Klima nahasmendu giro bortitz batean lortu zuen lehen ministroaren aulkia Scott Morrisonek, argiki klima aldaketa gezurtatzen aritutakoak, iazko maiatzaren 19an. Kolapsologiatik –hau da, hondamendiaren ikerketaren esparrutik– begiratu diogu Australiari, paradoxa nagusi hori ulertzeko xedez. Bozketak pasa eta hilabete gutxira piztu ziren berriz ere ezin kontrolatuzko suteak. Ke artean, klima aldaketaren kontrako neurriak exijitzen dabiltza hamar milaka australiar.
Scott Morrison liberal-kontserbatzaileak berak aitortu zuen, Australiako lehen ministroaren aulkia irabazi zuela jakin orduko: “Beti sinetsi izan dut mirakuluetan”. Ezustekoa gertatu zen, Bill Shorten laborista –ulertu trantsizio ekologikoaren aldekoa, klima nahasmenduaren gaia lehen lerroan egon zelako kanpainan zehar– aurreikusia zelako irabazle. Klima-eszeptiko bati, hau da, klima aldaketa gezurtatzen dabilen bati eman zitzaion kargua iazko maiatzaren 19 hartan, krisi klimatikoa bete-betean pairatzen duen herri hartan. Hauteskundeen aitzineko hilabeteetan ere intentsitate handiko uholdeak pairatu behar izan zituzten australiarrek, baita sekulan ikusitako garai beroenak ere, itzaletan 50 graduko tenperaturari aurre eginez.
Klima aldaketaren ondorio latz eta bortitzak pairatzen dituenak nola bozkatu dezake etengabean klima aldaketa ukatzen dabilen klima-eszeptiko baten alde? Okerrago, nolaz ez dio botoa emanen berandu baino lehen krisi ekologikotik ateratzeko neurriak proposatzen dituen hautagaiari? Hori ulertzeko bidean, Australiari kolapsologiatik begiratzea interesgarria da,–baldin eta apokalipsi giroari interesgarria adjektiboa jartzen ahal bazaio...–. Kolapsologia edo hondamendiaren ikerketa, Pablo Servigne eta Raphael Stevens ikerlari independenteek 2015ean argitaratu “Nola dena lehertu daitekeen. Kolapsologiari buruzko eskuliburu txikia, gaur eguneko belaunaldiei zuzendutakoa” (Comment tout peut s’effondrer. Petit manuel de collapsologie à l’usage des générations présentes) liburuaren bidez zabalduriko nozioa. Kolapsologia XXI. mendeko hitza izanen dela erratea ez da sobera arriskatzea. Argiki dio Servignek fatalismoa ez dela bidea: “Ez dugu irakurketa pesimista, zerumuga hestean dugu arrisku handiena, dena galdurik daukagula pentsatzea izugarri toxikoa litzateke. Beti, baita gerra garaietan ere, dago itxaropen-izpi bat”.
Elkar-laguntzean eta bizidunak bere baitan daukan elkartasunean dauka esperantza: “Ingurunea geroz eta kontrakoagoa eta zailagoa izan, orduan geroz eta gehiago elkarlaguntzan daude organismoak. Gure jendarte super lehiakorretan iruditzen zaigu eskasia bat izanez gero elkar joka hasiko garela. Alde batetik egia da, baina hori garaturiko kultura indibidualistak eraginda dugu. Jendarte industrial oso aberatsak izaki eta oparotasunean bizi izaki, ukan dezakegu ondokoari “zure laguntzarik ez dut behar” errateko luxua. Baina berez, giro neketsu batean, leherturiko giro batean, elkar lagunduko gara, –bizi ala hileko kontua delako–”. Ideia horri ondokoa gehitzen dio: ez direla baitezpada katastrofeak zailenak izango, baizik eta gure kultura indibidualistarekin katastrofe horiei aurre egitea. Suteen artetik ideia hori baieztatzen dabiltza australiarrak: gehienak bolontarioak diren suhiltzaileak, klima aldaketaren aurkako manifestazioetan batu milaka eta milaka lagunak eta une oro, auzoen artean –bizidun humano ala abere– bideratu elkar zaintza eta babesean. Baina, zazpi hilabete lehenago oparotasunaren sentimentuak bideraturik, klima-eszeptiko baten alde bozkatu zuten orain elkartasuna bideratzen dabiltzan milaka eta milaka hautesleek.
Ikatz mehategietako lobbyek –lehen lerroan Clive Palmer oligarka– eta mainstream komunikabideek horretara bideratu zituzten hautesleak. Azken bi horiek gabe, ez da errana ezuste hau gertatuko zenik. Palmerrek sortu zuen 2013an UAP Australiako Alderdi Bateratua eta komunikabideetan leku handia eduki zuen kanpaina guztian zehar, komunikaziorako aurrekontua bi alderdi nagusien aurrekontuaren batuketa baino handiagoa zuela. Laboralistak zikintzen aritu zen gehienbat eta hauteskundeak bukaturik, Australiako ikatz mehategi handiena bideratuko zuela jakinarazi zuen. Munduko ikatz esportazioen herena Australiak du bideratzen, 2016an bere energiaren %73 ikatzetik ekoitzitakoa zuen eta karbono dioxidoen igortzea %46,7 emendatu zaio 1990 urteaz geroztik.
88 urteko Rupert Murdoch miliardunak bideraturik, hondamendi klimatikoa ia gai tabua dute eta aipatzerakoan gezurtatzeko izan ohi da. Komunikabideen arloko News corporation-en akziodun nagusia izanez eta eskura dituen beste filialei esker, Australiako komunikabideen %90 kontrolatzen du. Horrela bakarrik daiteke klima-eszeptiko bat boterera heldu, sute eta uholdeek kontrolatzen duten testuinguruan.
Ikustekoa egun hauetan dagoen elkartasunak zer ekarriko duen bihar. Interes handiarekin begiratzen dio Servignek:“Iritzi publikoan aldaketa azkar, masibo eta beharbada ezin itzulizko bat badela dirudi, normalitatearen eta ‘politika berak mantenduz lortuko dugu’ irudimenaren eta ‘dena dela, katastrofeak ez dira bihar goizeko, denbora dago’ ustearen erortzeak dauzkagu”. Suteen alde on bakarra, baina beharrezkoa. “Iraultza” bat espero du australiarren partetik, hau da ekonomia, politika zein ekologia mailan “aldaketa erradikalak”. “Ez bada horrela gertatzen, garai hori gainbehera izendatzeko duda gutxiago ukanen dute etorkizuneko historialariek”.
Elkartasunaren giroa ezinbestekoa dauka Pierre Gilbertek ere Le vent se lève-n idatzitako “Paradoxa australiarra: infernu klimatikoa eta buruzagi klima -eszeptikoak” (Le paradoxe australien : enfer climatique et dirigeant climatosceptique) analisian. Gainbehera giroak “klase apalago batera jeisteko beldurra areagotu” eta “ukapen mekanismoak azkartu” egiten dituela dio, batez ere jendarte indibidualizatuetan eta Estatu sozialik gabekoetan. Hots, Australia bezalako herrietan. Ideia bera agertzen da Thomas Frankek 2008an publikatu “Zergatik pobreek eskuin bozkatzen dute: kontserbadoreek AEBen bihotza nola irabazi duten” (Pourquoi les pauvres votent à droite: comment les conservateurs ont gagné le coeur des Etats-Unis). Hori dela eta, ondoko konklusioarekin bukatzen du: “Klimaren erronka altxatzeko bidean mentalki prest izateko, herri batek ezinbestekoak ditu elkartasun mekanismoak eskura ukatea eta gorabeherek sortu beldurraz emantzipatua izatea”. Gaurtik gurera ekarri beharko genituzke Australiako irakaspenak, australiarren ozono geruza bera dugulako euskaldunok ere. Gainbeherak ez duelako mugarik. Klimaren gaiak ditu geroz eta gehiago hautagaien arteko aldeak argituko. Hautua egiterakoan gogoan izan beharko ditugu kolapsologian dihardutenen irakaspenak.
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen.
Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.
Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]