Migrazio krisiak Europan duen eraginaz asko idatzi da, baita iheslariek bizi izandako egoera gordinez ere. Ahaztu zaigun arren, libiar xumeek ere pairatzen dituzte fenomeno horren ondorioak, eta ez dira makalak.
Nekez pentsa liteke Libiako hiririk garestienean gaudenik. Zaborra eta lokatza nonahi dago Zuara hiriko Martirien etorbide nagusian: arropa dendak, kafetegiak, okindegiak... Dendari bakoitzak garbitu eta egokitu behar du bere sarrera bezeroak galduko ez baditu. Tunisiako mugatik 60 kilometrora, Zuara 60.000 biztanleko Libiako kostaldeko amazig enklabe bakarra dugu. Aldi berean, "Lanpedusako Triangeluaren" ezkerreko ertza da –Misrata da eskuinekoa–. Hauxe da, hain zuzen, Afrikatik Europarantz doan migrazioaren foku nagusia. Eta hilobi komuna.
Ideologia baino, geografia hutsa da Zuara Tripoliko gobernurantz alboratu duen faktorea. Libiako ekialdean beste gobernu bat dago 2014tik. Iragan apirilean, hain zuzen, hango buruzagi militar Khalifa Haftarrek Tripoliren kontrako erasoaldia burutu zuen, eta lerro hauek idatzi bitartean, hiriburuak setiopean dirau oraindik. Azken hamarkadako Libiako hirugarren gerra ez da Zuarara iritsi, baina ez da deus aldatu Gadafi boteretik bota zutenetik. Hor daude 2011ko bala zuloak, gerrak utzitako hondakinak eta, batez ere, hondarra. Hondartzaren kontrako borroka amaigabea da Zuararena. Hareaz gain, diru asko dago hirian, gizaki nahiz gasolina trafikatzaileek urteak eman baitituzte beren negozioaren etekinak biltzen. Bitartean, zuaratarrek beste aldera begiratu ohi zuten. Kale hautsiok zeharkatzen zituzten luxuzko autoek zera adierazten zieten bertakoei: "Gu gara Libiako nagusi berriak". Diru fluxu oparoa, baina, ez zen hiria konpontzeko eta edertzeko erabili. Zuaratarrak berehala jabetu ziren horretaz: kafea, zelularraren kaxa berria, edo Txinan egindako jaka Libiako beste edozein hiritan baino garestiagoa zen, Tripoli barne. Inflazioa da, hain justu, zure bizilaguna gizakiekin trafikatzen aritzearen berehalako eragina.
Saiakera egin zuten gaitz horrekin bukatzeko. 2015eko abuztuan, Zuarako hondartzan berrehun bat gorpu agertu ziren goiz batean. Kostaldetik hurbil hondoa jotako itsasontzi zahar baten bidaiarien erdia zen. Zuaratarrek palak hartu eta hilobi komun bat egin zuten. Gero porturantz jo zuten: "Zuarak ezin du xintximarien aterpe bilakatu", oihukatu zuen taldeak. Ez zen trafikatzaileen kontrako lehenbiziko protesta, baina tragediaren dimentsioak azkena izatea eskatzen zuen.
"Zerbait egin behar zen. Libian ez dago eraginkorra den gobernurik, beraz, gure burua antolatzea erabaki genuen segurtasuna bermatzearren", zioen Zuarako Larrialdien Komiteko buru Sadiq Jiashek. Taldea 2014an eratu zen, hiriaren hamaika larrialdiei aurre egiteko asmoz. 35 kide zituen: sendagileak, suhiltzaileak, poliziak... Denen artean, Imsuten –"maskaradunak" amazigen hizkuntzan– izeneko brigada antolatu zuten. Giza-trafikorarekin bukatzea zuten helburu, eta halaxe egin zuten.
Lanean hazi bezain laister, hainbat trafikatzaile harrapatu eta espetxeratu zituzten.
"Hasieran alboko Sabrata hirira bidaltzen genituen, baina berehala zeuden bueltan. Askatasuna erraz erosten zutela ikustean, gure espetxea altxatu genuen Zuaran", gogoratzen zuen Jiashek. Maskaradun gehienak bertako gazteak ziren, hirian aski ezagunak, eta lan bikaina burutzen ari ziren. 2015ean, kazetari honi emandako elkarrizketa batean, euren buruzagiak mezu bat helarazi nahi izan zion Europari: "Laguntza izanez gero, giza-trafikoarekin bukatzeko gai gara". Baina inork ez zuen mezua entzun Mediterraneoko ipar itsasertzean, eta taldea desegin egin zen. Zuaratarrek bigarren ikasgaia ikasi zuten orduan: trafikoaren kontra borrokatzeko baliabideak behar dira, eta Europa ez dago laguntzeko prest.
Porrot egindako saiakera hark eragin zuzena izan zuen trafikoaren gaineko pertzepzioan. "Zertarako denbora galdu unibertsitatean, edo aurki itxi beharko dudan denda bat irekitzen?". Hauxe ohiko galdera. Aldi berean, estatuko administrazioan lana lortuz gero, soldata ordenagailuko pantaila batean geldituko da. Hil bukaeran, amaigabeak dira Libiako banketxe aurrean sortzen diren ilarak. Zortea lagun, mila dinarreko soldatatik 200 bat jasoko dituzte, diru metalikoarekin arazo handia baitago Libian. Eta Zuaran denek ezagutzen dute kontrabandoan –gizakiena, gasolinarena ala bestelakoena– aritzen den norbait.
Modu askotan egin daiteke: iheslariz jositako kamio bat gidatuz; baltsak ekoitziz; errepidea zainduz, bidea libre noiz dagoen eta noiz ez abisatuz... 2018 azaroan, 24 urteko zuaratar batek "bertako mutil arrunta besterik ez naiz" batez aurkeztu zuen bere burua. Khalid zuen izena. Zioenez, 2017ra arte gasolinaren kontrabandoan aritu zen: tratua itsasoaren erdian egiten zen, Libiako eta Maltako itsasontzien artean. Iparraldekoek hamaika tona erregai zeramatzaten etxera bueltan, eta euro andana libiarrek. Batzuk ikertzen hasi ziren, hain zen erraldoia negozioa. Daphne Caruana kazetari maltatarra haien artean, bonba-auto batez akabatu zuten arte. Gertakizunak Mediterraneoko irla-estatua astindu zuen, bertako politikari eta mafien arteko lotura agerian gelditu baitzen. Gobernuak neurri zorrotzak hartu zituen kontrabandoarekin bukatzeko. Bere barkuaren bodegak gasolinaz berriz zamatu ezinik, Khalid giza-trafikoan hasi zen.
"Egun zortzi bat lagun gara taldean eta 2000 eta 8000 libiar dinar arteko tarifak (500 eta 2000 euro artean) eskatzen ditugu bidaiari bakoitzeko. Azalaren araberako prezioak dira: zenbat eta argiagoa, are garestiagoa. Honela, marokoarrek ordaintzen dute gehien, eta Eritrea, Etiopia edo Somaliatik iritsitakoak baliatzen dira deskontuaz", azaldu zuen trafikatzaile gazteak. Istripurik ez omen zen gertatzen. "Bote bakoitzarekin telefonoz kontaktuan gaude itsasaldian zehar, eta nahikoa erregai daukate erreskate barkuetara iristeko", azpimarratu zuen.
Piazza izenaz ezaguna den Martirien Hiribideko plaza nagusia salbu, Zuarako kaleek ez daukate izenik oraindik. Nahikoa izango zen bertan hildakoen izenak oroitzea, Libiako beste hainbat tokietan lez. Zuarako alkate zen Hafed Bensasi berak onartzen zuen udalak ez zuela behar bezala funtzionatzen.
"Suak itzaltzearekin konformatzen gara, hondoratzen ari den barku baten zuloak tapatzearekin", zioen Bensasik iazko azaroan. Alkateak Italiak hartutako azken erabakia ekarri zuen gogora: 2017ko udazkenean, Zuara alboan dagoen Sabrata hirian, trafiko mafia bati dirutza eman zioten bere jarduna eteteko, baita beste taldeena ere. Erabakiak, jakina, milizien arteko gerra txiki bat eztandarazi zuen.
"5.000 migrante iritsi zitzaizkigun handik, oinez. Gizatasunagatik arropa, jatekoa eta oinarrizko batzuk eman behar genizkien, baina nekez iristen da guretzako", zioen alkateak. Udalaren aurrekontuaren erdia "segurtasunerako" bideratzen dutela azpimarratu zuen jarraian. Kazetari honek elkarrizketatutako migratzaile gehienak bat zetozen: Zuara eta Misrata ziren eurentzako hiri seguruenak, eta Tripoli arriskutsuenetako bat. Hiruburuan ez bezala, Zuaran kale erdian lan egin dezakete, lan bila aritu edo, besterik gabe, lasai paseatu.
Sei milioi biztanleko herrialdean, milioi bat migratzaile dago, bi guda pasa berritan
"Ikusten duzu mutil hori musika entzuten bere mugikorretik? Tripolin ezinezkoa litzateke, berehala lapurtuko baitzioten aparailua", zioen James izeneko nigeriar batek. Bestalde, jarraitu zuen gazteak, Zuaran ez da talde armatuez arduratu beharrik. Trafikoan murgilduta ez egotekotan, hondartza bidean dagoen furgoneta baten atzealdean edo itsasoratzeko prest, arazorik ez. Zuaran armadaren eraikin zahar batera eramaten dituzte azken hauek.
Iragan azaroan, atxiloketa zentroko zuzendaria zen Anwar Abudik bertan 300 bat lagun zeudela zioen, "Afrikatik iritsitakoak denak". 25 emakume zeuden tartean, eta jaioberri bat. Abudik ere Libia osoko bulego ofizialetan entzuten zen esaldi bera errepikatu zuen: "Ez daukagu baliabiderik". Nazioarteko laguntza –dela sendagaiak, anbulantziak edota manta xumeak–, Tripolira bidaltzen da, eta ez da handik ateratzen. "Hona ez da inoiz ezer ere iristen", berretsi zuen ofizialak.
Milioi bat migratzaile eta iheslari dago Libian, Nazioarteko Migrazioen Erakundearen arabera. Sei milioiko biztanlegoa duen herrialdeak nekez kudeatu eta bere gain hartu dezake zama hori. Hiruko erregela sinple batek egoera ulertzen laguntzen du: proportzio bera erabilita, Euskal Herriak 500.000 iheslari hartu beharko lituzke, bi gerra jasan ostean, eta beste baten erdian.
Abandonatutako hotel bat eta alderdi politiko baten egoitzaz gain, Zuarako plaza nagusian dago eskualdeko klinika psikiatriko bakarra. Akram Idrisi da jabea eta zuzendaria. Erresuma Batuan medikuntza ikasi eta bere herrira bueltatzea erabaki zuen 2011n. Dioenez, Libiako gaixotasun mentalen kasuistika eta teoria ez datoz bat.
"Gerra baten ondoren, depresioa eta trauma ondorengo estres kasuak dira ohikoenak, baina psikosia da nagusi gurean. Kasuok gure 680 espedienteen ia erdia osatzen dute", zioen psikiatrak bere bulegoan. Idrisen ustez, haxixaren kontsumoa zen arrazoietako bat. Aditua, baina, dena "askoz konplexuagoa" delakoan zegoen:
"Nortasun krisi itzela dago libiarron artean: badira diru asko izatetik txirotasunera igarotakoak, eta alderantziz; edo “heroi” sentitu zirenak bolada batez, eta egungo errealitatearekin konektatu ezin dutenak. Azken hauek “ni gerran izan nintzen baina zu ez” batez justifikatzen dituzte beren ekintzak, dela giza trafikoa, erregaiarena, edo bortxaketa bat", argitu zuen Idrisik.
Gehiago dago. Zuarako Larrialdi Komitearen bueltan, Sadiq Jiashek "lotsa" sentitzen duela onartu zigun. "Ba al dakizu nola lurperatu ditugu itsasoak ekarritako gorpuak azken urte hauetan?", bota zuen, bere furgonetan sartzeko gonbita egin aurretik. Jarraian, mendebalderanzko bidea hartu zuen.
"Hasiera batean hiri kanpoaldean lurperatzea erabaki genuen baina Zuaran lur emankor gutxi dago, eta nekazariek ez zuten gorpurik nahi beren lursailetan. Ulertzekoa da", gogoratu zuen Jiashek. Gure eskuinean, 2001ean aurkitutako hiri erromatar baten aztarnak ikus zitezkeen. Pisindon antzinako hiria izan zitekeela diote, baina hau frogatzeko aukera gutxi dago. "Gadafiren gobernuko brigada batek tokira sarrera debekatu zuen hainbat egunez. Bertan aurkitutako gauzak kamioetan zamatu ostean, ospa egin zuten", zioen Jiashek. Ez omen da ezer gelditzen.
Hogei kilometro mendebalderantz, Tunisiako muga bistan dugula, gure gidariak autoa eten zuen errepide alboan. Bukamash izeneko planta kimikoa seinalatu zuen. Horixe omen dago Zuarako minbizi kasu gehienen atzean. Bertako medikuek diote malformazio ugari dagoela jaioberrien artean, baita abortu asko ere. Hamarkada luzez, arrasto kimikoak prozesatu gabe bota zituzten itsasora, inongo kontrolik gabe. Egun, plantako depositu asko sustantzia kimiko arriskutsuz beteta dago, baina ez dago ingurua garbitzeko planik, ezta aukerarik ere. Landareak, olibondoak, arrainak... dena kutsatuta dago, eta ia dena jaten dute bertakoek.
Plantaren inguruan baratze antzeko lursail bat dago. Letxugen ordez, adreiluak daude. Hauexek hemen hilobiratutako 2.000 lagundik gorakoen hilarriak: gizaseme bakoitzeko adreilu bana. Jiash bezalako boluntarioek lurperatu zituzten, lanetik ateratzean, asteburuetan edo euren jai egunetan. 2017an proiektu bat izan zen benetako hilerri bat eraikitzeko, "murru batek hesituta eta guzti", zioen Jiashek. Baina egitasmoa bertan behera utzi zen. Dirurik ez.
"Ezagutzen al duzu lagun dezakeen erakunderik Europan?", bota zuen, adreiluak besterik ematen ez dituen baratzearen erdian.
Igandean egin du erreskatea Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]
Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.
Egiptok Camp David-eko akordioa haustearekin mehatxatu du Israel, Rafah-ko operazioarekin aurrera egiten badu. Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu dio agindu dezala Israel Rafah-tik ateratzeko.
Kalteturiko lurraldea hondamendi eremu izendatu dute. Gehien kaltetutako hiria Derna izan da, eta erreskate taldeek zailtasunak dituzte hara iristeko.
Zalaparta sortu du Libia eta Tunisiako mugako basamortuan hilik ikus zitezkeen ama alaba batzuen argazkiak. Migratzaileak zenbaki gisa tratatu arren, Fati eta Marie izena zuten pertsonak ziren.
30 migratzaile desagertuta daude eta hamazazpi salbatu dituzte Libiako kostaldean, merkataritza ontzi bat migratzaileak erreskatatzera joan eta azken horien ontzia irauli ostean.
Asteazken goizaldean egindako erreskatearen ondotik, 28 pertsona daude Aita Mari ontzi barruan, atzo beste 11 pertsona erreskatatu baitzituzten. Aita Marik ohartarazi du posible dela datozen orduetan erreskate gehiago egotea, itsasoaren egoerak hobera egin baitu.
Mugarik Gabeko Medikuek salatu duenez Europar Batasunak daraman migratzaileen kontrako politikaren ondorioz dozenaka lagun hil dira azken egunetan Mediterraneo itsasoan. 2014tik 23.000 migratzaile hil dira Europa Mendebaldeko herrialdetara igaro nahian, erakundearen arabera.
Hamabost bat metroko luzeerako txalupan 280 migratzaile zeuden, eta Aita Mari ontziak erreskatean parte hartu du. Italiako Lampedusa uhartetik gertu zegoen txalupa, noraezean, eta itsaso mugitua zegoenez, Italiako kostazainen hiru ontzik gauzatu dute erreskatea; Lampedusan... [+]
Libian zerutik bonbak erortzen direnean, hasten da nork jaurti dituen asmatzeko jokoa. Han esku hartzen duten atzerriko bost estatuetatik edonor izan daiteke arduraduna, edo Libiako bi gobernu lehiakideen bi aire armadetako bat. Sarri hauetako batek ere bere gain hartzen du,... [+]
Joan den martxoan drone batek autonomoki egin die eraso gudari humanoei, Nazio Batuen Erakundeak iragarri duenez. Libiako gerra zibilean gertatu da, Tripoliko gobernuak darabiltzan robot turkiarrek hainbat soldadu arerio hil eta gainerakoak ihes egitera behartu dituztenean... [+]
Joan den martxoan drone batek autonomoki egin die eraso gudari humanoei, Nazio Batuen Erakundeak iragarri duenez. Libiako gerra zibilean gertatu da, Tripoliko gobernuak darabiltzan robot turkiarrek hainbat soldadu arerio hil eta gainerakoak ihes egitera behartu dituztenean... [+]
Turkia eta Europaren arteko tira-birak jazo dira Mediterraneo erdialdean, Libiako gatazkarekin lotuta. Herrialdean, bitartean, porrota jasan du Khalifa Haftarren Libiako Armada Nazionalak Tripoliko gudan, eta frontea herrialdearen erdialdera desplazatu da.
Patrick Mbeko politologo kongoarra Kanadan bizi da eta aditua da Afrikako gerretan Mendebaldeko potentziek jokatzen duten paperean. Hainbat liburu argitaratu ditu: Le Canada dans les guerres en Afrique centrale (Kanada Erdialdeko Afrikako gerretan) edo Objectif Kadhafi... [+]