“Gelditzen dira gatazkaren hondarrak, eta hondar horiekin fidela naiz”

  • Euskararekin, kulturarekin eta herrigintzarekin engaiatuta bizi da Ruben Sánchez, serio bezain umoretsu. Iragan irailean Hondarrak argitaratu du Txalaparta argitaletxearekin, bere lehendabiziko eleberria. Garazi Arrula editoreak eta Amaia Apaulaza zuzentzaileak lagundu diote bereziki prozesuan, eta pozik dago emaitzarekin. Nobelaren hari muturrei egin diegu tira kuttuna duen Hala Bedi tabernan, kuttuna duen Arabar Errioxako ardo batekin.

Argazkia: Dos por Dos.

Nobelak bi istorio kontatzen ditu. Bata zure amatxiren ingurukoa, Uxueko herria eta 1936ko gerra aurreko zein osteko garaiak hartzen dituena. Bestea Tupa Euskal preso politikoarena, ia hiru hamarkada pasatzen dituena espetxean. Zergatik bi istorio horiek?

Fikzioa da, baina liburuko protagonista nagusia den Tuparen amatxia Pilar Julio Berrade da. Nire amatxiren izen abizenak dira horiek. Duela urte batzuk memoria galtzen hasi zen, eta ezinegona piztu zidan bere bizipenak galtzeko arriskuak. Garai bertsuan, direla zazpi bat urte, banuen euskal gatazkak nigan utzitako beste ezinegon bat barrutik ateratzeko bulkada.

Ezinegon horietatik jaio zen nobela. Helburu edo intentzionalitate jakin batekin?

Bat baino gehiago. Gu jaio garenetik hor egon da ETA. Bat-batean bukatzen da, dena aldatzen da, eta hori ateratzeko gogoa banuen. Orain dela gutxi arteko gure bizitza kontatu. Ez nuen nik egin nahi, nahi nuen galdekatu fikziozko etakide bat. Jorratu nahi nuen familia barneko eta belaunaldi arteko transmisioa ere. Gu ez gaitu hainbeste kezkatzen aurreko belaunaldia kezkatzen zuenak, eta gu kezkatzen gaituenak ez du hurrengoa kezkatuko. Konturatzen zara, esaterako, guretzat hain garrantzitsua izan den gatazka gero eta gauza urrunagokoa dela. Gaur egungo gazteentzat ez dakit zer den ere.

"Duela urte batzuk amatxi memoria galtzen hasi zen, eta ezinegona piztu zidan bere bizipenak galtzeko arriskuak”

Liburuaren irakurketa arina egiten da. Baina badu mamirik.

Funanbulistarena egin behar izan dut zenbait konturekin. Etakidea den protagonista despolitizatzeak ez du zentzurik. Bere bizitzako parte nagusia oso politizatua izan da eta politizazio horren ondoriozkoa. Beste alde batetik, jakina, zer edo zer “arina” egin nahi duzu, bestela idatzi saiakera. Badira hausnarketak noizean behin, baina ez nuen horiekin pertsonaia gehiegi zamatu nahi.

Zure bi familia ukitzen dituzu nobelan, biologikoa eta politikoa. Erreparoa, lotsa, erantzukizuna, pentsatuko dutenaren inguruko kezka... Horrelakorik sentitu duzu?

Ardurarik handiena amatxirekin sentitu dut. Zer pentsatzen zuen nire amatxik 18 urte zituenean? Ez da nire amatxi, baina bere izen abizenak jarri dizkiot eta bizirik dago, 101 urte ditu. Jakina ematen didala lotsa.

Familia politikoarekin, bada, adibidez, erabaki behar izan dut zer garapen ideologiko izango zuen Tupak, zeren eta familia politiko hori zabala da. Bestetik, kartzelan hainbeste denbora eman duen pertsona baten azalean jartzen saiatzeak... hor ere izan dut lotsarik eta ardurarik.

Zentzu horretan, aske sentitu zara idaztean?

Duela zazpi urte hasi nintzenean askoz gehiago zeukan kronika itxura nobelarena baino. Gerora joan naiz askatzen. Beste kontu bat da oso-oso errespetu handiz jokatu nahi nuela espetxearekin, edo borrokalari batekin eta ekintzekin. Ez nuen gertakizunik asmatu nahi. Hau da, kartzelan zer edo zer gertatzen bada nobelan zehar, egiaz gertatu delako da. Patio tankera bat edo isolamenduan egoteko modu bat badago, horri fidela izan natzaio. ETAk egin ez duen ekintza motarik ez dut asmatu. Beste kontu bat da horrek protagonistari nola eragiten dion. Publikatu aurretik hainbat jenderi pasa diot irakurtzeko, besteak beste idatzi aurretik ere lagundu didaten presoei eta preso ohiei. Ez nuen inondik inora nahi preso batek liburua hartu eta ‘hau ez zen horrela’ sentitzea. Alde horretatik, ez didate aitzakiarik jarri.

Zazpi urte idazten hasi zinela, ez nolanahikoak. Gertatu zaizu garaian gustura idatzitakoa gerora lekuz kanpo sentitzea edo gustuko ez izatea?

Bai. Aldatu da jendartea oro har, ni aldatu naiz, nire gatazkarekiko hurbiltasuna eta sentimendua urteotan aldatzen joan da. Hasiera batean nire inguruko sektorean gehienok sentimendu nahasi batekin geratu ginela esango nuke. Batetik arindua, agian; bestetik astuntasuna, baita “eta orain zer?” bat, baita “eta honetarako?” bat... Orain, sentimendu horiekiko distantzia handiagoa dut, denborarekin gero eta gehiago. Gelditzen dira gatazkaren hondarrak, eta hondar horiekin fidela naiz.

Iragan ezberdinak aletzen dituzu liburuan. Oroimena lubaki politiko garrantzitsua bilakatu da azken urteetan: 1936ko gerra, Trantsizioa, ETA... Zuretzako zer lotura dute iraganak, orainaldiak eta etorkizunak, loturarik baldin badute?

Uste dugu pertsona bezala askeak garela, ia orri zurian idazten dugula geure bizitza propioa. Baina badira hari batzuk lotu egiten gaituztenak. Izan daiteke familia biologikoa, izan daiteke politikoa, harreman bat edo beste edozer gauza. Batzuk historiarekin tematzen dira, erabat determinatuko bagintu bezala; baina gurea ez da lerro zuzena. Eta uste duenak, aldiz, dena momentua dela, bada, hori ere ez da. Liburuan ideia hori badago. Familia bateko hiru belaunaldi ezberdinetako pertsonak daude nobelan, eta hor ikusten da badirela bai transmisioak eta jarraikortasunak, bai hausturak: amatxi falangista eta iloba etakidea, ematen du familia puskatua dela. Bada, ez.

Argazkia: Dos por Dos.

Familiarekin loturiko iragana kontatzeko iturri nagusia zure amatxia da. Baztertutako bi ahots, emakumezkoa eta adindua.

Aitatxi duela 40 urte hil zen, amatxiren etxean betitik bizi izan naiz. Niretzako oso naturala izan da. Egia da jendartean ahots horiek oso isilduta daudela, baina normalean etxe barruko transmisioa gehiagotan egiten da emakumeen ahotsetik gizonezkoenetik baino.

Amatxiren Uxue herri nafarrak presentzia handia du eleberrian. Herri txikien heriotza kronikatik badu zerbait liburuak. Orainaldikoa ere badena.

Bai. Araban edo Iparraldeko barnealdean ere berdina gertatzen ari da. Izugarria da. Nik hitz egiten dut amatxirekin bere Uxuez, eta da herri bizi bat, 1.500 biztanle, eskolan ehundik gora ume, ofizio guztiak, lurrak, animaliak... Inork ez zuen aurreikusi herria hil egingo zela. Etorri zen industrializazioa, herria despopulatu zen, eta ordura artekoak jada ez zuen balio. Izugarria da ikustea gaur egun turismotik bakarrik bizi daitekeen herri bat, lurrak dauzkaten gutxi batzuez gain.

Azaltzen dituzu Tuparen zalantza homosexualak, beldur intimoak, obsesioren bat, txakalaldi uneak... "Gudari" mitifikatuaren iruditik harago joateko nahi bat dago hor?

Oso lotuta egon gara gatazkarekin, eta gatazkak asko lotu gaitu: tabu asko sortu dugu, ondorioz. Gudari bat horrela irudikatzea, besteak beste. Pertsona guztiok dauzkagu zalantzak, sexu desioak, asperdura edo depresio uneak. Alde horretatik, nire pertsonaian sartzeko ahalegina egin dut.

Preso arruntek presentzia handia dute.

Presoetako batzuek denbora asko pasa dute isolatuta, eta horietariko batzuek urtetan oso harreman gutxi izan dute gainerako kideekin. Kontatu dizkidate arrunten inguruko gertaerak edo haiekin izandako harremanak. Bada presoen arteko elkartasun bat jatorrien edo izaeraren gainetik, ez denen artean baina bai batzuen artean. Interesa pizten dit preso politiko eta sozialen arteko harremanak.

Nazio gatazkari eta estrategia armatuari lotuz, garaian garaiko ildo ofizialarekiko zalantzak eta desadostasunak jartzen dituzu Tuparen gogoetetan, batzuk, esango nuke, ausartak.

Pentsatu nuen: adin horretako pertsona bat, ni baino pixka bat zaharragoa… zer pentsa lezake? Nik uste dut adinarekin perspektiba jakin bat hartzen duzula, ziurrenik gazteagoa zarenean izatea zailagoa dena. Euskal Herriko gatazkan idatzi gabeko lege bat egon da, nolabait zioena datorren belaunaldiari borroka egiten utzi behar zaiola, horrela nahi badu. Esango nuke pertsona askoren bizitzan, denbora pasatu eta gatazkaren eta biolentziaren espirala etengabe jiratzen doala ikustean, kezka sortzen dela: nora garamatza espiral honek? Eta hori, duzun buruaren eta bihotzaren arabera, badator lehenago, beranduago, edo ez dator.
Borroka armatua amaitzean, konturatu ginen gatazkaren ondorioa izan zela negoziatu gabeko zerbait. Baina borroka hori zerbait negoziatzeko abiatu zen. Beraz… [hitz egokien bila geldotzen du jarioa] ez duzu ezer lortu. Nik eraiki nahi nuen hori baino inteligenteagoa den pertsonaia bat. Baina ez ni inteligenteagoa izan naizelako, edo naizelako. Baizik eta denbora pasa delako: ikusi eta gero denok jakintsu. Batzuek Lizarran esan zuten, “hau gelditu behar da”. Beste batzuek Aljerren, polimilien garaian, Txibertan... Ni ez noa esatera haietako bakar bat ere; orain bai, esan dezaket: argi dago bukaera hau ezetz.

“Zuk pertsona bat hiltzen duzu, baina egongo balitz estatua hiltzea, bera hilko zenuke”

Tupa autokritikoa eta maila batean heterodoxoa da, baina autokritika hori ez du egiten boterearen parametroetatik. Iraganeko irakurketa kritiko gehienak ez al dira boterearen marko etiko eta politikoetatik egiten ari?

Bai, bai, argi dago. Niri ez zait gustatzen, eta gainera ez zait zintzoa iruditzen. Tupa borroka armatuaren aurka posizionatzen da Lizarra-Garazi amaitzean, 2001ean. Hortik aurrera bere familia politikoarekin duena fideltasuna da, eta etsaitasuna estatuarekin. Tupak badu bere ekintzen inguruko ardura. Ardura, damua, erruduntasuna, hor gauza asko dago. Ez baitira psikopatak, egin dutena prozesu ideologiko baten ondoren egin dute. Estatuak erabiltzen du gatazka zein gatazka oste hau irabazteko, eta hor guztiarekiko damua inposatu nahi du. Baina estatua eta pertsona bat oso gauza ezberdina dira. Zuk pertsona bat hiltzen duzu, baina egongo balitz estatua hiltzea, bera hilko zenuke. Askok hilko genituzke Estatua eta estatuak. Baina nahi dutena da biktimak, estatua, konstituzioa, denak maila berean eta denarekiko damu bera. Estatuak eta agente gehiagok ere. Beste kontu bat da bi biktima elkartzen direnean, edo biktima bat eta bere biktimarioa. Hori ezberdina da, alde humanotik ere. Batzuek nahi izango dute elkartu, beste batzuek ez. Tupak errespetatzen du hori.

Tuparen hitzak: “Etengabe testu bera ezabatu eta testu bera idatzi, baina geroz eta ulergaitzago. Estatuak bere gisako bihurtu gintian, neurri batean”.

Bai… [pentsakor]. Joseba Sarrionandiaren hainbat hausnarketaren oihartzuna dago liburuan, nik nolabait konpartitzen ditudanak. Gatazka armatuak ia edozer gauza ulertzera eramaten zaitu, logika militar batetik. Baina horrek zenbat urruntzen zaitu zure izatetik eta herriaren gehiengoak sentitzen duenetik? Konplikatua da.

Tupa berriz ere, ziegatik: “Gu hemen geratu gaituk, borroka baten fosil gisa. Beste bandokoen etsai zahar eta gure bandokoen hondar. Albo kalte”.

Nik horrela ikusten dut. Eta ez diot horrekin inori errurik bota nahi, uste dut oso gauza kolektiboa dela eta ezin dela pertsonalizatu. Baina ondorioa izan da borroka kolektibo baten kalteak azkenean ordaintzen dituztela batzuek. Presoak eta iheslariak geratu dira oker kolektibo estrategiko-taktiko baten albo kalte bezala. Ezker abertzalearen familian konpondu gabe geratu den arazoa da, eta konpontzeko itxura handirik ez duena gaur gaurkoz.

Zure adineko gasteiztar batek nobela euskaraz idaztea normaltasunaren seinale da, edo apustu politiko baten ondorio?

Normala ez da. Baina ez Gasteizengatik, baizik eta euskararengatik. Euskarazko liburu batek duen merkatua oso txikia da euskaldungoaren barnean ere. Zenbat euskaldunek kontsumitzen dituzte euskaraz prentsa, literatura edo ikus-entzunezkoak? Zorionez euskararen lurraldea asko zabaldu da, geografikoki eta pertsona tipologian. Batetik, Uxuen eta Gasteizen kokatutako nobela bat euskaraz, esaten duzu, “hara” [barreak]. Gu biontzako nahiko normala da, baina badago euskararen munduan zentro eta periferiaren artean nolabaiteko amildegi bat, eta askotan ez-ikusiak gara. Bestetik, zor bat badut nire ama hizkuntzarekiko. Amatxiri gauza hauek erdaraz entzun dizkiot, erdara da gaur egungo eta aspaldiko hizkuntza Uxuen, eta nahiko nuke egunen batean gaztelaniaz argitaratzea. Baina nahi nuen nobela euskaraz idatzi. Zenbait pertsonak esan didate nik idatzia denez euskaraz irakurtzeko ahalegina egingo dutela. Niri horrek poza eman dit, eta esan diet, “bo, ba aitzakia honekin hasita, gero badira hamaika mila testu oso ederrak direnak” [barreak].

Euskaldun berria zara. Zer da euskara zuretzako?

Oso galdera ona da, batzuek uste baitute oso normala dela euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromiso hori izatea. Eta ez da batere normala. Gasteiztarra bazara, eman arrazoi bat euskalduna eta abertzalea izateko. Gainera “han Euskal Herrian” bizitza guztian deitu gaituztenean “castellano” eta tankerako gauzak. Nire kasuan hautu ideologikoa izan da. Egungo mundu globalizatu honetan, ez bazaizu gustatzen gehiegi kapitalismoa, inperialismoa, matxismoa, heteropatriarkatua eta hitz potolo horiek guztiak [barreak], euskara bada leku bat eroso sentitzekoa. Niretzako lehenik eta behin hori da, Sarrik esan zuen, territorio libre bat. Ez guztiz, noski, ez da Arkadia bat, kaka piloa dago [barreak]. Baina Gasteizen euskara ikasi eta erabiltzea niretzat liberazioa izan zen.

Gasteizen bilakaera soziopolitikoa presente dago liburuan. Entzuna dizut, independentismoaren zentro-periferia harreman horretaz aritzean, bilakaera horrek ikasgai interesgarri asko duela.

Guk izan dugu askatasun bat Euskal Herrian: inork ez digula inoiz begiratu [barreak]. Oso gutxik, Arabari orokorrean eta Gasteizi. Horrek ekarri du babak gure eltzetik atera behar izan ditugula, eta gure saltsarekin. Misiolari batzuk etorri izan dira, baina normalean, Afrikara doazenak bezala, onak badira gehiago egin dute Gasteizko eta Arabako unibertsora alderantziz baino. Beste era batera etorri izan denak, azkenean alde egin du [barreak]. Izan gara euskaldun denaren kontra. Euskaldunen kontra ere zenbaitetan: ez dugu ondo hitz egiten, gure paisaia ez da hain polita, abizen konposatuak... Bestalde, Gasteizen egon da giro alternatibo bat, 80ko hamarkadatik datorrena, agian 1976ko Martxoaren 3ko borroketatik, oso jende anitza eta askotariko familia politikoak batzen jakin izan duena. Ez haserrerik gabe. Euskararena familia horietariko bat izan da eta beste familiak zipriztindu ditu, gainontzekoek euskara eta euskaldunak zipriztindu dituzten modu berean. Ez denak, noski. Baina uste dut badela euskalduna eta gasteiztarra izateko era bat, tasun horiek dauzkana, hibridoagoa, zikinagoa. Zentzu horretan iruditzen zait interesgarria, euskal jendartea urbanoa delako batez ere, eta giro urbanoa dezentez erdalduna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


2025-02-14 | Iker Barandiaran
Nire ama-hizkuntza feminismoa da

Ultra
La Furia
Baga Biga, 2024

---------------------------------------------------------

Cascanteko La Furia-k bosgarren diskoa plazara atera du. Mimoz eta erraietatik, berarentzat funtsezkoak diren osagai horiekin, prestatu du honako pozima, pozoitsua eta aldi berean... [+]


Eklipsea

Dragoiak eguzkia IRENTSI zuenekoa
Aksinja Kermauner
Alberdania, 2024

-------------------------------------------------------

Hamarnaka liburu idatzi ditu Aksinja Kermauner idazle esloveniarrak. Euskaraz plazaratutako lehenengoa dugu hau, Patxi Zubizarretak itzulia eta... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Atzoko filosofoen oraina hausnartuz

Epistemologia, edo ezagutzaren teoria, filosofiaren arlo nagusietako bat da, eta historian zehar garrantzizko eztabaidak izan dira gure ezagutzaren mugen eta oinarrien inguruan. Honen baitan bi korriente indartsu topatzen dira, ezagutzara iristeko bide ezberdinak proposatzen... [+]


Raimundo El Canastero taldearen aurkako epaiketa atzeratu dute, akusazio larriagoak egotzita

Asteazkenean izan behar zuen epaiketa dataz aldatu dute Lizarrako alkateak azken momentuan jarritako helegite baten ondorioz. Orain taldeari "gorrotoa sustatzea" ere egozten zaio eta lau urterainoko kartzela-zigor arriskua dute kideek. 


Despremu deprimituaren ondarea

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]


Arabako musika kolektiboak
Guk geuk, geure erara

Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua,... [+]


Debako liburutegiak “espazio mugatua” duela dio udalak, umeei ordu gehienetan bertan egotea debekatzeko

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]


2025-02-11 | Sustatu
Metak Libgen pirateatu badu, zuk zergatik ez?

AEBetako auzi judizialen batengatik jakin denez, Metak (Facebook-eko jabeak) Libgen sareko liburutegia masiboki pirateatu du BitTorrent protokoloak erabiliz. 81.7 terabyte gutxienez lortu zituzten horrela, beren adimen artifizialeko sistemak elikatzeko. Saiakera eta zientzia... [+]


Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


Eguneraketa berriak daude