Orea eta monopolioa

  • Aurtengo maiatzean Glovolizazioa izeneko artikulua argitaratu nuen: hiru hilabete eman nituen banatzaile lanetan Glovo enpresarentzat, langileen lan-baldintzak ikertzeko. Gehienbat, artikuluari buruzko erantzun positiboak baino ez nituen jaso, bai irakurleengandik bai Glovoko lankideengandik (konpainiak rider deitzen dien horiengandik). Glovoko banatzaile gehienak baztertuta bezain esplotatuta sentitzen ziren, eta irakurleek, batik bat, ikusi nahi zuten nola funtzionatzen duen egungo esplotazio-molde berrienetariko batek.

    Halere, salbuespen txiki bat egon zen. Rider bat harremanetan jarri zen nirekin, kexu, esanez enpresaren gezurrezko itxura zabaltzen ari nintzela. Sektorean, beste lan prekario asko dagoela zioen, esaterako, Telepizzan. Laburbilduz, Glovo kritikatzea boladan jartzen ari zela uste zuen. Glovorentzat lanean dirutzen ari zela idatzi zuen (elkarrizketatu nituen rider bakar bati ere inoiz entzun gabekoa) eta, horrez gain, langileei tratu txarra ematen dieten enpresa asko baldin badago, zioen, zergatik ote hainbeste kezka Glovorekin?

    Dena den, Glovoren esplotazioa zuritzeko falazia zahar hori erabiltzeaz gain (ingelesez whataboutism esaten diogun hori), pertsona horrek arrazoi argia zeukan kontu batean: enpresa hori kritikatzea erraza da hedabideentzat. Aldiz, prekarietate era tradizionalei buruz aritzea ez da hain kitzikagarria eta ez dauka, halaber, gauza berrien freskotasuna. Hortaz, lanean hasi nintzen Telepizzan. Hauxe da topatu nuena.

Argazkia: Kauldi Iriondo
Argazkia: Kauldi Iriondo

Telepizzan lana lortzea gauza arrunt erraza izan zen. Interneteko eskaera bete eta berehala deitu zidaten. Gidabaimenik ba al neukan eta lanean noiz has nintekeen galdetu zidaten. Egun gutxi eta gero, kontratatu egin ninduten eta ikastaro trinko batera bidali. Bertan, laneko estresa kudeatzeko yoga nola erabili azaldu zidaten, baita hobe dela lapur armatuei aurre ez egitea ere. Behar omen nuen prestakuntza guztia jaso eta gero, kontratu finkoa sinatu, lankide bati lagundu bidalketa pare batean, eta neure kabuz hasi nintzen. Glovorekin bizi nuen prozesua oso antzekoa izan zen, gauza batean izan ezik: lanean ikasten emandako denbora ea kobratuko nuen galdetu nuenean, enkargatuak, zur eta lur, honako erantzun irmoa eman zidan: “Hemen zauden bitartean, ordaindu egiten dizugu”.

Laneko alderdi batzuek ageriko desberdintasunak zeuzkaten Glovorekin alderatuta, ez nuen lanean erretzeko baimenik (irrazionalki, esperientzia osoko gauzarik itogarriena). Diseinu kaskarreko uniforme bat jantzi behar nuen: poltsikoetan kremailerarik ez eta motozikletan nindoala dirua ez galtzeko lanak izaten nituen. Horretarako, gerriko poltsa erosi behar izan nuen, gau bakoitzeko eskudiru kopurua nire hilabeteko soldataren erdia zen eta.

Oraingoan, baina, zenbat kobratzen ari nintzen banekien, gutxieneko soldata baino gutxiago bazen ere. Jaiegunak banituen, langabezia prestazioak, eta benetako asegurua ere bai istripurik izanez gero. Glovorekin ez bezala, ez nuen lanaldi erdia ematen ezer egin eta kobratu gabe; horrek, gainera, denbora azkarrago pasatzen laguntzen zuen.

GPS bitartez une oro kontrolpean egonda, askoz kontrol handiagoaren pean sentitzen nintzen. Bizikletarekin pixka bat desbideratuz gero Bartzelonatik
dei egiten zidaten

Alderik nabarmenena, dena den, hau zen: Glovorekin baino gehiago irabazten ari nintzen orduko. Oinarrizko soldata 5,20 euro ordukoa zen, edo 832 euro hileko lanaldi osoan arituz gero (900 euro dira, ordea, gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian). Bidalketa bakoitzarekin plus bat ordaintzen dute; horri esker orduko 6 euro baino gehiago kobratzen nituen: Glovorekin irabazten nuena baino justu apur bat gehiago eta rider askoren irabaziak baino nabarmen gehiago, haiek kontatu didatenez. Egia da, kontratu eta soldata handiagoarekin batera lanorduetan erretzea debekatzen zidan nagusi bat ezarri zidaten, baina... Glovok eskaintzen duen “askatasunarekin” alderatuta? Kontratua nahiago.

Telepizzan, lanorduetan erretzeko bideak topatu nituen arren askoz kontrol handiagoaren pean sentitzen nintzen. Adibidez, bizikletarekin bidetik pixka bat desbideratuz gero Bartzelonatik deitzen zidaten. Nagusia izatea ez da gauza dibertigarria, jakina, baina are gutxiago GPS bitartez une oro kontrolpean egotea.

Argazkia: Kauldi Iriondo

Oro har, nagusien jarduna nahiko atsegina egin zitzaidan. Telepizzako nagusien krudelkeria eta legez kanpoko jokaeren salaketa asko irakurri dut internet bidez, eta egiazkoak direlakoan nago, baina neure nagusiak ahalegintzen ziren lana atsegina izan zekigula. Ordutegia, ordea, lanaren alderdirik okerrena zen, Glovon bezala. Bizpahiru orduko lanaldiak neuzkan; hortaz, astean 22,5 ordu egin ahal izateko ia gau guztietan lan egin beharra neukan, asteburuetan barne. Lanaldia hasi baino lehen bertan egon behar nuen uniformea janzteko eta, halaber, behar baino beranduago irteten nintzen kontuak egiteko. Jatetxera joan eta itzultzeko denbora ere kontuan hartuta, ordubete inguru gehitu behar izaten nion lanaldi bakoitzari.

Lantegi batean zortzi ordu ematen dituenarentzat, hamabost minutu gehiago kobratu gabe aritzea lanean ezer gutxi izan daiteke. Baina lanaldi laburretan dihardunarentzat, horrelako denbora-tarte txikiak apurka-apurka metatu eta, azkenean, kobratu gabeko zortzi ordura hel daiteke astero; lanean emandako denboraren %26, alegia. Ahal zutenean, nagusiek minutu batzuk lehenago irteten uzten ziguten uniformea eranzteko; baina hori ez zen ohikoa: geure lanaldiak ezin hertsiagoak ziren bezeroen ordutegietara moldatzeko.

Zenbat eta zailagoa izan langileak topatzea enpresa batentzat (Telepizzak gidabaimena duen jendea nahi du eta gehiago ordaindu behar du enplegatuak kaleratzeko), orduan eta bide tradizionalagoak erabiliko ditu enpresak haiek esplotatzeko. Lokaletako nagusiak lan-giroa hobetzen saiatzen dira, bai, baina enpresak gutxieneko soldata baino gutxiago ordaintzen du. Uniformea ematen dute, baina horren eraginez lanera lehenago iritsi behar da eta, gainera, ez da lanerako erabat egokia. Halere, Glovorekin ez bezala, lankide artean laneko alderdi txarrei buruz hizketan, betiere esaldi berarekin amaitzen genuen: “Tira, bagenekien zer-nolako lana zen hau”. Neure nagusiak ere hori esan zidan lana utziko nuela esan nionean, erabakia ulertu egin zuen eta ez zen ni geratzeko konbentzitzen saiatu. Jabeak langileekin makurkeriatan ari baldin badira, gutxienez denok gara horren jakitun.

Atsegin nuen kanpoan motorrez ibiltzea, baina jatetxeko giroa nahiko etsigarria zen. Banatzaile eta sukaldari batzuek bertan bederatzi urte inguru eman dituzte lanean; horietako zenbaitek beste egitekorik ez eta lana hasi baino ordu batzuk lehenago ere jatetxean bertan egoten ziren hitz-aspertu betean edota langileen %50eko deskontuaz neurririk gabe baliatzen. Beste langile batzuk lanarekin aspertuta zeuden ikasleak ziren edota leher eginda zeuden migratzaileak, lan hori baino gehiago zutelako. Misteriotsuenak, ordea, nagusiak ziren, batez ere lana serio demonio hartzen zuten horiek: ezin ulertu zerk motibatzen ote zituen adin ertaineko esperientziadun profesional haiek horrelako leku batean geratzeko.

Argazkia: Kauldi Iriondo

Kapitalismo globalaren ur nahasitan
Lanean hasi eta gutxira Twitterreko txio biral baten berri izan nuen. Langile batek mezu publiko bat bidali zion Telepizzako kontuari, enpresatik jasotako tratuarekin ez zegoela pozik adieraziz. Mezua nahita zegoen era anbiguoan idatzita eta Telepizzak, pertsona hura bezeroa zelakoan, ziztu bizian erantzun zion arazoa konpontzeko laguntza eskainiz. Langileak, orduan, argi utzi zien gutxieneko soldata ere ordaintzen ez ziotelako ari zela kexuka. Espero bezala, Telepizzaren erantzuteko bizkortasuna une horretan amaitu zen.

Jazoera hori ezagutu dudan lehen kasua izan da; geroago, boikotak, grebak eta epaitegietako borrokak ikusi ditut. Gehienek CGT eta UGT sindikatuen parte hartzea izan dute; batez ere, Bartzelonan eta Zaragozan, non langileen %70k hartu duen parte greban. Bi hilabete eta gero, Telepizzak aitortu behar izan zuen ez zela gutxieneko soldata ordaintzen ari, eta orduko 50 zentimo igota soldata-igoera partziala onartu zuen.

Enpresa tradizionalki esplotatzaile baten aurkako sindikatu-borroka tradizionala dirudi honek eta horixe da hein batean. Greba haiekin zerbait lortu zuten. Glovok duen lege-betebehar anbiguorik ez dauka Telepizzak eta horrexegatik langileak grebaz baliatu dira gutxieneko soldata kobratzeko, baita 2019ko hasieratik zor zaiena kobratzeko ere (dena den, neure bankuko kontuan diru hori agertzeko zain nago oraindik).

Langile-borroka tradizionalaren ahalmena antzeman daiteke aipatu kasuan baina, era berean, borroka horrek ekonomia globalizatu berrian dituen mugak agerian utzi ditu. Telepizza legea hausten ari zen modu nabarmenean. Geroago, presiopean, Telepizzak legeak eskatzen dion gutxienekoa bakarrik emango du, ez gehiago. Bi jarrera horiek arrazoi bera dute.
Legez kanpoko soldata horien kontua osorik ulertzeko enpresa erraldoien bulegoetara jo behar dugu, AEBetara. Istorio honetan, enpresa xume bat dugu, amets amerikarraren diru errazak eta zabor-janariak inspiratua, kapitalismo globalaren ur nahasitan noraezean dabilena.

Telepizza kubatar batek sortu zuen AEBetako pizza-banaketaren negozioa ezagutu eta gero. Espainiako Estatura eraman zuen janari azkarra saltzeko frankizia-sistema eta molde fordista zentralizatu hura. Dena den, aurkari sendoak izan ditu dema horretan (Pizza Hut edo Domino’s, kasu) eta haien eraginez zor handia metatu du. 2008ko krisiaren ostean, kontsumoaren beherakadaren eraginez, enpresak 35 milioi euro ordaindu behar izan ditu urtero zorra kitatzeko. Garai horretan, askok uste zuten konpainia desagertzear zegoela.

Argazkia: Kauldi Iriondo

Ohi bezala, nazioarteko bankariek eta arrisku-funtsetako zuzendariek odol-usaina antzeman zuten. Haien artean KKR zegoen, AEBetako inbertsio-enpresa bat, 80ko hamarkadan ezagun egin zena negozio ahulak era erasokorrean erosteagatik. Hasieran, Telepizza xurgatzen saiatu zen, baina gero taktika zertxobait aldatu zuen. Enpresa bat erosi eta gero haren aktiboen likidazioa egin ordez, egun inbertsio itzelak egiten dituzte industria oso bat monopolizatzeko aukera emango dieten enpresetan. KKRk arrakasta handia lortu du estrategia horrekin: bere aktiboek 545 mila milioi dolar balio dute, Espainiako Estatuko BPGren herena. Bulegoak ireki dituzte mundu osoan eta milioi bat inguru langile daukate; haien eragina eta baliabideak estatu askoren parekoak dira.

Telepizzarentzat lanean hasi nintzela, 2019ko udan, enpresan aldaketa handia gertatu zen. Telepizza Group izeneko enpresa nagusi berri baten parte bihurtu zen, eta KKRk haren %80 erosi zuen 400 milioi euroren truke. Gainera, aldi berean, Telepizza Group enpresak Pizza Hut ere erosi zuen; horren bitartez, munduko marka askoren kudeatzailerik handiena bihurtu da pizza-banaketaren negozioan, baita merkatuaren jaun eta jabe ere Espainiako Estatuan.

Orain, eskala handiago horretan, are errentagarriagoa izango zaie Telepizzak betidanik izan duen ore, gazta eta bestelako osagaien ekoizpen zentralizatua. Askoz ere gutxiago ordaindu ahalko du oinarrizko osagaien truke, inoiz baino kopuru handiagotan erosiko ditu eta. Bi kudeaketa-egitura murriztuz, etekin bera lortu ahalko du langile gutxiagorekin. Eta halaxe izan da, azken txostenek erakutsi baitute Pizza Hut erosi eta gero, beren ustiapen-marjina %10,7tik %12era igo dela.

Era berean, Telepizza hedatzen den neurrian, langileek aukera gutxiago izango dute beste lan bat topatzeko sektore berean, eta Telepizzak diru gehiago izango du sindikalisten aurkako auzien kostuak ordaintzeko. Presentzia handiagoa izan ahala hiri-paisaian eta marketinean eta bere app-ean gehiago inbertitu ahala, kontsumitzaileak aukera gutxiago izango du; zailago izango du aukera gehiago existitzen dela jakiteko ere. Hitz batez, zenbat eta sendoago izan Telepizza, orduan eta ahulago gainerakoak. Edo, finantza-terminoetan esanda, txiroago.

KKRk Telepizzarekin egin duen inbertsioa jokaera arrunt bihurtu da inbertsio-talde erraldoien artean: esparru jakin bat monopolizatzeko ahalmena duten enpresak diru kopuru itzelez hornitu, eta horrekin abantaila erabakigarria ematen diete haien lehiakideen aurka. Dena den, horrelako inbertsio handiak egiten dituzten firmek mozkin handiak lortu nahi dituzte trukean. KKRk epe laburrean jokatu izan du enpresak erosiz eta suntsituz, mozkin lasterrak irabazi nahian prozesuan. Orain, ordea, ikasi omen dute erositako enpresek monopolioak sor ditzaketen heinean, mozkin jario emankorra mantendu daitekeela kostu gutxirekin.

Argazkia: Kauldi Iriondo

Zergatik ez du Telepizzak gutxieneko soldata ordaintzen?
Ez da doilorkeria hutsa, nazioarteko sistema handi baten ondorioa baizik, arrisku handiko inbertsio monopolistetan oinarritzen den sistema. Nazioarteko inbertsio-firmak eta munduko jenderik aberatsena are gehiago aberastea du helburu langile guztiei ahalik eta gutxien ordainduz. Telepizzak, horren menpean dagoen heinean, ezin du bestelakorik egin. Ezinezkoa da jokaera arduratsurik edukitzea eskala horretako negozioetan; ez dute horrelakorik sustatzeko akuilu edota presiorik.

Telepizza eta Glovo sistema bereko atalak dira, baina enpresa-eredu desberdinekin jarduten dute. Telepizza bietatik arriskutsuena izan liteke. Zergatik? Berari buruz idaztea hain kitzikagarria ez den bitartean, geure bizitzetan eta ekonomian ondorioak izaten dituelako, ez besterik.

Telepizzak ez du gutxieneko soldata ordaintzen desparekotasun maila historikoak sortu dituen finantza-sistema global baten parte delako. Sistemak egoera ahulean dauden enpresak hartu eta mozkinak maximizatzeko eta arimak birrintzeko makina efiziente bihurtzen ditu. Glovo eredu horrekin hasi zen, Telepizzak bizitza erdiko krisi moduko bat pairatu zuen, baina orain piztia bera dira. Bertako pizzeria batek Telepizzak baino zerbitzu motelagoa izan dezake, edo garestiagoa izan daiteke, baina askoz erantzukizun handiagoa dute bai beren langileekin bai gizartearekin. Alferrik da Telepizzari boikot egitea soldatak igo ditzaten. Bertan erosteari utzi beharko genioke eta horrelako negozioak behin betiko baztertu.

Erreportaje hau Diego Pallés Lapuentek euskaratu du ingelesetik

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2024-12-10 | Julene Flamarique
Garraiolari bat hil da Larrabetzun laneko istripu batean

Garraio sektorean aritzen diren hamabi behargin hil dira aurten. LABek azaldu du garraio sektorean gertatzen diren heriotzak “erabat saihesteko modukoak” direla, eta horretarako borondate politikoa “besterik ez” dela behar, bai erakunde publikoen eta bai... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


Iruzurra aitzakia

Lanbidek Diru-sarrera Bermatzeko Errentetako iruzurraren aurkako kanpaina jarri du martxan, eta salaketetarako buzoi anonimoa sortu du. Jaso dituen kritikei erantzunez, adierazi du buzoi hau salaketak eta jakinarazpenak ordenatzeko tresna huts bat dela. Ez du ez klase... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-19 | Leire Ibar
Langile bat hil da Petronorren konortea galdu ostean

Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.


56 urteko garraiolari lesakarra hil da lan istripuz

56 urteko garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans enpresako langilea zen. Aurten 11 garraiolari hil dira lanean, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota LAB sindikatuak ohar batean jakinarazi duen bezala... [+]


2024-11-12 | Leire Ibar
Altueratik erorita aurten hil den hamargarren langilea da Abandoko tren geltokikoa

Geltokiko kafetegi bateko kristalak garbitzen ari zela, hiru metroko altueratik erorita zendu da 55 urteko gizona. Aurten Euskal Herrian lan istrupuengatik hil den 54. langilea izan da.


2024-11-11 | Aiaraldea
Langile bat hil da Tubacexen Amurrioko lantegian, bihotzeko baten ondorioz

Langilea eskualdekoa zen eta Zamalloa enpresa azpi-kontratatuarentzat egiten zuen lan.


2024-10-29 | Julene Flamarique
Hilabete honetan Zornotzan eta Zierbenan laneko istripuak izan zituzten langileak hil dira

Ezbeharretatik egun gutxitara zendu dira langile biak. LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatutako intersindikalak kontzentrazioa egingo du urriaren 31an Bilbon Confebask patronalaren egoitzaren aurrean heriotza biak salatzearren. Aurten 50 dira jada... [+]


2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


2024-10-15 | Julene Flamarique
Bi langile hil dira lan istripuetan Nafarroan eta Bizkaian

Loiun (Bizkaia) eta Olletan (Nafarroa) hil dira langileak, astearte goizean, biak erorikoen ondorioz. Aurten Euskal Herrian 47 behargin hil dira laneko istripuetan. Nafarroan hamabi lan istripu izan dira aurtengo lehen seihilekoan, eta lan istripuen intzidentzia tasan datu... [+]


2024-10-08 | Leire Ibar
Hil egin da Funesko lan-istripuan larriki zauritutako gaztea

Lan-istripu larria izan zen igandean Funesen (Nafarroa),  Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro elikagai-enpresan. 29 urteko gizona gauean bertan erietxean hil zela jakinarazi zuen Foruzaingoak.

 


2024-10-03 | Julene Flamarique
Iragan ostegunean hil zen garraiolariaren heriotza salatu eta lan-baldintza duinak exijitu dituzte

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxealde eta Hiru sindikatuek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Lodosan lan-istripu hilgarria izan zuen garraiolariaren heriotza salatzeko. Sektorean lan-baldintza duinak galdegin dituzte patronalak eta instituzioek gaixotu eta... [+]


2024-10-02 | Julene Flamarique
Gazteen hamarretik bakarrak dauka etxebizitza erosteko ahalmena EAEn

Egun alokairuak hipotekak baino 60 euro garestiagoak dira, eta gazte askok euren diru sarreren %40 baino gehiago bideratzen dute errenta ordaintzeko, Jaurlaritzaren azken txostenaren arabera. Honen aurrean, etxebizitza-premia duten gazteen gehiengoek Gobernuak babesturiko... [+]


Eguneraketa berriak daude