Rapero ezaguna zen TíoBad gaztea Sayula de Aleman (Veracruz, Mexiko) herrian eta haren oihartzuna askoz urrunago ere heldu zen, Mexikon Barrena AEBetaraino. Bertsotan salatzen zituen narkotrafikatzaileekin elkar hartzen duten agintariak, kazetari eta ekintzaileen hiltzaileak eta lurraldea izorratzen dien frackinga. Abenduaren 27an aurkitu zuten haren gorpua, torturapean isilarazia. 24 urte baizik ez zituen.
Daliri Oropeza kazetariak eman du bertsolariaren heriotzaren berri Pie de Pagina aldizkarian: “TíoBad, raparekin hizkuntza mixe-popoluka defenditu zuen jaraneroa”. Haren kantetako batekin zabaldu du kronika: “Hizkuntza bihurria da nire hizkelgia / janga yoshuatray Camnik / jemna nipatkajej townik / nikrysh dios nikakminga jujnik / nik jej tan agitkap mokuij. Goazen milpa jorratzera / bidean elkar hartuta / jainkoari eskertuko diogu euria / eta horri esker daukagun artoa”. Abestiaren bigarren erdiak gaztelaniara itzultzen du lehen erdian mixe-popolukeraz kantatua. 30.000-60.000 hiztun dituen mixe-zoque multzoaren kide da popolukera, Veracruzeko Sayula de Alemanen 3.000 inguruk mintzatzen dutena.
Josue Bernardo Marcial Santos, TíoBad izen artistikoz ezaguna, oso gazterik hasi omen zen jende aurrean rapeatzen. 12 urteko mutikoa aurkeztu zen Sayulako plazan. Laster egingo zuen topo Acayucan hiriko Altepee kolektiboarekin, zeinak Veracruzeko herri musikan oso ezagunak diren fandango taldeak sustatzen zituen. Fandangoa da kanta mota bat jarana deitu gitarra txiki herrikoiaz lagunduta abesten dutena festa eta beste hainbat gertakizun sozialetan. Altepee kolektiboan gazteek elkarri irakasten diete harizko musika tresna herrikoiak egiten eta jotzen, baita audio eta bideogintzako oinarriak ere. Altepeen jabetu zen TíoBad bere hizkuntza propioa morroi zela etxean, azpiratu eta isilarazia, zaharrek baizik ez zutela hitz egiten, eta bere komunitateak asko sufritzen zuela galerarekin. Sayulteca ere deitzen duten mixe-popolukera etxean ikasi barik hazia, herriko amandreei galdezka berreskuratu zuen: “Zuhaitzez –dio Oropezak– eta lorez betetako patioetan eseri eta eten gabe galdetzen zien, haiek erakutsitako hitzak bertso bihurtuta erabiltzen zituen gero rap kantak osatzean. Ukatua zioten hizkuntza ikasi zuen jendeari sentiarazteko beren herria oraindik bizirik dela”.
Lekuko tresna zaharrak berreskuratzearekin batera, rap musika ere lantzen du Altepeenek, gazteei eskainiz alternatiba bat, gizarte osoa itotzen duen banden eta bortizkeriaren sareetan eror ez daitezen. Horri esker oso gazterik bidaiatu ahal izan zuen Mexiko eta AEBetan barrena TíoBadek, hemengo diaspora latinoak gonbidatuta. “Hip Hopak aldatu zidan bizitza”, esaten zuen, “horrek salbatu ninduen delinkuentziatik”. Beisboleko jokalarien biserak zerabiltzan TíoBadek eta gogokoena Yankees taldearen logoa daramana omen zuen, New Yorkeko Bronxeko ekipoarena, AEBetan zehar egindako bira batean eskuratua. Haren bidez eta fraka zabalak jantzita konektatzen zuen gazte askorekin, hip hop eta raparen kultura tarteko.
Esku batez rapa, besteaz fandangoa, hau musika baino askoz gehiagotzat zeukan: “Ereiteko behar den euria eskatu edo eskertzeko antzinako ospakizun bat da fandangoa. Batek hil behar duela txerria, besteak estalpea eraiki, honek opilak prestatu, horrek aulkiak kokatu… hori guztia da fandangoa, herri baten antolatzeko era, gaur galtzen ari garena”. Arto opilak egin eta salduz irabazi zuen bizimodua. Hitzok Mexikoko Indigenen Biltzar Nazionalean (CNI gaztelaniazko sigletan) esan zituen TíoBadek, Sayulako indigenen ordezkari ere izan baitzen. CNIren eta EZLNko zapatisten borroka eta aldarrikapenak ondo ikasiak zituen eta bere bizi publikoan erreferentzia nagusitzat zeuzkan. Oropezak dioenez, “TíoBad abiatu zen rapetik, errimak egin eta crew (talde) bat sortzetik eta ondoren iritsi zen protestari ahotsa eskaintzera. Halaxe egin zuen askoz lehenago Hip Hopak Bronxen”. Bidean topo egin zuen Veracruzeko jendeak nahastu dituen frackingarekin eta agintari ustelekin.
Bertsolaria petrolio-erroten kontra
Veracruz estatuan baina Oaxacarekiko mugan dago Sayula, bi ozeanoen arteko errepideak erdibitua, petrolio esportazioan garrantzia daukan Coatzalcoalcos portu ondoan. Mexiko guztia astintzen duen narkotrafikoak gogor jotzen du hemen, kartelak elkarren arteko borroka bizian dabiltza, eremua kontrolatu nahian. Gazteek ez dute aukera handirik, ez bada emigratzea edo talde kriminaletan sartzea. Horri gehitu zaizkio petrolioa eta gasa fracking bidez ustiatzeko bai multinazionalek eta bai Pemex mexikarrak abian jarri dituzten azpiegiturak. Mexiko osoan, 1996tik 7.879 hobi zulatu dira teknika honekin, baina horietan 36.159 leherketa egin dira. Alegia, erregaia eskuratu ahal izateko, goitik beherako zuloez gain horizontalean gehiago egiten direla, leherketaz harkaitza pitzatu eta ura gehi hainbat kimiko injektatzeko.
“Han, Veracrucen –esan zuen TíoBadek CNIren biltzar batean– bortizkeriak eta proiektu erraldoiek suntsituko gaituzte (...) baserriak desegiten dituzte, jendeak erosten dituzte frackinga egiteko; 224 hobi jadanik eta askoz gehiago etorriko dira, jendeak ez baitaki, ez telebistak, ez egunkariak edo ez irratiak aipatzen dituzte. Horregatik erabaki genuen frackingaz kantatzea”.
Beste musikari eta ekintzaile bat, Ruben Albarran, duela urte bete ibili zen eskualde honetan eta ikusitako errealitate gordina azaldu zuen “Fracking eta ekozidioa, Veracruzek bizi duen errealitate iluna” kronikan. Lurrari petrolioa ateratzen dioten dorreak begietara azaldu baino askoz lehenagotik nabaritu zituen azufre usaina larruazalean eta koipe lurrintsua buruko kalparrean. “Gune berean –dio Albarranek– nahasten dira jendeen etxeak, petrolio-hobiak, arta-soroak, eskolak eta CO2a baino 86 aldiz kaltegarriagoa den gasa erretzen duten tximiniak. Herriak zikin daude eta horietan negozioak loop bat bezala errepikatzen dira: ostatuak, agrokimikoen komertzioak eta farmaziak. (...) 2010ean konpainia pribatuak erregaiak ustiatzeko heldu zirenetik eskualdea garestitu egin da: petrolioaren eromena nagusitu zen. (...) Azken urteotan, erregai bilaketarekin batera iritsi dira nekazaritzara monolaboreak, zitrikoak eta artoa nagusiki, sekulako agrokimiko pila erabiltzen dituztenak. Heldu ziren giro negro-ak, gizakien trafikoa egiten den tabernak, eta horrekin batera narkoa, desagertzeak eta bahiketak”. Sikulu-saltsaren erdian daude agintari eta funtzionario asko ere. Javier Duarte estatuko gobernadore izana espetxean dago, 865 milioi dolar estatubatuar adina ostu izanagatik diru publikoetatik. TíoBadek kanta bat eskainia zion, asesino deituz.
Haren gorpua tortura arrastoekin eta zatikaturik agertu zen auto baten maletategian. Diario de Xalapa-k argitaratu zuen hiltzaileen idatzi bat zeramala soinean itsatsita eta bazitekeela gaizkileen arteko kontu garbiketa baten emaitza izatea. Epitafio txukunagoa merezi zuen bertsolari ausartak.
1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.
Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]
2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]
Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]
Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]
Walden Bello Filipinetako idazle, ikerlari eta antiglobalizazio aktibista ezaguna abuztuaren 8an atxilotu zuten; abuztuaren 9an fidantzapean atera zuten kartzelatik behin behinean. Focus on the Global South Gobernuz Kanpoko Erakundearen zuzendari exekutiboa da Bello, besteak... [+]
Amazon ondoren Glovo, Deliveroo eta Uber Eats-ek gure hiri eta auzoetako bizimodua hankaz gora jarri dutela uste baduzu, adi hurrengo uhinari: heldu dira Cajoo, Flink, Dija, Gorillas, PicNic , Everli... COVID-19 betean sortuta, tximista bezala zabaltzen ari diren banaketako... [+]
1934tik 1940ra Lazaro Cardenas jeneralak mugarritzat utzi dituen moduan nekazaritzaren erreforma, petrolioaren nazionalizazioa eta trenbide sarea, Andres Manuel Lopez Obradorrek erabakita dauka hiru monumentu gotor uztea Mexikoko historian iltzatuta, tartean, Tren Maya famatua... [+]
Urtarril amaieran Gasteizko Mercedes konpainiako zuzendaritza langileen ordezkariekin bildu zen ohartarazteko fabrikako ekoizpen-katea eten beharko zutela autoentzako hainbat pieza elektroniko eskuratu ezinik zebiltzalako –zehazki, txip elektronikoak–. Bi... [+]
Azarotik azarora, urte bete eman dute greban eta mobilizaturik Indiako milioika nekazarik, Narendra Modiren gobernuak laborantzako prezioak eta merkatu osoa liberalizatzeko ezarritako hiru lege atzera botatzea eskatuz. Azkenean agintariek erabakietan atzera eginda, borroka eta... [+]
Hornigaien mundu mailako krisiak txip erdieroaleen eskasiarekin jo du goia. Pandemiaren behin behineko ondorio bat dela diotenen aurrean, badira uste dutenak energiaren krisi globalak azaleratutako arazoa dela honakoa. Txipak dira egungo petrolioa, eta bere gailurra gainditu... [+]
Aurreko hamarkadan Amazonek ordaindu zuen zerga tasa efektiboa %13 izan zen. 2020 urtean Amerikako Estatu Batuetako 55 enpresa handienek ez zuten zergarik ordaindu. Espainiako Estatuan mila miloi euro baino gehiago fakturatu zuten enpresen mozkinaren gaineko tasa efektiboa 4,57%... [+]
Europako autogintzako industriaren geldialdiaren erdian Margrethe Vestager Lehiakortasunerako europar lehendakariordeak iragarri du Europar Batasuneko lehia-politika errebisatuko dutela estatuek mikrotxipen produkzioa diruz lagundu dezaten.