Etxeak eta hilobiak izango da Bernardo Atxagak argitaratuko duen azken nobela. Horrela iragarri zuen aurkezpenean eta, behin bere ibilbideko fase berri batean sartuta, azken liburuaz gain aurretik egindakoaz eta aurrerantzean egiteko daukanaz ere aritu gara elkarrizketa honetan.
Irribarre ironikoa ahoan duela, momentu batean esan du berari geratu zaiola “halako koadjutore aurpegi bat”, baina ez konfunditzeko, musikazale handia izandakoa dela. Rocka, popa: soinu horiek iritsi ziren eta gazte batzuk olatu gainera igo. Ez konfunditu, denak ere ez. Bernardo Atxagak dio detektatuko lukeela, segituan, zein ibili zen bera bezalatsu txima luzeen eta gitarra elektrikoen aurreneko astinaldi haietan. Eta zein ez. “Zeren orain jende askok bere historia atzeraka begiratzen du eta... Esate baterako, esaten duena: ‘Niri gehien gustatzen zitzaizkidanak Rolling ziren’. Gezurra. Rolling geroago etorri zen, zu zara faltsario bat”. Ordubete baino gehiago darama gure galderei erantzuten eta mahaiaren gainean flotatzen ari dira objektuak, erreferentziak, denetariko kontuak: orain Shakespeareren sonetoak, gero Saul Steinberg artistak Aldo Buzzi idazlearekin trukatu zituen gutunak, baita LSDa edo telebistako reality-ak ere... Tonika bat eskatzera doala esanez altxa baino pixka bat lehenago, bere belaunaldia markatu zuen musikaz ari zen. Beste bide askotatik ere ibiliko gara Etxeak eta hilobiak nobelari buruz izango dugun ia bi orduko hizketa-saioan. Ez dabil jende askorik ostiral arratsalde honetan Gasteizko Lakua hoteleko kafetegian, non Atxagak errezibitu gaituen ARGIAren azken zenbakia eskuan duela. Patxadaz jardun dugu elkarrizketaren lehen erdian eta orain, edalontzi batekin itzuli denean, neke handirik gabe ekin dio berriz ere liburuaren estiloaz egin diogun galdera erantzuteari: “Nire ahalegin handiena, edo nagusia behintzat, da kontzeptuari jarraitzea, mugimenduaren kontzeptuari”.
Ez da solasaldian gai hau aipatzen duen lehen aldia. Liburuaren gakoetako bat da. Izan ere, Bernardo Atxagaren azken obran badago sakoneko korronte bat, etengabeko aldaketa bat, guztia ezari-ezarian transformatzen duena, atzera bueltarik gabe; baina hain modu gradualean, ezen irakurlea amaierara iristean konturatzen baita nolakoa zen Ugarteko herritarren bizimodua, demagun, 15. orrialdean; eta nolakoa den 400.enean; eta nola bi mundu horietako portaerek, kezkek, gorputzek, ohiturek, imajinarioek eduki dezaketen distantzia bat milaka urtekoa. Badira aspaldi existitu ahal izango ziren pertsonaiak, guztiz garaikideak direnekin orpoz orpo. Eliseo adibidez. Pertsonaia horren xehetasunetan sartu gara: “Artzaina dela jartzen dut. Ofizio batzuk bazeuden Hesiodoren garaian ere, esate baterako artzainak. Eta ez da gauza bera beste ofizio bat, mekanikari bat adibidez”, azaldu du. Pertsonaia hori taxutzeko beste osagai ezinbestekoa, haren jokatzeko modua. “Aro klasikoan pertsona baten ezaugarririk baliotsuena zen koldarra ez izatea. Eliseo da, alde horretatik, heroi bat. Badakizu txoke bat baldin badauka, bere bizitza arriskuan jarriko duela inolako zalantzarik gabe. Horrelako pertsona batzuk ezagutu ditut eta beti miretsi izan ditut, zeren nik batzuetan ez daukat ikararik, baina beste batzuetan bai. Eta nik ezagutu dut jendea ikararik gabea. Klasikoak iruditu izan zaizkit beti”.
Hesiodotik Homerora pasa da liburua irekitzen duen kapituluan agertzen den basurdeaz galdetu diogunean eta, bide batez, konparatu dugunean Obabakoak-en agertzen zen basurde zuriarekin. “Alfabetoan 27 letra dauden bezala zuk badauzkazu 200 objektu, animalia, espresio... halako saski bat bezala. Eta zu saski horretatik hartuz zoaz. Elementu horietako bat da basurdea. Eta basurdea aukeratzeko dauzkat gutxienez bi arrazoi: bata da, gu umetan bizi ginen herri haietan, Asteasu eta Albiztur, basurdea zela beste toki batzuetan otsoa izan zena. Beldurra, arriskua. Baina idazlea zaren aldetik, badakizu horrekin bakarrik ezin duzula ezer egin. Orduan, gogoratzen zara Ulises Itakara nola itzuli zen, sekretuan, Penelopek ez zezan ezagutu. Honen neskamea, eta Ulisesen amandrea izandakoa, oinak garbitzen hasten zaionean orbaina ikusten dio. Eta gogoratzen du Ulisesek basurde baten hozka izan zuela. Orduan konturatzen da Ulises dela”. Beraz, hitz hori erabili duenean, “basurde”, duela 3.000 urtetik daukan karga sinbolikoaz jabetuta egin duela dio Atxagak. “Badakit jende batek esango duela: ‘Beti basurdea’. Baina letrekin bezala gertatzen da saskiko elementu bakoitzarekin: esanahi bat hartuko du edo beste bat, inguruan daukanaren arabera. Obabakoak-en badago basurde bat, bai, baina inguratua dago mitologiaz: zuria da, ume bihurtu daiteke... Hori da mundu bat. Kasu honetan ez da hori. Da basurde-basurde bat, kanalera erortzen dena. Erabiltzen duzu elementu bera, baina ez da gauza bera, testuaren esanahia desberdina da”.
Nobelagintzari agur
Esan dugu ordea, etengabeko aldaketa da liburuaren ezaugarri nagusietako bat: Eliseo prometeikoak eta literatura klasikoan ere agertzen zen basurdeak mundu bera partekatzen dute hemen eta orain bizi den jendearekin, eta batzuk atzean geratu ahala protagonismoa hartzen dute besteek. Adibidez Martin, zeinaren urratsak jarrai ditzakegun umetatik; zeina, gazte garaian, militante maoista dela jakiten dugun; zeina, liburuaren akaberan, guraso kezkatua bihurtu den. Atxagaren belaunaldiaren argazki bat? Baietz dio, posible dela. Eta maoistak sartu dituela, “ez ni maoista naizelako, baizik eta injustua iruditzen zaidalako bat-batean zenbat jende ahaztu den hemen. Jende askok borroka handiak egin zituen, arrisku handiak hartu zituen, eta inor ez da gogoratzen. Bihurtu da ETA izan balitz bezala hemengo organizazio bakarra. Eta izan dira pila bat, jende oso desberdina”.
"Esaten da haritzaren azpian ez dela ezer sortzen. Nobelaren azpian ere ez da ezer sortzen, erre egiten du azpian dagoen guztia"
Bere jenerazioaz ari dela, liburutik harago dauden kontuez ere hasi da, ezinbestean: “Gure eboluzioa ez da batere originala, belaunaldi askok pasako dute. Esaten da: udaberria, udara, udazkena... eta gero esaten da deserrira bidaltzen zaituztela. Ni hortxe nago. Bizitzatik bota egiten zaituzte, hala da”. Hari horri tiraka, Etxeak eta hilobiak aurkeztean Atxagak egin zuen iragarpenaz galdetu diogu: ez du nobela gehiago idatziko, hau da azkena. “Esaten da haritzaren azpian ez dela ezer sortzen. Nobelaren azpian ere ez da ezer sortzen, erre egiten du azpian dagoen guztia. Eman dezagun, liburu hau: aurreneko urtea pasa dut desbideak hartzen, atzera-aurrera, denbora, orduak... Eta gero itzultzen. Iruditzen zait ez dagokidala jada. Sukaldea jaso behar dut. Seguru asko Durangon argitaratuko dut liburu bat, izena duena Zeruko kronikak. Eta hori dira irratian egin nituen testuak. Hori da sukaldea jasotzea: hau egin nuen eta, nire ustez, ez dago gaizki. Jada serio hartu beharra daukat bizitza. Ikusi nahi dut nire bizitza laser izpi batek argituta bezala. Horrek ez du esan nahi idatziko dudana dramatikoa izango denik, gauza batzuk izango dira komikoak, baina askotan esan diot emazteari: ‘Zer dago esan ez den horren atzean?’. Zeren gauza asko ez ditut esan... Ezagutu dudan jendea... Eta bat-batean esaten dut, ‘ez dut ezer idatzi hari buruz eta hil zen. Zergatik ez dut idatzi? Halako inportantea izan zen nire bizitzan’. Eta hori ezin da egin nobela egiten duzun bitartean”.
Azokan erabiltzen diren hitzekin
Idazle gisa fase berri batean sartuko den une hau momentu aproposa da galdetzeko ea nolako idazkera bilatzen duen. Gero eta gehiagotan ikusten dituen gehiegikerien aurrean beste zerbait bilatzen duela dio: “Arauetako bat niretzat da, fikzioan behintzat, Michel de Montaignek esaten zuen bezala, azokan erabiltzen diren hitzekin idaztea. Blaga literarioa horrela dago”, esan du eskuekin ugaritasun keinua eginez. “Literatura dago... badakizu nola gelditzen diren sukaldeetako labeak hiru urte erabili eta garbitu gabe? Gantza hori? Literatura dago gantzaz betea, gantza erretorikoa, gantza aristokratizantea eta nire ustez, asko dator idazle funtzionario batzuen bidetik, ez direnak niretzat autentikoak”.
Horren ifrentzua bilatzen du, soberakinik gabeko estilo bat, gardena, “kristalinoa” bere hitzekin esateko, Etxeak eta hilobiak ia osoan nagusitzen den hirugarren pertsona xehe batean konkretatzen dena. Horrek irakurleari leku asko ematen diola azaldu du. “Ez naiz agertzen, ahal dudan guztietan behintzat. Desagertu egiten naiz, zero graduan nago, ez dut egiten beste idazkera enfatiko horietan bezala. Hitz egiteko modu enfatiko horiek... Kutsatu egiten dira. Eskuina horretaz mozkortuta dago, ‘es indigno’ eta horrelakoak esaten beti. Garai batean izan ziren espresionistak ere: lepotik heldu irakurleari eta esan ‘hik badakik hau, la ostia duk’ eta abar... Baina nik pentsatzen dut irakurlea lasai dagoela, pertsona inteligentea dela eta eduki dezakeela lotura emozionala liburuarekin”.
Testutik egile gisa desagertzeko erabaki hori ez da Atxagaren obran konstantea izan ordea. Aitortu du lehenbiziko liburuetan, Etiopia-n batez ere, bestelakoa zela bere apustua. Eta badirudi idazleak aspaldi samarretik ez duela bere burua ikusten hasierako poema haietan. Ñabardura batzuk ordea: Ruper Ordorikak kantatzen dituen garai hartako testu batzuk salbatuko lituzkeela dio, Fas fatum adibidez, baita abesti bihurtu ez diren “beste bi edo hiru poema” ere. Harea lurrik anonimoena aldiz, ez. “Ez dut sinatu nahi, erretorika literarioa da”.
Duela zortzi urte Henry Bengoa Inventarium berriz taularatu zutenean izandako sentsazioak ere gogoratu ditu: “Gure espresioan, gure idazteko, hitz egiteko, jokatzeko moduan, iritziak emateko orduan, beti egon behar da ethos bat, oreka bat, proportzio bat. Eta zu, Donostiako Antiguon poteatzen ari zaren bitartean, ezin zara jarri Brasilgo azken herrixkan bizi den jendearen tokian eta hitz egin haiek bezala. Zuk ez daukazu eskubiderik. Zu zara gezurtero bat, faltsu bat. Eta nik Henry Bengoa Inventarium-en emanaldi hartan, nire burua pixka bat erretoriko ikusi nuen, kasu hartan abangoardia erretoriko batean. Benetan, izan zen... min ematen zidaten gihar guztiek pasa nuen tentsioarekin. Oso gogorra da, maite ez duzun zerbait... eta hori ere zurea da”.
Literatura txikia?
Barre egin du urtetan “euskal literaturaren enbaxadore” izateak zamarik ekarri ote dion galdetu diogunean. “Enbaxadore...”, errepikatu du bekainak altxaz, mamian sartu aurretik. “Atzerrian ibiltzea niretzat eskola izan da, alde askotatik, asko ikasi dut. Bat-batean pentsatu izan dut, eta ez dut esaten harrokeriaz: ‘Ez dakit nolako idazlea naizen, baina benetako idazlea naiz Britainia Handian edo AEBetan’. Ez noa GKE baten bidez, unibertsitateko ez-dakit-zer irakasleren bidez. Liburua ateratzen du Pantheonek, ateratzen du Harvillek eta joaten naiz Edinburgoko jaialdira idazle bezala. Baina gaur egun, batere ez dit inporta: nik 67 urte ditut, deserrira joan behar dut. Horrek ematen dit askatasuna esateko, euskal literaturak eduki dituela orrialde osoko iruzkinak Washington Post-en, The New York Times-en, Le Monde-n, Libération-en eta abar”.
"Euskal Herriari buruz 'txiki' esaten duena, hori gorrotagarria da"
Ibilbide hori egin ondoren, tristuratik haserrera dagoen lekuren batean kokatuko genuke zenbait euskal idazleren diskurtsoak eragiten dion sentimendua. Ez du ulertzen zergatik “beren burua marjinatzen duten” kanpora joan eta hitzaldi bat ematea egokitzen zaienean. “Euskal Herriari buruz ‘txiki’ esaten duena, hori gorrotagarria da. Nola txiki? Konparatzen dute euskal literatura eta aldamenean jartzen dute 200 pertsonak hitz egiten duten ertzeko hizkuntza bat. Marokon egona naiz Tangerreko liburu azokan, baita Greziako liburu azoka askotan ere; egon naiz AEBetan: zuk konparatzen dituzu euskal literaturaren datuak, zenbat irakurle, zenbat diru ematen duen, zenbat lanpostu... konparatzen duzu Marokorekin eta esaten duzu, ‘mesedez!’. Tangerreko liburu azoka zen tristura bat, azkenean erosten genituen liburuak arabieraz esateko ‘baten batek erosi dik’. Ez duzu imajinatzen. Haiek ikusiko balute zer gertatzen den Durangon, esango lukete: ‘Baina jende hau zergatik ari da beti negarrez’. Ez dago deretxorik”.
Dagoeneko ilundu du eta oraindik argazki-saioa egiteko daukagu, elkarrizketa bukatzen hasteko unea da. Baina euskal literaturaren tamainaren kontuaz ari garela, Atxagari Franz Kafkaren egunerokoetan irakurritako zerbait etorri zaio akordura. Alemanez idazten zuen Pragako idazleak, eta aipatzen zuen zortea zutela yiddishez idazten zutenek, haien lanek erresonantzia askoz handiagoa zeukatelako. “Benetan balore politiko bat zeukatelako”, dio Atxagak. Euskal literaturarekin gauza bera gertatzen dela uste du, gizarteak onartu ez ezik babestu ere egin dituela euskarazko liburuak. “Euskararen balio politikoa oso posizio fuertea da, non eta eusten diogun. Nahikoa litzateke 5.000 irakurle tinko. 5.000 irakurleren bermearekin, horrekin mugituko genuke mundua”.
“Orain libratu naizelarik beste lanez, igual egingo dut: euskaldun guztiak bihurtuko ditut bizikleta. Eta denak frenoa emanda. Beti irudipen hori, euskaldunak ikusten ditudanean beren bizitzan, edozein arlotan. Beti doazela, aldapan behera ere, bizikletari frenoa emanda. Errepresioaren usain hori oraindik, frenoak gurpilarekin egiten duen erre usain hori”.
“Beti pentsatu izan dut telebista izan dela erabakigarria, aldatu du gure gizartea, aldatu du etxeko altzarien disposizioa. Egongela Euskal Herrian telebistarekin etorri zen, ez zegoen etxeetan, zegoen jantoki bat erabiltzen zena festetan eta bataio bazkarietan-eta. Eta telebistak izan du sekulako eragina harreman afektiboetan, sexualetan, denetan. Telebista eta gero, han agertzen diren pertsonaiak eta aldameneko gelan daudenak parekoak dira jende gehienarentzat”.
“Asko gustatzen zaizkit hesituta dauden esparruak, mikro munduak mundu zabalago batean. Nire esperientziaren arabera, bai soldadutzan, bai kartzelan, bai ospitaleetan, bizitzak, jendearen espirituak, hartzen duelako erliebe bat bezala. Eguneroko bizitza, kalera atera, jendea ikusi... oso erliebe gutxi dauka. Dena dago ohituraren atmosferan. Kuartel batean berriz, iritsi eta hilabetera badakizu nor den ustela, nor den traidorea, nor den gaiztoa, nor den zintzoa, nor den eroa... Zergatik? Nabarmendu egiten delako horrelako egoeretan”.
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]
Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]
Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.