25 urte bete dira Zirrara jazz-inprobisazioen disko bilduma argitaratzen hasi zenetik eta 20 urte, Plaza jazz-inprobisazioen jaialdia sortu zenetik. Bien atzean zegoen Donostiako Jazzle musika eskola. Bi ekimen hauek ezagutu eta ahanzturan ez geratzeko kezkak ekarri gaitu Alberto Lizarralderen etxera.
Nahi baino gehiagotan gertatzen da, interesgarria izan daitekeen proiektua erabat ezezaguna izatea gehienontzat. Behar baino arreta gutxiago jasotzea, alegia. Lizarralderen proiektuek patu hori dutela dirudi.
Alberto Lizarralde euskal kulturak duen ezkutuko altxor horietako bat da. Publikoarentzat ezezaguna, baina bizkarra proiektuz, anekdotaz eta jakintzaz josia. Jazzle musika eskolaren sortzaileetako bat da, eta bertan gitarra eta harmonia irakasle izateaz gain, eskolaren bueltan sortutako proiektu eta saltsa guztien koordinatzailea izan zen 25 urtez. Duela urte gutxi Ikimilikiliklik. J.A. Artzeren unibertsoa bideo-ikuskizun ederraren zuzendaria izan zen, besteak beste.
Zirrara bilduma 4+7
Jazzle eskola 1988an sortu zen Euskal Herrian musika modernoa sustatzeko bokazioarekin. Hasieratik eskola baino zerbait gehiago izan nahi zuen eta urte askotako lanaren eta hausnarketen ondorioz, Zirrara disko bilduma sortzeko ideia etorri zen.
Elkar diskoetxeak ordurako Iñaki Salvadorren jazz diskoren bat kaleratu zuen arren, Euskal Herrian inork ez omen zituen jazz diskoak ekoizten. Ekoiztearen garrantzia azpimarratu du Lizarraldek. “Hemen askotan teknikariak hartzen du ekoizle lana, baina paper ezberdinak dira eta gutxitan ezkontzen dira ondo”. Zirrara proiektuak hori izan zuen berezitasun: artistaren sorkuntzei eskua sartzen zieten, moldaketak egin, eta kontzeptuak proposatu: “Artistaren lana zen, baina guk agintzen genuen”.
Tratu bitxia egiten zuten artistekin: Jazzlek ez zien xentimo bakar bat ordaintzen, baina artistak ere ez zuen ezertxo ere pagatu beharko. Horren truke disko berezi bat sortzeko aukera eskaintzen zieten eta lan egiteko modu berri bat. “Noski, beraienak ziren egile-eskubideak eta kopia fisiko multzo bat”.
Hasieratik, Euskal Herrian egiten ari zenaren soinu mapa izan nahi zuen Zirrarak, eta Lizarralderen hitzetan, batez ere, euskal musikariez osatutakoa: “Ez genuen inoiz jazz diskoetxe izena hartu nahi izan, baizik eta inprobisazioarena”. Laura Esteve margolariak egin zituen artelanak, lehen lau diskoetan ideia bera mantenduz.
Ekoizpenaz Lizarralde bera eta Sorkunde Idigoras –musikaria eta Jazzleko beste sortzaileetako bat–, arduratzen ziren. “Idigorasen papera funtsezkoa izan zen, bai Zirraran, baita Plazan ere. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta berak zerbait esaten bazuen konposizio aldetik, beti baietz esaten nuen nik".
Gonzalo Tejada kontrabaxu jolearen Ziklo1 izan zen lehen diskoa. Artistari proiektu bat aurkezteko eskatzen zioten eta hilabetetan lantzen zuten, “kaseteak postaz bidaliz, telefonoz... gaur egun pentsaezina litzake!”. “Hor denetarik izan genuen. Adibidez, Tejadak bossa nova bat ekarri zuen, diskoa gehiago saldu zedin, edo. Ez zuen inolako zentzurik eta guk ezetz esan genion. Diskoaren salmenta gure erantzukizuna zen eta gure arriskua”.
Bigarren diskoa Angel Unzuren 13 solos zoragarria izan zen. “Denbora luzez aritu ginen Jazzlen Angelen kantak lantzen, estrofak aldatzen, luzatzen, perkusioak gehitzen... prozesu zoragarria izan zen”. Unzu gitarra maisua dela azpimarratu du Lizarraldek, inork ez duela horrenbeste ziurtasunekin jotzen. Hamahiru kantako diskoa egun bakarrean grabatu zuen, bertan dauden perkusio, eta gitarra guztiekin... harrigarria da, estudioan behar izaten den perfekzioa kontuan edukita.
David Xirgu bateria-jolearekin egoera ezberdina izan zen. Xirguk bere lehen diskoa egin nahi zuen eta Jazzleri proposatu zion. Xirgurekin, adibidez, grabaketa saioaren aurretik Donostiako Etxekalten jam sesio bat egin zuten. Lizarralderen arabera “bizitzan ikusitako gauza onenen artean” dago. Musikariek ez zuten elkar ezagutzen eta estudiora joateko irrikan omen zeuden, urduritasun eta kontzentrazio puntu horrekin. Oraindik elkarrekin jotzen jarraitzen dute hirurek.
Kritika oso onak jaso zituzten hiru diskoek. Frantziako Jazz Magazine-raino iritsi ziren adibidez, “oso aldizkari espezializatuak ziren, eta zaila zen beraiengana iristea”.
Etapa aldaketa
Laugarren diskoa, esperientziarik pertsonalena izan zen Lizarralderentzat. Jean-Louis Hargousek proiektu bat aurkeztu zien berak etxean grabatutako CD batekin. Hasiera batean, oso argi ikusten ez bazuten ere, egun batean Kenneth Whiteren geopoetikaz aritu ziren hizketan. Bere liburuen artean euskal baleazaleen poema bat topatu zuten eta horrekin hasi ziren lanean, jazza eta antzinako musika nahasteko proposamenera iritsi ziren arte.
Tratu bitxia egiten zuten artistekin: Jazzlek ez zien ezer ordaintzen, baina artistak ere ez zuen ezertxo ere pagatu beharko. Horren truke disko berezi bat sortzeko aukera eskaintzen zieten eta lan egiteko modu berri bat
Poemetan oinarrituta bidaia bat antolatu zuten, dena idatzita: “Lehen kantan lau saxoak egongo dira eta baterian partxeen tentsioa kenduta, bigarren kantan elkarrizketa bat egongo da bi hauen artean... eta dena horrela”. Estudioaren bezperan ezagutu zuten elkar lehen aldiz musikariek.
Dena grabatu ostean pistak desegin eta muntaia libreago bat egin zen, piezak enkajatuz han eta hemen. Behin diskoaren masterra bukatuta, Whiteri bidali zitzaion kopia bat, baina ez zitzaion gustatu antza denez, eta baimena kendu zuen bere poemak bertan sartzeko. Diskoa errezitaldi gabe kaleratzea beste aukerarik ez zitzaien geratu: “Diru gehien gastatu genuen horrekin, eta gutxien saldu”. Eboluzioa behar zuen proiektuak.
Plazaren sorrera
1999an lehen aldiz egingo zen Plaza jaialdiak bi helburu nagusi bete nahi zituen: batetik, ikuskizun eta proiektu berriak sortzeko jaialdia izan nahi zuen, eta bestetik, bertan egiten zen guzti-guztia kalitate handian grabatzen zen etorkizunean editatzeko aukerarekin. Ideia honi esker kaleratu ahal izan zituzten etorkizuneko lanak.
Hori gertatu zen Joxan Artzeren Oihana Auhenka ikuskizunarekin. Beñat Achiary txori kantuan, Mixel Etxekopar txirulan, Ninh lê Quan vietnamdarra perkusioan eta Jesus Artze txalapartan ari ziren bitartean, José Le Piezek eskuak hezetuta soinua egiten zuten “eskultura ozen” bitxi batzuekin eta denen gainean Joxe Bikondoa eta Alfonso Gorosterazu aizkolariak enborra mozten aritu ziren, “australiar estiloan”, hau da, bost metroko altueran, eta pixka bat emozio gehiago gehitzeko, begiak estalita. Nekez ikus genezake egun, Donostiako Kursaalean, halako ikuskizunik, gainera, beren beregi jaialdirako sortuta.
Irudian grabatu zuten ikuskizuna eta Lizarraldek berak aitortzen du bideoa ikustean irudiaren kalitatea ez zela espero zutena. Erdi penatuta, sofaren gainean etzan zen eskuak begien gainean jarrita. “Orduan hasi nintzen entzuten Artzeren olerkiak, eta Beñaten eta Mixelen txoriak... eta ulertu nuen audioarekin bakarrik egin genezakeela lana”. Idigorasi deitu zion eta berak ere hala sinetsita, Artzeren lan abangoardista berezi hau disko-liburuan kaleratu zuten.
1999tik 2003ra antolatu zen jaialdia Donostian eta hari esker beste zazpi disko kaleratu ziren. Roman Polanskiren pelikuletan oinarritutako The Komeda Project Live, Lluís Vidalen Vermeer, Mixel Etxekopar txirula-jotzaile tradizionala eta Xavier Garcia beat-makerraren topaketa, Mizturaren post rock poematua eta Café de la Plazako inprobisazioen bi bilduma eder.
Inprobisaziorako plaza
Bi bide jorratzen ziren jaialdian: batetik enkarguzko ikuskizunak prestatzen ziren, horretarako bertako artistak Europakoekin lankidetzak egiteko zubiak sortuz, elkarlana egiteko egonaldiak eginez, adibidez. Bestetik, Café de la Plaza inprobisazio ariketa egiten zen.
Ikusleak ez zuen jakiten aldez aurretik nork joko zuen, baina beti zegoen aretoa jendez gainezka. Bertan, inprobisazioan oinarritutako esperimentu edo jolasak izaten ziren. Lizarraldek eta Idigorasek bi edo hiru artista aukeratzen zituzten eta erronka jartzen zieten: hona hemen Itsasoa laino dago kantaren lehen notak, horiek jo eta hortik aurrera nahi duzuena.
“Batzuetan ez ziren ondo ateratzen, noski. Baina une benetan magikoak bizi izan genituen, zorionez grabatuak geratu direnak”. Iva Bittová biolin jolearen kasua dakar gogora: “Bidaia zela eta ez zela, lokartzen ari zen Bittová anderea eta hamar minutu lehenago ez zuen Iain Ballamy saxofoi-jotzailea ezagutu nahi izan. Biak atera ziren eszenatokira bizitzan hitzik gurutzatu gabe, bakoitzak bere instrumentua estutxean zuela. Posizioan jarri orduko hasi zen Bittová kantuan eta biolinean, eta Iain atzetik saxoarekin. Hamabost minutu inguru izan ziren, baina ez nuen sekula amaitzea nahi... Iain atera zenean txundituta zegoen, eta xuxurlatu zidan, sorgin bat zela, sorginduta utzi zuela...”.
Euskal eszenako izen garrantzitsu hainbatek ere bere lekua egin zuten Plazari esker. Mizturaz gain, Lisabö eta Maite Arrotajauregi, Ruper Ordorika, Beñat Achiary, Mixel Etxekopar, Maddi Oihenart eta Jabier Muguruza, esaterako.
Plaza txikiegia, handiekin aritzeko
Hiru urtetan ikuskizun andana antolatu zituen Plazak, ez soilik musikarekin lotuak. Antzerki, performance eta abarrak ere jaialdiaren parte ziren eta askotan apurtzaile(egia) izateagatik polemika eragin zuten.
Nola eta zergatik bukatu zen galdetuta, erantzuna argia izan da: “Ba, gauza guztiak bukatzen diren bezala, bat-batean eta arrazoi askorengatik”. Gaixotasun bat medio, 2004ko edizioa antolatzeko indarrik ez zutela ikusita, jaialdia etetea erabaki zuten.
Ordurako alderdi eta erakunde askoren babesa izan zuten –“kolore guztietakoak” dio Lizarraldek harriduraz–, baina sentitzen zuten ez zutela guztiz enkajatzen hiriko eta inguruko jaialdi handien estiloan. “Galak, aurkezpenak, jendaurrean aritzea... beharrezkoa bai, baina guretzat hori amorrazio izugarria zen!”.
1999an lehen aldiz egin zen Plaza jaialdiak bi helburu zituen: ikuskizun eta proiektu berriak sortzeko jaialdia izatea eta bertan egiten zen guzti-guztia kalitate handian grabatzea
Handiek nola tratatzen zituzten ere oroitzen du: “Sorkunde Idigoras Zirrarako lehen lau diskoekin joan zen jaialdi batera, eta bertako zuzendariak lau diskoak hartu eta New Yorketik etorri berri ziren 20 bat disko bildumen azpian jarri zituen. ‘Hauek bukatzerakoan entzungo dut zuena’, esan zion, harroputz. Emakumea zelako horrelakoak jasan behar zituen”.
Beste jaialdi batean, aurkeztutakoa euskal musika ez zela leporatu zioten. Musikariak euskaldunak zirela esatean “[Gorka] Benítez, [Daniel] Pérez... abizen horiek ez dira oso euskaldunak”. Lizarralderen ustez “lehiakortasun handia zegoen jaialdien artean eta Plazaren lekua ez zegoenez batere definitua jende guztiak ikusten gintuen konpetentzia bezala: jazz munduak, dantzakoak...”.
Uzta ederra utzi zuten Jazzlekoek Zirrara bilduman. Egungo euskal eszenako musika esperimentalak, alternatiboak eta underground-ak badauka zer ikasia. Gauzak egiteko modutik batez ere. Ekoizpena eta elkarlana oinarri soinu mapa berritzailea sortu baitzuen proiektuak iraun zuen hamar urteetan. Elektronika, jazza, antzinako musika, post-rocka, folka eta poesia muturrera eramanda, emaitzak inoiz kezkatu gabe.
Izan ere, behar ditugu sortzaileak, behar ditugu artistak. Baina antolatzaile eta ekoizleak ere behar ditugu, sortzaileekin inplikatuko direnak eta muga guztien gainetik ikuspegi artistikoa bermatuko dutenak. Sormena horren lotuta duten kateetatik –alegia, dirutik– askatzen lagunduko dutenak, horretarako beharrezko formulak asmatuz.
Elkarrizketak hemen sartzen ez diren hamaika anekdota interesgarri eta inspiragarri utzi dizkigu. Joan aurretik berriro gogora arazi digu –Lizarralderengan hain ohikoa egiten den protagonismotik ihes–: “Ez ahaztu Sorkunderen izena aipatzeaz, mesedez. Beragatik ez balitz...”.
Urriaren 10ean Madrilen hil da Luis de Pablo konpositorea. 1930ean Bilbon jaioa, abangoardiako musika egin du 200dik gora obratan eta 20tik gora filmeri soinua jarritakoa da. Musika elektro-akustikoko laborategia sortu zuen 1964an, lehena Espainiako estatuan. Musika herrikoi,... [+]
Xabier Bastida Abaunz-ek ez du bere lana ikusgarri bihurtzeko txanparik jotzen. Haren arrastoari segika hasten denak Bandcamp helbide bat aurkituko du –Brooklyngo Jollies diskoetxearena–, eta bertan deskribapen labur bat, argazki gandutsu bat eta azal beltzeko disko... [+]
Gotzon Hermosillak Ahaztu Antzean taldearen historiari buruz kontatzen zuenak ertz gehiegi zeuzkan inork asmatua izateko: 1980ko hamarkadaren bigarren erdialdean Eibarren sorturiko banda bat, kraut rocka eta punk espiritua uztartu zituena, garai hartako RRVtik askoz harago... [+]
Egun arraro hauetan ere, heriotza guztiak ez dira pasatzen denok ezagutzen dugun eta beraz aipatuko ez dudan birus baten segapetik. Genesis P-Orridge musikari, poeta eta performerra larunbat honetan hil zen, 2017an diagnostikatu zioten leuzemia baten eraginez. Throbbing Gristle... [+]