Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

  • Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

     


2019ko abenduaren 19an

Argia Jendeari bihotza indartzeko bizipenak oparitu dizkio Mendeurrenak: jaiaren bueltan elkartu da hedabide hau eusten duen komunitatea urtean zehar, eta batzen gaituen su horren beroa sentitu du. Euskal Herrian barna hogeita bi ekitaldi egin ditu ARGIAk hamar eragilerekin elkarlanean: Iruñean abiatu zen mendeurrena, hiri buruzagiko euskararen historia ezagutuz, Donostian urriaren 12an egin zuen jai nagusia Deskoloniza gaitezen lemapean, eta Duzunaritzen egin du azken egun-pasa, lurrari loturik. Azken ekitaldi sorta, berriz, abenduan Durangoko Azokan egin berri du, ARGIAk dinamizatu baititu "Gogoetaren Plaza"ko mahai-inguruak.

Otsailean Iruñean abiatu genuen Mendeurrena, "Jatorrira bidaia" egun-pasarekin. Dani Blancok ateratako argazkian, Zeruko Argiari ekin zioten Iruñeko kaputxinoen konbentuan.

Euskal Herriari oroimen historiko piezak oparitu dizkio Mendeurrenak: zenbakiro ekarri du astekari honek Komunitatea atalean euskarazko komunikabide independentearen historiako pasarte baten berri, eta astero banatu du azal historiko bat lamina bihurturik. Ez gara neutralak liburuan bildu ditu egungo ARGIAren izaera eta oinarriak. Eta aurten digitalizatu du ARGIAk 100 urteko altxorra, herri honen historiaren lekuko diren Zeruko Argia-ko eta ARGIAko artikulu eta argazki guztiak. ARGIAren nahia da digitalizatutako testu eta argazki hauek guztiak ahalik lasterren herritar denen eskura jartzea, alegia, ARGIAren webgunean egotea, lizentzia librean.

Komunikazio proiektuari kide berriak ekarri dizkio Mendeurrenak: orain Argia Jende gehiago gara, eta ondorioz, erredakzioan hiru langile gehiago ere bai: bideoak egiten dituena bat, eta lehen aldiz Arabako eta Nafarroa Behereko erredaktore bana.
Bihotza azkartuta, bere jatorriaren eta izaeraren kontzientziaz eta Euskal Herri osoan kideak gehituta ekingo dio ARGIAk hurrengo mendeari.

Maiatzean Donostiako San Telmo Museoan "Zerukotik lurrekora" zikloa egin genuen. Dani Blancoren argazkian, ziklo horren baitan Joxe Mari Ostolazak, Malores Etxeberriak eta Josu Landak egin zuten "Enpeinatzea ez bada libre" errezitala.
Iraganaren jabe egin gara

Ehungarren urtea ehun orriko astekari bereziarekin hasi genuen eta eskutan duzu mendeurrenaren zikloa itxi duen beste hainbesteko astekaria. Noski, ehun urteko proiektu bizi bat, taldean egina eta milaka herritarren inplikazioan oinarritutakoa, idaztea ezinezkoa da.  Izan ere, Argia Jende bakoitzak ditu bere esperientziak, gertakizunen oroitzapen eta azalpenak. Baina historia bakar murriztaile bat idazteari uko eginik, urteurrena baliatu dugu euskarazko hedabide independente honen historia aleak berreskuratzeko: astez aste historiako 48 pasarte ekarri dizkigu Komunitatea atalean Miren Osa Galdonak. Astekariarekin batera astero jaso dugu etxean lamina dotore bat: Zeruko Argiako eta ARGIAko 45 azal hautatu, Koldo Izagirreren iruzkinek jantziak. Bai Osaren artikuluak eta bai Izagirreren testuak berreskuratu nahi izanez gero, errazena Internetera jotzea da: ARGIAK 100 urte kanalean daude hauek guztiak eta mendeurrenari buruz argitaratutako informazio guztia ere bai: bideoz grabatutakoak, ARGIAren Multimedia kanalean aurkituko ditugu (ekitaldiak eta solasaldiak ataletan).

Ehun urteotan euskarak bizi izan dituen zapalkuntzak kontuan hartuta, euskarazko hedabide herrikoi independete batek ehun urte bete izana bada lorpen berezia. Zeruko Argia martxan jarri zuten kaputxinoek "miraria"ren bidez azaldu ahalko zuketen errepresioen gainetik mendea betetzera iritsi izana, baina egungo lantaldeak beharra sentitu du iraupenaren gakoez hausnartzeko, eta ARGIAn 1980tik hona kazetaritza eta lana ulertzeko dugun modua adierazteko. Batez ere, hurrengo mendean ere biziraupenaren eguneroko batailan erabilgarri izan dakizkigun. Ez gara neutralak liburuan bildu ditu gako hauek guztiak Gorka Bereziartuak, begi zorrotz bezain esku finez. Liburu hau etxeetara banatu dugu astekariarekin batera: Argia Jende guztion lorpena baita euskarazko hedabide independentea ehun urteetara iritsi izana, eta guztiok jabe egin gaitezen ARGIAren historiaz eta izaeraz. Ehun urteko soka dantza dokumentalean bildu du Hiru Damatxok ARGIAren historia eta Sustrai Colinak eta zu kontalari bertso sortan.

Irailean Eskuernagako inguruak ezagutu genituen eta Candido Besa upategian ospatu genuen ARGIAko kolaboratzaileekin Mendeurrena.
Ehun urteko altxorra guztion eskura eta salbu

Ez da txantxetakoa hiru hamarkadatan Argiaren Lasarteko egoitzan sentitu izan dugun ardura: alboan dugun Oria ibaiak gainezka egin eta ura sartuko balitz zer? Milaka argazkik osatutako artxiboa eta Zeruko Argia zein Argiako milaka zenbakiak goiko solairura igo genituen orain urte batzuk, beldur horrek eraginda. Baina egoitzak su hartuko balu zer?

Lasaiago lo egiteko motiborik badugu orain: Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak ARGIAren argazki artxibo osoa eta ehun urteotako testu guztiak eskaneatu ditu eta hauek guztiak formato digitalean daude egun, ARGIAn bertan eta erakunde publikoen biltokietan. ARGIAren nahia da ahalik lasterren hondare historiko hau guztia ARGIAren webgunean herritar guztion eskura jartzea lizentzia librean. Herri honen hondarea denez, material guztia doan jarri du ARGIAk, baina berak ez du dirurik artxibo hauek guztiak interneten erabilgarri jartzeak eskatzen duen lana ordaintzeko. Desio dugu aurten Eusko Jaurlaritzarekin digitalizazioan hasitako bideak hurrengo urteetan jarraipena izatea, guztia ARGIAren webgunean erabilgarri egotea lortu arte.

MENDEURREN EKITALDIAK URTEAN ZEHAR: FESTA ERE GURE MODURA

Hogeita bi ekitaldi antolatu ditu ARGIAk urtean zehar. Aukera ederra izan dira Euskal Herriko hainbat herri ezagutzeko eta hirietako kaleak euskaraz hartzeko. Era guztietakoak izan dira: hitzaldi eta mahai-inguruak, egun-pasak, ibilbide gidatuak, bazkariak, musika eta poesia emanaldiak, zine emanaldia, irakurraldia, liburu azoka...
Euskarazko kazetaritza izan da ekitaldi hauetako batzuetan gai nagusia, baina beste ekitaldi batzuetan, aldiz, ARGIAk egunerokoan lantzen dituen gaiak izan dira ardatz: adibidez feminismoa eta langile borrokak, euskararen egoera, Kataluniako independentzia prozesua, faxismoaren gorakadaren zergatiak, bertako anfibio eta narrastien ezagutza, landareak eta nekazaritza ekologikoa...

Ekitaldi hauek tokian tokiko eragileekin elkarlanean egin ditugu: Elkar-Ekin elkartea, Manu Robles Arangiz Institutua, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea, Mintzalasai elkartea, Hala Bedi irratia, Baltsan elkartea, Akelarre elkatea, Gerediaga elkartea, EHKOlektiboa eta Biharko Lurraren Elkartea.

Emanaldi txiki eta ertainak izan dira: bilduenak hogei lagun ingurukoak, jendetsuena hiru mila lagunekoa, eta asko 80 lagunen bueltakoak. Hauetako bakoitzean elkartu dira Argiarekin harreman ezberdinak dituzten herritarrak: aspaldidanik Argia Jendea direnak, komunitatera iritsi berriak eta ARGIAz entzun bai baina ezagutzen ez zutenak. Komunikazio proiektu batek bere jardunarekin konektatzen dituen gaiak, pertsonak, elkarteak eta herriak gurutzatu dira kalean.

Ekitaldiak antolatzeko erakunde hauen diru ekarpena jaso du ARGIAKk: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Kulturaren Erakundea, Donostiako Udala eta Laboral Kutxa.

101. urtean jarraituko dugu kalean komunitatea elkartzen. Esaterako, aurten lehenengoz egin den Ziburuko Liburu eta Disko Azoka egingo dute hurrengoan bigarrenez, Baltsan Elkarteak eta ARGIAk elkarlanean.

Mendeurreneko ekitaldiak

Otsailean Iruñean egun-pasa: Jatorrira bidaia kaputxinoen konbentura.
Martxoan Azpeitian Faxismoa gaur eta hemen hitzaldia.
Martxoan Bilbon Zaintzako langileen borrokak mahai-ingurua.
Apirilan Arrasaten Hizkuntza eskubideak, norenak? mahai-ingurua.
Apirilan Gasteizen Kataluniako prozesua eta garaipen ikasbideak hitzaldia.
Maiatzean Urrozen Leurtzako urtegian anfibio eta narrasti bila ibilbide gidatua.
Maiatzean Donostian Zerukotik lurrekora zikloa:
            Mendearen umeek munduari desafio hitzaldia.
            Ehun urte, ehunka irudi hitzaldi ilustratua.
            Enpeinatzea ez bada libre errezitala.
            Euskarazko kazetaritzaren intrahistoria bat hitzaldia.
Ekainean Hendaian X. Irakurraldi Publikoa.
Ekainean I. Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka.
Irailean Eskuernagan ARGIAko kolaboratzaileekin upategian topa! egun-pasa.
Irailean Baionan Euskara Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoa sortu ondoren mahai-ingurua.
Urrian Hernanin Faxismoa gaur eta hemen hitzaldia.
Urrian Donostian Napardeath film trilogia emanaldia plazan.
Urrian Donostian Deskoloniza gaitezen egun osoko jaia.
Azaroan Duzunaritzen 100 urteko paisaian 111 pauso egun-pasa.
Abenduan Durangoko Azokan Gogoetaren Plazako mahai-inguruak:
           Gu gara euskal prentsa: euskaraz eta ez elebitan.
           ... eta debalde ematen diot herriaren belarriari... Lizentzia libreak kulturgintzako alorretan.
           Kultura lana da. Profesionalizazioa hizpide.
           Euskara integrazio hizkuntza. Zer diote euskaldundutako euskal herritar berriek?

 

Orain arte aipatutako guztiak eta herriz herri antolatu ditugun ekitaldiak dira berariaz Mendeurrenari lotuta egin ditugunak. Baina badira beste hamaika lorpen, aurten gauzatu direnak. Ekinak, zoriak edo mende bete honen bultzadak ekarri dizkigunak, jarraian irakurgai:   

Azaroan Duzunaritzen egin genuen egun-pasa. Dani Blancoren argazkian, Sustrai Colina Jakoba Errekondoren artikulu bilduma osatzen duen "111 orriz eta hostoz jantzi" liburuaz mintzo.
Etzanda hobeto

Aurreko urteetan egin du ARGIAk pixkanaka bere lan antolaketa eta erabakiguneak are eta gehiago horizontaltzeko bidea eta urte berezi hau urrats ikusgarriena eta sinbolikoena emanaz hasi du: zuzendaririk gabeko hedabidea izatea. Txandakakoa izango den zuzendaritza ere aurten berritu du. Baina ARGIA ez dago gai honetan lo, ahalik eta horizontalen jarduteak etengabeko lanketa eskatzen baitu.

Amets bat bete dugu: lurraldetasuna lantaldean bermatzea

ARGIA zerbait izatekotan, Euskal Herriko komunikabide bat da, Euskal Herri osoko gaiez euskal herritar denei informatzea helburu duena. Bide horretan jauzi handia emanaz bukatuko du urtea: zazpitik sei lurraldetan izango ditu aurrerantzean erredaktoreak. Arabako Zigor Oleaga eta Nafarroa Behereko Jenofa Berhokoirigoin dira lantaldera batutako bi kideak eta ziur lurralde horietako albisteak, ikuspegiak, iturriak, pertsonaiak, kolaboratzaileak eta eragileak ekarriko dizkiotela komunikazio proiektuari.

Irailan Baionan euskarari buruz egindako mahai-inguruan Eneko Bidegain, Mari Andrée Ouret, Jean Claude Iriart eta Mikel Asurmendi. Argazkia: Dani Blanco.
Bideoetan trebe

Bideogintza indartzeko Eneritz Arzallus batu zen lantaldera urte hasieran eta bere lanaren ondorio dira, besteak beste, pil-pilean diren albisteez egindako bideo labur indartsuak, ongi dokumentatuta gelditu diren mendeurren ekitaldietako mahai-inguruak, edo astero interneten jartzen dituen podcast irrati emanaldi pilulak.

Patataren ondorengo lehen urtea eta ez hain azaleko kontuak

Honezkero ohitu zara diseinu honetara, baina aurtengo urte berezia hasteko estreinatu genuen. Lantaldera batu zen Maitane Gartziandia diseinatzaileak berritu ditu aurten ARGIAren logoa, astekariaren diseinua, Larrun hilabetekari monografikoa, baita udan banatu dugun Gakoak kazetaritza liburukia ere.

ARGIA etxean jasotzen dugunok aurtengo urtea gogoratuko dugu bidalketarako plastiko madarikatua alboratu eta patataz egindako zorro konpostagarrian biltzea lortu duelako Antza inprimategiak. Urtero 200.000 plastiko zorro gutxiago izango ditu Euskal Herriak.

Urriaren 12an Donostian egin genuen "Deskoloniza gaitezen" egunaren baita, Amaren alabak emanaldia eskaintze Trinitate plazan. Argazkia: Dani Blanco.
Zutik errepresioaren aurrean

Kazetaritza ez da delitua mezua zabaldu behar izan du aurten ere ARGIAk. Izan ere, Ertzaintzak herritar bati eginiko hizkuntza eskubide urraketa baten berri emateagatik, bi ertzainek salaketa jarri dute Lander Arbelaitz kazetariaren aurka. Epaitegian deklaratu behar izan du kazetariak eta oraindik ez dago auziaren berririk. Informatzeko eskubidea kalean defendatzen jarraituko dugu.

Paperezko fruitu gehiago

Urte oso emankorra izan da argitaratutako liburu eta jolas berrietan, lantaldea indartsu dagoen seinale. Onintza Iruretak Berdea da more berria liburua argitaratu du otsailean, Bizkaiko zaharren egoitzetako langileen greba kontatuz, eta urte berean beste bi hizkuntzatara itzuli da (gaztelerara eta katalanera).

Mikel Garciak Pape Niang. Hasiera berri bat liburuan kontatu du Niangek Senegaldik Euskal Herrira iristeko eta bertan bizi ahal izateko egindako bidea, migratzaileen bizipenei ahotsa jarriz.

Jakoba Errekondok 1.111. artikulua idatzi du aurten astekarian, eta horietatik 111 artikulu hautatu dituzte Euskal Herriko hainbat alorretako 22 pertsona esanguratsuk. Emaitza, diseinu bereziko 111 hostoz eta orriz jantzi liburua.

Urriaren 12ko festan, Nortasun Agiri Arrotzen Jaurtiketa Txapelketa. Argazkia: Dani Blanco.

Xapoketan karta-jokoa ere kaleratu du ARGIAk, Euskal Herriko animaliez dugun ezagutza gero eta urriagoa osatzeko asmoz: Iñaki Sanz biologoak landu ditu edukiak, Eñaut Aiartzaguenak egin ditu marrazkiak eta EHUko Lore Erriondo irakasleak pedagogia planteamendua zaindu du.

Paperezko harremana sendotu du ARGIAk euskal preso politikoekin, hizkuntza dispertsioa gainditzeko asmoz. Astekaria jasotzeko proposamena luzatu die aurten komunikabide independenteak eta kartzeletatik ehunka gutun zoragarri jaso ditu bueltan.

Hauek eta gehiago 2019ak ekarri dizkigunak. Biribila bezain betea izan den urtearen bultzadaz ekingo diogu hurrengo mendearen gurpil-birari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-20 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


2019-12-20 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-13
Astean asteko historia
2018ko apirilaren 27a


2019-12-12 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
1990eko martxoaren 11

2019-12-04 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2013ko urriaren 13a

2019-11-29 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2014ko abenduaren 14a

Eguneraketa berriak daude