“Jendartearen lotsak azpian ezkutatzeko alfonbra da espetxea”

  • Urtarrilaren 5ean irten zen Zaragozako Zuerako espetxetik. 2012an espetxeratu zuen Ertzaintzak Auzitegi Gorenaren agindua betez, herritarren maitasun eta amorru keinuen artean. Zortzi urteren ondoren Gasteizen da berriz Ekaitz Samaniego. Irribarretsu eta alai dago, etxean egoteaz gain etxean sentitu delako espetxetik irten denetik. Urteotako eta egungo pozak, minak eta kezkak konpartitu ditu ARGIAk eta HALA BEDIk elkarlanean egindako elkarrizketan (Elkarrizketaren audioa, hemen).

Argazkia:DosporDos
Argazkia:DosporDos

Hilabetea joan da irten zinenetik. Zer moduz doa lurreratzea?
Oso ondo. Kalea zapaldu dudanetik gauza ederrak bizi ditut, eta oraindik horretan. Pertsonak eta lekuak berreskuratzen. Etxean.

2012an espetxeratu zintuzten, arrastoa utzi zuen salaketa kanpaina entzutetsu eta jendetsu baten ostean.
Egin genituen guztiaren oroitzapen ederra daukat: elizaren okupazioa eta bertatik abiatutako mobilizazioak, askotariko ekimenak eta harreman dinamika zabala. Jendearen konpromisoa eta indarra. Maila afektiboan elkarri maitasuna eman genion etengabe, eta horrek asko arindu zuen sufrimendua. Txera izugarriz oroitzen ditut elizan izkina batetik begira jarri eta maite ditudan pertsonak lanean ikusten nituenekoak. Egun zailak izan ziren ere bai, zama handikoak, baina espetxera oso indartuta sartu nintzen, maitasunez lepo eta oso harro gure jendeaz. Bai, lorratza utzi zuen. Garai hartan oso gaztetxo zirenak etorri zaizkit gerora, esanez arrasto polita utzi ziela. Nire pertsonatik harago, lortu zen gure herrian bizi genuen errepresioa ikustaraztea.

Gogorragoak izango ziren ezkutuan emandako bi asteak.
Lagun eder batzuen etxean eman nituen egun horiek, lasaitasun eta babes handia eman zizkidaten. Oso egun surrealistak izan ziren, baina elizaren okupazio garaian izan ez nuen pausa hori orduan izan nuen. Lagungarria izan zen lasaitasunez hausnartzeko eta espetxeratzea prestatzeko.

El Corte Inglesen atxilotu zintuzten, milaka lagunek manifestazioa egin ostean bertan kateatu eta gero.
Atxiloketa unea fresko dut buruan. Gogoangarria izan zen, aurreko guztiaren leherketa. Une hain itsusia edertzea lortu genuen. Jendearengan sumatu nituen izugarrizko gogoa eta indarra. Oso sentimendu kontrajarriak batzea lortu genuen: inpotentzia eta ahalduntzea, tristezia zegoen baina zoriontasun handia lapurtu genien egun horiei. Horrek beti du indarra gerorako txingarrak uzteko.

Gorka Urtaran, ordurako EAJko Gasteizko alkategaia, elizan izan zen eta zure egoera salatzeko kontzentraziora batu zen. Orduan alkate zen PPko Javier Marotorekin bilera bat egin zen, ez zena publiko egin hark eskatuta. Zure kasua injustua zela onartu zuen, goiz zela baina baina pixkanaka gauzak aldatuko zirela. Gaur hori gertatzea zailagoa dirudi.
Gurasoak egon ziren Marotorekin. Soriako Sotosalbosera ez da helduko berria, beraz kontatu dezakegu [barreak]. Guk aukera guztiak bilatu genituen gertatzen ari zena azaltzeko. Borroka armatua bukatua zela hilabeteak ziren jada. Izan daiteke, Urtaranek eta Marotok, bere zurikerian ere, garai berrien aireak arnastea une hartan. Eskerrak ez dizkiet emango. Injustizia horiek injustizia bezala biziko balituzte, euren alderdiak utziko lituzkete.

Ekaitz etxean! dinamikaren aurretik izan zen antzeko ezaugarriak zituen borroka desobedienterik Ipar Euskal Herrian. Ondoren etorri zen herri harresien dinamika... Nola bizi izan dituzu espetxetik?
Dinamika haiek oso ageriko puntu txar bat zuten komunean: pertsonek espetxean amaitzen zuten. Esan bezala kontraste handiko egoerak dira, baina harrotzeko modukoak. Gure osasun militante eta afektiboa indartu zuten.

Eta espetxera sartu zinen 22 urte eskasekin.
Pilak oso kargatuta sartu nintzen aurreko dinamikaren ondorioz, espetxeari neurria hartu gabe. Hilabete batzuen buruan hasi nintzen kartzela benetan sentitzen. Lau hilabete pasata Arabako Zaballatik Salamancako Topasera eraman ninduten. Topasen orokorrean asko zaindu ginen preso politikoon artean. Ez noa idealizatzera, kalean bezala harreman batzuk urrunera heltzen dira eta beste batzuk ez, baina badago kideon arteko elkar zaintza. Gehienetan kide oso beteranoekin egon naiz eta asko ikasi ahal izan dut haiekin patioa konpartituz, bai kartzelaz, bai kaleaz. Ederra izan da lagun horiekin topo egitea.

Argazkia: DosporDos.

Euskal preso politikoen arteko presorik gazteenetarikoa zinen, gazteena ez bada. Kezkatzen zaitu gazteen eta presoen artean transmisio etena sortzeak?
Ziklo berriak eta gatazka nazionalaren tentsio maila apaltzeak akaso eragin du transmisioa ahultzea. Kezkagarria? Ez dakit zer puntutaraino, borrokan ari diren egungo belaunaldi berriek transmisiorik gabe ere asmatuko dute haien bidea egiten. Edonola ere, pozgarria litzateke transmisio hori egitea, ikusmira aberastuko liokeelako edonori.

Presoen kolektiboaren bi eztabaida oso garrantzitsu bizi izan dituzu 2013an eta 2017an.
Borroka armatua aldebakartasunaren logikaren pean amaitu zen, baina itxiera horrek arrisku handia zuen presoen gaia zintzilik uzteko. Eztabaida haiek gaia askatzeari begira egin ziren. Noski, oso eztabaida eztabaidatuak izan ziren [irribarre egiten du]. Poztekoa ikusten dut erabaki esanguratsuak daudenean jendeak buruari eragitea eta erabakitzea zer posiziotan jartzen den.  Baina Kolektiboak erabaki batzuk hartu zituen. 2017an espetxearen bide legalak baliatzea erabaki zen. Batzuk bide horiek erabili dituzte, zailtasun askorekin, eta beste batzuk ez. Nik guztientzat babesa eskatzen dut.

Aldaketa gertatu zenean kide batzuek hamabost edo hogei urte zeramatzaten eusten, eta agian beste horrenbeste urte geratzen zaie espetxean. Ez dezagun zama indibidualizatu eta militanteen bizkar utzi. Analisi orokorragoak eta sakonagoak askoz positiboagoak dira, hainbeste urtetako borrokaren ostean atzo hartutako erabaki baten edo bestearen arabera militanteei domina kentzea edo jartzen tematzea baino. Berriz diot, denei errespetua eta babesa.

"Foro Soziala labaindu egin da bere zenbait adierazpenetan. Gobernuaren borondatea eta presoena ezin dira maila berean jarri”

Nola ikusten duzu presoen gaia orain? Batetik iritzi baikorrak daude, Foro Sozialak adierazi...
[Minduta hartzen du hitza galdera amaitu aurretik] Foro Soziala labaindu egin da bere zenbait adierazpenetan. Esaterako azkenengoetan: gobernuaren borondatea eta presoena ezin dira maila berean jarri. Presoek oso urrats zailak egin ditugu korapiloa askatzen saiatzeko, eta beste aldetik ez da deus etorri. Orain pausoak emango balitu ere, zer egingo du gobernuak, gerturatu? Preso jarraituko dute. Gogorra egin zitzaidan Foroari borondateak berdintzen entzutea. Gobernua legeak betetzen hasten bada oinaze handia aurreztuko da eta izugarri poztuko naiz, baina nire aldetik txalo gutxi, sakoneko arazoak iraungo baitu. Besarkadak eta txaloak kideentzat eta senideentzat gordeko ditut, irteten diren egunerako.

Egoera zail ikusten dut. Espetxe bideak hartu dituzten kideei dagokienez, ez da estatuaren aldetik finkatutako bide-orri zehatzik atzematen, espetxe bakoitzak onartu edo ukatzen ditu gradu aldaketak, irteerak, gerturatzeak... Hurrengo urteetan hainbat kide irtengo da, eta geratuko da beste multzo bat oso zigor luzeekin, adinean gora doana eta dispertsioa jarraitzekotan are bakartuago egongo dena.

Nondik jo behar dela uste duzu?
Egin, asko egiten da. Urteotan askotariko jarrerak izan dira, baina mugimenduak gihartxoa dauka. Salatzen, mobilizatzen, elkar zaintzen jarraitu behar dugu. Espetxean, kideak ari dira modu batera edo bestera bideak irekitzen. Ni ezkorra naiz Espainiako Estatuari dagokionez. Presoak askatzeko bide-orri bat garatzeak zeharo harrituko ninduke. Jarrai dezagun lanean eta baldintzak nola sortu hausnartzen.

Urteotan, borondate onenaz, bake bideak zabaltzen saiatu dira asko. Baina, sekulako lorpena izango den arren, presoak kaleratzea al da bakea? Hitz egin dezagun sistemaren egiturazko zapalketa guztiez. Bakea, existitzekotan, helmuga utopiko baten moduan ulertu dezaket bakarrik. Bestela arazo asko ariko gara bazterrean uzten eta normalizatzen. Ulergarria da gatazka armatu baten ostean bakea hitza hainbestetan erabiltzea, baina zabal dezagun kontzeptua.

Kartzela-instituzioaren inguruko kezka garatu duzu urteotan. Esan izan duzu ezinezkoa dela hitzez adieraztea espetxea zer den, zenbat ertz eta kalte biltzen duen.
Jendarte honek egiturazkoak diren hamaika biolentzia du. Kartzela horietako bat da, hain zaharra, hain gertu duguna, eta hala ere oso ezezaguna izaten jarraitzen du. Ez da kasualitatea. Lotsak azpian ezkutatzeko alfonbra da. Espetxeko patioan oso eremu behartsuetan jaiotako lagunak eta militante politikoak aurkituko dituzu. Argazkiak jendartea auzitan jartzeko balio du. Zer gatazken ondorioz daude hor militanteak? Gehiengoak pobreziaren kalte guztiak azalean daramatza. Sistemak limitera eramaten ditu bizitza horiek, eta une jakin batean erabakitzen du: “Orain espetxera, gure hirietako postala zikindu ez dezazuen”. Halaber, tratu txar emaile ugari dago orain, kartzelarekin konponduko ez den beste egiturazko arazo ‘espetxeratu’ bat. Kartzelaren aurkako kontzientzia garatu behar dugu. Eraitsi ditzagun eta hasi gaitezen alternatibak pentsatzen eta martxan jartzen.

Espetxearen kalte batzuk ikusgarriagoak zaizkigu –isolamendua, jipoiak...–, beste batzuetan aldiz apenas jartzen dugu arreta. Zentzumenen anputazioan edo irentzean, esaterako. Ia preso guztiek bezala, zuk ere urruneko ikusmena galdu duzu espetxealdian, espetxean ez dagoelako urrunera begiratzerik.
Bai. Beno, metaforikoki ez, luzera begiratzen saiatzen gara [barreak] baina fisikoki bai. Ukimena: zure konfiantzazko eta gertuko jende gehiena ukitzea debekatuta duzu. Koadrilako lagun batek esan dit irtetean: “Ez dakizu zer gogo neukan zu ukitzeko”. Jakina, eta nik. Zortzi urte lagun maite horri besarkada bat eman gabe edo usaindu gabe. Sexualitatea: bis intimoak konpartitzeko lagunen bat badoa edo senideak edo lagunen bat familiako bisetara badoaz izango duzu aukera laztanak eta musuak emateko. Bi hiru orduz hilean behin. Kideekin ere goxotasunez elkarbizi daiteke, baina mugaz betetako esparrua da sexualitatearena. Entzumena: zarata nola doan metatzen eta urteetako zarata nola pilatzen zaizun. Patioaren murritza, elikaduraren eskasa, gaixotasun edo menpekotasun batetik sendatzeko ezintasuna eta ondorioz edozein arazo txikik sortu ditzakeen mamuak eta antsietateak. Eta noski, norbait espetxeratzean pertsona horren inguruan eragiten den mina izugarria da.

Goazen pertsonei erantzun duinak ematera, baita gauzarik nazkagarrienak egin dituztenei ere. Errazena “zulora! zulora!” esatea da. Bada, ez. Horrek ez du balio. Guretzat aldarrikatzen duguna eman diezaiogun: pentsa dezagun zeintzuk diren kausak, zeintzuk konponbideak. Kartzelak ezin du hori egin. Baina kartzela negozioa da, eta mehatxatzeko bitartekoa, horregatik sustatzen dute.

Nola gurutzatzen dira maskulinitatea eta kartzela?
Kartzelak bultza zaitzake maskulinitate eredu txarraren portaerak hartzera. Ni zorteko naiz barrua norekin hustu izan baitut, baina emozioak konpartitzea oso zaila da han. Presoa bere baitan ixtera eta jarrera itxuraz heroikoak hartzera bultzatzen du aurrera egiteko, baina horrek pertsona puskatzen du. Patioan giroa oso homofoboa da, oldarkorra askotan, matxitoa. Eta hori ezin da tratatu kartzelan. Dena den, kartzela gure munduan dago, kanpoan dagoena areagotzen du, ez besterik.

Beti izan duzu herrigintzarekiko ardura. Ba al da ilusio berezirik piztu dizun borroka edo mugimendurik?
Zalantzarik gabe, feminismoak, orain eta aurreko urteetan. Garai zailak bizi ditugu eta zaila da totem nagusiak eraistea. Hausnarketak eta planteamendu sakonak espero ez ziren esparruetaraino ere  zabaldu ditu, eta bere betaurrekoak herri mugimenduetara luzatu, feminismoa izan da hori. Gazterian pizten ari den kontzientzia maila izugarria da. Hamarnaka urte, txikitasunetik eta ostikoak ematen atean zulotxoa zabaldu dute. Bestela, poztu nauena da ikustea bazebilen jende asko badabilela, eta jende berria heldu dela. Nor berean. Gaztetxeko Gazte Asanbladara igo eta inor ez ezagutzeak, norbere adinaren inguruko gogoeta bat sortzearekin batera [barreak], ilusio izugarria pizten dit.

Hormak ere antzaldatu dira, ezta?
[Barreak] Bai, aniztu dira pintaketak, eta hori pozgarria da. Batzuk langile klasea lehen lerrora ekarriz, pintaketa antiespezistak, independentziaren eta gazte mugimenduaren aldekoak, feministenak...Garrantzitsuena horma zurien aurkako gurutzadan jarraitzea da, horma zuriak beti direlako deserosoak. [barreak].

Zer asmo duzu aurrera begira?
Asmo zehatzik ez, momentuz. Gozatzea, gure ingurunea berriz ere ezagutzea. Kaleak ibili, jendearekin elkartu, eguneratu eta berrezagutu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
TikTok, X eta Instagrameko algoritmoek eskuin muturreko edukiak nabarmen hedatzen dituztela frogatu dute

Ikerketa bat egin dute Alemanian, hauteskundeen atarian: kontuak sortu dituzte TikToken, X-n eta Instagramen, eta aztertu egin dute algoritmoak zer nolako edukiak erakusten dituen. Guztietan, algoritmoak eskuinera eta eskuin muturrera jotzen du gehien, TikToken nabarmen.


2025-02-25 | Gedar
Steve Bannonek nazien agurra egin du AEBetako eskuin muturraren ekitaldi nagusian

 Ekitaldian, Mileik motozerra bat oparitu dio Muski, murrizketa sozialen sinbolo eta aldarri gisa.


Ágredok epailearen aurrean deklaratu du astelehenean, eta Zupiriak asteazkenean egingo du agerraldia legebiltzarrean

Karen Daniela Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik. Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak berak eskatu du Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea.


Hauteskundeak Alemanian
Eskuina nagusi Alemanian, eta eskuin muturrak botoak bikoiztu ditu

Sozialdemokratek inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu dituzten arren, litekeena da demokristau kontserbadoreekin elkartzea eta gobernua osatzea. Botoen %28,5 jaso ditu CDUk, eskuin muturreko AfDk %20,7 eta SPDk %16,4.


2025-02-24 | Sustatu
Euskorpus proiektuak hautsak harrotu ditu

Euskorpora elkartearen eta Euskorpus proiektuaren abiatzeak hautsak harrotu ditu. Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko oposizio buruak Euskorpusena akatsa dela uste du, "ezjakintasuna edo estrategia klientelarra". EH Bilduk galdera sorta egin du... [+]


Mezu argia helarazi diete: Errenteria-Oreretan ez duela faxismoak lekurik

LGTBIQ+ banderaren itzalpean eta mezu eta doinu antifaxistez inguratuta jarri du karpa Voxek.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Ertzaintzak Gasteizko Salburuan egindako “sarekada arrazista” salatu dute hainbat eragilek

Salburuako futbol kantxetan polizia-operazio planifikatu bat egin zuen igandean Ertzaintzak, eta Gasteizko GKSk nahiz Gasteiz Antirrazista eragileek salatu dutenez, bertan zeuden pertsona ugari identifikatu, miatu eta kolpatu zituzten. 


Ertzaintzak kolpatu zuen Donostiako emakumeari garunean bi ebakuntza egin beharko dizkiote

Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak adierazi du oraingoz ez dutela neurririk hartuko kasuaren inguruan, "gauzak ondo edo gaizki egin izanaren inguruko segurtasun edo ziurtasunik" ez duten bitartean. Ertzaintzaren agenteek eraso egin zioten emakumea "indarrik... [+]


2025-02-20 | Manex Gurrutxaga
EH Bilduren barne kongresuaz: behin betiko integraziorako bidea

Hilabetearen hasieran egin zuen EH Bilduk III. Kongresua, Iruñean. “Ez ohiko ondorioak” ateratzeko balio duen “ohiko kongresua” omen da, edo horrela jaso dute behintzat Zutunik ponentzian, zuzendaritzak proposatu eta militantziak aho batez onartu... [+]


2025-02-20 | Sustatu
Euskorpora elkartea eta Euskorpus aurkeztu dituzte

Euskorpora elkartearen aurkezpen ekitaldi jendetsua izan da asteazkenean Donostian, eta Euskorpus izeneko egitasmoaren berri eman dute bertan. Euskorpus euskarazko hizkuntza baliabide digitalen banku bat izango da, eta 5 milioi pasa inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak bertan.


Eguneraketa berriak daude