ikustera. Nire aurreiritziak: kontzertuaren lekuko izango zen aretoan gehiago ibiltzen nintzenean, alegia,... [+]


Eguneraketa berriak daude