Gaztelugatxe, Bizkaiko kostaldeko harribitxia, modan dago. Behar baino gehiago. Game of Thrones telesailaren eszena batzuk han filmatu zirenetik, ohiko bihurtu dira bisitari-ilara luzeak, uhartera igotzeko eskaileretan pilatzen diren jende-multzoak… eta autoa uzteko arazoak. Kaosa ordenatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako neurrien artean beste aparkaleku bat egiteko asmoa dago, eta berehala sortu da proiektuari ezetz esateko mugimendua. Honezkero 100.000 lagunek sinatu dute Aldundiak egitasmoa bertan behera utz dezala eskatzeko SOS Gaztelugatxe herritar plataformak egindako eskaria, inguruari egingo zaion kaltea dela-eta. Baina eztabaida sakonagoa da, turismoa modu jasangarrian kudeatzeko modu egokia baitu ardatz. Sinpleki esateko: zenbat jende har dezake Gaztelugatxek, ingurua guztiz hondatu gabe?
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Amaitu berri den hamarkadako uneren batean, AEBetako HBO ekoiztetxeko norbaiti otu zitzaion euskal itsasertzean dagoen Gaztelugatxe izeneko txoko bat, Bakio eta Bermeo artekoa, primerako kokalekua izango zela Game of Thrones telesail entzutetsuaren hainbat pasarte filmatzeko. 2016ko udazkenean, hainbat egunez, Bizkaiko uhartetxo hori eta haren ingurua bereganatu zituzten kamerek, aktoreek eta halakoetan izan ohi den bestelako parafernaliak, eta Gaztelugatxeren ospea biderkatu eta mundu osora zabaldu zen, are gehiago han grabatutako pasarteak 2017an estreinatu eta gero.
Ondoren gertatutakoa ez da hain erromantikoa. EAEko zenbait erakundek (Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak…) urte batzuk zeramatzaten Gaztelugatxera turistak erakartzeko sustapen-lana egiten, eta Game of Thrones-en filmaketak egundoko bultzada eman zion asmo horri, baina kontuak gainezka egin zuen. Orain, uharte txikia eta haren gainaldeko ermita Bizkaiko bigarren gune bisitatuena dira, Bilboko Guggenheim museoaren ostean, eta agerian geratu da ingurua ez dagoela behar bezala prestatuta bat-bateko ospeak eragin duen bisitari-olde izugarria hartzeko.
Datu batzuk: Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, 2019ko udan 384.583 lagunek egin zuten bisita Gaztelugatxera; aurreko urteko denbora-tarte berarekiko igoera %15ekoa izan zen. Alde handiz, bisitari gehien iritsitako hilabetea abuztua izan zen: 154.794. Eta egun bakar batean, abuztuaren 15ean, 6.434 pertsona pilatu ziren uhartera jaisten den bidean eta Donieneren omenezko ermitara igotzeko 241 eskaileretan. Ez dugu “pilatu” berba alferrik erabili: oso adierazgarriak dira han-hemenka zabaldu diren zenbait irudi -ez egun horretakoak bakarrik, noski-, turismoa erakartzeko liburuxketan erakusten ez direnak, Gaztelugatxeko bazterretan jendea ozta-ozta kabitzen den momentuetan hartuak.
Auto dema
Kaosa gorago ere igartzen da, Gaztelugatxera iristeko errepidean. Bisitari gehienak auto pribatuan joaten dira, eta aparkatzeko lekua aurkitzea ez da erraza. Egun jendetsuenetan, auto asko egoten dira lekuz kanpo utzita, errepide bazterrean, segurtasuna kolokan jarriz. Zerbait egin beharra zegoen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak hartu du ekimena. Testuinguru horretan, joan den azaroaren 25ean neurri-sorta bat (horietako batzuk gauzatuta daude honezkero) iragarri zuten Elena Unzuetak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, eta Imanol Pradalesek, erakunde berean Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren ardura duenak. Adierazi zutenez, Aldundiak 2,7 milioi euro gastatuko ditu 2024ra bitartean “Gaztelugatxeko bisitak eta sarrerak antolatu eta hobetzeko”.
Pradalesek eta Unzuetak Aldundiaren asmoak prentsaren aurrean azaldu orduko, aste batzuk zeramatzan lanean SOS Gaztelugatxe plataformak. Helburu zehatz bat lortzeko eratu zen taldea: Diputazioak Urizarreta izeneko gunean eraiki nahi duen 51 tokiko aparkalekuaren egitasmoa geldiaraztea. “Urriaren erdian sortu genuen plataforma, proiektua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster”, diote Gorka Lopategi eta Ana Urrutia SOS Gaztelugatxeko kideek, “eta beste ezer baino lehen sinadurak biltzen hasi ginen change.org webgunearen bitartez, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiari aparkalekua eraikitzeari uko egin eta Gaztelugatxera heltzeko bestelako mugikortasun-ereduak proposatu daitezela eskatzeko”. Berba hauek idazteko unean, euren aldarrikapenaren aldeko 100.000 izenpe lortu dituzte dagoeneko.
“Lan luze eta konplexua”
Azaroan egindako aurkezpenean, ideia bat azpimarratu zuen Elena Unzueta Iraunkortasun diputatuak: “Ez gabiltza udako hilabeteetarako milaka aparkaleku egiten, ahalik eta gutxien egingo ditugu”. Gaztelugatxera milaka bisitari ailegatzeak “ematen duen aukera” aprobetxatzeaz jardun zuen Unzuetak, baina “ingurunearekiko eta bertoko bisitariekiko errespetuz”. Egingo diren aparkalekuak erabiltzeko lehentasuna, etorkizun hurbilean, autobusek izango dutela gehitu zuen, “gure asmoa delako garraiobide publikoa nagusi izatea, baina trantsizio hori ez da goizetik gauera egiten”. Ildo beretik, Imanol Pradales Azpiegitura diputatuak adierazi zuen Urizarretako aparkaleku berria egindakoan, inguruan dagoen beste aparkaleku txikiago bat, 30 autorentzako tokia duena, autobusentzat eta bizikletentzat gordeko dutela.
SOS Gaztelugatxeren ustez, ordea, Aldundiak hartutako bidea ez da eremua babesteko egokiena. Aparkaleku berriak toki gutxi eduki arren –gogoan izan beharra dago bertatik bertara dagoen jatetxearen aparkaleku pribatuan 370 auto sar daitezkeela-, hura eraikitzeak oso inpaktu kaltegarria izango duela diote plataformako kideek. “Oso malda handiko lekuan egin nahi dute”, azaldu du Ana Urrutiak, “eta lan luze eta konplexua da”. Garestia ere bai, gaineratu dutenez: 920.000 euro inguru. “Aparkatzeko leku bakoitzak 20.000 euro inguruko kostua izango du altxor publikoaren kontura”, irakur daiteke SOS Gaztelugatxek banatzen dituen informazio-orrietan, “astakeria galanta!”.
“Aparkalekua egin nahi duten ingurua hain da malkartsua, magalean sekulako hondeatze-lana egin beharko baitute, eta ondoren 9.500 metro kubo harriz bete”, jarraitu du Urrutiak; “Eremua ez-egonkorra denez hamabost metroko altuera duen harresia egin beharko dute, eusteko, eta horren inpaktua egundokoa izango da paisaian, bospasei solairuko eraikina ipintzearena bezalakoa”. SOS Gaztelugatxeko kideek argi utzi nahi dute ez daudela turismoaren aurka, “baina bestelako turismoa behar dugu, berdeagoa, jasangarriagoa, ingurua are gehiago ez degradatzeko”.
Biodibertsitateari mehatxua
Gaztelugatxeren ingurumen-balioa ez dago paisaiari lotuta bakarrik: naturaren kontserbazioa helburu duten hainbat figurak bat egiten dute han. “Bere oparotasun naturala, paisaia-aberastasuna eta hauskortasuna direla eta, Gaztelugatxe biotopo babestua izendatu zuten 1998an”, azaltzen du Bizkaiko Foru Aldundiaren webguneak. Testu osoa berehala aurkituko du ahalegintxoa egiteko prest dagoenak: webgunearen orri nagusian bertan ageri da Gaztelugatxeri buruzko informazioa lortzeko esteka, 2020rako aurrekontuen eta lan publikoa lortzeko eskaintzen maila berean, esate baterako; turismo-kontuetan Bizkaiko agintarien begietako ninia zein den zalantzarik bazegoen…
Baina itzul gaitezen biotopora. Games of Thrones-en efektu digitalek bertako zerua herensugez bete baino hiru urte lehenago, 2013an, biodibertsitatearen babeserako Natura 2000 Sarean sartu zuten Gaztelugatxe, eta honenbestez inguruak sare horren barruko figura biak ditu: kontserbazio bereziko eremua (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremua (BBE).
Argudio-dema
“Aldundiak sarritan errepikatzen duen aparkalekuaren aldeko argudio bat da lanak biotopotik kanpo egingo direla”, diote Ana Urrutiak eta Gorka Lopategik. Haien iritziz, baina, sen onak argi erakusten du argudio hori baliogabea dela: “Ez da biotopoa, baina oso-oso hurbil dago, nola ez du eragingo?”. Bakioko Udalak, orain dela aste gutxi proiektuari aurkeztu zizkion alegazioetan, zehatz adierazi zituen distantziak: Urizarretan egin nahi duten aparkalekua 190 metrora dago Gaztelugatxeko BBEren mugatik, eta 370era KBErenetik. “Babestutako Eremuen barruan egon ez arren, [obra egingo den] eremuak balio handia du paisaiaren beste unitate batzuekiko lotura gisa”, dio Udalak bere alegazioetan.
Eremu horietatik hain hurbil tamaina horretako eraikuntza-lan bat egiteak (urtebete inguru iraungo duela aurreikusi da, 2020ko azken hiruhilekoan hasita) ingurko espezieentzat hainbat inpaktu izango dituela argudiatu du Bakioko Udalak. Besteak beste, arriskuan dauden bisoi europarraren eta belatz handiaren habitaten kalitatea eskastea, eta pinuekin batera bizi diren zenbait zuhaitz autoktonoren zabalkundea gelditzea.
Azaroan egindako agerpenean, Imanol Pradales diputatuak azpimarratu zuen aparlakekua egiteko erabiliko den lursaila dagoeneko artifizialduta dagoela, 2009an Bakio eta Bermeo arteko saihesbidea eraiki zenean horra bota zituztelako errepide- hondakinak. “Aldundiak erabili ohi duen beste argudioetako bat da”, dio Ana Urrutiak, “eta ez da egia, azken urteetan basoa berreskuratu baita, bertoko zuhaitzak landatuz”. Oro har, aparkalekuaren proiektua inguruan eragingo duen inpaktua behar bezala neurtu gabe eta haren beharra justifikatu gabe planteatu dela salatzen du SOS Gaztelugatxek.
Aldundiaren eskumena auzitan
Bakioko Udalak Urizarretako aparkalekuaren proiektuari aurkeztu dion alegazio-zerrenda luzean, lehenenbizikoek izaera juridikoa dute, eta funtsean, ezbaian jartzen dute Bizkaiko Aldundiak horrelako egitasmo bat abiarazteko eskuduntza izatea. Udalak emandako argudioen arabera, aparkalekua, egitekotan, udal-errepide bati lotuta egongo da, eta ondorioz Bakioko araudiari men egin beharko lioke proiektuak. Araudi horrek, bide batez esateko, debekatu egiten du inguru horretan aparkaleku bat eraikitzea.
Aldundia ez dago ados, eta Imanol Pradales diputatuaren ahotik adierazi du parkinga egitea aurreikusita dagoen eremuaren titularitatea foru-erakundeari dagokiola, “garai batean Bakio-Bermeo saihesbideko soberakin-materialak botatzeko erabili zelako”.
Bakioko Udalaren alegazioek, aldiz, hori hala denik ukatzen dute: “Orain aurreikusitako jarduketa guztiz bestelakoa da, duela hamar urte eraikitako BI-3101 errepidearekin zerikusirik ez duena”. Testuan, Aldundiari aurpegiratzen diote obra biak elkarrekin lotu nahi izatea, Urizarretako aparkalekuarena justifikatzeko.
Zein da Gaztelugatxera joateko bide zuzenena?
Arestian esan dugunez, Gaztelugatxera heltzeko “bestelako mugikortasun-ereduak” sustatu gura ditu plataformak. “Bisitari asko etortzen diren egunetan 200 auto inguru egoten dira bide bazterrean modu irregularrean aparkatuta”, diote, “zer konponduko du 51 tokiko aparkalekuak?”. Haien ustez, turistei irakatsi egin beharko litzaieke onena autoa urrun uztea dela, herrian, “eta jakinarazi oinez edo bizikletaz joateko bide zoragarriak ditugula”.
Horrekin batera, bai Bermeo eta Bakio elkarrekin lotzeko bai bietatik Gaztelugatxera joateko autobus-zerbitzu egokia eskatzen dute (distantzia lau kilometrokoa da Bakiotik, eta bikoa Bermeotik). “Game of Thrones izan da dena hankaz gora jarri duena, baina horren aurretik ere hamar urte generaman bisitari-kopurua etengabe handitzen, eta oraindik ere, urteko bederatzi hilabetetan –udakoak ez beste denetan-, ez dago asteburuetan autobusik Bakio eta Bermeo artean, eta aste barruan oso gutxi”, kexu da Gorka Lopategi SOS Gaztelugatxeko kidea.
Iragarri dituen neurrien bidez Gaztelugatxera heltzeko garraio publikoa sustatzeko asmoa duela esan du Bizkaiko Foru Aldundiak, baina mezu hori eszeptizismoz hartu dute plataforman dabiltzanek. Besteak beste, Urizarretan aparkalekua egiteak dei-efektua eragingo duela uste dute: “Aparkatzeko leku gehiago egiteak auto gehiago erakarriko ditu, eta horrek arazoa larriagotuko du, konpondu beharrean”.
Jasangarritasunaz eta klima-larrialdiaz zabaltzen dituen mezuekin kontraesanean ibiltzea leporatzen dio Aldundiari SOS Gaztelugatxek. Bereziki nabarmendu nahi dute Urizarretako parking proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko iazko abuztuaren 2an Iraunkortasun Sailak jaulkitako foru-aginduaren pasarte bat. Elena Unzueta diputatuak sinatutako dokumentu horrek, funtsean, adierazten du proiektuak ez duela “eragin garrantzitsurik ingurumenean”, baina honakoa dio SOS Gaztelugatxek gorriz azpimarratuta duen paragrafoak: “(…) aparkaleku-azpiegitura berriak sortzeak, lurzoruan eragin handia ez duen arren, ibilgailu pribatuaren erabilera murrizten ez duen estrategia mantentzen du, horrek dakartzan ingurumen-eragin negatibo orokorrekin”. Denborak erakutsiko du aparkaleku berriari zer nolako erabilera ematen zaion, baina momentuz behintzat SOS Gaztelugatxen daudenek susmoa dute Aldundiak “behartuta edo” agertu duela etorkizunean garraio kolektiboari lehentasuna emateko asmoa.
Gaztelugatxeko Ateak
Bakioko Udalak ere mahai gainean ipini du eztabaida, eta ez hori bakarrik: Gaztelugatxeko sarbideak antolatzeko bestelako modu bat aurkezteko baliatu ditu Foru Aldundiaren aparkaleku-proiektuari egindako alegazioak (izan ere, Badugu Alternatiba goiburua ipini diote alegazioen dokumentuari). “Gaur egun, Bizkaian zehar dauden trafiko-seinaleetan Gaztelugatxe irakurtzen da bertara ailegatu baino askoz lehenagotik, kanpotik datozen bisitariak zuzenean bideratzen dituzte harantz”, dio Amets Jauregizar Bakioko alkateak (EH Bildu), “eta guk uste dugu Gaztelugatxeko bisita Bakio edo Bermeon hasi behar dela”.
Gaztelugatxeko inguruan ezin da aparkatzeko leku-kopurua modu esanguratsuan handitu “kostu ekonomiko eta ingurumen-inpaktu onargarri batekin”, dio Bakioko Udalak bere alegazio-txostenean. “Guneak duen erakargarritasun turistikoa dela eta, edozein gehikuntza txikiagoa izango da, betiere, puntako turismo-sasoietako eskaera baino, udan eta Aste Santuan bereziki”. Horren aurrean, bisitari-kopurua handia den aldietan ibilgailu pribatuak inguruko herrietara bideratzea proposatu du Udalak. Hau da, han, bisita hasteko gune bana sortu beharko litzateke: Gaztelugatxeko Ateak.
Gune horiek ez lirateke aparkaleku huts izango, harrera-gune eta Gaztelugatxera iristeko bestelako bideen abiapuntua baino. Guneari buruzko informazioa emateaz gain, bisitariei gonbidapena egingo litzaieke oinez, bizikletaz edo autobusez joateko haraino. Horretarako, besteak beste, autobus-zerbitzu egokia ezarri beharko litzateke, behar adinako maiztasuna izango lukeena. Bizikletari dagokionez, orografia dela-eta ez da aukerarik onena gaur egun, eta horregatik bide egokiak bilatu eta agian errepidea egokitu beharko liratekeela dio Bakioko Udalak.
Inori ez litzaioke debekatuko bere autoan igotzea Gaztelugatxe ingurura, baina argi utzita autobusez edo oinez joatea aukera hobea dela norberaren ibilgailua erabiltzea baino. Horretarako, noski, benetan izan behar du aukera hobea, eta hori lortzeko aparkalekuetarako tarifa-sistema bat antolatzea proposatzen du Bakioko Udalak.
Badago denentzako lekurik?
Edozein kasutan, Gaztelugatxera doan bisitari-fluxua zeresana duten erakunde denek elkarlanean kudeatu beharko dutela uste du Bakioko alkate Amets Jauregizarrek: “Erabakiak denon artean (Bakioko Udala, Bermeokoa, Aldundia, Eusko Jaurlaritza…) hartzeko mahai bat eratzea eskatzen dugu; eta herritarrek ere paper garrantzitsua izan behar dute hor. Gure proposamenaren helburua ez da Bizkaiko Aldundiarekin konfrontazioa, lankidetza baino”.
Jauregizarren berbetan, erakundeek erabaki garrantzitsu bi hartu behar dituzte Gaztelugatxeko ingurua turismoaren eta mugikortasunaren ikuspuntutik modu egokian kudeatzeko. “Bata, herrietatik doazen autobusak nork kudeatuko dituen; Aldundiak, udalek, denek batera…”. Bigarren erabakia sakonagoa da, arazoaren muina dela ez esateagatik: “Elkarrekin jesarri behar dugu, eta Gaztelugatxeren jasate-ahalmena zein den ezarri”. Hitz lauz esanda: zenbat pertsona har dezake Gaztelugatxek egunero? “Horren arabera pentsatu beharko dugu gero zer azpiegitura eraiki eta zer zerbitzu antolatu, baina ez lehenago”.
Bakioko alkateak azaldu duenez, jasate-ahalmena kontzeptu tekniko bat da, besteak beste parke naturaletara zenbat jende sar daitekeen ezartzeko erabiltzen dena; “Guk proposamena egiten dugu kontzeptu horren gainean maila politikoan eztabaidatzeko”. Iritzi berekoak dira SOS Gaztelugatxe plataformako kideak, baina Bizkaiko Aldundiak bide horretatik nekez joko duela uste dute. “Beldurra diote bisitari-kopurua mugatzeari”, dio Ana Urrutiak, “baina benetan ingurua kontserbatu nahi badugu halaxe egin beharra dago, munduan adibide ugari dago, eta turismoaren ikuspuntutik primeran kudeatutako guneen adibideak dira”.
Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.
Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]
Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.
Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.
Atacamako Desertua Fundazioak eremu horretako geoglifoak suntsitzen ari direla salatu du sare sozialetan; hainbat argazkiren bidez, basamortura 4x4 ibilgailuetan doazen bisitariak eragiten ari diren triskantza erakutsi dute. 1000 eta 1520 urteen artean egindako geoglifo handiak... [+]
EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin taldeek lege egitasmoa adostu dute, Iruñeko Alde Zaharrean etxe turistikoei lizentzia gehiago ez emateko. Akordioak “izaera prebentiboa” duen “hirigintza-aldaketa” du ardatz, hiru helbururen bueltan oinarrituta:... [+]
Kataluniako erkidegoko azken hauteskundeetatik eta Europako Parlamenturako bozen emaitzetatik abiatuta, presio turistiko handiena bizi duten Herrialde Katalanetako herrietan eskuin muturraren botoak nola egin duen gora aztertuko dugu artikulu honetan.
Ordenagailua itxi, txankletak jantzi, eguzki-kremaz laztandu. Nora zoaz oporretan? Oporrak egitea nonbaitera joatea dela normalizatu dugu, deskantsuak distantzia behar duelako, diogu. Eta bidaia egitean, turista bilakatuko gara, izendapen aldaketak deserosotasun bat sortzen... [+]
Donostiako Alde Zaharreko taberna askoren pintxoak alde zaharrean sartzeko baimena duen furgoneta batean datoz zerbitzua ematera. Beste tabernetan, prestatzen duten tortilla patata pintxoa jateko, goizeko furgoneta alde zaharrean sartzen den orduan ilara egin eta txanda hartu... [+]
Etxebizitza turistikoen aurkako kalejira egin dute Zaharraz Harro! jaien barnean, Auzoan Bizi etxebizitza sareak antolatuta. Etxebizitzarekin “negozioa” egiten dituztenak salatu dituzte, bereziki Gustavo Antepara PPko zinegotzia, eta beren atarietan etxebizitza... [+]
"Kaleetatik ezin pasa", hondarribiarrak "masa turistiko honen guztiaren ondorioak pairatzen" ari direla-eta, turista taldeak 25 pertsonara mugatzeko mozioa aurkeztuko du udaleko alkatetza duen Abotsanitz alderdiak: "Azken urteetan agintariek bilatutako... [+]
Donostiako hainbat auzo elkarte eta gizarte mugimenduk osatzen duten Donostia Defendatuz koordinadorak antolatuta, hiri eredu bizigarri baten aldeko manifestazioa egin dute igandean ehunka lagunek. 42 talde sozial eta auzo elkartek egin dute bat deialdiarekin, eta 12:00etan... [+]
Eguneraketa berriak daude
ARGIA.eus - Mastodonen partekatzea
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.