Errekastoen tankeran agertu eta desagertu egiten da; aldiro ongarritzen du kantugintzaren lurra bere emariarekin, eta ondoren atseden hartzen du. Zuzenekoekiko “fobia” gainditzeke du oraindik. Bitartean, bere musika jendearengana iristea nahi luke, eta jendeari irits dakion. Ateak zabaldu dizkio egonean geldi zegoen bere sorkuntzari.
Radiohead tabernan. “Asko gustatzen zaidan taldea da, ez hasierako diskoengatik, In Rainbows-etik aurreakoagatik baizik. Azkena ere sekulakoa iruditzen zait”. Astearte arratsa da Ordizian (Gipuzkoa), udazken beteko arratsa. Saioa Garinek (Legorreta, Gipuzkoa, 1978) –Saioa izen artistikoz– ondo akorduan du oraintsu urtebete Feministaldiaren baitan antolaturiko kontzertuan parte hartzeko gonbitea jaso zuela. Donostiako Bukowskin izan zen kontzertu hura, musikari emakumeek emana. Han sentitutako babesak eman zion bultzada Ateak lan berria sortzeko. Aurrez beste hiru zituen eginak: Particular Land (2007), Matrioska Heart (2008) eta Natura (2012).
Ordiziako parkea hautatu duzu argazkietarako, udazken orbelez jantzia. Orbel artean entzuteko musika da zurea?
Udazkena ulertzen badugu etxe barruan egoteko sasoi modura, egokia izan liteke disko hau entzuteko, bai. Etxean, denbora hartuz letrei erreparatzeko, lasai entzuteko diskoa da. Ez da kontzienteki egindakoa, baina horrela ateratzen zait niri. Aurrekoak ere horrela dira pixka bat, ezta? Natura apur bat pop-ago zen, bandarekin lagunduta grabatu nuelako, baina gainerakoan bai.
Natura diskoa aurkeztu ondoren desagertu zinen eta beste sei bat urte igaro dira. Zergatik orain? Zer barne bulkada izan duzu Ateak irekitzeko?
Iazko abenduan Feministaldia egin zen Donostian. Kontzertu bat egin zen Bukowskin eta parte hartu nuen. Bi abesti jotzeko aukera izan nuen. Jendaurrean jotzeak ikara eszenikoa ematen dit niri, baina hor oso gustura aritu nintzen, eroso eta babestuta. Kontzertuaren ostean solasaldi bat izan nuen Birkit musikariarekin; luze hitz egin genuen gau hartan, eta sortzera animatu ninduen. Egun, denbora libre dezente daukat, eta esaten zidan: “Aprobetxa ezazu sortzeko. Eseri zaitez eta hasi kantak sortzen. Saiatu”. Nik erabat utzia neukan musika, ez nintzen jartzen gitarrarekin, eta horrela zaila da ezer sortzea. Beste edozeinek esanda igual ez zitzaidan iritsiko, baina hark esan zidan moduak, edo gauaren bereziak… bada, motibatu egin ninduten. Eta urtarrilean, Gabonen ostean, hasi nintzen lanean, kantak sortzen.
Zergatik utzi zenion erabat musika egiteari?
Arrazoi nagusia zera izan zen: paniko eszeniko hura ez zela sendatuko garbi ikusten nuen: neure burua oso ondo ezagutzen dut eta badakit hala dela. Dezenteko baxualdia eman zidan errealitate horretaz jabetzeak, eta uste dut tristura hark ez zidala abestiak sortzeko motibazio minimorako indarrik uzten.
Iazko urtarrilean ekin zenion berriz konposatzeari?
Batzuk zaharragoak dira, lau abesti jada eginda zeuden, Natura bukatu eta oraindik txinpartaldiren bat izan bainuen. Noizbehinka halakorik izaten nuen, baina 11 abesti sortzeko, ezinbestekoa izan zen Birkitekin izandako solasaldia. Maiatzerako, nik uste, osatuak nituela.
Zuzenekoen kontua behin betiko alboratua daukazu?
Beldur eszenikoa hasieratik izan dudan gauza bat da, ez da in crescendo joan. 2006an Particular Land plazaratu nuenean laino batean sentitu nintzen. Nire betiko ametsa zen diskoa ateratzea eta zuzenean jotzea, eta egun batetik bestera ikusi nuen nire burua Sr. Chinarro eta beste zenbait teloneatzen. Beti sufritu dut zuzenekoetan. Momentuz behin betirako harturiko erabakia da. Ez dut nire burua zuzenekoetan ikusten. Iaz Feministaldian jo eta gero gogoz geratu nintzen: bi abesti izan ziren, eta beste pare bat ere gustura joko nituen. Betirako ez da ezer itxi behar, baina garbi daukat beldur hori hor dagoela. Nik ezin dut aste batean hemen eta hurrengoan han jo. Ez dut uste horrela inoiz ariko naizenik. Beste gauza bat da igual proposamen bereziren bati erantzutea, edo nik eduki dezaket gogo berezi bat, eta nahiz eta jakin momentu txar batzuk pasako ditudala, bada, animatzea… Horri ateak ez dizkiot ixten.
Natura-rekin bat edo beste eman zenuen.
Bai, kontzertu bat izan zen berezia, Bilbon. Pony Bravok jo zuen, baita Los Separatistas-ek ere. Haiek eta neuk jo genuen.
Zer sentitu zenuen?
"Sufrimenduei buruz kantatzen ari zarenean, besteen aurrean esposizio handi batetik ari zara. Akaso posible da inkontzienteki karga hori eramatea neurekin kontzertuetara"
Beti gertatu izan zaidana. Kontzertu hori hitzartua izango nuen hilabete lehenago-edo. Orduan, burua lanean hasten zait, hasten naiz irudikatzen hutsak egingo ditudala zuzenean, adibidez gitarrarekin, eta bakarrik jotzen dudanez, oso nabarmena izango dela, jendea konturatuko dela… Nire organismoa ere aldatzen hasten da, egonezin moduko bat sortzen zait, argaltzen hasten naiz, lehen ere argala izanik, lo egiteko arazoak izaten ditut… Eta, horrez gain, oso inportantea dena, kontzertuan bertan ezin disfrutatu izana. Musikari askok esango dizute: “Sartzea kostatu egiten zait, baina gero asko disfrutatzen dut...”. Baina nik ez nuen une bakar batean ere disfrutatzen, eta bukatzen zenean arindu izugarri bat sentitzen nuen. Baina arindua izanagatik, hurrengo egunean sentsazio txarrak izaten nituen. Ez dut disfrutatu, beraz, zertarako segi horrela? Ekonomikoki ere ez da inolako bultzada eta sikiera disfrutatuko banu minimoki… bada, gustura segiko nuke jotzen.
Feministaldian bizi izan zenuena kontuan izanik, eta urtetako esperientziak ematen duen perspektibatik, iruditzen zaizu emakume izateak zama gehigarri bat erantsi dizula zuzenekoetan, plaza publikoan aritzeko unean?
Birkitek ere gauza bera galdetu zidan, baina ez dut uste horretan neska edo mutila izateak eragin berezia izan duenik nigan. Batzuek sentituko dute zama hori, seguru nago, baina neronek gehiago sentitu dut harrera positiboa neska izategatik. Azken lauzpabost urteetan emakume musikariak dezente ugaritu dira. Gogoratzen naiz lehen kontzertuak eman nituenean jendeak oso gustura hartzen zituela, igartzen nuen jendeak behar zuela emakumeak ere ikustea oholtzaren gainean. Nik ere orain pertsonalki eskertu egiten dut emakume musikariak entzutea, orain artean erreferenteak nagusiki mutilak izan baititut.
Paradoxikoa gerta liteke, eta interesgarria horretxegatik, zuzenekoekiko halako beldur edo errespetua izan eta, aldiz, kanta berriotako biluztasun erabateko hori, oso ausarta dena, bestalde.
Ausarta izan daiteke bai, baina nik ez daukat ezer ezkutatzeko, eta egiten dudana jendearengana eta jendeari iristea nahi dut. Abestiak ez dira %100 autobiografikoak, baina asko dago niretik. Nire izateko era hau da, erabat onartua daukat, baina akaso, ni kontziente izan gabe, izan liteke hori beste faktore bat zuzenekoetan beldurra sentitzeko. Sufrimenduei buruz kantatzen ari zarenean, besteen aurrean esposizio handi batetik ari zara. Akaso posible da inkontzienteki karga hori eramatea neurekin kontzertuetara.
Gainerako artisten zuzenekoekin disfrutatzen duzu?
Bai, baina ez naiz askotan joaten. Kritikak irakurtzen ditut, eta ikusten badut ondo jartzen dutela disko bat, entzun egiten dut. Gero artista horrek hemen inguruan jotzen badu, joaten naiz, Donostiara adibidez. Egun ez da ia musika horrela entzuten, baina disko osoak entzuteko joera daukat, bai etxean, bai kotxean… egia da kritikaren galbahetik pasatakoak izaten direla, baina horrela entzuten dut musika. Esaterako, azkenaldian irakurri ditut Bonnie Prince Billy edo Tindersticksen inguruko kritika onak, eta gero hainbeste gustatu ez zaizkidan arren, behin baino gehiagotan entzun ditut.
Zergatik ez zaizkizu hainbeste gustatu? Berez, zure estetika moildearekin oso bat doazenak dira ezta?
Ez zaizkit iritsi, batez ere musikalki. Abesti guztiak antzekoak iruditu zaizkit eta aspertu egin naute. Ez gustatze hori ez dakit nola definitu beste modu batera. Niri Bonnie Prince Billyren diskoak asko gustatzen zaizkit, baina horietatik ere batzuk beste batzuk baino gehiago; adibidez, The Letting Go diskoa izugarri ona dela uste dut.
Tindersticksen kasuan, batez ere lehen bi diskoak ditut oso-oso gustuko. Eta beste diskoetatik, bada, agian batetik lau abesti, beste batetik bost… Oso gustukoa dut The Something Rain, adibidez, eta hasierako diskoekin ez du zerikusirik, baina niri iritsi zait. Pixka bat misteriotsua da nola bakoitzari disko-musika-abesti desberdinak iristen zaizkigun. Baina askotan gustuetan koinziditu ere egiten dugu: Bonnie Prince Billyren I See a Darkness, adibidez. Disko oso ederrak izan ohi direnak dira horiek.
Zure kantak barnera biltzekoak direla esan izan duzu. Besteengan ere barnera biltzeko musika bilatzen duzu?
Bai, askotan bai. Normalean nire faboritoak dira nahiko malenkoniatsuak, atormentatuak… Daniel Johnston ere bere lo-fi estilo horretan asko gustatzen zait, bere gaitz eta abar. Masoka samarra naiz zentzu horretan.
Daniel Johnston aipatu duzu. Zure diskoko lehen kantuak Oihukatzen du du izenburutzat. Johnstonek ez zuen oihukatzen, baina harena bazen barne oihu bat. Zure kantaera ere halatsu?
Bai, identifikatzen naiz horrekin. Ez baitira soilik malenkoniatsuak, batzuk dira oso existentzialistak dira, etsiaren kantuak. Nostalgiaz geruza bat sakonago, alegia.
Natura-n euskaraz abesten hastearekin batera, hizkuntza soilik ez, kanataera aldatu zenuen, ahotsa modulatzeko era…
Bai, niretzako okerrera aldatu nuen.
Oso naturala da, batere artifiziorik gabea.
Bai, hala da. Ingelesez kantatu izan dudanean gehiago jo dut beste musikari batzuen kantaeretara. Beti izan dut oso gustukoa Cat Powerren kantatzeko era. Matrioska Heart entzuten dut orain eta lotsa ere ematen dit, kasik kontzienteki imitatu nahian nenbilen. Oso ahots nikotinikoa dauka, gastatua bezala. Nire ahotsa gehiago gustatzen zait horrela, baina artifizialagoa da. Naturalagoa da euskaraz abesten dudanean, zalantzarik ez. Eta izan liteke barne oihu bat, bai. Batzuetan gora egin behar dudanean, desafinoaren muga-mugan.
Ausarta da.
Daniel Johnston deskubritu nuenean ikusten nuen inperfekzio mordoa zituela agian, baina ez zitzaidala batere kostatzen hura entzutea, eta melodia izugarriak zituela, ez dut esango The Beatlesen pare, baina melodia zoragarriak. Hain natural abesten zuen, melodia potente horiekin, bere barne mundu hori islatuz… Nik uste izan duela eragina nire musikan.
Garai hiperteknologiko eta produkzio zaleotan, aldarrikatzeko moduko kontua izan liteke?
Bai, eta horrez gain, nik ez daukadala gaitasun handirik estudio batean denbora luzez egoteko. Estudioan ere asko sufritzen dut. Abesti guztiak joaldi bakarrean grabatutakoak izan zirela uste dut. Gitarra eta ahotsa batera grabatu nituen eta, nahiz eta badakidan hutsak daudela, horrela izatea nahi nuen, uste dut mezua horrela doala osatuen. Horrela egin nahi nuen, Natura-n ez bainintzen geratu gustura horrekin. Hartan banda bat nuen atzean, eta ondo dago. Baina ni ez nintzen geratu oso gustura, nahiz eta kritika oso onak izan. Estudioko talde grabaketa bat izan zen eta ez nuen hainbeste disfrutatu. Oraingoan askoz ere gehiago disfrutatu dut, eta estudioan denbora gutxiago egon nintzen. Ikusten nuen abestiek ezin zutela izan sekulako produkzioa, eta hala egin genuen. Joseba Irazokirekin elkartu eta hitz egin genuen nola jantz zitezkeen kantak, eta kolore pixka bat sartu die, oso lau ez geratzeko
Inperfekzioa aldarritzat duzu artean?
Neurri handi batean, bai. Oinarrian abestiaren hezurdura ona bada –Daniel Johnstonen kasua, adibidez–, hau da: akorde progresio polita, ahotsaren melodia, hitzak, eta kantatzen duenaren sentimendu-adierazpena, gainerako inperfekzioak –gitarra desafinatu xamar bat, erritmo aldetik akatsak…– niretzat ez dira hain garrantzitsuak.
Aurreko batean nire ilobak Eguberrietako abesti bat kantatu zidan, nik eskatu gabe; oraindik Olentzero benetakoa dela uste du. Ez nuen abestia ezagutzen, baina melodia polita zuen eta bera entzutea hitz polit haiek kantatzen, sentimendu inozente hartatik… ba ikaragarri emozionatu ninduen. Eta ez zuen afinazio perfektuarekin kantatu (barreak).
Denboraren talaiatik, nola ikusten duzu orain ingelesez kantatzen zenuen garaia? Berriz kantatuko zenuke ingelesez?
Ez, ez dut uste. Beno, sekula ezin liteke esan “sekula”, baina uste dut asko irabazi dudala, gertuko entzulegoa irabazi dut, baita familian ere. Mezua iritsi egiten da, eta feedback-a bestelakoa da. Jendeak jaso egiten du, eta hitz egiten dizu kantaz. Horrek askoz ere gehiago betetzen nau. Gainera, momentu honetan zuzenekoak ez ditudanez ematen, komunikazio hori oso da garrantzitsua. Eta nire ama hizkuntza da! Nire hizkuntza maitatzen ere hasi nintzen euskaraz kantatzen hastearekin bat. Konturatu naiz zein aberatsa den. Hitz bat ezagutu eta hari bueltaka hasten naiz eta… Oso emankorra da euskara niretzat, pertsonalki eta artistikoki.
Diskoan hainbat elementu poetiko azaltzen dira: ateak, giltzak, gaua, lurra, bizimina… Akaso ez dira elementu poetiko berriak baina zure barniza dute.
"Lehen ikusten nuen hosto bat mugitzen eta jarriko nintzen kanta bat idazten, orain irudi berriak agertzea kosta egiten da. Uste dut hori musikari askori gertatzen zaiola"
Bai, nirera ekarri ditut, baina hori kantari gehienok egiten dugu. Beti gauza berdintsutaz hitz egiten dugu, baina metafora berriekin. Nire kasuan behintzat kontatzeko modua aldatzen da, baina gai ardatza ez. Naturak joko handia ematen du, elementu asko ditu tiraka segitzeko oraindik ere. Gerora ere errepikatuko direla uste dut, kanta gehiago egingo badut.
“Matazaren haritik tiraka nabil oraindik” diozu Bakoitzak bereari kantan. Musikaren arloan zein hariri tiraka zabiltza oraindik?
Ni beti nabil melodia berrien bila, aurrekoa gainditu nahi duzu, eta akorde berrien bila aritzen naiz. Disko honetarako topatu nituen akorde batzuk, gustura nengoen haiekin eta kanta zenbaitetan erabili ditut.
Zein akorde?
Kolore desberdin bat duten akordeak dira. Neuk hastapenetan do maiorra, re maiorra... erabiltzen nituen, betikoak. Gero hasi nintzen minorrekin jolasten. Ez daukat ikasketa musikalik, baina neure kabuz zerbait ikasi dut. Beti joan naiz gitarra klaseetara eta abar; akorde bihurriagoak dira oraingoak. Joseba Irazoki entzuten baduzu, adibidez, berehala konturatzen zara, “arraioa, zer akorde berezi erabili duen!, eta zein ondo erabiltzen duen progresioan!”. Hori da erronka, akorde berriak aurkitzea, eta hitzen aldetik, berdin. Ez ditut beti hitz berdinak erabili nahi, metafora berrien bila nabil, euskaraz irakurtzen saiatzen naiz.
Hitzen bilaketan eta garapenean estutu on bat eman diozu buruari.
Niretzat kantarik onenak aurreko diskoaren ostean sorturiko lau haiek dira, hitzen sakontasunari begira: Galbahea, Konturatu gabe, Oihukatzen du eta Heltzea. Nahiko landuak atera baldin bazaizkit izan da denbora eskaini diedalako. Oso jarri nintzen horretara.
Nola izan zen sorkuntza prozesua? Behin Bukowskiko kontzertua eta gero, nola jarri zinen lanean?
Kreatibitatea muskulu baten tankerakoa da, ez baduzu lantzen ez da garatzen. Logelan gitarrarekin jarri eta akorde progresio bat bilatzen nuen. Behin hura izanda, normalean esaldi bat egokitzen zitzaion, eta gero nahiko erraz atera zaizkit gainerako hitzak. Batzuetan amaitzen nituen kotxean, frantseseko klasera ordua baino lehen iritsi eta bertan idatzi. Baina gehienak etxean, eta egunero hartara jarrita.
Musikalki nondik jaso dituzu pista berriak?
Akorde batzuk deskubritu nituen, ordezko akordeak deitzen direnak, eta asko erabili ditut. Deskubritu nuen Gravenhurst taldea. Ia desagertua dago, abeslaria –Nick Talbot musikaria eta kazetaria ere bazen– hil egin baitzen, eta flipatu egin nuen hark erabiltzen zituen akordeekin. Lortu nuen haietako batzuk nirera ekartzea, eta horiek erabili ditut sarri samar.
Natura ateratzean esan zenuen Anari ezagutzeak eman zizula halako aupada bat. Beste euskal deskubrimenduren batek eman dizu bultzadarik?
Euskal folk tradizionala ez dut askorik entzun. Mikel Laboa bai, ikaragarri gustatzen zait eta Benito Lertxundi gustatzen zait, baina azkenaldikoa gehiago hasieratakoa baino. Bestetik, Moxalen azken diskoa asko gustatu zait eta Mursego ere dezente entzun izan dut. Bidehutseko taldeak jarraitzen ditut. Mursego entzuteak ez dakit izan duen eragin zuzena… baina zerbait bai. Adibidez, disko honetatik Ogi apur ilarak hartzen baduzu, ipuin baten modukoa da… Garai batean Elurretan-ek egiten zuen hura ere oso gustuko dut, balio dezakeena berdin umeentzat edo helduentzat. Eragin nabarmen-nabarmenik agian ez dut izan; Anari beti, diskoa ateratzen duen aldiro entzuten dut sarri-sarri.
Zure ibilbidearen hastapenetan aipatzen zenuen pasierak asko pizten zizula sorkuntza? Oraindik horrela da?
Bai, egunero dut ohitura pasieran joateko, kontua da orain irudiak ez zaizkidala hain sarri etortzen. Lehen ikusten nuen hosto bat mugitzen eta jarriko nintzen kanta bat idazten, orain irudi berriak agertzea kosta egiten da. Uste dut hori musikari askori gertatzen zaiola. Badaude salbuespenak. Nick Caveri etengabe datozkiola ematen du, hura ez dago isiltzerik! Baina niri geroz eta gehiago kostatzen zait. Hala ere, konturatu naiz sei urtez isilik egonik ere, gauzak irakurri ditudala, filmak ikusi ditudala, liburuak, musika… guk uste duguna baino gehiago doa egosten gure barruan.
Zuzeneko zirkuitoetatik kanpo egonik, topatu duzu euskal musikagintzan zure lekua? Gehiago landu nahi zenuke hori edo gustura zaude zure lekuarekin?
Ni ibili izan naizenean kontzertuak ematen, batean eta bestean, normalean teloneo lanak egin ditut, eta jendea ezagutu dut baina ez ditut lagunak egin, ez asko behintzat. Nahiko prozesu bakarti bezala bizi izan dut, nahiz eta jendea ezagutu, haiekin afaldu eta abar. Nik oso barrutik bizi izan dut hori.
Zure izaerarekin loturik doa hori?
Bai, erabat. Lotsatia naiz, barruzalea. Bidehutsekoak ikusten ditut beren Biba gu horrekin eta ederra behar du izan! Eta bai, faltan botatzen dut halako zerbait. Adibidez Feministaldian Birkitekin eta Ilargi Agirrerekin oso harreman polita egin nuen, eta egin nahi nuke gehiagotan gelditu, ze azkenean horrek konektatzen zaitu musikaren munduarekin. Bai, baina faltan bota izan dut. Hala ere bakarrik askotan joan naiz kontzertuetara, eta oso eroso eta gustura.
Haurtzaroko melodia bat?
Nire umetako gelan ikusten dut neure burua, eta aitak hainbat kasete ekarri zizkidanekoa: Bruce Springsteenen Tunnel of Love (1987); Michael Jacksonen Bad (1987). Horiek asko entzuten nituen, dantza egiten nuen eta musikari izan nahi nuela jakin nuen.
Lehen musika esperientzia?
Ni raketarekin Tunnel of Love jotzen, gitarra balitz bezala. Nire osabak elikatu nau beti musikalki. Ni baino 11 urte zaharragoa da. Bera gitarra ikasten hasi zen Tolosan, eta bere gitarra elektriko zuria, Yamaha bat, oparitu egin zidan. 13 urterekin ni ere klasetara joaten hasi nintzen.
Naturaren soinu bat?
Txori hotsa. Oporretan Nafarroako Riezu herrixkara joaten gara. Hango terrazan kabia eginda eta kumeak hegan egitera bultzatzen ikusten ditut txoriak, eta oso adi egoten naiz, bai euren mugimenduei begira, baita euren kantu hotsak entzuten.
Egungo musikari bat?
Low. Urte asko daramatzat haiekin engantxatuta, eta iruditzen zait oso momentu onean daudela. Miarritzen izan nintzen haiek ikusten iaz.
Egiteko geratzen zaizun bertsioa?
Cat Powerrek badu gitarra hutsarekin jotzen duen kanta bat: Full. You Are Free (2003) diskokoa. Baita Edith Piaffen Je ne regrette rien ere. Etxean jo izan dudanean oso polit geratu izan zait (barreak).
Euskaraz?
Mikel Laboaren Gogo eta gorputzaren zilbor hesteak.
Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.
Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]
Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.
Ciudad de Polvo
Sal del Coche
Humo Internacional, 2022
-----------------------------------------------
Tira, jada bukatu denez Gramsci zitatzeko moda, ekarri dezakegu lerro hauetara oportunismo akusaziorik gabe. Are gehiago Sal del Cochekoek ere hala ekartzen badute:... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]
82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]