Baionatik kilometro batzuetara, Tarnosen sortu dute Baudonne Baserria, kartzela zigor luzea pairatzen ari diren emakumeentzat. Baratzegintza ekologikoa zentroan jarriz, presoen kaleratzea eta ongizatea lantzea izango du xede gunearen ardura duen Emmaus elkarteak. Sei hilabete eta bi urte artean pasatzen ahalko dituzte bertan, presondegiak lapurtu duintasuna eta autonomia berreskuratzeko helburuz. Apirilean etorriko dira lehen presoak.
Grabagailua pizteko astirik eman gabe hasi da hizketan Gabi Mouesca. Doi-doi motxila pausatzeko denbora ukan eta jada hor gara, Baudonne deitu eremuan, ibilki: “Hor izango dira logelak, indibidualak, bakoitzean izanen dituzte dutxa eta komunak, hor izanen da leku kolektiboa, hor izanen da jantokia, langileek, laguntzaileek eta presoek elkarrekin janen dugun gunea, hor izanen dira hiru apartamenduak, behar orduan amak umeekin egoteko gisan, hor izanen da baratzea”. Guneak ukanen du berebiziko garrantzia helburuak betetzeko bidean. Kartzela zigor luzea pairatzen ari diren emakumeentzako bizitoki bat izanen da Baudonne, espetxealdiko azken hilabeteak bertan pasako dituztela. Autonomia eta duintasuna berriz ere eskuratzeko eta kaleratzea prestatzeko gunea izanen da. Apirilean etorriko dira lehen zazpi emakumeak. Datorren urtetik aitzina hamar leku izanen dira.
Azken urteetan proiektua marrazten eta gorpuzten aritu den Mouescarekin bildu gara. Biharko jantokia baina oraingoz bi ordenagailu, 2020 egutegi bat eta ezer gutxi gehiago duen anarteko bulegora itzuli gara. Aurkezpenarekin segitzen duela, hitzen jarioa moztu diot, hark erabilitako hitzak hark erabili bezala erabiltzeko garrantziaz ohartarazi eta grabagailua pizteko denbora galdetuz. “Ikusten dituzu paretan dauden hiru potreta horiek? Badakizu nor diren? Pierre abadea, hori ezagutzen dukezu, eta ondoan Georges Legay eta Lucie Coutaz, hiruak dira Emmausen sortzaileak. Emmausen DNAn preso bat daukagu, Georges famatu hori, 20 urte preso pasatakoa. Nik diot Frantziako kartzeletan diren 71.000 pertsonen artean 71.000 Georges potentzial ditugula: haien bizian eta komunitatearen bizian eragile izateko gomita egiten badiezu, gehiengoak bale, egin dezagun erantzungo dizu. Gomita hori luzatu nahi dugu baserri horrekin, Pierre abadeak egin zuen gisara”.
Aurten 70 urte beteko dituen Emmaus egituraren esku izanen da Baudonne Baserria. Gisa horretako beste bi baserri daude Frantziako Estatuan, biak Emmausek kudeaturik eta hau da hirugarrena baina emakumeentzako lehena. Mouesca da gune horretako zuzendaria, postu hori betetzeko beharrezkoa izanen duen enpatiarekin, hark ere pasa zituelako 17 urte preso, IK-ko militante gisa, 1984tik 2001era. “Preso askok –eta nik barne–kartzela urteetan osatu oskola aipatzen dute bergizarteratzeaz hitz egiterakoan eta berreraikitzeko bidean landu nahi dutenari buruz hitzak jartzea eskatzen zaiean. Bortizkeriaz eta mehatxuz osatutakoa da kartzela eta heriotzera garaman atmosfera horretan norberak bere burua babesteko eraiki behar izaten du oskola hori. Askatua zarenean, hilabeteak, urteak, hamarkadak behar dituzu hori desegiteko, eta batzuk inoiz ez dute lortzen”.
Baudonne Baserria du izena Baionatik kilometro batzutara Tarnosen dagoen proiektuak. Oinarrian baratze bat delako. Hiru hektarea lur, barazkiak ekoizteko modu ekologikoan. “Lur oso ona, Biharko Lurraren Elkarteak erran digunaz. Ehun urteren buruan ere oso ona izaten segituko duena”, dio poz-pozik Mouescak. Presoak izanen dira baratzezain, astean 26 orduko lan kontratupean, soldatapean.
Goizak pasako dituzte baratzean, arratsaldeak bestelako kontuei bideratzeko: artea, kultura zein kaleratzea eta berrosatzea lantzeko prozesua
Bergizarteratzeko eta norberak bere burua osatzeko prozesuan baratzegintzak ukan dezakeen gainbalioa handia da. Landatu, hazi, zaindu, bildu, prozesua errepikatzeko haziak errekuperatu, guztia elikatzeko, norberak bere burua ala ondokoa. Horrek dakarren autoestimua ez da ttikia. Nahi duenak baratzegintzan formatzeko aukera ukanen du, Hazparneko eta Oyereluyko ikastetxeekin elkarlanean. Goizak pasako dituzte baratzean, arratsaldeak bestelako kontuei bideratzeko: artea, kultura zein kaleratzea eta berrosatzea lantzeko prozesua, adibidez.
Zigor bukaera bertan egiteko eskaera luzatzen ahalko du nahi duenak. Presoak eskaera gutuna bidaliko du Baudonnera –zuzenki edo gizarteratzeaz eta probazioaz arduratzen den kartzelako kontseilaritik pasaz–. Gutuna errezibiturik, presoaren ezagutzera eta proiektua zehazki azaltzera joanen dira Mouesca edota Maude izeneko hezitzailea. Elkar ezagutza bi aldeentzat ongi pasa bada eta proiektuaz interesaturik segitzen badu, 48 orduko irteera baimena eskatuko dio presoak zigorren aplikazioaz arduratzen den kartzelako epaileari. Baserrian pasako ditu bi egun, baratzegintza, gunea, taldea, zein testuinguru orokorra deskubritzen. Guzti hori eta gero, bertaratzeko xedearekin segitzen badu eta Baudonne Baserrikoek ere begi onez ikusten badute bere etorrera, orduan baimen berezia eskatu beharko dio zigorren gauzapenaz arduratzen den kartzelako epaileari. Sei hilabetetik bi urtera arteko denboraldia pasatzen ahalko du bertan presoak. “Sei hilabete baino guttiago izatea errefusatu genuen, sei hilabeteko epea gutxiengoa delako pertsona baten geroa prestatu ahal izateko, hori baino denboraldi laburragoan ezin dugu, ez dugu mago ziririk”.
Preso estatusa ukaten segituko dute. Hori horrela, Baudonne zenbatetaraino presondegi izango den galdetu diot. Makila eskuan, kepia buru gainean, bere burua presondegiko zuzendari gisa deskribatu du ozen-ozen, irriz, horrelakorik ezin irudikatua zaiolako. “Bizileku bat izango da, gogoa ukateko gogoa berriro emanen diegu kartzelak desegituratutakoei. Honera etorriz hori da aurkituko dutena: konfiantza. Esperientziaz badakit fidagaiztasuna dela kartzelako hitza. Konfiantzarik gabe lurbeltz hil bat daukagu. Konfiantzan oinarrituko den bizileku bat topatuko dute hemen. Baina konfiantzak ez du kontrola trabatzen, barne-arautegi bat irakurriko, ulertuko eta izenpetuko dute heltzerakoan. Zigorraren Aplikaziorako epailearen eta bergizarteratzeaz eta probazioaz arduratuko den aholkulariaren manuak ere hor izango dira”. Ondoko galdera bati erantzundakoa izan zitekeen galdera horrentzako erantzuna ere: “Abolizionista naiz. Kartzelen bukaera mende honetan etorriko da baina nik ez dut ezagutuko. Haatik, bizitasuna xurgatzen dizun ziegako atmosferan izan ordez, baratze batean, sorkuntzan zein ametsetan izateko aukera eskaintzea ez da gutti. Hemen pasako dituzte hilabeteak. Behintzat denbora hori ez dute pasatua izango desegituratze eta desozializazio denboraldian”.
Apirilean jinen dira lehen emakumeak baserrira. Taldeak gogotsu hartuko ditu: Mouescak berak, laguntzaileek, Genepi elkartean aspaldidanik militante den Maude hezitzaileak eta baratzezaina izateaz gain ergonomista ere den Alexandrek. “Kartzelak akitu dituen gorputzak izaki, gorputzak eta mugimenduak ezagutzen eta zaintzen dituen baratzezain batekin ongi gaude. Garrantzitsua da hori ere”.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]
Irungo Landetxa auzoko pala txapelketa mistoan, hogei bikotetik bakarra da emakumeek osatua, 40 lagunetik bi baino ez dira emakumeak: Idoia Karrera eta Loiola Zuazu. Lehiaz, txapelketa misto eta ez mistoen arteko aldeez eta joko-mailaz mintzatu gara haiekin. "Emakumeok... [+]
Azken bi hamarkadetan indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri du mugimendu feministaren borrokak, besteak beste, eta bikote arteko indarkeria edo “familia arazo” gisa deskribatzen zenak, eremu publikora eta kalera egin du salto. Indarkeria matxistaren... [+]
Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]
Bazterkeria egoeran dauden pertsonen elikadura beharrei erantzuteko, Paris 365 jantoki solidarioa martxan jarri zuten Iruñean, 2009an. Ordutik, euro baten truke egunero hiru otordu bero ematen dituzte. Urtarrilaren 27an iragarri zuten aurrez aurreko afariak emateari... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]