Ziburun elkartu gara ama eta alabarekin: Maddi (1961, Donostia) eta Nahia Zubeldia (1982, Donibane Lohizune). Maddi H-Eden taldearekin plazaratu zen duela zortzi urte eta bakarka ari da orain. Zimurrak baleki da bere azken diskoa. Nahia, berriz, Unama eta Lumi taldeen partaidea da. Itzal zikinak da Lumiren azken lana. Itsasertzean ibili ohi dira biak: “Itsasoa ‘askatasuna’ eta ‘lotura’ da aldi berean”, dio amak; “irekidura da ere”, gehitu du alabak. Itsasoak badauka usaina eta erritmo andana, berezko musika.
“Maddi Zubeldia kantari ari da!”, esan genion elkarri. Gure seme-alabei Pintto Pintto gure txakurra da-ta, goxo-goxo abesten ziena. Zein ausarta den Maddi! Hala ote?
Maddi: Ausarta? Ez dut uste. Zu harritu zinen bezala, ni ere bai. Etxean kantatzen (ge)nuen… Banuen nire mundu intimoa: testuak idazten nituen, ene kantatxoak sortzen nituen... Baina bakarrik egiten nuen, nire gelan ez zen inor sartzen.
Eta plazaratzea?
Maddi: Plazara ateratzea ez zegoen planifikatuta. Garai hartan lagun batzuk biltzen ginen Azkainen, Martintxo Kantu tailerra animatzen zuten (Mixel Jorajuria, Txomin Arizaga eta Xano Urtxegi besteak beste) eta adiskide egin ginen. Asteburu-pasak egiten genituen han-hemenka, eta “hara Maddi, hartu gitarra” esaten zidaten… Afaldu ondoren, pixka bat girotu eta berotu ondoren, ausartzen nintzen kantatzera. “Kantaldi bat egin behar dugu”, esaten zuten gero. Donibane Garazi aldean geunden batean, usaian baino gehiago edango genuen, edo nik behintzat, Mixelek bota zidan: “Azkaingo Serres auzoko kaperan kantatuko al zenuke?”. Nik: “Musikariak nirekin ari badira...”. Orduan abiatu ginen. Geroago, jendeak diskoa egin behar genuela eta, H-Eden taldea sortu genuen.
Ordurako zu kantari ari zinen Nahia?
Nahia: Bai, ama plazaratu aitzin guk kantatzen genuen, etxean eta etxetik kanpo. Anaiek eta lehengusinek talde bat osatu genuen oso gaztetik: Unama. 2000. urtean. Lumi taldea etorri zen geroago, tarteko ere beste talderen bat osatu genuen, modu naturalean.
Maddi, abesteaz gain, idazten eta antzerkian ere ari zara?
“Gazteak baleki, eta zaharrak baleza...’ dio esaera zaharrak. Horren ifrentzua hartu dut: ‘Zaharrak ba al daki, bada?’. Ez baita aski jakitea, zahartzen jakiteko”
MADDI ZUBELDIA
Maddi: Idaztea kantuan hasi baino lehenagokoa da, beti idatzi izan dut. Baina, seme-alabak txikiak direnean eta gero ere, denbora murritza izaten da. Emakumeok –amok esplizituki– denbora gutxi hartzen dugu guretzat, besteen zeregin asko egin ondoren; lana eta etxeko lanak egin ondoren. Unama taldea sortzeak izugarrizko poza eman zidan, haiekin abesteak, nire testuak eta aireak kontuan hartzen zituztela ikusteak. Noizbait nire buruari denbora luzeago eskaintzeko aukera etorriko zela bizi nintzen, eta berandu bada ere, hori heldu zen.
Amaren jardunak nola eragin du zure musika ibilbidean?
Nahia: Amak erran duena berresten dut. Gutaz arduratzen zen eta ez zuen idazteko edo musikarako astirik. Hala ere, sortze eta hiletetarako testuak idazten eta kantak konposatzen zituen lagunek eskatuta. Guk bagenekien dohain horiek zituela. Beraz, pozgarria izan zen bera ere plazaratzea, lehen diskoa [H-Eden. Hamaika aztarna, 2013] argitara eman zuenean plazera izan zen etxekoentzat.
Unama nola sortu zen, zein testuingurutan?
Nahia: Familiaren inguruan, [Unai] anaiarekin eta lehengusu-lehengusinekin usu abesten genuen, lauak adin bertsukoak gara [Domeka, Kamila, Nahia eta Unai] Behinola, Kamilak eta biok, kantuz ari ginen...: “Ikastolen alde egingo zenuten zerbait?”. Eta guk baietz! Gainera, anaiek guk baino musika tresna gehiago jotzen dute, Kamilak eta biok gitarra jotzen dugu soilik.
Unama, izen polita.
Nahia: Unama baleontzietan erabili sokaren izena da, arpoiari lotzen den soka. Lau musikariak ziburutarrak gara eta giro horretan gogoeta egin dugu.
Lumi taldea sortu zenuen gero. Unamaren estilotik aldentzen da, musika elektronikoagoa da....
Nahia: Baina funtsean ez dago aldaketarik. Unama sortu aitzin metal talde batean aritu nintzen, lehen esperientzia musikala hura izan zen eta gero sortu zen Unama. Talde baten jitea norekin sortzen duzun araberakoa izaten da, guk lehengusuen artean osatu genuen, Unaman euskal musikaren polifonia eta ahotsaren lana ageri da. Bestalde, tartean rock talde bat sortu genuen, eta Lumi Manuk eta biok [Manu Matthys bikotekidea] sortu dugu. Bera elektronika mundutik heldu da, eta naturalki uztartu ditugu gure estiloak. Musikaren bidea jendearekin bildu ahala lantzen duzu, ez dituzu xerkatzen estiloak, doinuak naturalki heldu dira. Musikan ez dago mugarik, kideon gogoaren arabera sortzen dira estiloak.
“Lumi” hitzak prostituta esan nahi du. Zer dela eta “Lumi”?
Nahia: Euskal Herrian buhamea anitz izan zen, haiek bazuten beren hizkuntza. Hemen plantatu zirenek euskaraz egiten zuten eta beren hitzak euskararen egituran uztartu zituzten. Haien hiztegian aritu naiz miatzen, interesgarria iruditzen baitzait Ziburuko historian arakatzea. Lumi proiektua interesgarria egin zaigu, besteak beste, musikaren mugak lausotu nahi ditugulako, musika ezustean sortu edo zabaldu… Lumi latinetik dator, argitasuna da nonbait. Prostituta dela jakiteak ere eman zigun gogoa gure musikarekin lotzeko.
Itzal zikinak da zuen azken lana. Nostalgia dario...
Nahia: Nostalgia ez dakit, baina iluntasuna bai. Norberaren jitearen arabera sortzen dira kantak. Gizon ahots iluna banu edota zikina, beharbada, hitz argiagoak erabili beharko nituzke. Neska ahotsa izanki, maite ditut gauza politak zikinak ere izan daitezkeela erakustea.
Zer iritzi duzu alabaren jardunaz? Lumi taldearen estiloaz?
Maddi: Lumiren proiektua gustatzen zait, bi mundu lotu direlako. Hau da, Manuren mundu elektronikoari Nahiak musika alde organikoa ekarri dio. Nahiak ahots sakona baitu, goxoa eta apala, horrek eman dio gorputz gisako bat. Bien artean sortutako musika planeantea da. Nahiaren gitarrak eta ahotsak gorpuzten eta errotzen zaituzte. Bi bide ezberdin urratu dituzte eta batu, gero eta interesgarriagoa bilakatzen ari da.
Musika zer da zuretzat?
Nahia: Egiazki... funtsezkoa zait, baita eguneroko bizitzan ere, ez bakarrik kontzertuak ematean edo diskoa grabatzean. Bakarrik nagoenean kantuz ari naiz. Pentsa, orain ahots arazoak ditut, nodulu bat izan dut eta are gehiago konturatzen naiz musikak eta kantuak parte handia dutela nire bizitzan. Musikak eta kantuak barnean duzuna kanporatzen laguntzen dizute, eta orain ezin...
Musikariak zarete, baina ez profesionalak. Askeagoak al zarete?
Maddi: Gero eta gehiago jabetzen naiz profesionala ez izatearen askatasunaz. Plazaratu ondoko urteetan, duela 5-6 urtera arte, frustrazio moduan bizi nuen profesionala ez izatea. Profesionalek suerte izugarria zutela iruditzen zitzaidan: “Denbora guztia horretara emanak, ze xantza!”. Sortzeko eta proiektuak aurrera eramateko pagotxa zela uste nuen. “Musikatik bizi al zara?”, galdetzen didate. “Bizi bai, jan ez”, erantzuten diet. Alegia, profesionaltasunak presio mota bat sortzen dizula konturatu naiz: egin beharra. Jatekoa eta egunerokoa ziurtatuta dauzkat, gainera maite dudan lanbide bat daukat [irakaslea da], beraz, askatasuna badut, eta lasaitasuna. Denbora gehiago banu hobe, behar baitut. Baina, bestalde, nahi dudanean eta nahi dudan gisan, eta nahi dudanerako egiten dut musika. Inork ez dit epe bat jarriko, gaizki biziko nuke. Loturak nik ezartzen dizkiot ene buruari, ez dut besterik nahi.
H-Eden taldearekin egin zenuen lehen diskoa, Zimurrak baleki aldiz, zure izenean argitaratu duzu.
Maddi: Horrek badu bere azalpena. Musikari lagunek animatu ninduten plazara ateratzeko eta orain haiek ez omen dira gai sentitzen segitzeko: “Segi zuk bakarrik. Zu honezkero…”. Alegia, ni bultzatu ninduten eta orain haiek utzi dute proiektua. Beraz, ez nuen ongi ikusten H-Eden izenarekin segitzea, haiek gabe. Ez dira niregandik urrun, laguntzen didate... Egia erran, taula gainera igotzean ni baino gaizkiago pasatzen zuten. Niri ere izugarri kostatu zitzaidan tripako min horiek gainditzen, baina aurrera joan ahala, gozatzen hasi naizenean... “Hara, bakarrik utzi nauzue…”, esaten diet [irriz]. Talde gibelean gorde izan naiz beti, eta bada garaia aurpegia emateko Maddiren izenean. Nire gain hartu dut kantaria izatea, nahiz eta jakin bakarrik ez nagoela. Modu kolektiboan aritzen naiz, hala bizi izan dut beti. Halako erakusleiho bat zabaldu diot nire buruari. Beste abentura batean sartu naiz.
Zimurrak baleki diozu. Eta ba al daki?
Maddi: Ez, ez daki. Diskoaren izenburuan nire adina dago, bistan da. Adina onartzea eta erakustea, eta barneratzea. “Gazteak baleki, eta zaharrak baleza...”, dio esaera zaharrak. Horren ifrentzua hartu dut: “Zaharrak ba al daki, bada?”. Ez baita aski jakitea, zahartzen jakiteko. Hortik dator zimurrak baleki. Gero eta zenbat aurrerago joan, orduan eta gutxiago dakidala ohartu naiz, eta zenbat dudan ikasteko.
H-Eden: atsedena paradisuan...
Maddi: Baina munduan gareno, hemen sortu behar dugu gurea. Paradisua ez dakit dagoen, baina hemen une magikoak badaude, nik horrela osatzen dut nire paradisua, musikak lagunduta, eta bereziki musika lagunekin partekatzen dudalako sortzen dira une magiko horiek.
Hiru eta lau hizkuntzatan abesten duzu.
Maddi: Gustuko ditudan kantak abesten ditut, ez da jarrera kontua. Frantsesez gutxi kantatzen dut. Adibidez, Anje Duhaldek Georges Brassensen kantak egin zituen euskaraz, oso txukun. Baina nire gusturako, gatza eta piperra falta zaizkie kantei. Brassensek hizkuntza nola erabiltzen zuen ikusita, hitzekin jolaste hori… Euskaraz hori transmititzea oso zaila da. Berdin euskarazko kantak ere, beste hizkuntza batean entzuten baditugu... Adibidez, frantsesez galduko lukete, ezta? Itzulpenekin ez naiz gustura sentitzen eta jatorrizko hizkuntzan saiatzen naiz. Latinoamerikako kantak bereziki gustatzen zaizkit, hizkuntzak maite ditut, eta hori ere badakit.
Nahia, itzultzailea zara lanbidez. Profesionaltasunera jauzia egingo zenuke musikan?
“Isiltasuna musikaren partea da, hala bizi dut. Isiltasunik gabe musika ez litzateke ezer. Isiltasuna beharbada musika ederrena da, lortzen ez dugun zerbait”
NAHIA ZUBELDIA
Nahia: Profesionala bilakatzea batzuetan erakargarria egiten zait, eta beste batzuetan profesionalek ez dutela nahi dutena beren gisara egiten ikusten dut. Gurea herri txikia da, ez dute kontzertuetarako parada aski. Orduan, bakarlari edo beren taldearekin egiteaz gain, eskoletan ibiltzen dira musika irakatsiz, beste musikarien proiektuetan ari dira. Ni itzultzaile autonomoa naiz eta horrek askatasuna handia ematen dit musika sortzeko. Grabatu behar denean lan gutxiago egin dezaket eta beste aldi batzuetan gehiago. Ez dut sentitzen profesionala izatea erabakitzeko beharrik. Alta, musikak nire bizitzan espazio eta denbora gehiago hartuko balitu molde naturalean, behartu gabe, emeki-emeki, ongi etorria litzateke. Beraz, ez dut burutik kentzen posibilitate hori, ezta nire burua behartzen ere profesionalismoaren bidean sartzeko.
Diskoa eta kontzertuak tarteko, nola dago ekoizpena gaur egun musikarientzat?
Nahia: Gaur egun diskoetatik bizitzea ezinezkoa da, ezin duzu horrelakorik espero. Diskoen helburua da musika ezagutaraztea, egunetik egunera gero eta gehiago. Kontzertuetatik bizi daiteke, diskoetatik baino gehiago hain ziur.
Maddi: Diskoa, objektu bezala, honezkero desmaterializatu da. Niri objektua gustatzen zait, diskoen liburuxken eta liburu arrunten usaina. Liburuak gehiago iraunen du objektu gisa diskoak baino. Diskoa bilakatzen ari da promoziorako bitartekoa, beharrezkoa dena noski, ezagutarazteko aurkezpen gisako bat da. Gero jendeak internetetik hartzen edo baztertzen du diskoa.Mundu errealaren ondoan mundu paralelo bat dago, mundu digitala. Nola zabaldu disko bat, aldez aurretik sarean eskura dagoenean?
Nahia: Guk ezin dugu espero garai batean bezala, jendea ustekabean harrapatzea. Lumi taldearen bidez saiatzen gara –diskoan oinarritzen gara, noski– kanten bertsio ezberdinak egiten publikoari sorpresak eskaintzeko. Izan ere, ez da gauza bera musika grabatzea, eta zure aitzinean musika entzuten ari den horrentzat aritzea, beste gisa batez hunkitzen duzu entzulea. Musika inprobisatzeak zirrara sortarazten ahal du entzulearengan. Gu inprobisaziorako tarteak egiten saiatzen gara eta kantak ere beste modu batez biziarazten.
Maddi: Objektuaren bukaeran gauden arren, jendea gero eta desmaterializatuagoa izan arren, zorionez, jendea kontzertuetara joaten da, beno, gu beharbada ez gara horren eredu... Ni zuzenekoetara joaten naizenean ez dut bilatzen diskoan dagoen kanta, talde horrek sortzen dituen momentuak publikoarekin batera bizitzea baizik, jendearekin batera musika partekatzera noa eta beti da ezberdina. Energia ezberdina da, harremana ezberdina da eta gorputzean bestelako zirarrak sortzen dira. Publikoaren eta artistaren arteko harremanetik “kanta berriak” sortzen dira, kantetatik eta hitzetatik, isiltasunetik ere. Disko batek hori ez du ematen...
Zer da isiltasuna?
Nahia: Norbaitek errana da: “Musika da isiltasun baten eta beste baten artean paratzen den zerbait”. Beraz, isiltasuna musikaren parte da, hala bizi dut. Isiltasunik gabe, musika ez litzateke ezer. Isiltasuna beharbada musika ederrena da, lortzen ez dugun zerbait. Isiltasunaren ondorengoan egiten duguna musika da. Isiltasuna ere izan daiteke musikaren helburua, isiltasunaren balioa erakustea, isiltasuna balioan ematea.
Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023
-------------------------------------------------
Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]
TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an
-----------------------------------------
Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude... [+]
Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]
Pucciniren Il Trittico
Nork: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Eszena zuzendaria: Paco Azorín.
Bakarlariak: C. Álvarez, A. Blancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza eta I. Hotea.
Non: Bilboko Euskalduna... [+]
Anari + Belako
Noiz: abenduaren 5ean.
Non: Iruñeko Zentral aretoan.
-----------------------------------------------
Gogoan dut Erasmuseko lehenengo hilabetean ikusi nituela aurreneko aldiz Belakokoak zuzenean. Ez nintzen haiek ikustera joan, azkenean bertan behera... [+]
Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024
------------------------------------------------
Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]
Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.
Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]
Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.
Ciudad de Polvo
Sal del Coche
Humo Internacional, 2022
-----------------------------------------------
Tira, jada bukatu denez Gramsci zitatzeko moda, ekarri dezakegu lerro hauetara oportunismo akusaziorik gabe. Are gehiago Sal del Cochekoek ere hala ekartzen badute:... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]